Asteroide
Asteroide bat planeta txiki bat da —benetako planeta bat ez den objektu bat, ezta identifikatutako kometa bat ere—, eta Eguzki-sistemaren barnean orbitatzen du. Atmosferarik gabeko gorputz harritsu, metaliko edo izoztuak dira, C-motakoak (karbonazeoak), M-motakoak (metalikoak) edo S-motakoak (silikazeoak) bezala sailkatuak. Asteroideen tamaina eta forma nabarmen aldatzen dira: kategoria honetan daude kilometro bateko zabalera duten objektu txikiak, meteoroideak baino pixka bat handiagoak, eta baita Zeres, ia 1000 km-ko diametroa duen planeta nanoa. Gorputz bat kometa gisa sailkatzen da, eta ez asteroide gisa, baldin eta eguzki-erradiazioaren bidez berotzen denean isats bat sortzen bazaio. Hala ere, duela gutxi egindako ikerketek bi gorputz mota horien artean continuum bat dagoela iradokitzen dute[1][2].
Ezagutzen diren milioi bat asteroideetatik[3], kopuru handiena Marte eta Jupiterren orbiten artean dago, Eguzkitik 2 eta 4 UA ingurura, asteroide gerrikoa bezala ezagutzen den eskualdean. Asteroide guztien masa konbinatu osoa Ilargiaren %3a baino ez da. Gerrikoko asteroide gehienek orbita eliptiko eta egonkorrak jarraitzen dituzte, Lurraren norabide berean biratuz eta hiru eta sei urte bitarteko denboran osatuz Eguzkiaren inguruan bira bat.
Historikoki, asteroideak ikusi izan dira Lurretik. Asteroide baten lehen hurbileko behaketa Galileo espazio-ontziak egin zuen. Ondoren, NASAk eta JAXAk asteroideak ikertzeko hainbat misio abiarazi zituzten, eta beste misio batzuk aurreikusiak daude. NASAren NEAR Shoemaker ontziak Eros behatu zuen, eta Dawnek Vesta eta Zeres ikertu zituen. JAXAren Hayabusa eta Hayabeu2 misioek Itokawa eta Ryuguko laginak aztertu eta itzuli zituzten, hurrenez hurren. OSIRIS-RExek Bennu aztertu zuen, 2020ean jasotako lagin 2023an Lurrera itzuliz[4]. NASAren Lucy ontzia 2021ean espazioartu zuten, eta hamar asteroide ezberdin aztertzeko lana du: gerriko nagusiko bi eta Jupiterren zortzi troiar. 2023ko urrian, Psyche izeneko espazio ontziak izen bereko asteroidea ikertzera abiatu zen.
Lurretik gertu dauden asteroideek planetako bizitza mehatxa dezakete, Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa eragin omen zuen inpaktuak bezala. Arrisku horri aurre egiteko esperimentu gisa, 2022ko irailean DART espazio-ontziak Dimorfos asteroide ez-mehatxugarriaren orbita arrakastaz aldatu zuen, haren aurka talka eginez[5].
Sarrera
Asteroideak espazioan zehar dauden gorputz solido eta forma irregularrekoak dira, planetak baino txikiagoak. Lurretik ikusita, izarrak dirudite. Horregatik, John Herschelek izen hori eman zien. Ezagutzen diren asteroide gehienak Marte eta Jupiter artean biraka ari dira asteroide gerrikoa deitzen den gunean.
Piazzi italiar astronomoak 1801ean lehena aurkitu zuenetik (Zeres asteroidea), beste hiru bat mila asteroide aurkitu dira, eta urtero aurkitzen dira gehiago. Asteroide horietako handiena Zeres bera da, 950 kilometroko diametroarekin. Hurrena Pallas asteroidea da, 552 kilometrorekin, eta Vesta asteroidea, 521 kilometrorekin. Dena den, Zeres asteroidea, gaur egun, planeta nanotzat jotzen da.
Ezaugarriak
Heterogeneoak izatea da asteroideen ezaugarri nagusia: haien gainaldea irregularra da; biratze ardatza norabidetua dute itxuraz, eta errotazio periodoa, askotarikoa.
Asteroideak, planetak bezala, Eguzkiaren inguruan biraka ibiltzen dira. Asteroide gehienen orbitak Marte eta Jupiter artean mugitzen dira, baina bakar batzuk Eguzkitik gertuago daude. Lurraren orbita ebakitzen duten asteroideei Apolo asteroide deritze. Lurraren orbita ebakitzen dutenez, Lurrarekin talka egin dezakete. 1937an Hermes asteroidea Lurretik 748.300 kilometrora igaro zen. Zientzialari batzuen ustez asteroide batzuk gertuago ere igaro dira. Izan ere, bada teoria bat, dinosauroen bat-bateko iraungitzea azaltzeko, asteroide edo kometa batek Lurra jo zuela dioena: talkaren ondorioz sortu zen hauts-hodeiak eguzki-argia Lurrera iristea eragotzi zuela urteetan, eta horren ondorioz dinosauroen heriotza eragin zuen hotz- eta iluntasun-aldi luzea izan zela. Asteroide bati argazkia egin zion lehen espazio-ontzia Galileo zunda izan zen, 1991n Gaspra asteroidetik oso hurbil igaro zenean. Ordu arte zientzialariek Lurreko teleskopioen bidez baizik ezin izan zituzten aztertu asteroideak.
Beste asteroide batzuk asteroide gerrikotik at aurkitzen dira; hori da, adibidez, Kironen kasua. 1977an aurkitu zen asteroide horrek 350 kilometroko diametroa du, eta Saturno eta Uranoren artean du orbita. Eraztunetik kanpo daude orobat Apolo asteroideak, hogeita bat gorputzek osatuak, Lurraren orbita gurutzatzen dutenak; eta Troiarrak, Jupiterren orbitan bi taldetan, haren aurretik eta atzetik, higitzen direnak.
Asteroide gehienak ez dira geruzetan bereizi edo eraldatu, urtzeko behar adina berorik ez baitute sortu. Horregatik, meteoritoak eta asteroideak aztertuz, Eguzki sistemaren hasierako aldietan zeuden baldintza fisiko-kimikoak ezagutzeko aukera dago gaur egun.
Jatorria
Bakuntasuna zen asteroideen jatorria azaltzeko lehen hipotesiaren abantaila, zeren Titius-Boderen legearen arabera planeta bat egon behar zuen lekuan kokatzen baitziren asteroideak, eta hortaz, bidezkoa baitzen pentsatzea benetako planeta baten leherketaren ondoriozko zatiak zirela asteroideak. Dena dela gaur egun bazterturik dago hipotesi hori, asteroideen masa, guztira, planeta batena baino askozaz txikiagoa delako, eta ez delako ezagutzen prozesurik hain lehertze itzela eragiteko behar adina energia sor dezakeenik, besteak beste.
Gaur egungo hipotesiak kontrako bidetik jotzen dute, planetak planetesimal izeneko gauzaki txikien metatzearen (hots, atxikimendu-aren) ondorio direla baita uste nagusia. Asteroideak, aldiz, atxikimendu prozesu hori eten izanaren ondorioz sortuko ziren. Hipotesi hori onartzeko, azaldu beharra dago zerk galarazi zuen planeta bat sortzeko bidea asteroideek hartzen duten bitarte horretan.
Safronov-en hipotesia aipatu behar da ildo honetan. Astrofisiko horrek 1970ko hamarraldiaren lehen urteetan iradoki zuenez, erabakigarria izan zen Jupiter planeta erraldoia osatu behar zuten planetesimalek Eguzki sistemaren eratzearen lehen uneetan izan zuten jokaera. Izan ere, asteroide eraztun bihurtuko zen nebulosa alderdia planetesimalez betea zegoen; Jupiterri zegokion alderdia ere bai. Planetesimal horietatik gehienak Jupiter osatzeko bilduko ziren, baina batzuen orbita luzatu egingo zen, halako eran non Jupiter izango zenaren ingurua utzirik eraztuna izango zenaren aldea gurutzatuko baitzuten. Planetesimal horiek, birlen jokoan bezala, asteroideen eraztuneko planetesimal batzuk kanpora bidaliko zituzten eta beste batzuen lastertasuna areagotuko zuten. Hortaz, atxikimendu prozesua zatitze prozesu bilakatuko zen elkarrekiko talka ugarien ondorioz.
Sailkapena
Asteroideek ispilaturiko argiaren analisiari eskerrak ezagutzen dugu haien gainaldeko gai bakunen ugaritasun erlatiboa.
Horrela, zazpi asteroide talde berezi daitezke, baina laburbilduz hirutara bil daitezke.
C izeneko taldeak karbonoa nagusi den asteroideak hartzen ditu, eta guztien hiru laurdenak biltzen ditu. S taldekoek silikatoak (olibinoa eta piroxenoak batez ere) dituzte gai nagusitzat. Azkenik, M taldeak asteroide metalikoak hartzen ditu, burdinaz eta nikelez osaturikoak eta silikato aztarnarik ez bide dutenak.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- ↑ (Ingelesez) «Podcasts» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ (Ingelesez)
- author.fullName}. «Comet samples are surprisingly asteroid-like» New Scientist (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ (Ingelesez) «Asteroids - NASA Science» science.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ «Zer kontatuko dute NASAk Bennu asteroidetik ekarritako harri hautsek?» Berria 2023-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- ↑ «Asteroide bat tirokatzea lortu dute» www.berria.eus 2022-09-30 (Noiz kontsultatua: 2024-09-11).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.