Espezismo
Artikulu edo atal honen neutraltasuna zalantzan dago. Eztabaida orria erabil dezakezu neutraltasun zalantza horri buruzko iritzi trukea bideratzeko. |
Espezismoa indibiduo bati, soilik espezie jakin batekoa izateagatik, balio, eskubide edo aintzatespen berezi batzuk ematean datza. Animalien eskubideen aldeztaileek diote aurreiritzi bat dela, arrazismoaren edo sexismoaren antzekoa, indibiduoei ematen zaien tratamendua indibiduo hori partaide den taldearen araberakoa delako. Animalien eskubideen aldeztaileen ustez, espezie bateko kide izateak ez du garrantzi moralik.[1]
Definizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezismo terminoa (animalien eskubideen aldeztaile den Richard D. Ryder britainiar idazle eta psikologoak 1970ean sortua) hainbat adierarekin erabiltzen da, baina batez ere giza espezismoa (antropozentrismoa) izendatzeko baliatzen da, hau da, gizaki ez diren animalia guztiak gizakiei onartutako eskubide, askatasun eta babesetik baztertzen dituen pentsamoldea izendatzeko.[2] Animalien eskubideen aldeztaileek darabilten definizio horretatik kanpo gelditzen dira animalia ez diren izaki bizidun guztiak (landareak, onddoak...); hau da, landareei giza eskubideak ukatzea —adibidez— ez dute espezismotzat jotzen. Peter Singerrek, aldiz, bere Animal Liberation liburuan, gure espezieko kideon interesen aldeko eta gainerako espezieen interesen aurkako jarrera edo aurreiritzi partziala dela dio.
Renzo Llorentek dio espezismoa praktikatzen dugula, gizakien interesei baino gehiago gainerako espezieen (edo espezie konkretu bateko kideen) interesei kontsiderazio gutxiago diegun bakoitzean, interes horiek gizaki batenak ez izatearen arrazoi hutsagatik.
David Niberten arabera, espezismoa da kolektibo batek, beste batekiko (gizakiok, gainerako animaliekiko) ezartzen duen dominaziozko estruktura materiala. Zapalkuntzazko dinamika hori iraunarazteko, doktrinamendurako aitzakia eta tresnatzat sortzen da ideologia espezista. Jaiotzen garen unetik eskuratzen ditugun kondizio kultural, sozial, ekonomiko eta historikoen ondorio da ideologia hori.
Aurreko guztia azaldurik eta ondorioz, espezismoa, gizakion eta beste animalien bizitzetako esfera orotan eragiten duen dominazio sistema da. Ez hori bakarrik, espezismoa, balore eta interesen mailaketan oinarritutako ideologia ere bada, non gizakion balore eta interesak gainerako animalien interesei gailentzen zaizkien. Horrez gain, espezie jakin batzuetako kideen bizitza eta interesak (txakur eta katuenak gehienbat) beste batzuenen (oilo, arrain edo txerrienak adibidez) gainetik ere jartzera garamatza.
Antiespezismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezismoaren kontrako eta animalien askapena bilatzen duen pentsaera filosofiko eta jarrerari antiespezismo deritzo.
Gizakiz haragoko animaliek, gizakiok bezala, nerbio sistema zentrala dute eta honek sentitzeko gaitasuna ematen die. Hau da animalia guztiak berdintzen gaituena, era berean, landareengandik banatuz, batzuen ustez bizitzeko interesa duten arren, ez dutelako sentitzeko gaitasunik eta, beraz, ez dutelako ez sufritzeko borondaterik. Honetan oinarritzen da sensozentrismoa bere subjektua determinatzeko. Beraz, antiespezismoak animalien ongizatea kritikatzen du eta haratago doa, animalia guztiak subjektu bezala aldarrikatuz. Jarrera honek dio espezismoa kapitalismoa sostengatzen duen jazarpen sistemetako bat dela antropozentrismoan oinarritzen dena, non kolektibo batek beste batekiko (gizakiok, gainontzeko animaliekiko) menperatze estruktura materiala ezartzen baituen. Honen kontrako borroka da antiespezismoa.
Animalien askapenerako etika praktikoak jarrera aktiboa eskatzen du, eta hori da beganismoa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antiespezismo hitza neologismo bat den arren, animalien askapenaren defentsak historia luzea du.
Antzinako Greziako filosofoen artean jarrera ezberdinak zeuden animalien izaera eta eskubideei buruz. Aristotelesek animalien izaera zentzumen eta bestelako jarduera fisiologikoetan gizakiaren parekoa zela aitortu arren, animaliak modu instrumentalean hartzen zituen, esklaboak bezala, gizakiaren mendean izateko sortu eta eratuak. Pitagorasek, ordea, haragirik ez jateko ikasbidea eman zuen, gizaki, animalia eta landareen arimen transmigrazioa gertatzen dela pentsatzen baitzuen.
Hinduismoak eta budismoak, berriz, animaliekiko erabateko errespetua zabaldu zuten ahimsa izeneko indarkeria-ezaren etikarekin ados, haragirik ez jateko agindua ematearekin batera. III. eta IV. mendeetan gailendu zen manikeismoak ere animalia eta landareekiko errespetua agintzen zuen. Aitzitik, Erdi Aroan Eliza Katolikoaren pentsamenduan nabarmendu ziren Agustin Hiponakoak eta Tomas Akinokoak animaliak gizakiaren zerbitzura sortuak direla defendatzen jarraitu zuten. Biblian animaliekin indarkeriaz jokatzeko debekuei buruz agintzen direnak justifikatzeko, modu horretan gizakiak gizakiekin ere indarkeriaz jokatzeko balizko joera ekiditeko dela baieztatu zuen Tomas Akinokoak. Argudio hau maiz erabiltzen da egun ere animalien ongizatearen defendatzaileen artean. Erdi Aroko beste pertsonaia katoliko nabarmen bat Frantzisko Asiskoa izan zen, egun santu dena: animaliak eta bestelako izakiekiko erakutsi zuen errukia eta natura osoko izakiak jainkoak sortu eta maitatu behar zirela baieztatu zuen. Beste batzuen iritziz, ordea, jainkoak gizonaren zerbitzura eta gozamenerako jarritakoak zirelako defendatu zituela interpretatu behar da.]
Dena den, Erdi Aroko Europan azaldu ziren animalien erabileraren inguruko lehenengo debekuak, zehatzago hartz eta zezenen aurka egiten ziren jazarpen eta oilarren borroken inguruan. Debeku hauek animalien pairamena ezabatu baino ordena publikoa bermatzeko plazaratu ziren, ordea [7]. Pizkundeak ekarri zuen korronte humanistak, gizona lehenetsi eta ez zuen ondorioz ekarri animaliekiko kezka, salbuespen zenbait kenduta: Leonardo da Vinci begetariano bihurtu animalien sofrimneduaz kezkaturik, eta Michel de Montaignek Krudeltasunaren gainean izeneko entsegua idatzi zuen animalien berezko eskubideen alde.
Animalia eta gizakien izaera erabat bereizi egin zituen René Descartes XVII. mendeko filosofoak. Descartesek animalien izaera eta bizitza era mekaniko huts batez azal daitekeela uste zuen, kontzientzia edo bestelako giza kontzepturik erabili gabe. Gizakiak, animaliak ez bezala, arima dauka, pentsatu egiten du, eta pentsamendu hori adierazteko mintzairaren ahalmena ere badu. Aldi berean, ordea, animalien krudelkeriaren aurkako lehenengo legeak, animalien eskubideetan oinarrituta, Aro Modernoan plazaratzen hasi ziren, 1641 urteko Massachusettseko Askatasun-Arautegia izenekoa kasu.
Ilustrazioak animalien eskubideen defendatzaile nabarmenak ekarri zituen. Jean-Jacques Rousseau eta Voltaire animalien babesaren alde egin zuten, seguru asko kleroaren antropozentrismoaren aurkako erreakzioaz. Jeremy Bentham filosofoa izan zen XVIII. mendean animalien eskubideak defendatzaileen aitzindaria. Arrazoimenaren irizpidea baztertu, eta animalien pairamena ezarri zuen animalien eskubideak defendatzeko irizpide gisa. Bere esanetan, gizaki eta animalien ezaugarri nagusia oinazea ekidin eta atsegina eta gozamena bilatzea da eta alde horretatik parekatu egin zituen eskubideei buruz. Gizakien eta animalien arteko harremana utilitarismoaz bideratu behar dela zioen, erabaki bakoitza munduan sortzen duen zoriona edo atsekabea kalkulatuta hartu behar dela defendatuz. Charles Darwin zientzialariak planteatu zuen eboluzio-teoriak ikuspegi berria jarri zuen gizakiak eta animaliak parekatzean. Animalien eskubideak errespetzatzeko oinarri zientifikoa jarria zegoen. Hala ere, XX. mendeak historian izandako animaliekiko tratu krudelena ekarri zuen, laborategietako esperimentazioaren eta granja industrialen bitartez. Animalien babeserako sortutako elkarteen lana indargabetu eta konpainia-animaliak zaintzera mugatu da, granja eta laborategietako egoera salatzeko behar zen ekintza politikoa ekiditeko.
Animalien eskubideen aldeko mugarri garrantzitsu bat Peter Singer australiar filosofoak idatzitako Animal liberation (euskaraz, Animalien askapena) liburua izan zen. 1976an Animalien Askapenerako Frontea izeneko erakunde klandestinoa sortu zen, animaliak modu klandestino eta legea hautsiz animaliak eta abereak askatuz laborategi eta abeletxeetatik eta animaliak aske bizitzeko lekuak zabalduz. 1980 urtean PETA People for the Ethical Treatment of Animals erakundea sortu zen, bere esanetan egun animalien, eskubideen alde munduan jarraitzaile gehien dituen erakundea. XXI. mendearen hasieran, PETA erakundeak bi milioi kide biltzen ditu.
Animalien Eskubideen Aldarrizkapen Unibertsala 1977ko irailaren 23an plazaratu zen Londresen, UNESCO eta Nazio Batuen Erakundearen onespena jaso ostean. Bertan, animalia guztiak, gizakia barne, parekatu eta animalien eskubideen zerrenda osatzen da:
« | Gizakia, animalia bera ere, ezin du beste animaliak sarraskitzeko eskubidea bere gain hartu, ez eta haieik esplotatzekoa ere. Bere ezagutza animalien zerbitzura jartzeko betebeharra du. | » |
—Animalien Eskubideen Aldarrizkapen Unibertsala: 2b artikulua |
2010eko uztailaren 28an Kataluniako Parlamentuak zezenketak debekatzea erabaki zuen. Erabakiak mundu osoan oihartzun zabala izan zuen eta Euskal Herrian antzeko erabakiak hartzeko atea zabaldu zuen.
Beganismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beganismoa animaliarenganako errespetuan oinarritutako bizimodua eta antiespezismoa du oinarri teoriko eta filosofiko gisa.Ingalaterran sortu zen 1944an.
Beganismoak antropozentrismoa (hau da, gizakia ororen gainetik jartzea) arbuiatzen du. Aitzitik, animalien eskubideen alde egiten du, baina betiere animalien esplotazioaren beraren kontra, ez baita mugatzen haien bizi baldintzak hobetzeko aldarrikatzera.
Hori dela eta, zuzenean edo zeharka animaliak esplotatzen dituzten jardueretan ezin dute parte hartzeari uko egiten diote eta animalia jatorria duen produkturik ez dute kontsumitzen:
- Elikadura: begano gehienak barazkijaleak dira (%100ean barazkijale). Horren barruan animaliengan jatorria duten produktuak (arrautzak, esnekiak...) daude.
- Janzkera: animaliengan jatorria duten ehunak arbuiatzen dituzte.
- Animaliengan testatutako produktuak: produktu hauek baztertzen dituzte.
- Aisialdia: ez dira animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunetara joaten.
Antiespezismo intersekzionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antiespezista intersekzionalek diote kapitalismoa patriarkatua, kolonialismoa eta espezismoan oinarrituta sortzen dela, jabetza pribatuari esker. Beraz, loturak egiten ditu zapalkuntzen artean, diotelako sistema berberak zapaltzen dituela norbanako guztiak eta ez direla aske izango denak aske izan arte. Pribilegioen inguruko hausnarekta sustatzen du, zapalduak izan ez ezik, batzuetan, zapaltzaile ere izan daitekeela norbait, aldi berean. Egun gorakada handia izaten ari den korrontea transfeminismo antiespezista da.