Edukira joan

Ihes betea

Wikipedia, Entziklopedia askea
InternetArchiveBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 09:37, 1 iraila 2023
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Agian Ihes betean, Ken Zazpi musika taldearen abestia, bilatzen ari zinen.
Ihes betea
Datuak
IdazleaAnjel Lertxundi
Argitaratze-data2006, lehen argitalpena
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaIhes betea
ArgitaletxeaAlberdania
HerrialdeaEuskal Herria
BildumaNarratiba

Ihes betea Anjel Lertxundik idatzitako eleberri bat da, 2006an Alberdania argitaletxeak plazaratua,[1] lehen pertsonan eta modu erretrospektiboan kontatua. Bigarren Mundu Gerraren atarian, Alemania nazian, gazte aleman hitler batek ustekabean judu jatorria duela eta ustezko gurasoak harrera egin zioten familia alemana delako berria hartzen du. Juduen aurkako giro lazgarrian, Alemaniatik ihes egiten du, aurrena Triestera eta gero Parisera. Paristik ere alde egin beharko du. Ihesa bere buruarekin galduta abiatu bazuen ere, denboran zehar bere bizitza-bidea aurkitzen doa, ihes betea lortu arte alegia, gaztetako lagun eta geroko etsai naziarekin enkontrua izan eta berari eta bere familiari egindakoagatik harekin kontuak eginez bukatuko dena.

Werner Lindemann, hamasei urteko gaztea, Hitler mitin batetik dator lagun-koadrilarekin. Mozkorturik, istiluak sortzen dituzte etxerako bidean. Etxean, familia osoa dago bere zain afaltzeko, ama maitagarria, aita uzkurra eta Annette arreba txikia. Ernst Jüngerren Altzairuzko ekaitzak eleberriak liluraturik, non Lehen Mundu Gerrako balentriak kontatzen diren, piloto izatea deliberatu du Wernerrek. Horretarako, hegazkinei buruzko liburuak irakurri eta gimnasia eginez zaildu egiten du gorputza. Aita gerran ibilitakoa da, eta han izandako zauria dela-eta herrena da. Horri buruz galdetzen dio, baina aitak ez du erantzuten, eta bere barruan gerra bere aita bezalakoen jarreragatik galdu zelako ideia mamitzen da. Juduen aurkako gorroto bizia ere badu, aitak gorroto horren aurka ohartarazten badio ere. Hori dela eta, giroa zakartzen da etxean. Egun batean, aitak indarrez kenduko dio Hitlerren irudia paparretik. Hala ere, familiako bizitza egiten jarraitzen dute eta jai-egun batean bere txikia zenean hildako Ingo anaiaren hiloba bisitatzera doaz, amona Erikarekin batera. Lagun-koadrilarekin ere ateratzen da. Haiekin zinera joandako egun batean, Hermann lagun nazi sutsuak Klaus izeneko bat aurkezten dio, nazientzako lan iluna egiten omen duena. Hark beroturik, zapatari judu baten denda suntsitzen dute. Gymnasium edo institutura joaten da Werner, han egun batean irakasleak aitari buruzko idazketa egiteko esaten die, eta horrek aukera ematen dio aitari buruz hausnarketa egiteko. Kontatzen du nola etxean behin eta berriz galdetzen ziola bere gerrako jardunari buruz, baina beti isilik geratzen zela, eta amak ere ez zion ere kontatu nahi. Irakasleak bikain jartzen dio idazketari, baina aitarekin hain zorrotza ez izateko jartzen dio ohar batean. Wernerrek gogoko ditu herr Öchler izena duen irakasle horren eskolak. Irakaslea homosexuala omen da, ordea, eta lagunek harekin lotu ez dezaten gordinkeriak esaten ditu hari buruz. Institutuko filosofia irakasleak, bere aldetik, iritzi kritikoa du naziekiko, eta Wernerrek eta bere ikaskideek salaketa jarria izan zuten haren aurka horregatik; Wernerrek pantomima ere idatzi zuen haren aurka, eta patioan antzeztu.

Wernerrek Elsbeth izeneko neska gaztearekin ibiltzen da baita ere. Wernerrek hark oparitutako eguneroko-koadernoa gordetzen du, eta horko orrietan idatzi ere bai. Egun batean harekin egiten du topo antzoki batean, eta lagunekin doan arren, irteterakoan neska berarekin elkartzea lortzen du. Elsbethen aurrean, Hermannek atso judu bat nola umiliatzen duten ikusi eta gero, bakarri abiatzen dira, neskaren etxe aldera. Bidean dagoen eliza bat ikusita, Wernerrek aurreko batean mezatan botikari judu katoliko bilakatua apaizak nola umiliatu zuen gogoratzen du. Elsbethek bere lagunen jokaera gaitzetsita, berari ere errieta ari zaiola sentitzen du. Halako batean, ordea, Elsbethek eskua hartzen dio.

Hamazazpi urte betetzerakoan, lagun nazien aurrean hiru proba gainditzera dago behartuta Werner. Zalditoki batera joan, eta inguruetan harrapatu duten Sebastian izeneko mutil judu bat umiliatzea du lehenengoa eta honela burutuko du, lagunen algaraz: Wernerrek bere ipurdian pot egitera behartuko du mutil judua, eta gero haren buru gainean pixa egingo du; ondoren, bildotsa akabatuko du labanaz, eta azkenik, bildotsaren odolaz juduen etxeetako ateak juduen izarra margotuko ditu lagunekin batera. Biharamunean, polizia agertzen da etxera, juduen auzoan izandako erasoak ikertzera edo, itaunketa biguna egiten diote Wernerri amaren aurrean, tramite hutsezkoa, poliziak ere naziak direnez gero. Alde egiten dutenean, ordea, aitarekin liskar gogorra dauka. Amak "Jakingo bazenu, ..." esaten dio Wernerri, baina aitak isiltzeko esaten dio. Elsbethekin paseatzera doan egun batean, isilik hasiera batean, baina azkenean Elsbethek zerbitzu sozialean hasiko dela kontatzen dio, derrigortuta bada ere. Werner aberriaren alde egin beharreko zerbait dela argudiatuz erantzuten dio. Azkenean, elkarrekin haserre bukatuko dute. Etxera heltzean, Annettek Wernerrek umiliatutako Sebastian urkatuta aurkitu dutela kontatzen dio Wernerri. Beste egun batean, Hermannen etxera doa; haren aita zenari buruz ez daki ezer, homosexualekin ibiltzen zelako zurrumurruak aditu ditu horri buruz. Hermannen ama abegi ona egiten dio Wernerri, eta bera ere adeitsu da andrearekin. Andreak ikasten jarraitzeko gomendioa egiten die, entzuna duela Werner ikasle ona dela, baina biak armadara sartzeko irrikitan daude. Hermann sumindu egiten da amarekin hori dela-eta, eta etxetik ateratzean jipoia ematen dio bere aitaz iseka egin duen mutil bati. Armadan sartzea beste ametsik ez dute Wernerrek eta Hermannek eta irrika horretan elkarrekin jarraitzen dute. Egun batean frau Gerda izeneko emakume zahar batengana doaz, etengabe soldaduentzat jertseak eta galtzerdiak egiten dituena. Erotuta omen dago, armadan ziharduen semea hil zitzaionetik antza. Hark egindako jertseak bildu ez dituztela eta, Werner armadako bulegoetara doaz, eta han Hermannek aurkeztu zion Klaus ilunak egiten dio harrera. Hark ez dio kasu handirik egiten, baina halako batean beste militar bat agertzen da, eta Wernerrekin solasean, pilotu izateko bere asmoen berri ematen dio, eta hala militarrak pilotuen akademiarako gomendiozko karta idatziko diola hitz ematen dio. Hermanni ere halako karta bat eman diola kontatzen dio, eta Werner harrituta geratzen da, horri buruz ezer ere ez zekiela lagunak berarekin izan duen konfiantza-faltagatik. Hermann ikusten duenean, galdetu egiten dio, eta Hermannek zakar erantzuten dio. Hortik aurrera denbora luzean ez du ikusiko.

Amaren iritziaren aurka, Werner pilotuen akademiara doa izena emateko asmoarekin, etxekoei ezer esan gabe. Trena hartzen du hara joateko. Akademiako sarreran gazte askorekin egiten du topo. Identifikatu ondoren, barrura sartzeko baimena eman. Itxaron-gela batean zain dago, gazteak txandaka pasatzen dira militar batek egin behar dien elkarrizketa egiteko. Wernerren txandan, militarrak arretaz begiratzen du haren jaiotza-agiria, eta baita bera ere. Jaiotza-agirian agertzen den J letrak zer esan nahi duen galdetzen dio gogorki. Werner zer esan ez dakiela geratzen da, eta azkenean militarrak judua dela adierazten duela esaten dio. Guztiz asaldaturik dagoen Werner botatzen du gelatik. Akademiatik irtenda, bere buruaz beste egin edota etxera gehiago ez itzultzea pasatzen zaizkio burutik. Etxera heltzen da azkenean, eta amak besarkatu egiten du. Hala ere, bera erresuminduta dago, eta irainka hasten da, eta aitari ostikoka. Azkenean, isildu egiten da, lur jota. Aitak bere egiazko historia kontatzen hasten da.

Bere benetako aitak Franz zuen izena, eta bere laguna izan zen Lehen Mundu Gerran. Soldatu baten heriotza gertutik ikusita, bera hiltzen bada, Ingo seme jaioberriaren kargu egingo duela hitz ematera eskatzen dio Franzi, eta honek onartzen du. Zauriturik, frontetik itzuli, baina frontean gertatu den Franzekin gutun-harremana jarraitzen du. Emaztea haurdun dagoela jakinarazten dio Franzek. Ingo hil egiten da eta Franz hiletara dator. Seme jaio berriari Werner izena jarri diola kontatzen dio. Frontera itzulita, Franz hil egiten da, eta hortik gutxira bere ama. Orduan, Wernerren aitatzakoak Werner adoptatzeko ahalegin guztiak egingo ditu. Wernerri ez diote horri buruz ezer kontatu, juduen aurkako legeak aspaldian indarrean jartzen hasiak direlako.

Guztiz aztoraturik eta gertatzen ari zaiona ulertu ezinik, Werner lehertu egiten da berriz ere, gurasoek txeraz tratatu arren, eta oihuka eta negarrez hasten da, alemanen familia batean judua dela sinetsi ezinik. Hurrengo egun batean, kalera ateratzeko proposamena egiten diote, baina Hermannekin topo egiteko beldurrez dago. Institutura ere ez da agertzen. Amona Erika dator etxera eta adoretsu izateko esaten dio, Alemaniatik alde egin behar duela eta bere etxean seguruago egongo dela, erasoen beldur. Amonaren etxean, Triesten bizi den Kurt izeneko urrutiko senide batengana joan eta harekin babesteko plana proposatzen die amonak gurasoei. Aita ez dago horren alde, Kurt horrek justiziarekin arazoak izan dituelako, berarekin zebilen opera-kantari baten hilketarekin nahastu zutelako. Amonak dena pentsatuta dauka, ordea: pasaporte faltsua egingo diote eta berak egingo du bidaia Wernerrekin. Amona egoera lasaitu eta bolada baterako soilik izango delakoan dago. Hermann Annette arreba txikiarekin sartu dela ere kontatzen du. Bitartean, Werner indarrik gabe sentitzen da, eta beste guztien erabakien mendean. Azkenean, pasaporte faltsua eskuratzen amonak. Hemendik aurrera Werner Ernst Lange izango da.

Agur hunkigarria gertatzen da Wernerren eta gurasoen eta arrebaren artekoa, nahiz eta Wernerrek ez duen pena handirik sentitzen. Amonarekin astebeteko bidaia egiten du, tartean poliziak kontrola egiten die, eta beraiek plazer-bidaiaren aitzakia dute prestaturik. Sekulako ekaitz baten erdian, trena gelditu eta gizon susmagarri sartzen zaie konpartimenduan, emakumeentzako barruko arropen saltzailea dela kontatzen die, baina Wernerrek eta amona Erikak polizia edo espia dela uste dute; gizonak hitlerzale gisa azaltzen du bere burua, eta azkenean konfiantza hartuz eskua Wernerren belaunean ere jartzen du; azkenean, agurtu eta alde egiten du. Baina amonak ez dio susmo onik hartzen, eta hasieran Trento hiriraino elkarrekin joateko asmoa badute ere, amonak trenetik jaitsi, gizona bere atzetik abiatzeko, eta Wernerrek egokiera hori ihes egiteko aprobetxatzea proposatzen du. Hala egiten dute, eta Wernerrek Triesterako beste tren bat hartzeuko geltoki berean.

Triestera heldurik, non italieraz mintzatzen den, taberna batera sartzen da. Han, italiera traketsean, janaria eta edaria eskatzen ditu. Tabernan beste gizon bat dago, Umberto izeneko agure bat. Mozkorturik dago, eta faxisten aurkako oihuak egiten ditu. Wernerri ongi eotrria ematen dio, munduko hiri tristeenera bere esanetan. Trieste hiri kosmopolita da, nazio askotako jendea biltzen duena, eta historian askotan gatazka-lekua izandakoa. Agureak alemanez badaki, eta Wernerrekin hizketan hasten da, izena, nongoa den eta galdetzen dio. Ernst izena duela esaten dio, noski. Freud hirira etorri zenekoa, aingiren sexua aztertzera, eta berarentzat aingirak nola harrapatzen zituen, kontatzen du Umbertok. Halako batean, mutil bat sartzen da egunkariak banatzera. Umbertok Itzeli esaten dio kontuz ibiltzeko harekin, espia lanetan ibiltzen dela poliziarentzat jendeak nolako berriak irakurtzen dituen zelatan.

Tabernatik atera, eta Kurten helbiderako bidea hartzen du. Haren etxera iritsi eta atea behin eta berriz jo arren, inork ez dio irekitzen. Zer egin ez dakiela, azkenean lo hartzen du etxeko atarian. Halako batean urratsak adituta esnatzen da. Kurt den galdetu, eta gutuna idatzi zion amona Erikaren partez datorrela esaten dio, baina Kurtek ezjakinarena egiten du. Ernstek, Wernerrek alegia, kanpora abiatzen da, baina ustezko Kurt bere atzetik joan eta ekarri egiten du etxera. Berari Angelo deitzeko esaten dio, ezkutatzeko izena dena, antza denez. Hirian non eta norekin ibili den kontatu ondoren, Angelok ere Umberto ezagutzen duela jakingo du. Freuden anekdotaren berri badu, eta Umbertok kontatu ohi duen beste istorio bat ere kontatzen dio Angelok: Jainkoak toki guztietako buztina bilduz sortu omen zuela gizona, munduko bazter guztietan etxean bezala sentitzeko. Janari eskasa eta txarra ematen dio. Angelok bere etorkizunari buruz, berarentzat pentsatu duenari buruz, ez duela ezer esaten konturatzen da, ordea, eta kezkatu egiten da horregatik. Beste alde batetik, etxeko gela batetik irrati bateko dialari nola eragiten dion ere entzuten du, baina Angelok ez dio horri buruz ezer esaten. Oheratu egiten da, kalean euripean bustitako arropak eta zapatak kenduta.

Biharamunean esnatuta, Angelo etxean ez dagoela ohartzen da. Etxea arakatzen du, eta trastez beteta dagoela ikusten du. Ez daki zer pensattu Kurt edo Angelori buruz: aitak faxistekin tratua egina duela uste zuen, baina berak haren aurkako espia dela uste du, bereziki irratiagatik. Bazterretan aurkitzen duen janari apurra jan, eta halako batean etxera andre bat sartzen dela ikisten du. Hitzik esan gabe, etxea garbitu eta alde egiten ud. Gero, dotore jantzitrako gizon bati irekitzen dio atea. Gizonak badaki Ernst Angeloren iloba dela, eta Angelo ez dagoela jakindakona, alde egiten du. Ernst kalera jaitsi eta Trieste bisitatzen du, urez inguratutako hiri bat. Bere buruari hasten da pentsatzen, nortasun garbirik gabe, judua dela guztiz barneratu gabe, eta besteen mendean sentitzen baita, eta Angeloren jarrerak ere ez du laguntzen sentimendu hori gainditzen. Taberna batera sartu, berriz kalez kale ibili, eta besotik heltzen dion puta bati zakar ezezkoa ematen dio burutazio horietan murgildurik. Halako batean, goizean etxera etorritako gizon kapeladuna eta Angelo ikistyen ditu eztabaidan urrutitik. Etxera itzultzen da horren ondoren.

Elsbethekin duen amets bat amesgaizto bilakatzen da gizon kapeladuna hil egingo dela esaten diola irudikatzen zaionean. Bat-batean esnatu eta Angelo ikusten du bere ondoan barrezka, jada hilda dela esanez. Gripea hartu du, eta sukar handia dauka. Angelok edabe sendagarria ematen dio, eta horrekin sendatzen joango da. Sendaturik jada, Angelorekin bere egoera argitzeko asmoarekin jeikitzen da, zer egin behar duen, nora joan, baina ez dago etxean. Gurasoek eta amonak esana zioten aldi baterako bakarrik izango zela guztia, baina berak ez du argi ikusten. Etxea miatzen hasten da, Angelorik buruz gehiago jakin nahian, opera-kantariarekin izan zuen aferaz edo, baina ez du ezer garrantzitsurik topatzen, berak Elsbetekin aspaldian ikusitako pelikula baten afixa ezik, irrati misteriotsuaren arrastorik ere ez dago. Angelo erotu ote den pentsatzen hasia da, berarekin duen jarrera axolagabea, batzuetan txantxetakoa, dela-eta. Angelo agertzen denean, berarentzat lanpostua aurkitu duela esaten dio: ikaztegi batean, ikatzaren kontuak eramatea.

Lana ez da berak espero zuen bezalakoa, ordea. Gizon desatsegina da nagusia, eta zakuak ikatzez bete eta bezeroei eramatea da bere zeregina. Emakume batek errieta egiten dio gizonari, gazteak engainatzen ibiltzeagatik, baina nagusiak bidali egiten du. Zakuak betetzea uste baino zailagoa da, eta behingoz bere bizitzaren lema hartu eta alde egitea pentsatzen du. Nagusia itzultzen denean, Ernsten aurka hasten da, ezer egiten ez dakiela oihukatuz. Bat-batean, gizon bat azaltzen da bere alde, eta honen atzetik bizpahiru emakume, eta handik ateratzen dute. Gizona Umberto da. Kale berean dagoen bere liburudendara doa berarekin. Barruan, liburu-pilak daude nonnahi. Dendaren historia kontatzen dio Umbertok: aurreko jabeak liburu-negozioa mantentzearen trukean utzi zion denda. Umberto aholkuak ematen hasten zaio, neskenganako amodioaren pasioaren arriskuaz, OVRA polizia politikoari izan beharreko beldurraz. Liburu bat oparitu, bere eskuak estutu modu maitagarri eta asaldagarri batean, eta emakume bat azaltzean, bere emaztea dela esaten dio, eta modu harrigarrian, harekin beti leiala izan dela emazteak jakitea nahi lukeela beti.

Angeloren etxera itzuli eta lana utzi duela kontatzen dio, baita etxetik alde egin eta ostatu batera joateko asmoa azaldu ere. Angelok jarrera ulerkorra agertzen du, baina halako batean barre-algaraka hasten da, ero moduan, inongo arrazoirik gabe, gero berriz lasaitzeko. Ikazkinaren aurka irainka hasten da, azkenean negarrez hasteko. Ernst zer esan ez dakiela geratzen da, eta eromenean jausi dela pentsatzen du. Alde egitea pensatzen du, eta horretan Elsbethen koadernoa sartzen du maletan. Halako batean, ordea, ate joka hasten dira bortizki, Angelori oihuka. Angelo sorgortuta dago, erreakzionatu gabe. Ernstek esku bat jartzen dio sorbaldan lasaitzeko, eta horrela denbora luzean daude. Angelok barkatzeko esaten dio azkenik.

Angelok bere historia kontatzen dio Ernsti. Amona erikarekin zorretan dagoela esaten abiatzen du kontakizuna. Gero nola Greta opera-kantari batekin bizi zen, egun batean hilda agertu zena lepoa moztuta. Poliziak bera susmagarritzat hartu eta atxilotu egin zuten, bortizkeria izugarria tarteko. Kartzelan denbora bat eman eta gero, askatu egin zuten, urrutiko senide zuen amona Erikak egunkarian jarritako argazki batean ezagutu eta hariak mugitu ondoren. Epaiketan ere errugabetu egin zuten azkenik. Bitartean leihotik begira dago denbora guztian. Halako batean, arriskua sumatuta, Ernsti komun gaineko teilatuan ezkutatzeko esaten dio. Lauzpabost gizon bortizki sartu eta jipoika hasten dira Angeloren aurka eta dena hankaz gora jarri. Azkenean, auto batean eramango dute Angelo.

Umbertorengana abiatzen da, bera baita lagundu dezakeen bakarra. Dendako txirrinari eragin eta Umberto bigarren solairutik jaisten da, non idazten ari zen. Berahala sumatzen du Ernsti zerbait gertatzen zaiola, eta kokotsetik hartzen du maitagarriro. Ernstek gertatutakoa kontatzen dio, eta Umberto asaldatu egiten da izugarrikeria horrekin. OVRA Mussoliniren polizia politikoaren lana izan dela daki ziur, eta beldur agertzen da Angeloren egoeraz. Lasaitu nahian, liburu-pila bat miatzen hasten da Umberto, eta Ernsti laguntzeko eskatzen dio, liburu-tartean pertsonaia ospetsuen gutunak eta aurkitu izan dituela, balio handikoak. Paseatzera doaz, eta sinagogatik aurrean karabinero batzuek - Italiako poliziek - juduez iseka egiten dute, eta Umbertok madarikatu egiten ditu. Ernst eskuratzen ari den pentsamendu-autonomiaren zantzu argi bat gertatzen da: sinagogari buruz Umbertok aipatzen dituen laudorioei erantzunez, berak atsegin ez duela dio, horretarako arrazoiak emanez. Umbertok judua dela aitortzen dio Ernsti, eta berak sinagoga ikusita sentitzen duen berdina sentitu ezin duela esan. Ernst isildu egiten da, bera ere judua dela esateko gogoa etortzen bazaio ere.

Umbertok konfiantzazko ostatu batera laguntzen du Ernst. Etxekoandre mesfidati batek egiten dei harrera, eta arauak jakinarazten dizkio Ernsti, tartean neskarik eta bestelakorik (agian Umbertori buruz) ez ekartzea. Berehala ostatuko Nerina neskamea ezagutzen du, begiradaz berarekiko interes bizia erakusten duena. Nahasturik, Alemaniatik irtenda etengabe egoera berriak bizi izan dituelako, kalera irten, arropa berriak erosi eta etxera deitzea pentsatzen du, baina arriskuaz jabetu eta atzera egiten du. Ostatura itzuli eta han egunak emango ditu, kalera apenas atera gabe, Umbertok emandako liburuak irakurtzen. Nerinak jarraitzen du bere atzetik jakinminez edo. Gau batean, lo dagoela, Ernsten ohera sartzen da biluzik eta amodioa egiten dute.

Ostatuan, ordea, errutinarekin jarraitzen du, aurrera egin gabe, bere etorkizunari buruz erabaki ezinik. Nerina egunero etortzen da bere gelara lotara eta Umertok aldiro bisitak egiten dizkio liburuak ekartzeko. Liburudendan idazten aurkitzen du egun batean, mutil gazte bati buruzko eleberri bat, zantzu guztien arabera Ernst bera dena, izena ere Ernesto jarri dio protagonistari. Ernst gaztea bere buruari bueltaka hasten da, nerinarekin duen harremanari eta batzuetan Umbertorekin izan dituen sexu-fantasiei buruz. Nerina jeloskor agertzen da Umbertoren bisitetan, Umberto dela-eta, hau eta bestea botatzen diote aurpegira elkarri baina azkenean amodioa egiten bukatzen dute, inoiz baino bortitzago. Nerinak ezkonduta dagoela kontatzen dio, txikitatik gizonek sexualki baliatu egin dutela aitortzen dio. Zinea ere atsegin du; egun batean, Nerinaren atzetik doa eta zinera sartzen da harekin batera. Nerinak ezustekoa hartzen du Ernst ikustean, baina gero maiz joango dira elkarrekin zinemara. Haien arteko harremana, ordea, bakoitzak bilatzen duena jasotzera mugatzen da: Nerinak mutil-lagun baten beharra du, eta Ernstek bere errutina erosoago eraman nahi du.

Umberto kopetilun datorkion egun batean, Ernstek Triestetik alde egin behar duela esaten dio. Umbertok Angeloren gorpua uretan aurkitu dutela kontatzen dio, tortura zantzuekin. Trieste hiri arriskutsu bilakatzen ari dela dio, eta Parisera alde egiteko asmoa duela. Ernsti ere Parisera joateko aholkua ematen dio, judua ere badelako, lagun baten helbidea emango diola. Ernst harrituta dago, judua dela nola jakin duen, eta haren proposamenari uko egiten dio, orain arte emandako laguntza guztiarengatik eskerrak ematearekin batera.

Hiritik alde egiten du, Nerina agurtu ere egin gabe, erru-sentimendu eta malenkonia batekin bada ere. Trenean, gizaseme susmagarri bat gerturatzen zaio, etengabe hizketan, baina ez dio batere kasurik egiten. Frantziako mugan, pasaportea arretaz aztertzen diote polizia frantsesez, baina Alemaniatik ihesi datorrela aitortuta, ongi etorria ematen diote Frantziara. Marseillara joatea da bere lehen asmoa, baina aldatu eta Parisera doa. Hango giro biziak liluratu egiten du. Gela bat lortzen du ostatu batean, andreari alemana aurrena, eta horrekin nahikoa ez, azkenik judua dela aitortuta.

Sena ibaiko bazterrak garbitzea da bere lehen lana. Zubi baten azpina, arlote bat ezagutzen du, xelebrea, eskuartean paperak dituena. Mozkortuta, gonbidatu egiten du zerbait hartzera, baina Ernstek muzin egiten dio. "Hi judua haiz" botatzen dio arloteak, aurpegiera edo ikusita. Azkenean, gizonari mesede egiteagatik, tabernara laguntzen du, baina han berari kasurik egin gabe, idazten hasten da. Halako batean, leihoaz bestaldean herr Öchler institutuko literatura irakaslea ikusten du, bere atzetik atera, eta agurtu egiten du. Kostata baina azkenean irakasleak ere ezagutzen du Ernst, Werner hobe esanda. Pozik agurtzen dute elkar, eta tabernara sartzen dira biak. Han irakasleak arlotea Joseph Roth idazlea dela esaten dio, Ernst harri eta zur utziz. Haren mahaira inguratu eta Rothek Paristik alde egiteko aholkua ematen die, bera ere judua denez, juduek pairatzen duten mehatxua ikusten duelako. Öchler irakaslea eta Ernst kontu kontari hasten dira, Ernstek barkamena eskatzen dio ikasle garaian haren aurka egindako guztiagatik. Garai hartako lagun homosexuala bere sasi-emazteak salatuta atxilotu zutela kontatzen du irakasleak, eta egindako torturengatik erotu ere egin zela. Berari gauza bera gertatu baino lehen, Parisera etorri da ihesi. Hermann bere familia zelatatzen ibili zela ere kontatzen dio, eta azkenean aita eta amona Erika atxilotu egin zituztela, eta amak eta arrebak irainak jasan zituztela. Amorruz hartzen du berria Wernerrek, eta mendekua hartuko duela bere buruari zin egin. Beste egun baterako hitzordua egiten dute biek. Etxeratzea atzeratzen du Ernstek, errudun sentitzen da ikasle garaian egindako guztiagatik, baina orain bere burua biktima ere ikusten du. Telefono-sala batetik Alemaniako etxera deitzen du eta aitaren ahotsa aditzen du erantzuten, gero berehala deia eteteko. Lasaiago geratzen da onik dagoela jakindakoan.

Hilabeteak ematen ditu Senako bazterrak garbitzen eta denbora librean irakurtzen. Gero, jostundegi batean lan egingo du denbora dezente, bezeroei neurriak eta hartzen. Hankatarteak neurtu behar dituenean, homosexuala ote den isekak jasan behar ditu. Denbora librean, Öchler irakaslearekin elkartzen da, liburuak, tartean Alemanian debekatuak, erruz irakurri eta frantsesa praktikatzen du harekin. Irakasleak ihes egindako judu aberatsentzako klase partikularrak ematen ditu, gutxi ordainduta. Egun batean, orri klandestino batzuk erortzen zaizkio irakasleari eta Ernst mindu egiten da, berari ezer esateko konfiantza izan ez duelako. Hurrengo batean, irakasleak aldizkari klandestino batean lan egiteko proposamena egiten dio, eta pozik onartzen du Ernstek, denetariko lanak egiten, baita idazten ere. Aurrerago, Müller izeneko irakasle bat Marseillara eramateko misioa eskaintzen dio Öchlerrek, han itsasontzia hartu eta Ameriketara ihes egin dezan, eta onartu egiten du.

Trenez abiatzen dira Paristik. Müller gizon heldu, uzkur eta samurra da, filosofoa, denbora guztian maleta misteriotsu bat beso artean duena. Ernstek ez dio diskrezioz horri buruz galdetzen. Bidaian zehar Ernst bere bizitzarekin gero eta konformeago dagoela pentsatzen du, ez judua dela jakin duelako, baizik eta bere buruarekiko estimua zuelako besterik gabe. Bat-batean, Dijon hiritik gertu gelditzen da trena. Arrazoia ustekabeko berri bat omen da: Paris nazien menpean erortzear dago. Irakasleak hirian ezagutzen duen adiskide batengana joatea prpposatzen du, baina mutilak Marseillarainoko auto bat hartzea du nahiago. Irakaslea larritu egiten da, eta berari zerbait gertatuz gero maletaren kargu egingo dela hitz emateko eskatzen dio, hark idatzitako liburu bat da, kopia bakarra. Mutilak baietza eman, eta auto gidari baten bila abiatzen da. Gidariarekin negoziazio luzea egin ondoren, prezioaren erdia ordainduko diote hasieran eta beste erdia bukaeran. Müller izutiaren bila itzultzen da geltokira. Bidaian zehar, gidariak ez du txintik ateratzen, eta Müller galdezka aritzen da denbora guztian bide zuzenetik ote doazen. Geldialdi batean, gidariak maletari buruz galdetzen du urduri, eta hura lasaitze aldera ireki egiten dute bere begien aurrean. Marseilan Anghios izeneko botikari batekin elkartzen dira, eta honen bitartez naziak Parisko ateetan daudela jakiten dute. Irratiko berriei adi-adi, ardoarekin topa egin eta La Marseillaise abesten dute. Biharamunean, Anghiosek Parisa ezin dela itzuli ohartarazten dio, hiri arriskutsua bilakatu delako; portuan berarentzat gela bat gorde duela eta han geratu daitekeela. Merrekin zeinen arduratsu jokatu duen ere goraipatzen du. Juduei laguntzeko sare batean parte hartzea proposatzen dio; zalantzati, azkenean Ernstek baietza ematen dio. Juduak Espainiara heltzen laguntzen, Pirinioetako maldetaraino, mugalarien esku uzteko, Katalunia aldetik. Artasoroetan egiten dute lo maiz. Bertakoei esker, Otso ezizeneko buruzagi nazi baten krudelkeriaren berria dute, erresistente eta errefuxiatuak harrapatzen ibiltzen dena. Egun batean, iheslari talde baten bila dabilela, Müller irakaslea ikusten du bidean arnasestuka. Ernst harri eta zur, Mülerrek kontatzen dio Amerikarako bidaia ordainduta ere denbora luzea egon behar izan zuela noiz atera zain, harik eta egun batean ontzia desagertu egin zen portutik. Hizketan ari direla, guardien hotsak aditzen dituzte, eta Müllerri ihes egiteko agintzen dio, berak guardien arreta erakartzen duen bitartean. Guardiak bere atzetik abiatzen dira, Ernstek ihes egitea lortzen du, baina azkenean, harri batekin emandako kolpearengatik erori ondoren, harrapatu egiten dute. Herri batera eraman, auto batean sartu, bitartean jipoika eta irainka ari zaizkiola, eta txalet batera eramaten dute. Anghiosi buruz galdetzen diote, eta azkenean, Werner Lindemann dela aitortzen du, torturapean. Ez diote sinesten, eta torturatzen dute jarraitzen dute, harik eta Wernerrek beroki beltza soinean daraman batek gelditzeko esaten dien. Hermann da eta hil egiten da

Auto batean urrutiko toki batera daramate, hainbat ordutako bidaian. Werner leher eginda dago. Hermannek ironiaz mehatxatzen du. Azkenean, herri Wernerri ezezaguna zaion herri batera heltzen dira, Hendaiara. Han, txalet batera sartzen dira. Hermann bakarrik geratzen da Wernerrekin ziegan, eta hizketan hasten zaio. Bere familiari buruzko guztia kontatzea nahi du. Wernerrek, aldiz, ez du hitzik ateratzen. Anghiosi buruz galdetzen dio, baina alperrik. Azkenean, gaztetan ohikoa zuten buru-talka proban aritzea proposatzen dio Hermannek. Wernerrek onartu egiten du. Hermannek erraz irabazten dio, baino olaisko ipurditik sartzen du, hori arrakasta.Errebantxa eskatzen dio Wernerrek, eta oraingo honetan lortu egiten du, Hermann saihestu eta labana kentzea. Sastakada batzuk ematen dizkio, Hermann zerraldo erori arte. Txaletaren atzealdetik ihes egin eta txalupa hartzen du, Hondarribira heltzeko. Ihes betea lortu du, berari eta familiari egindako guztiagatik mendekua hartuta.

  • Werner Lindemann (alias, Ersnt Lange), gazte protagonista
  • Hermann, aurrekoaren lagun nazia gaztetan, eta etsaia gero, Werner judua dela jakindakoan
  • Wernerren adopziozko gurasoak, Annette arreba eta amona Erika,
  • Elsbeth, Wernerren neska-laguna,
  • Kurt (alias, Angelo), Wernerren urrutiko senidea, Triesten lagunduko duena,
  • Umberto, Triesteko laguna,
  • Nerina, Triesteko maitalea,
  • herr Öchler, Wernerren institutuko literatura irakaslea, homosexuala, Parisen lagun izango duena,
  • Müller jauna, Marseillara Wernerrek lagunduko duen filosofoa,
  • Anghios, erresistentea

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]