Edukira joan

Iparraldeko elorri zuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Crataegus monogyna» orritik birbideratua)
Iparraldeko elorri zuri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRosales
FamiliaRosaceae
GeneroaCrataegus
Espeziea Crataegus monogyna

Iparraldeko elorri zuri (Crataegus monogyna) Rosaceae familiako Crataegus generoaren espeziea da.

Zuhaixka hostoerorkor handia da, baldintza onetan 10 metro luze hazi daiteke, zuhaitz txiki bateko itxura hartuz.

Asko adarkatzen den espeziea da, adar ugari eta tamaina ezberdinekoak osatuz.

Azala lodia eta arre kolorekoa du, zimurtua eta erroitz laranjaz betea.

Hostoak erorkorrak, sinpleak eta lobulatuak dira, perrexilaren itxurakoak. Aurkako eran jarritako 3-7 lobulu sakon ditu hosto bakoitzak.

Loraldia zuria da, ikusgarria eta lore ugariz betea, zuhaixka guztia zuriz hornitzen delarik.

Intsektuak oso garrantzitsuak dira espezie hau ugaldu eta biderkatu ahal izateko, polinizazioa burutzen dutenak direlako.

Fruituak gorriak dira, sagartxo txikien itxurakoa. Jaki garrantzitsuak dira txorientzat, udazkenean eta neguan zuhaixka eta zuhaitzen fruituetan baitute hornidurarik esanguratsuena.

Banaketa eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan, iparraldeko Afrikan eta mendebaldeko Asian du jatorria eta munduko beste eskualdeetan espezie inbaditzailetzat jotzen dute[1].

Hezetasuna gustuko duen zuhaixka da, beraz Euskal Herri hezean oso ugaria da. Euskal Herriko hegoalde lehorragoan ere ageri da, batez ere ibarretan eta mendietan gotorturik.

Ekologia eta habitata

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezetasuna behar duen zuhaixka da, ez du lehorte luzeak gustuko. Lur sakon eta freskoetan du bere habitat atseginena eta beste zuhaixka espezie ezberdinekin bizi da baso mistoetan, basoa beraren oihanpea osatuz.

Zuhaixka hauek garrantzia ekologiko handia dute intsektuak eta txoriak elikatzen baitituzte beraien lore zein fruituekin.

Sendabelar moduan gutxiegitasun kardiakoa hobetzeko erabiltzen dute.

Iparraldeko elorri zuria familia bereko fruta-arboletarako oin bezala ere erabiltzen da, zuhaixka moldakorra eta bakterioei erresistentea delako. Fruitu hauek txertatzeko erabiltzen da: sagarra, mizpira, udareak eta irasagarra[2]

Bere zura gogorra eta trinkoa da, zuria, batzuetan marroi gorrixkaz tindatua. Haltza zuriaren oso antzekoa da, eta orban marmokadunak ditu[3]. Antzina, pieza mekanikoetarako erabiltzen zen (marruskadurarekiko erresistentzia handia zuen zura), arotzeria txikirako eta torneaketarako (upel-txorrotak). Erregai ona da[4] .

Euskal Herrian elorri zuria tximistaren aurka babesteko erabili izan da, soinean eramanez edo ateetan bere egurraz egindako gurutzeak jarriz[5]. Kondairaren arabera, Arantzazuko Ama Birjina, Gipuzkoako zaindaria, elorri zuri baten gainean agertu zitzaion artzain bati[6] eta Kristoren koroa elorri zuriaren arantzez egina zela uste da. San Joan bezperako suan elorri zuria eta laharrak erretzen zirela jaso zen Amezketan[7].

Germaniar mitologian, loa ekartzen du elorri zuriaren arantza bat ukitzeak eta horrela adierazten da hainbat mitoetan eta garai berriagoetako ipuinetan[8].

Jatorri zeltak dituzten herrialdetako folklorean, Irlandan adibidez, ireluak elorri zuri isolatuen azpian agertzen ziren, eta elorri zuriak orokorrean, ezin ziren moztu maiatzean baizik (maiatzeko zuhaitza ere deitu izan diote), edo arrazoi on bat ez bazegoen, eta beti ere, barkamena eskatu ondoren[9].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Philips, R.. (1979). Trees of North America and Europe. New York: Random House, Inc. ISBN 0-394-50259-0..
  2. (Ingelesez) Fichtner, André; Wissemann, Volker. (2021-01). «Biological Flora of the British Isles: Crataegus monogyna» Journal of Ecology 109 (1): 541–571.  doi:10.1111/1365-2745.13554. ISSN 0022-0477. (Noiz kontsultatua: 2022-08-08).
  3. Dumé, Gérard. (DL 2018). Flore forestière française : guide écologique illustré. 1, Plaines et collines. (Nouvelle édition. argitaraldia) ISBN 978-2-916525-47-1. PMC 1083783603. (Noiz kontsultatua: 2022-08-08).
  4. Lieutaghi, Pierre, .... (2004). Le livre des arbres, arbustes & arbrisseaux. (Nouv. éd. argitaraldia) Actes Sud ISBN 2-7427-4778-8. PMC 470419220. (Noiz kontsultatua: 2022-08-08).
  5. (Gaztelaniaz) Espina de espino – El arca de no sé. (Noiz kontsultatua: 2022-08-08).
  6. «Agerralditik 1553ra» www.arantzazu.org (Noiz kontsultatua: 2022-08-08).
  7. «elorri zuri - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
  8. (Gaztelaniaz) Giner, Daniel Climent. (2011-09-01). «El espino blanco y el oráculo de Agamenón» Revista Mètode (Noiz kontsultatua: 2022-08-08).
  9. (Ingelesez) «Hawthorne tree facts» Trees for Life (Noiz kontsultatua: 2022-08-08).


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.