Buztanluze
Buztanluzea | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Aegithalidae |
Generoa | Aegithalos |
Espeziea | Aegithalos caudatus Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 18 cm |
Kumaldiaren tamaina | 9,8 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Buztanluzea (Aegithalos caudatus) Aegithalidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasia osoan bizi dena[1].
Txori txikia da. 14 cm luze da, baina tamainaren erdia baino gehiago buztanak osatzen du. Batzuetan, buru zurian bekain beltz lodiak azaltzen dira. Gorputza eta buztana ere zuria eta beltza ditu. Mokoa oso laburra du.
Intsektujalea da. Haren habiak oso landuak dira, goroldio, liken, luma eta amaraunez eginak eta poltsa itxurakoak; aurrealdean, sarrerako zulo bat dute.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erraz identifikatzen da, haren gorputz txiki eta borobilduaren eta buztan neurrigabe luzearen aldea dela eta. 13-14 cm-ko neurritik, erdia baino gehiago (7 - 9,5 cm) ertz zuriko buztan beltzari dagokio.
Gorputz mozkote eta lumaje harro eta koloredunak, itxura atsegin eta makala ematen dio. Buru zuri-beltza du: beltza begien gainetik atzealdera doa. Hori gris-beltzarana da, eta sabeleko lumek, berriz, zuri-kotoi itxurakoak dira, alboetan arrosaz tindatuta. Arren eta emeen lumajea antzekoa da, baina gazteek burua iluna dutenez, bereiz daitezke.
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buztanluzeak distantzia laburrak egiten ditu hegan, ibilbide irregularrekoak, zuhaitz batetik bestera pasatuz, bere hegal txiki eta biribilduek ez baitiote altuera handiagoko abenturarik ahalbidetzen.
Neguan, buztanluze xuxurlarien taldeak elkarrekin ibiltzen dira janari bila, eta, arratsean, zuhaizka itxi baten aterpera biltzen dira eta han lotarako gorputzak elkartuta, hegoak elkarri korapilatuta, talde trinkoan, pilota moduan, elkarri beroa emanez egoten dira. Martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran ugaltze garaia sentitzen dutenean, taldeak sakabanatu egiten dira, bikoteak sortzen dira eta habia eraikitzen hasten dira. Ez da bere ahalmenarekin bat datorren habia. Sasi edo zuhaixka itxi batean, zuhaitz baten enborraren ondoan edo goragoko urkilan, egitura handi eta trinko bat aurki dezakegu, liken eta goroldiozko bola bat gogorarazten duena, amaraunez, ileez, landare-zuntzez eta beldar-zetaz tapizatutakoa eta zulo txiki batekin goialdean.
Umatzeko garaia igaro bada, atzamar bat barrura sartzera ausartu gaitezke, eta lumaz egindako tapizatze leun bat aurkituko dugu, arrak eta emeak urrutitik ekarri dituztenak, oilategietatik, hegazti harrapariek utzitako lumak eta baita txori hilenak ere. Habia horien eraikuntza neketsua da: hiru aste inguru dirau, eta hori guztia, nahiz eta, batzuetan, txori batek edo batzuek bikoteari laguntzen dioten bere eraikuntzan. Txori bakarti horiek edo erruteak huts egin dien bikoteak txorikumeak elikatzen ere lagun dezake, eta hori oso beharrezkoa da gurasoek, noizbehinka, bi txitaldi batera elikatu behar dituztenean, lehenak independizatzeko denbora behar duelako.
8-12 arrautza erruten dituzte, zuri distiratsuak edo arre-gorrixkako puntu fin-finekin, 24 orduko tartearekin, batez ere emeak txitatzen ditu, baina batzuetan arrak ere bai, 12-14 egunez. Gurasoek eta beste heldu batzuek zainduta 14-18 egunez egoten dira txorikumeak habian, eta gero beste bi aste edo gehiago behar izaten dituzte independizatzeko.
Gezurra dirudi halako txori ñimiñoa hain bizi eta nekaezina izatea. Adarretan eta hostoetan ibiltzen da etengabe, intsektu txikiak edo lehen fasean dauden larbak janez. Pinu beldarraren arrautza eta beldarren harrapari ezaguna da; gainera, kotxinilak, zorriak eta armiarmak jaten ditu, batzuetan, haziak eta hosto-begiak ere bai.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buztanluzeak Eurasiako zati handi bat hartzen duen bakaketa zabala du, eremu klimatiko boreal, epel eta mediterraneoetan agertzen da. Europan, Eskandinaviako iparraldean eta Finlandian bakarrik falta da. Iberiar penintsulako ia eskualde guztietan agertzen da, baina kokatua eta ez da ugaria.
Euskal Herrian modu uniformean banatuta egoteak ez du esan nahi, ezta hurrik ere, ugaria denik. Kantauri aldean, zuhaitzak, oihanpeak eta sastrakak dauden leku guztietan aurki daiteke, askoz ere gutxiago pinudietan. Duela urte batzuk ugaria zen, baina gaur egun, ibaiertzetan eta bideetan urriagoak dira. Litekeena da intsektiziden erabilerak gora egiteak eta horiekiko bere zaurgarritasun berezia eta horrez gain, sastraka eta oihanpe hostoerorkorren ordez pinudi uniforme eta kolore bakarrekoaren hedadura handiak zerikusia izatea.
Oso arraroa da Arabako nekazaritza-lautadetan aurkitzea. Bertatik zuhaiztien gehiengoa desagertu baita, baina zuhaiztietan agertzen da.
Zuhaitz eta zuhaixka ugari dauden lekuetan aurki dezakegu, gutxi koniferetan, baina ertzetan ibiltzen dira, zuhaitzak edo sastrakak dauden lekuetan.[2]
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Aegithalos caudatus
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Harrap, S. and Quinn, D.. (1996). Helm Identification Guides: Tits, Nuthatches & Treecreepers. in: Helm Identification Guides. Londres: Christopher Helm (A&C Black).
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 274 or. ISBN 84-7542-639-5..