Des-kontrol
Des-Kontrol | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Arrasate (Gipuzkoa) |
Musika mota | Oi! |
Urteak | 1996 - 2008 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Bronco Bullfrog Beltza Records Potencial Hardcore Urban Rebolt Records Oihuka Baga-biga |
Taldekideak | |
Markel Hodei Oier Peter | |
Lehengo taldekideak | |
Osoron Aritz | |
Informazio gehigarria | |
www.des-kontrol.com | |
Des-kontrol 1996an Arrasaten sortu zen Oi! taldea da.
Taldekideak
- Markel "Garrulo" (gitarra)
- Hodei "Magulin" (baxua eta ahotsa)
- Iker "Peter" (bateria)
- "Ñako" (soinu teknikaria)
- Oier "Magu" (gitarra eta ahotsa)
Aurreko taldekideak
- Aritz (ahotsa)
- Osoron (gitarra eta koruak)
Historia
Des-kontrol 1996. urtean Arrasaten jaio zen. Oier (baxua), Iker (bateria), Aritz (ahotsa) eta Markel (gitarra) musika talde bat sortzeko elkartu ziren. 5 edo 6 hilabete geroago Osoron sartu zen, honek ere gitarra jotzen zuen. Taldea azkenik boskote bezala gelditu zen.
1970eko hamarkadako punka, 80-90ko Oi! zein Streetpunkak izan zuen beraiengan eraginik nabariena. Gainera, Arrasaten musika estilo honetan mugimendu handia egon zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, RIP, Vioch R, Puñetazo edo Zakarrak lehenik eta Iskanbila gero. Gaztetik musika talde hauek entzun izan zuten.
Taula gainean lehen aldiz 1997an izan ziren, Iskanbilak Eskoriatzako La Irene tabernan jo zuen kontzertua. Des-kontrolekoak ikustera joan ziren eta kontzertua amaitzean Iskanbilakoek jotzeko gonbidapena luzatu zieten. Geroago lehen kontzertua jo zuten Arrasateko Illuntz tabernan, urte bereko ekainaren 21ean. Egun horretan Insumiso Eguna ospatu zen. Hortik aurrera Euskal Herrian zehar jo zuten, hasieran hauetan batez ere Komando Harrikara, Iskanbila eta Ttak taldeekin ibili ziren. Gerora Enboskada eta Arkada Social taldeekin jo zuten asko.
Lehen lana 1998ko herriko jaien (San Juanak) ostean grabatu zuten Shot estudioetan, ekaina eta uztailaren artean. 7 abesti grabatu zituzten, hauetako bat Zakarrak taldearen bertsio bat zen. Hurrengo urtean Bronco Bullfrog zigiluak maketa hau argitaratu zuen. 2 urteren ondoren Luis Beltzaren (Beltza Records) proposamenez single bat grabatu zuten. Honek beraien abesti bakarra zekarren eta beste taldeen 3 bertsio, izan ere lan hau 80ko hamarkadan Gipuzkoan izandako punk eta Oi! musika taldeentzat omenaldi bat zen. Lan honek Jarraituko dugu zuen izena, 500 kopia bakarrik argitaratu ziren kolore zuriko biniloan. 2002. urtean Behin eta berriz diskoa argitaratu zuten. Hau Des-kontrolen iraupen luzeko lehen lana izan zen, Madrilgo Potencial Hardcore diskoetxearekin atera zuten. Aurreko laneko abesti bat sartu zuten, baita Puñetazo taldearen bertsio bat ere.
Geroago beste 4 abesti grabatu zituzten, hala ere ez zekiten zehazki zer egin hauekin. Garai honetan harreman nahiko estua zuten Hell Beer Boys taldearekin, hainbat kontzertu jo zuten batera. Talde honek 4 abesti berri zituzten, eta azkenik bi taldeen artean lan bat erdibana ateratzea erabaki zuten. Lan hau 2004ean argitaratu zen eta A.C.A.B. (All Cops Are Bastards) izan zuen izena, talde bakoitzaren 4 abesti zerkartzan. Urte honetan bertan Osoronek taldea utzi zuen Gatillazo talde berriarekin ibilbide berri bat hasteko, izan ere bi taldeak mantentzea ezinezkoa izan zitzaion. Gitarra honen hutsunea Oierrek bete zuen, eta ondorioz bere anaiak, Hodeik, hartu zuen baxua jotzeko ardura. Osoronen azken kontzertua, baita Hodeiren lehena ere, Oñatiko Errekaldeko jaietan izan zen.
Urte guzti hauetan jotako kontzertuei dagokionez, gehienak Euskal Herrian izan dira. Hala ere, Espainian, Portugalen, Alemanian, Austrian, Frantzian eta AEBetan ere ibili dira jotzen. 2005ean bi bira egin zituzten. Lehena abuztuan izan zen AEBetan izan ziren 10etik 14ra, eta bigarrena urriaren 6tik 11ra Alemanian eta Austrian. Bigarren bira hau Señor No taldearekin batera egin zuten, eta Markel eta Iker ezin izan ziren joan. Bateria jotzeko Olazi joan zen, Ardi Galduak taldekoa eta Aritzen lehengusua, eta gainera soinu teknikari bezala Ñako sartu zen taldean.
2006an Oihuka diskoetxearekin disko berria kaleratu zuten: Duintasunez eutsi. Disko hau Des-kontrolen iraupen luzeko bigarren diskoa izan zen. Guztira 13 abesti izan zituen, aurreko lan bakoitzeko abesti bana grabatu zuten, hots, 3 kantu zahar eta 10 berri zituen. Disko honek soinu aldaketa bat ere ekarri zuen, landuagoa alegia. Sektore batzuetatik kritika asko jaso zituzten arrazoi honengatik, baina batez ere Oihuka diskoetxearekin sinatzeagatik.
AEBetara bigarren bira bat egin zuten 2007an, martxoaren 31etik apirilaren 8rarte. Urte horretan, Durangoko Azokarako, beste lan bat kaleratu zuten beraien 10 urteak ospatzeko: 10 urte. Lan honek musika CD bat eta DVD dokumental bat zituen, eta Baga-Bigak argitaratu zuen. Diskoak talde desberdinen 10 bertsio zituen, beraiengan eragina izan zuten 10 talderenak, bai euskaldunak bai atzerritarrak. Dokumentalak Des-kontrolen 10 urteko ibilbidea eta AEBetan egindako azken biraren irudiak biltzen ditu.
Hurrengo urtean taldeak beste aldaketa bat jasan zuen, 2008ko otsailean, Aritzek taldea utzi zuen, ondorioz, Des-kontrol abeslari gabe gelditu zen. Arrasateko Uharkape pilotalekuan egindako kontzertuan abestu zuen azkenekoz Aritzek. Kontzertu hau taldeari ezarritako 8000 euroko isuna ordaintzeko dirua biltzeko antolatu zen. Bertan, Des-kontrolez gain, Arkada Social, Never Surrender, Ukabilkada, Enboskada eta The Motherfuckers taldeek jo zuten. Harrezkero Hodei eta Oier abesten hasi ziren. Urte berean, berriz ere Durangoko Azokarako, 6 kantuko disko bat kaleratu zuten Baga-Bigarekin: Hipokrisia eta faxismoaren aurka. Disko hau jasaten ari ziren boikota salatzeko egin zuten eta beraiei buruzko esames eta zurrumurruak gezurtatzeko. Disko honen grabaketan Euskal Herriko hainbat pertsonaia famatuk parte hartu zuen, batez ere, musikariak eta futbolariak, adibidez Fermin Muguruza. Urte bat beranduago, beste disko bat kaleratu zuten azaroan: Aurrera begira.
Boikota
2000ko hamarkada erdialdera taldearen aurkako iritziak zabaltzen hasi ziren, RASH (Red & Anarchist Skinhead edo Skinhead gorri (komunista) eta anarkistak) taldearen ingurutik. Talde hau Des-kontrol nazia zela salatzen hasi zen. Hauen esanetan taldeak ez zuen jarrera egokia jarraitzen; betiere salatzaileen ustez, talde nazi eta faxisten kamisetak janzten baitzituzten.
Urtetan zehar salaketak gogortu eta kontzertuak boikoteatzen hasi ziren antolatzaileei mehatxu eginez. Honen adibide 2007an Bilboko Kukutza gaztetxean Etsaiak taldearekin batera jo behar zuten kontzertua da, non RASH kolektiboko kideek kontzertua ez ospatzea lortu zuten. Honetaz gain Des-kontrol taldearen jarraitzaileak ere jipoituak izan eta Bilbo aldean taldearen aurkako pintadak azaldu ziren.
Egoera latza bilakatu zen eta taldeak erantzun bat ematea erabaki zuen. Egoerari irtenbidea aurkitu nahian, Fermin Muguruzarengana jo zuten aholku bila, hau beti lotu izan baita redskin mugimenduarekin. Honek disko bat grabatzea proposatu zien eta horrela egin zuten. Disko hau Hipokrisia eta faxismoaren aurka izan zen, 2008 kaleratutakoa. Bertan izen handiko pertsonaia ugari kolaboratu zuen, besteak beste Xabier Silveira bertsolaria, Gari (Hertzainak), Iñigito (Etsaiak), Dieguillo (Quemando Ruedas eta Cicatriz), Jul Bolinaga (RIP), Niko (MCD) eta gehiago. Fermin Muguruzak berak Kortaturen Hay algo aquí que va mal bertsioan abestu zuen.
Erasoa Barakaldon
2010eko urtarrilaren 22an Des-kontrol taldeko kideak jipoitu zituzten Barakaldon, skinhead itxura omen zuten batzuek. San Bizente auzoko jaiak ziren eta Des-kontrolek kontzertua jo behar zuen. Kontzertuak gaueko hamaiketan hasi behar zuen, eta bi ordu lehenago jipoitu zituzten. Ustez, taldearen kontra boikot kanpaina egindakoak izan ziren eraso honen arduradunak. Erasoaren ondorioz, taldekide bat San Eloy ospitalean ospitaleratu behar izan zuten buruan ebaki bat zuela. Beste taldekide batzuek ere zauriak izan zituzten, bati besoa apurtu eta beste bati buruan ebakia egin zioten[1]. Gainera, taldeko kideek salatu zutenez, Des-Kontrolen kamisetak zerabiltzaten gazteak ere jo zituzten erasotzaileek[2].
Eraso honen aurka hainbat talde agertu ziren[3]. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, esaterako, Des-Kontroli elkartasuna adierazi eta taldeak euskal presoen alde egindakoa gogorarazi zuen[4].
Diskografia
Maketak
Diskoak
- Behin eta berriz (2002, Potencial Hardcore)
- Duintasunez eutsi (2006, Oihuka)
- Hipokrisia eta faxismoaren aurka (2008, Baga-biga)
- Aurrera begira (2009, Baga-biga)
Beste talde batzuekin batera egindako diskak
- A.C.A.B. (Des-Kontrol + Hell Beer Boys Split-CD) (2004, Urban Revolt Records)
Singleak
Bildumak
- Sonidos de la calle vol. 1 (Bronco Bullfrog)
- Punk in Sunderland vol. 3 (Stretch Records)
- Punk in Sunderland vol. 4 (Stretch Records)
- Anti-disco League (Templecombe Records)
- 25 Hits of Mondra Underground Sounds Vol. 1 (2008, Mondra Underground Sounds)
- Entzun! bilduma 2008
- Borrokanrrola Faxismoaren Aurka (2010)
- Behin eta berriz jarraituko dugu duintasunez eutsiz aurrera begira (2013, Mauka Musikagintza)
- Hainbat ohe huts (2014)
Bideoak
- Death or glory fest 2005 (DVD)
- 10 urte - USA tour 2007 (DVD + CD)
Bideoklipak
- Behin eta berriz
- Duintasunez eutsi
- Hipokrisia eta faxismoaren aurka
Erreferentziak
- ↑ Un grupo de música, apaleado en Barakaldo
- ↑ "Estamos angustiados y apenados, ya no sabemos qué hacer" Deia, 2010eko urtarrilaren 25a
- ↑ Des-Kontroleko kideek jasotako jipoia salatu dute AAMk, Boltxek eta San Bizenteko Jai Batzordeak Gara, 2010eko urtarrilaren 26a
- ↑ Des-kontrol musika taldeari babesa adierazi dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak askatu.org, 2010eko urtarrilaren 25a
Bibliografia
- 10 urte dokumentala.
- Goienkaria 355. zenbakia, 2008ko azaroaren 28a. 2 eta 3 orrialdeak. [1]