Marte
|
Marte[1] Eguzkitik hasita laugarren planeta da eguzki-sisteman. Erromatar mitologiako Marte gerra-jainkoaren izena ezarri zitzaion, gaueko ortzian ageri duen gorritasuna zela-eta (iritzi ere, Planeta Gorria ere irizten zaio, horregatik.). Bi ilargi ditu: Phobos eta Deimos, txiki eta egitura bitxikoak biak (behiala Martek bereganaturiko bi asteroide, nonbait).
Marte jainkoaren erredola-lantzen irudikagarri da planetaren sinboloa: ♂ (Unicode).
Ezaugarri orbitalak
Marte eguzkitik batez beste 227.936.637 km-ra dago (1,5 UA), orbita nahiko eszentrikoan, 0,09koa, eguzkira gehienezko eta gutxienezko distantzien artean 42,2 milioi km-ko aldea dagoelarik. Hau dela eta, puntu baten tenperaturak afelioan eta perihelioan 30 °C-ko desberdintasuna dauka.
Lurretik Martera distantzia asko aldatzen da: konjuntzioan, non eguzkia bi planeten artean dagoen, distantzia 399 milioi km-koa izatera heldu daiteke eta Marteren ageriko diametroa 3,5´´ izan; oposizioan, aldiz, bi planeten artean 55 milioi km egon daitezke, eta ageriko diametroa 25´´-raino handitzen da. Orduan ageriko magnitudea -2,8 da eta Artizarraren ostean planetarik distiratsuena da. Oposizioa 780 egunean behin gertatzen da eta bertan distantzia 55 milioi km-koa izan daitekeen arren, 100 milioi km-raino handitu daiteke Marteren orbita oso eliptikoa delako. 2003ko Abuztuaren 27an, 9:51:13 UT orduan, azken 60.000 urteetan izandako oposizio gertuena gertatu zen: Marte Lurretik 55.758.006 km-ra kokatu zen. 2287 urtean oraindik hurbilago igaroko dela espero da.
Ezaugarri fisikoak
Atmosfera
Atmosfera nahiko xumea du Martek, 0,7-0,9 kPa-ko presioaz, oso txikia Lurreko 101,3 kPa-ekin konparatuta. garaieran oraindik txikiagoa da: Olinpo mendian presioa 0,1 kPa-raino jaisten da. Funtsean karbono dioxidoz eratua dago (% 95,3), baita nitrogenoz (% 2,7) eta argonez (% 1,6) ere, eta beste sustantzien aztarnak ere ditu (% 0,15 oxigenoa, % 0,07 karbono monoxidoa eta % 0,03 ur lurruna, besteak beste). Lurrak bezala ozono-geruza bat dauka, 40 km-ko altueran kokatua, baina hark baino 1000 aldiz ozono gutxiago duenez, ezin ditu izpi ultramoreak oztopatu.
Haize eta hautsezko ekaitz izugarriak jasaten ditu, planeta osoa estali dezaketenak hilabeteetan zehar. Haize horrek dunak sortzen ditu gainazalean. Esekiduran dauden hautsezko partikulak direla eta, atmosferak kolore arrosatsua hartzen du.
2004ko martxoan Mars Express espazio-ontziak metanoa aurkitu zuen Marteko atmosferan. Metanoak ezin du 400 bat urte baino gehiago iraun atmosferan, beraz nonbaitetik sortua izan behar da; sorrera hori bolkanikoa edo biologikoa izan daiteke. Metanoa zatika agertzen da, era uniformean banatu baino lehenago deskonposatzen delako, beraz etengabe atmosferara askatzen dela uste da. Lurrean biologikoki sortutako metanoa etanoarekin batera agertzen da, eta sumendietatik sortutakoa sufre dioxidoaz. Marten metanoarekin dauden beste gasak bilatuko dira metanoaren jatorria jakiteko.
Metanoaren jatorria biologikoa bada, hego poloaren inguruan landareren bat egon daiteke. Zergatik hego poloan? Hego poloa izoztuta dagoelako, baina baliteke momenturen batean, hango izotz zati bat urtzea eta ur likidoa bihurtzea[erreferentzia behar].
Gainazala
Ipar eta hego hemisferioen artean ezberdintasun nabarmenak daude: hegoaldea kraterrez estalia dago, iparraldeko lurra askoz lauagoa eta berriagoa delarik. Harriak batez ere basaltoz osatuak daude, burdin oxido eduki handiaz, kolore gorri bereizgarria ematen diona. Gainazal gehiena hautsez estalia dago. Elementu geografiko nabarmenak ditu Martek; izan ere, eguzki-sistemako mendi garaiena eta arroila luze eta sakonenak ditu. Besteen artean, Hellas Planitia deritzan sakonunea ere aipatzekoa da. Hau aspaldi gertatutako meteorito talkaren eragina da, 2000 km-ko diametro eta 6 km-ko sakonerako kraterra utzi zuena.
Mendiak
Marteko mendikate nagusia Tharsis deitzen da. 2000 km-ko diametroa duen eta ingurua baino 10 km altuagoa den eremu honetan lau sumendi altxatzen dira: Arsia Mons, Pavonis Mons, Ascraeus Mons eta eguzki-sistemako mendirik altuena, Olympus Mons, 25 km-ko garaierakoa. Milioika urtetan zehar isuritako labaren eraginez, 500 km inguruko oinarria dauka, Poloniaren azaleraren parekoa, eta inguratzen duten paretek 6 km-ko altuera dute. Berez Olympus Mons inguratzen duen lurra 2 km-ko sakonune batean dagoenez, sumendi hau bere oinarritik 27 km altxatzen da. Galdarak 85 km-ko luzera du eta 60 km-ko zabalera, 6 kraterrez osatua dago 6 km-ko garaieraraino iristen diren paretekin.
Arroilak eta kanalak
Marte kanalez josia dago, antzina ura eraman zutela uste direnak. Gaur egun, baldintza atmosferikoak direla eta, ura ezin da egoera likidoan aurkitu. Ustezko uraren korronteek Marteko elementu askotan erosio nabarmena eragin zuten. Beste erako kanalak arroilak dira, jatorri tektonikoa dutenak. Daudenen hainbat haitzarteen artean, handiena Valles Marineris da, eguzki-sistemako arroilarik handiena ere. Ekuatorean kokatua eta Tharsisen ekialdean hasita, 4500 km-tan zehar hedatzen da 150 eta 700 km arteko zabalerarekin. 11 km-ko sakonera dauka, lurreko arroilarik handienak, Colorado arroilak, baino 7 aldiz gehiago. Planetaren zirkunferentziaren laurdena betetzen du.
Sateliteak
Martek bi satelite naturalditu: Phobos (grezieraz: beldurra) eta Deimos (izua), honela deituak Ares greziar mitologiako guda jainkoaren (erromatarren Marteren baliokidea) laguntzaileen omenez. Uste denez, grabitazio-indarragatik harrapatutako asteroideak dira. Phobos da bietan handiena eta planetatik gertuen dagoena, eta Ilargiak bezala, biek aurpegi bera dute Marteri begira beti. Gutxinaka gutxinaka, Phobosen orbita-erradioa murrizten doa, eta 50-100 milioi urte barru planetarekin talka egingo du.
Erreferentziak
- ↑ Marte agertzen da Euskalterm]en eta Elhuyar Hiztegian, eta 71 agerraldi ditu Ereduzko Prosa Gaur corpusean. Martitz aldiz, Harluxet Hiztegian agertzen da, eta 1 bakarrik Ereduzko Prosa Gaur corpusean.
Kanpo loturak
- (Ingelesez) NASA - Marteren ezaugarriak
- (Ingelesez) NASA - Marteri buruzko webgunea
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marte |
Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura