Burkina Fasoko historia
Burkina Fasoko historia Afrikako herri askorena bezala hiru ataletan banatu daiteke: aurrekoloniazio garaia, kolonialismo garaia eta independentzia garaia.
Kolonialismoa baino lehen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrikako mendebalde osoa bezala, Burkina Fason gizakia aspaldi finkatu zen. Ehiztari-biltzaileak herrialdeko ipar-mendebaldean kokatu ziren (K.a. 12.000-5.000). Lehendabiziko behin betiko herrixkak K.a. 3.600-2.600 bitartean agertu ziren, nekazaritzaren eskutik. Burdina, keramika eta pulitutako harriaren erabilpena K.a. 1500 eta 1000 bitartean garatu zen.
Dogon herriko aztarnak Burkina Fasoko iparralde osoan daude. Zonaldea K.a. XV. mende inguruan utzi zuten, Bandiagara amildegietan finkatzeko. Burkina Fasoko lurraldea Songhai Inperioko garaian garrantzi ekonomiko handia izan zuen.
Kolonialismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonizazio garaian, Erresuma Batua eta Frantziaren arteko lehia handia izan zen Afrikako zonalde horretan. Ouagadougouko Mossi erresuma Frantziako indar militarrak garaitu zuen 1896an, eta Frantziako protektoratu bilakatu zen. Mendebaldeko eta ekialdeko eskualdeak 1897an erori ziren hainbat kanpaina militarren ondorioz. 1898rako, egungo Burkina Fasoko lurraldearen gehiena konkistaturik zegoen, nahiz eta zenbait eskualdetako kontrola oso finkoa ez izan. Erresuma Batuarekin adostutako itunean, 1898ko ekainaren 14an, lurralde banaketa hitzartu zen bi potentzia kolonialen artean, eta haien arteko mugak ezarri ziren. Tokian tokiko komunitate zein botere politikoen aurkako borroka jarraitu zuten frantziarrek bost urtez. 1904an, Mendebaldeko Afrikako Inperio Kolonial frantziarra berrantolatu zen. Bakean zegoen Volta ibaiko uharra Goi-Senegal eta Niger (Haut-Sénégal et Niger) probintziaren barnean sartu zen, Bamako hiriburu zuela.
Lehen Mundu Gerran, 1915-1916an, egungo Burkina Fasoko mendebaldean eta Maliko ekialdean gobernu kolonialaren aurkako matxinada armatua sortu zen, Volta-Bani Gerra. Frantziarrek, azkenean, altxamendua bertan behera utzi zuten, baina porrot handiak pairatu eta historiako indar kolonialik handiena bildu behar ostean. Iparraldean ere oposizio armatua piztu zen, eta tuaregek zein aliatuek gobernuarekin izandako bakea amaitu zuten. Lehen Mundu Gerra bukatutakoan, matxinada gehiagoren beldurrez, egungo Burkina Fasoko lurraldea Haut Sénégal et Niger probintziatik atera zuten, administrazioa hurbilagoa izan zedin. Orduan, errepideak eraikitzeko ekimena jarri zen abian, eta kotoiaren laborantza bultzatu zen esportazioari begira. Asmo horiek, ordea, porrot egin zuten, eta 1932an lurraldea Boli Kosta, Mali eta Nigerren artean banandu zen.
Independentziatik gaur egun arte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, mugek 1932ko ibilbidea hartu zuten berriro, kolonialismoaren kontrako istiluei erantzuna eman nahian. 1958ko abenduaren 11n, autodeterminazioa lortu zuten, eta errepublika bihurtu zen, Franko-Afrikar Erkidegoan barnan (La Communauté Franco-Africaine). Independentzia osoa 1960an eskuratu zuten. Herrialdeko estreinako estatu-kolpea 1966an gertatu zen. Gobernu zibila 1978an itzuli zen. 1980ko hamarkadan estatu-kolpe gehiagoren ondoren, herrialdeak Burkina Faso izena hartu zuen.
1987ko estatu kolpean Thomas Sankara presidentea hil zuten, Afrikako Che Guevara ezizenarekin ere ezagutzen dena. Iraultzaile marxista eta panafrikanismoaren defendatzaile izan zen Sankara, eta 1983an herriaren babesarekin altxatuta hartu zuen agintea. Gobernuan zela hartutako neurri iraultzaileak, Compaorek errotik moztu zituen 1987an, nahiz eta Sankararen gobernuan Presidentetza ministro izan zen[1].
Blaise Compaoré estatu kolpe baten bitartez iritsi zen presidentetzara, 1987an, eta 1998an, 2005ean eta 2010ean hauteskundeak irabazi zituen. Azken horien ostean oposizioak bozketa sistema aldatzea eskatu zuen[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Blaise Compaorek Burkina Fasoko presidente kargua utzi du», Berria, 2014-10-31