Edukira joan

Baskoi

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Baskoiak
Baskoiak eta inguruko tribuak bizi ziren lurraldeen mapa, K. o. I. mendean, gaur egungo Euskal Herria ere ageri dela.
Jatorrizko mendea: Ezezaguna. K.a. III. mendearen aurretik
Etnia: euskaldunak
Hizkuntza: Baskoien hizkuntza (aitzineuskara)
Hiri nagusiak: Pompaelo (Iruñea), Calagurris (Calahorra), Oiasso (Irun inguruan)
Mugak: Mendebaldetik barduliarrak, iparraldetik Bizkaiko golkoa eta akitaniarrak, hegoaldetik beroiak eta zeltiberiarrak, eta ekialdetik iazetarrak eta suesetarrak.
Gaur egungo kokalekua: Nafarroa Garaia, Gipuzkoaren ipar-ekialdea, Aragoiren ipar-mendebaldea eta Errioxaren ipar-ekialdea.

Baskoiak[1] (latinez: vascones, wascones) erromatarren etorreraren aurretik hasita eta Erdi Aroaren hasieraraino gaur egungo Nafarroa Garaian, Gipuzkoaren ipar-ekialdean, Errioxan eta Aragoi iparraldean bizi ziren antzinako tribu (populu garaiko deskribapenetan) bat ziren. Antzinaro Berantiarrean, baskoi izena, Garonatik Pirinioetara bizi den jendeari ere aplikatzen zaio. Gaur egungo euskaldunen arbaso izan ziren tribuetako bat dela jotzen da. Erromatar inperioaren amaieraren ondoren, baskoiak oraindik idatzizko iturrietan agertzen dira IX. mendera arte.

Antzinaroko baskoien inguruko berriak, erromatar iturrietatik datorkigu batez ere, erromatarrek erabiltzen duten etnonimoa delako. Hau da, baskoiak ez dira desagertzen konkistaren ondorioz, eta, hiri baskoien buruz hitz egiten denean, adibidez, Ptolomeok zerrendatu zituenak, erromatar administraziopean dauden hiri baskoiak dira.

Berez, ikerlari askorentzat, baskoiak, erromatarren sortutako kategoriatat hartu behar da, hau da, haiek izena sortu ez bazuten ere, beraiek zehaztu edo mugatu zuten baskoiak kontzeptuan zer herri eta hiri sartu behar zirren.

Erromatarren garaia

Burdin Aroko umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu zituzten etxe baten barruan.

Garai hari buruzko informazio ia guztia erromatarrengandik dator. Vascones izena bera erromatar idazleei zor diegu[oh 1]. Akitaniar edo kantabriarrek ez bezala, badirudi baskoiek beren estatusa Erromatar inperioarekin negoziatu zutela. Sertorioren gerran, Ponpeiok bere basea baskoien lurretan ezarri zuen, eta bere izenarekin Pompaelo hiria sortu bide zen, lehendik existitzen zen Iruñea baskoi herriaren gainean.

Izatez, baskoiak (vascones) ez zen euren buruak izendatzeko erabiltzen zuten izena. Exonimo bat da vascones: kanpoko norbaitek jarritako izena. Idazle greziar eta latino klasikoek erabili zuten izen hori, eta Sertorioren gerran (K.a. 83an ) agertzen dira baskoiak lehen aldiz testu batean [2]. Gerra haren kontakizuna egiterakoan, hamarkada batzuk geroago, Tito Livio (K.a. 59 - K.o. 17) historialariak aipatu zituen baskoiak lehen aldiz, "ager Vasconum" edo "vasconum agrum" idazten duenean[3][4], edo hori da, behintzat, ezagutzen den erreferentzia idatzi zaharrena. Geroago, Plinio Zaharrak eta Estrabonek aipatu zituzten baskoiak; eta Ptolomeok baskoien hamasei herri zerrendatu zituen Kristo ondorengo II. mendean.

Jose Luis Ramirez Sadabak dio hegoaldeko hiriak (Ebroren eskuinaldean, Calagurris, Gracchuris eta Cascantum) eta ekialdekoak (Iacca, Segia edo Alavona), egungo Nafarroaren mugak gainditzen dituen "ustezko baskoien hedapena" sortu zutela. Baina ikerlari horrentzat, Hala ere, «hedapen» horrek ez du egiaztapen dokumentalik, eta, gainera, Calagurris, Segia eta Alavonako antroponimia eta toponimia ez baitira hizkuntza aldetik indoeuroparrak, iberiar edo akitaniarrak baizik.[2]

Baskoien lurralde, herri eta mugei buruzko erreferentziak, beraz, Erromak okupatu ostekoak dira. Arazoa da erromatarrak iritsi aurrekoari buruzko erreferentzia idatzirik ez dagoela. Jokin Lanzen hitzetan: «Lurralde horri erromatarrek baskoien lurralde esaten zioten, baina lurraldea herrixka harresituen bidez antolatzen zen, eta ez dakigu zer erlazio zuten herrixka horiek haien artean; ez dakigu aliatuak ote ziren, hiriburu bat ote zuten...».

Javier Armendarizek uste du herri baten izenetik hartu zutela baskoi hitza[5].

« Ebroren iparraldera zeuden herrientzat erabili zuten izen hori. Nondik atera zuten? Ez dakigu, baina, seguru asko, izango zen herri bat Barskunes izena zuena [baskoien txanpon batzuetan agertzen da izen hori], eta hori hartuko zuten taldea izendatzeko. Sumatuko zuten zeltiberiarrengandik diferenteak zirela »
Javier Armendariz
Baskoien lurraldea erromatar garaian, beren hiri nagusiekin. Ipar-ekialdean egungo mugak.

Gorago esan bezala, Klaudio Ptolomeok baskoiak deskribatzen ditu bere Geografia idazlanean[6], eta 16 hiri aipatzen ditu: Allauona, Andelos (Mendigorria), Bituris, Cascantum (Cascante), Curnonium, Calagurris (Calahorra), Eturissa (ez da aurkitu zehaztasunez), Ercavica (ez da aurkitu zehaztasunez), Gracurris (gaur egungo Alfaro, Errioxako ekialdeko mugan), Iacca (gaur egungo Jaca, Aragoi aldean), Nemeturissa, Oiasso (Irun aldean), Pompaelo (Iruña), Muscaria, Segia eta Tarraga.

Ebroko harana (Ager Vasconum) gehiago erromanizatu zen eta bertan aztarna gehiago eta ikusgarriagoak daude, eremu menditsuetan agertu izan zidrenak bainoa (Saltus Vasconum).

Gipuzkoan badirudi meategiak zituztela Aiako Harrietan, eta meategi horiek ustiatzen jarraitu dira XX. mendera arte. Badirudi meategia ustiatzeko eta handik inperioko beste leku batzuetara minerala eramateko herri bat sortu zutela: Oiasso, alegia. Baina kostaldeko aztarna horiez gain ez da besterik agertu; beraz, Euskal Herrian bizi ziren tribuei buruz informazio iturri urria dira.

Baskoien arrantzako sarearen kontrapisua.
Baskoien katilua.

Erdi Aroaren hasiera

Bagaudak

Dirudienez V. eta VI. mendeetan liskar latzak egon ziren baskoien lurretan, eta historialari askok bagaudaeei, feudalismoaren aurkako matxinadei lotuta ikusten dituzte. V. mendean, Hidazio historialari eta apezpikuak suabiarrek "Baskonietan" eragindako txikizioen berri ematen du. 469. urtean Hidazio hil eta, geroztik, ez dago orduko gertaeren kontaketa garaikiderik. Harrezkero, baskoiek hiriari lotutako herritarrak izaten agertzeari utzi zioten eta, aldiz, mendietan dabilen herritzat jo zituzten germaniar herrietako kronikek.

Bestalde, VI. mendeaz geroztik, baskoiak ez ziren erromatarren garaiko Baskoniaren mugetan agertzen. Aldiz, askoz lurralde gehiago agertzen dira haien eremuan: Novempopulania, Pirinio inguru ia osoa eta Iruñeaz mendebaldera Kantabriaraino zeuden lurralde guztiak. Antzinatean aipatuak ziren egungo Euskal Herriko gainontzeko beste herriak, ordea, galdu egin ziren betiko: Hidazioren aipamenen ondoren ez da gehiago haien berririk dokumentuetan. Ondorioz, aro horretan jada ezinezkoa zen baskoien eta ustez euskaldunak ziren inguruko herriak (barduloak, karistioak, autrigoiak, tarbeliarrak, auskiak...) bereiztea, eta baskoiak besterik ez dira agertzen.

Bisigodoak Galian (eta bereziki Novenpopulanian) izan ziren bitartean, ez zuten baskoiekin ageriko liskarrik izan. Hala ere, nola Garonaz hegoaldeko lurraldean hala Ebro inguruko Tarraconensis lurraldean bagaudeen altxamendu sozial larriak gertatu ziren, historialari askok baskoiei lotuta ikusten dituztenak. VI. mende amaieran errebolta giroa nagusitu zen Pirinioez bi aldeetan, eta baskoiak Akitania (beharbada Tolosa Okzitaniaz mendebaldera) erasotzen agertzen dira. Iberiar Penintsulan, berriz, Leovigildo baskoiei gailendu zitzaien borrokan, eta haien lurraldearen zati handi bat ("partem Vasconiae") menderatu zuen, baita bertan Victoriacum gotorlekua sortu ere (Iruña-Veleia beharbada).

Lehen erakundeak

Baskoien lehenengo lurralde-erakundea Franko Merobingioek sortu zuten Bordele eta Tolosa Okzitania artean Garona ibaia ardatz hartuta, baskoiak oinpean hobe izateko: Baskoniako dukerria, gerora Gaskonia bihurtzekoa. Genial izan zuten lehenengo duketzat eta ondoren etorri ziren Merobingioen beste bi duke. 635ean baskoiak matxinatu egin ziren Novempopulanian, eta Arnebert dukea buru zuen garai hartako espedizio handiena bidali zuten Tolosatik haiek menderatzera. Baskoiek espedizioaren zutabe bat birrindu zuten Zuberoan, baina ordainetan baskoien une gozoak ez zuen luzaro iraun eta, gertaera horren ondoren, frankoek azpiratu egin zituzten.

Baskoniako Dukerria

Artikulu nagusia: «Baskoniako Dukerria»

VII. mende erdialdera, Baskoniako dukerria Pirinioez hegoaldera hedatu zela dirudi, baina ez du muga argirik. Bisigodoak baskoien kontra gudukatu ziren egungo Nafarroa Garaiaren erdialdean. Orduan, Oligitum (egungo Olite edo "Erriberri") sortu zuten bisigodoek baskoiak hiriratu eta oinpean izateko, alferrik baina. 711n Rodrigo errege bisigodoa Iruñean baskoien kontra borrokan zela, musulmandarren inbasioaren berri izan zuen eta Hispania hegoaldera abiatu zen. Bitartean, Pirinioez iparraldera baskoiak maiz agertzen dira akitaniarren indar militarretan Galia osotik, betiere Akitaniako Dukearen zerbitzutan. Baskoiak Akitaniako armadaren zutabe nagusi izatera heldu ziren VIII. mende ia osoan.

Nafarroa eta baskoiak

Baskoiek jarrera praktikoa eta askotarikoa izan zuten musulman etorri berriekin, eta haiekin itunak sinatu zituzten hainbat alditan: lehenengo aldiz, Iruñea bera 716 aldera errenditu zenean. Hain zuzen, aliantza horiek profitatuz (Tuterako Banu Kasiak aliatu hartuta), 824 urtean Iruñeko Printzerria edo Erresuma sortu zuten Nafarroa aldeko baskoiek. Harrezkero, Pirinio mendebaldeaz hegoaldeko baskoiak frankoetatik aske eta independente izan ziren. Pirinioez iparraldera, berriz, baskoiak frankoen mendeko geratu ziren beste 30 urtez, Dukerriaren barnean. Dukerrian geratutako baskoiek, baina, "baskoi" izena soilik atxiki zuten, mendeen poderioz "gaskoi" bihurtuta. Baskoiak beren euskalduntasuna galduz joan ziren IX. mendetik XI. mendera, eta erromantzea (gaskoia) nagusituz joan zen lurraldearen gehienean (Gaskoinian) bitarte horretan.

Bibliografia

Idazlan batzuek Antzinaroko baskoiei buruzkoak dira eta beste batzuk Antzinate berantiarrekoei eta Goi Erdi Arokoei buruz. Bestalde, batzuek akademikoagoak dira eta beste batzuek dibulgazio lanak.


Oharrak

  1. A. Tovarren ustez, vascon hitza, historiografiaren aldaera da, pluralezko vascones singularrean jarri nahian, nahiz eta iturri klasikoetan, vascones hitzaren singularra, vasco den. Tovar, Antonio (1985) "Sobre las palabras «Vascones» y «Euskera»". Oihenart: cuadernos de lengua y literatura, 4, ISSN 1137-4454. 246-256 orr.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  2. a b (Gaztelaniaz) Ramirez Sádaba, José Luis. (2015). «Vascones por las tierras del Imperio romano» Príncipe de Viana (PV) 261: 373-384. ISSN 0032-8472..
  3. (Gaztelaniaz) Sayas Abengoechea, Juan José. (2005). «Udalerria Antzinako Munduko Baskonian» Iura Vasconiae 2/2005: 9-44. ISSN 1699-5376..
  4. (Gaztelaniaz) Pérex Agorreta, María Jesús. (2021). «Los vascones en las fuentes clásicas» in:, Andreu Pintado, Javier (arg.) y Larequi Fontaneda, Javier (arg),. Inter medium Vasconum pertransibunt aquae. . Vascones y termalismo en la Antigüedad hispana. Opera selecta de María Jesús Peréx Agorreta (UNED) ISBN 9788436276817..
  5. Ansa, Mikel P.. (2023-01-03). «Aro bat itzaletan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  6. Ptolomeo, Klaudio: Geografia. 2. liburukia, 6.66.

Ikus gainera

Kanpo estekak

  • "Vascones" in Bernardo Estornés Lasa (arg) Auñamendi Encyclopedia.