Lankide:Txikillana/Iragotze
Iragotzea[1] materialei emaniko tratamendu termikoa da, gogortasuna eta erresistentzia mekanikoa aldatzeko. Helburu nagusia aroa eman eta gero altzairuak izaten duen hauskortasun handia gutxitzea da.[2]
Altzairuaren propietateak asko alda daitezke tratamendu termikoen arabera: suberatu ezkero oso xaflagarria bihurtzen da, eta aroa eman ezkero, berriz, oso gogorra baina hauskorra. Malgutasuna irabazteko, gehienetan arotutako altzairua iragotu egiten da (salbuespen gutxi batzuk kenduta, limak adibidez). Iragotze mailak malgutasun hori plastikoa (malgukiak adibidez) edo elastikoa (automozio piezak adibidez) izatea ekarriko du, eta zizailadura-esfortzua, isurpena, gogortasuna, harikortasuna eta haustura-tentsioa ere zehaztuko ditu, eman nahi zaion erabileraren arabera. [3]
Historia
Iragotzea errementari edo burdin-ijezle hititek Anatolian k.a. XII-XI mende inguruan garatu zutela uste da.[4] Ezagutzen den iragotutako altzairuzko piezarik zaharrena Galilean aurkitutako pikotx bat da, k. a. 1250 urte ingurukoa.[5]
Tenperatura zehazki neurtzeko metodoen faltan, errementariek metalak hartutako koloreari erreparatzen zioten; tenperatura denbora justuan mantenduz, pieza modu egokian hoztuz eta beste hainbat faktore zainduz desiratutako emaitza lortzen zuten; prozesu honek praktika eta abilezia handia eskatzen zuen.[4] Halere, Europan aroa eta iragotzea ez ziren XV. mendera arte ongi bereizi.[6]
Prozesua
Iragotzea aroaren tratamendu osagarria da, eskuarki haren ostean datorrena. Iragotu behar den metala puntu kritikoaren azpitik berotzen da, non aleazioaren fase kristalinoak (ferrita eta zementita) konbinatu egiten diren, austenita bihurtuz. Tenperatura honetatik igotzea ekiditen da, aroarekin sortutako egitura oso gogorra (martensita) ez suntsitzeko.[3]
Zenbat eta puntu kritikora gehiago hurbildu, eta egoera honetan denbora gehiago iraun, orduan eta gehiago jaisten da gogortasuna eta erresistentzia, eta handitzen da irmotasuna. Emaitzan eragiten duen beste faktore bat piezaren lodiera da. Osteko hoztearen abiadurak, berriz ez du azken emaitzan eragiten.[2]
Iragotzearen faseak
Iragotzeko prozesuak hiru fase ditu:[2]
- Tenperatura kritikoaren azpitik berotzea: gatz-labeetan egiten da. Eraikuntzan erabiltzen diren karbono-altzairuetan, 450-600ºC erabiltzen dira; erremintetan, berriz, 200-350ºC.
- Tenperatura mantentzea: tenperatura baxuko iragotzeetan denbora luzeagoa izaten da, tenperatura pieza osoan homogeneoa izan dadin.
- Hoztea: iragotzearen hozte fasearen abiadurak ez du azkenengo emaitzean eragiten.
Iragotze motak
Oro har, tenperatura baxuko iragotzea arotutako altzairuaren tentsioak ezabatzeko erabiltzen da, baina gogortasuna galdu gabe. Tenperatura altuan iragotuz, berriz, arotutako altzairuaren zailtasuna (hautsi barik energia absorbitzeko eta deformatzeko duen gaitasuna)[7] handitzea lortzen da.[2]
Tenperatura bakoitzak baditu ezaugarri eta erabilpen bereziak:[4]
- Tenperatura oso baxuan iragotzeak (66-148ºC) barruko tentsioak pixka bat askatzea eta hauskortasuna gutxitzea baino ez dakar.
- 148-205 °C arteko tenperaturak erabiliz, gogortasuna pixka bat jaitsiko da; baina barruko tentsio gehienak askatzen ditu. Metalak kolore hori argia hartzen du, eta labainak edo hortzak egiteko erabiltzen da.
- Zailtasuna baino indar gehiago behar duten altzairuak (erremintak, adibidez) ez ohi dira 205ºC baino tenperatura handiagoan iragotzen; ostera, gogortasun egokia iragotze-denbora aldatuz lortzen da. Tenperatura honetan metalak lasto kolore argia du, eta harri-barautsak, otxabuak edo metala ebateko zerrak egiteko erabiltzen da.
- 226ºC inguruan metalak lasto kolore iluna du, eta marragailuak eta arrabota-hortzak egiteko erabiltzen da.
- Aleazio gutxiko altzairu batzuetan, 260-340ºC artean iragotzean harikortasuna jaitsi eta hauskortasuna igotzen da; horregatik, prozesu industrialetan tarte hau normalean ez da erabiltzen, bai ordea zenbait tresna ekoizteko: txorrotak, moldeak, barauts-puntak, mailuak eta zintzelak (260ºC, kolore marroia); material kirurgikoa, puntzoiak eta harria lantzeko tresnak (282ºC, morea); bihurkinak eta giltza ingelesak (310ºC, azul iluna); malgukiak eta egurra ebateko zerrak (337ºC, azul argia).
- Indarra baino zailtasun gehiago nahi denean, 370-540ºC arteko tenperaturak erabiltzen dira. 371ºC inguruan metalak azul-gris kolorea hartzen du, eta egitura-altzairua egiteko erabiltzen da. Hemendik aurrera kolorea egonkortu egiten da eta ezin da tenperatura neurtzeko erreferentzia bezala erabili.
- 540-600ºC arteko tenperaturek zailtasun bikaina ematen diote altzairuari, baina indar eta gogortasun jaitsiera nabarmenarekin.
- 600ºCtan, altzairua beste hauskortasun-fase batean sar daiteke, tenperatura hau luzaroegi mantendu ezkero. Beraz, tenperatura honetatik gora ailegatu ezkero, normalean prozesua eten eta pieza freskatuko da.
Zenbait piezatan piezaren parte bakoitza era desberdinean iragotu daiteke. Ezpatetan, adibidez, ahoari gogortasun handia eman dakioke, orriaren gorputza malgua eta elastikoa uzten den bitartean.[8]
Labe motak
Labe motak:[2]
- Iragotzeko labea : 650 ºCra arte.
- Gatz-bainu labea: 1000 ºCra arte.
- Errekuntzako labea karro automatizatuarekin.
Erreferentziak
- ↑ «iragotu | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-17).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Amstead, B. H; Ostwald, Phillip F; Begeman, Myron L. (1981). Procesos de manufactura: versión SI. Compañía Editorial Continental ISBN 9789682602573. PMC 9359441. (Noiz kontsultatua: 2019-07-19).
- ↑ a b Verhoeven, John D., 1934-. (2007). Steel metallurgy for the non-metallurgist. ASM International ISBN 9780871708588. PMC 171130881. (Noiz kontsultatua: 2019-07-19).
- ↑ a b c Blandford, Percy W.. (1980). The practical handbook of blacksmithing & metalworking. Tab Books PMC 564740525. (Noiz kontsultatua: 2019-07-21).
- ↑ (Ingelesez) «Tool Steels - PDF Free Download» epdf.pub (Noiz kontsultatua: 2019-07-19).
- ↑ Williams, Alan (Alan R.). (2012). The sword and the crucible : a history of the metallurgy of European swords up to the 16th century. BRILL ISBN 9789004229334. PMC 794328540. (Noiz kontsultatua: 2019-07-19).
- ↑ Toughness. .
- ↑ Fowler, Ed (Ed A. ). (2003). Ed Fowler's knife talk II : the high performance blade. Iola, WI : Krause (Noiz kontsultatua: 2019-07-21).
[[Kategoria:Metalurgia]]