Juan Manuel Puig Dellodonne (General Villegas, Buenos Aires, 1932koabenduaren 28a - Cuernavaca, Mexiko, 1990ekouztailaren 22a) argentinar eleberrigilea izan zen. Gutxik bezala agertu du probintzietako giroa, modu kritikoz baina aldi berean samurtasun handiz. Zinema-ikasketak egin zituen, Erroman eta New Yorken. Lehenengo bi eleberrietan, La traición de Rita Hayworth (1968) eta Boquitas pintadas (1969), Buenos Airesko erdiko klasearen mitologia sexual eta sentimentalak aztertu zituen, masa-kulturetako hizkuntzak erabiliz, zinemarena batez ere; herri-abestietako (tango eta boleroetako) eta bihotzeko aldizkarietako edota garai hartako irratsaioetako giroaz baliatu zen azterketa horretan. 1973an, The Buenos Aires Affaire argitaratu zuen, eta 1976an El beso de la mujer araña, Hego Amerikako errepresio politikoaren azterketa argia, haren obrarik ezagunena ziur asko. Azkeneko horretan oinarrituta, film eta antzerki-lan bana egin ziren, arrakasta handikoak biak ere. Beste lan aipagarri batzuk: Pubis Angelical (1979); Cae la noche tropical (1988).