Edukira joan

Lurgaia Fundazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fundación Lurgaia Fundazioa» orritik birbideratua)
Lurgaia Fundazioa
Datuak
MotaIrabazi-asmorik gabeko erakundea
Sorrera2002
SorlekuaUrdaibai, Busturialdea


Egoitza: Bilbo
AurrekoakUrdaibai Fundazioa
https://lurgaia.org/

Lurgaia Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, 2002. urtean sortua, eta biodibertsitatearen kontserbazioa eta natura ondarearen kudeaketa sustatzea du helburu; espezieak, habitatak, lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia besteak beste[1].

Lurgaia Fundazioa Bizkaia lurraldeko Busturialdea eskualdean sortu zen, Urdaibaiko natura biosferan ditu bere jardueraren sustraiak, bertan hasi zen lanean fundazioa eta bertan du gaur arte egindako eta egiteke duen anbizio handieneko proiektua, Undabaso proiektua deiturikoa, Bizkaiko baso misto eta harizti handienetakoa eta Urdaibaiko eta Busturialdeko baso misto handiena leheneratzeko proiektua hain zuzen ere[2][3].

Lurgaia Fundazioa 2002. urtean sortu zen, urte berean sorturiko Urdaibai Fundazioa ordezkatuz.

Urdaibai Fundazioa Urdaibaiko naturagunea kontserbatzeko eta suspertzeko helburuarekin sortu zen, Urdaibain eta Busturialdeko eskualdean zuela bere jarduera. Hilabetetako lana eta eztabaidaren ondoren, Lurgaia fundazioa izeneko erakunde berritua sortzea erabaki zuten, aurreko fundazioak zuen lanari jarraipena emateko eta erronka berriei heltzeko. Lurgaia fundazio berriak beraz, aurreko fundazioaren urte berean sortu zen, eta 2003. urtean hasi zituen bere lehenengo jarduerak egiten.

Izenaren aldaketa Lurgaia fundazioak dituen erronka eta anbizio zabalei aurre egiteko izan zen, Urdaibai naturguneaz eta Busturialdeaz zein Bizkaiaz harago doan anbizio handiko proiektuak aurrera eramateko. Lurgaia fundazioak beraz, Bizkaian izanda ere bere jardungune nagusia Euskal Herri osora eta iberiar penintsulara zabaltzen du bere jarduera, kantauri isurialdeko basoei protagonismo berezia emanez.

Lurgaia fundazioaren jarduera nagusia ondare naturala eta paisaia zein ekosistema naturalak kontserbatzea eta leheneratzea da, hori boluntarioen lanarekin eta ekarpenarekin eramaten du aurrera. 3 programa nagusietan oinarritzen du bere jarduna: Quercus programa, Aqua programa eta Biodibertsitate programa[1].

Quercus programa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ustiaketararako landaketen (batez ere pinu eta eukalipto) hedapen kezkagarria dela eta, baso autoktonoak babestu eta leheneratzeko abiatutako programa da. Programa horretan baso naturala osatzeko asmoz espezie autoktonoen landaketekin basoak bere suspertze propioa izan dezan laguntzen da, alegia, baso potentzialaren berreskurapena ahalbidetuko duen espezien landaketa egiten da, jakinda beti ere basoa bera dela bere prozesu naturala eramango duena eta erabakiko duena landatutako zein zuhaitz edo zuhaixka espezie edo ale gailenduko den.

Programa hau batez ere kantauri isurialdeko basoei begira dago eta baso mistoak du protagonismoa. Ekosistema ezberdinetan jarduten dute, hala nola, ibarbasoetan eta lur mota eta egitura ezberdineko ibar, haran eta mendietan. Eremu batzuetan haltzak izango du protagonismoa eboluzio ekologikoan, beste batean haritz kandudunak eta goi-lurretan (700 metrotik gora) pagoak, baina Lurgaiaren xedea batez ere basoen bioaniztasuna bultzatzea da eta bide horretan baso mistoa lehengoratzen laguntzen du, segida ekologikoak bere lana berak bakarrik egin dezan. Lurgaia fundazioaren printzipio edo lemetako bat hauxe da: "Basoa basoak berak egiten du". Landaketa jardueretan 35 zuhaitz eta zuhaixka espezie ezberdin landatzera iritsi daitezke[1], hala nola, haritz kandudunak, haltzak, lizarrak, makatzak, sahatsak, elorri zuriak, gorostiak eta abar.

Aqua programa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Programa honetan protagonismoa errekek, ibaiek, hezeguneek, padurek eta beraiei lotutako espezieek dute. Paduretan landare halofiloek (ingurune gazietan hazten direnek) dute protagonismoa eta ibai zein erreketan haltzez, sahatsez, lizarrez, hurritzez eta zumarrez osaturiko basoak dira nagusiak. Programa honetan ibarbasoek eta hezeguneetako ekosistemek protagonismoa dute.

Aqua programak hezeguneetako ekosistemak osatu eta lehengoratzeko helburua du.

Biodibertsitate programa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Programa honek, bere izenak argi eta garbi adierazten duen bezalaxe, biodibertsitatea osatu, babestu eta kontserbatzeko dihardu. Horretarako ekosistema ezberdinen jarduera ekologikoa eta bioaniztasunaren ikerketa sakona beharrezkoa da.

Programa honen helburu nagusia arrisku handien dauden espezieak babestu eta haien egoera hobetzea da. Aldi berean, Lurgaiak bere mendiko landaketa jardueretan biodibertsitateari (bai genetikoa, bai ekosistemikoa eta baita espezieen kopurukoa ere) arreta handia ipintzen dio, bere zutabe nagusietako bat izanik.

Jarduera-eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurgaia Fundazioak Urdaibain eta Busturialdean hasi zuen bere jarduna hasiera batean. Poliki-poliki Bizkaia osora hedatzen joan zen eta gaur egun Bizkaian eta Gipuzkoan presentzia nabaria du. Lurgaiaren jardunaren banaketa eremua jatorrizko kantauriar baso potentziala hedatzen den eremua da, hori baita fundazioaren helburu nagusietako bat, bertako kantauriar baso hezea lehengoratzea[4][5]. Bizkaian eta Gipuzkoan proiektu garrantzitsuak ditu[6], Bizkaiko Urdaibaiko zonaldekoa tamaina eta anbizio aldetik garrantzitsuena izanik, bertan Bizkaiko bigarren harizti eta baso misto handiena sortzeko helburua baitute (Urdaibaiko handiena)[2][3].

Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Kantabrian eta Asturiasen[7] ere jardun dira eta noizbehinka bertako proiektuetan ere parte hartzen dute. Lurgaiak berak dioen moduan, muga administratiboak baino, bere mugak biogeografikoak dira, jarduna kantauriar basoetara mugatuz, nahiz eta han-hemenka mediterranear eremuetan ere jarduten duen.

2024. urtean, orotara, Bizkaia eta Gipuzkoa artean 800 hektarea kudeatzen ditu Lurgaiak basoa lehengoratzeko, horietatik 650 hektarea inguru Bizkaian eta 150 Gipuzkoan[8], urtez urte handitzen doana.

Lurgaia fundazioak lur-zaintza ereduarekin lan egiten du, bertan jabe pribatu zein publikoari lurrak erosi edo lagapen bidez hartu egiten ditu eta etorkizuneko baso naturala lehengoratzeko asmoz lur horien zaindari legal gisa aurkezten da[1].

Lurgaia Fundazioak, gizarte zibila ordezkatzen duen erakunde bezala, lursailak eskuratzen ditu bere jabeekin (publikoekin zein pribatuekin) egindako borondatezko dohaintzaren, salerosketaren edo lagapen-hitzarmenen bidez[9][1]. Jabeok titulartasunari eusten diote, baina lurzoruaren erabilera iraunkorra bermatzen dute, balio naturalak, kulturalak eta paisaia-balioak kontserbatu eta/edo berreskuratu asmoz[1].

Fundazioaren estatutuen arabera, hartutako lursailak kontserbazio zorrotzerako erabiliko dira, eta ez dira erabiliko erauzketa-etekin ekonomikoa edo bestelako etekinak lortzeko. Fundazioen legeak hori horrela izango dela bermatzen du; izan ere, fundazioa bera desegitekotan, helburu berberak bermatuko lituzkeen beste erakunde baten titulartasunera igaroko lirateke lursailak[1].

Fundazioaren diru-iturrien %75-80 finantzaketa pribatua da[8], Lurgaia osatzen duten bazkideen kuoten bidez edota Lurgaiarekin kolaboratzen duten enpresen, elkarteen eta entitateen zein norbanakoen dohaintzen bidez lortutakoa[8]. Gainontzekoa sarrera eta laguntza publikoak dira.

Crowdfundinga

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lur-sailak erosteko bere bazkideen kuotekin edo dohaintza normalekin nahikoa ez badute "crowdfunding" bidezko diru bilketa ere abiatzen dute[10].

Basoa leheneratzeko urratsak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoa leheneratzea prozesu bat da, naturala batez ere. Lurgaia fundazioak jarduera ezberdinak egiten ditu prozesu natural horretan laguntzeko, lursaila erosi edo hartu eta zuhaitzak landatzen dituen arte urrats ezberdinak jorratzen ditu, hona hemen erakundeak eta bere boluntarioek jorratzen dituztenak eta basoak behar dituen urratsak[1]:

  1. Zaintza-akordio bat sinatzen dute eta horrela lursailera sar daitezke.
  2. Egurra ateratzeko pistak kentzen dituzte, jatorrizko profila berreskuratzen laguntzeko.
  3. Mozketaren ondorengo hondarrak utzi egiten dira, lurrera elikagaiak ematen diote eta intsektuen eta onddoen babesleku dira.
  4. Espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzen eta/edo ezabatzen dituzte.
  5. Inguruko haziak bildu eta bertako espezieak erabiltzen dituzte, jatorri lokala bermatuta, aberastasun genetikoa babesteko.
  6. Landatzen dute. Boluntariotza korporatiboarekin, propioarekin edo kontratazioarekin.
  7. Naturaltasuna bilatzen dute landaketan: dentsitate ezberdinak, espezie natural egokiak eta lerrorik edo ordenarik gabe.
  8. Urlehortarrentzako putzuak eraikitzen dituzte eta hegaztientzako zein saguzarrentzako habia kaxak jartzen dituzte.
  9. Aleak tutorizatu eta babesten dituzte.
  10. Espezie exotiko inbaditzaileen berragerpena kontrolatu eta landaketen aurrerapena zaintzen dute.
  11. Natura ingurunearen ezagutza zabaldu eta sortzen dute.
  12. Lehen fasean, landare aitzindariak, “sastraka” deiturikoak, kolonizatzen dituzte eta mantenugaiak ematen dizkiete lurrari, intsektuei, hegaztiei eta bestelako izaki bizidunei. Segida ekologikoa bermatzen da.
  13. Babeskiak kentzen dituzte berrerabiltzeko eta etorkizuneko baso naturala zaintzen dute.
  14. Azkenik, natura arduratzen da, milioika urte daramatzan bezala. Lurgaia fundaziokoek "bideratzaile" gisa dute euren burua, basoa, prozesu natural baten ondorioz, bera bakarrik berreskuratzen dela erabat jabetuta.

Lurgaia fundazioak bere eguneroko jardunan segitzen dituen irizpideak honako hauek dira[1]:

Landareen jatorri lokala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso naturala lehengoratzeko bidean espezie autoktonoak halabeharrezkoak dira, baina horretaz gain, espezie autoktoen artean, erresilientzia handiko barietate lokalak bilatzen dituzte landaketarako, lan egiten duten ingurura moldatutako genetikadun barietateak.

Espezieen aldakortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

35 zuhaitz eta zuhaixka espezie inguru[1] landatzen dituzte ahalik eta aberastasun handiena lortzeko, horretarako kokapena, lurzorua eta une bakoitzean egokienak diren espezieak aukeratzeko beste faktore ezberdin batzuk kontuan hartzen diuzte.

Segida ekologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoak leheneratzeko, modu naturalean eta berez gertatzen diren segida ekologikoko prozesuei erreparatzen die erakundeak. Lehenengo urratsak erraztu eta “bizkortu” egiten ditu zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatuz. Horrekin, belar-sastrakak saihestea lortzen du.

Heterogeneotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natura imitatzen saiatzen da Lurgaia fundazioa, eta, horregatik, ez du lerroan landatzen, ez da espezieekin uniformea, ez du belar-sastrakarik egiten, ez eta hildako zura ezabatzen ere, horrek guztiak elikagaiak lurrera ekartzea errazten baitu, prozesu ekologiko naturala indartuz.

Berreskuratzen dituzten espazioen zatiketa saihesten saiatzen dira, konektibitatea errazteko eta baso baten berezko prozesu ekologiko guztiez hornitutako ekosistema dinamiko handi bat lortzeko.

Profil hidrologikoa berreskuratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurezko ateratze-pistek profil hidrologikoa aldatu, higadura erraztu eta paisaia aldatzen dute. Jatorrizko egoera leheneratzeko lan egiten du Lurgaiak, posible eta komenigarria den guztietan.

EEIen kontrola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berreskuratutako lursoiletan, espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzen eta ezabatzen dituzte, horretarako lan mekanikoa burutzen dute, metodo kimikoak ekidituz.

Lotutako fauna sustatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako fauna eta flora espezieak berreskuratzen ari diren eremuetara erakartzeko ekintzak egiten dituzte, hala nola putzuak, hegaztientzako eta narrastientzako babeslekuak eta abar sortzea.

Hondakinak eta isurtzeak ahalik eta gehien murriztea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasen isurketa landaketa propioaren bidez konpentsatzen dute.

Borondatezko lana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarteak parte hartzeko eta inplikatzeko modu gisa erabiltzen du boluntariotza eta borondatezko sistema.

Boluntariotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioak boluntariotza sistema batekin lan egiten du, erakundeko partaidez gain gizartearen laguntza eskatzen du bere ekintza ezberdinak gauzatzeko. Jardun edo txango ezberdin guztietan boluntarioak aurkezten dira jarduna aurrera eramaten laguntzeko. Boluntariotza sare handia dute eta funtsezko zutabea da erakundearen jardueran[1].

Boluntarioekin burutzen dituzten ekintzen artean hauek daude: haziak biltzea, landaketak egitea, landare inbaditzaileak ezabatzea, putzuak sortzea, ibaiak eta hondartzak garbitzea eta abar[1].

Boluntarioekin gizartea naturaren kontserbazioan parte hartzea eta kontzientzia hartzea lortzen dute. Lurgaia fundazioaren ustez boluntariotza jendea naturara gerturatzeko, erakartzeko eta konektatzeko tresna eraginkorra da[1].

Lurgaiak urtero 3000 boluntario inguru mobilizatzen ditu bere ekintzetan[8], boluntariotza-sare aktiboa izanik.

Undabaso proiektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Undabasokoa da Lurgaia Fundazioaren proiekturik nagusia, handiena eta anbizio handienekoa. Proiektua Urdaibai biosfera erreserbako zein Busturialdeko harizti eta baso misto handiena eta Bizkaiko handienetakoa egiteko erronka da[11][12], Muxikako Ibarruri auzo inguruetako Undabaso izeneko inguruan.

Undabaso proiektua 2008. urtean hasi zen, lehenengo urtetan lursail txiki eta banatuak lortzen zituzten baina urteak pasa ahala lur eremu zabal eta konektatu bat berreskuratzea lortu dute. 2020. urtean jarraipen handiko 105 hektarea kudeatzen zituen jadanik Undabason, eta 153 hektareara heltzeko helburua abiatu zuten urte berean. 2024. urtean Urdaibaiko erreserba osoan guztira 200 hektareatik gora kudeatzen ditu[13][14] eta urtea bukatu aurretik 230-240 hektareara heltzea aurreikusten dute[8].

UNESCOk Urdaibaiko Biosfera Erreserba izendatu zuen 1984-an[15][13]. Paisaia, kultura, turismoa eta kontserbazioaren ikuspegitik interes bereziko eremua da. Undabaso proiektua Urdaibairen barruan kokatzen da.

CO2-ren aztarna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurgaia fundazioak bere sorreratik behar bezalato arreta ipini izan dio gizakiaren jarduerek sortutako CO2-ren aztarnari. Bere jarduera ezberdinetan sortutako CO2-ren aztarna zuhaitzen landaketez konpentsatu ohi dute. Fundazioak burututako jarduera ezberdinetan, izan mendian zein itsasoan zehar, sortutako (ibilgailuen erabilerarekin esaterako) CO2-ren aztarna kalkulatzen dute gero zuhaitzen landaketaren bidez CO2 hori konpentsatzeko. CO2-ren konpentsatze ekintzak ez dira bere jarduera propioak sortutako aztarnara mugatzen, beste erakunde, fundazio, elkarte edo norbanakoari ere aukera ematen diete beraien aztarna kalkulatu eta konpentsatzeko. Zenbait enpresek, fundaziok eta elkartek kolaborazio berezia dute Lurgaiarekin bere jardueraren CO2 aztarna konpentsatzeko, euskal kostaldeko zetazeoak behatzeko eta kontserbatzeko "Verballenas" enpresa horren adibide bat da[16], besteak beste.

CO2 aztarnaren online kalkulagailua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024-tik aurrera bere webgunean bakoitzak bere egunerokotasunean sortzen duen CO2-ren aztarna kalkulatzeko online kalkulagailua martxan ipini du[17][18], edonork, nahi izanez gero eta dohanik, bere aztarna ekologikoaz jabetu eta kontzientzia har dezan. Webgunean bertan, aztarna ekologiko hori murrizteko gomendioak eta neurriak ere luzatzen ditu.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

- Baso

- Leheneratze ekologiko

- Amador Prieto Fernández

- Segida ekologiko

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l m «Nortzuk gara?» Fundación Lurgaia Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  2. a b (Gaztelaniaz) Quercus, Revista. «Objetivo: crear el robledal más extenso de Urdaibai» Revista Quercus (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  3. a b (Gaztelaniaz) EFE. (2017-10-17). «Lurgaia recauda fondos para crear el mayor robledal de Urdaibai» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  4. «Fundación Lurgaia Fundazioa» Fundación Lurgaia Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  5. (Gaztelaniaz) ZABALA, AITOR. (2021-01-20). «El bosque mixto cantábrico recupera su espacio en Zirardamendi» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  6. (Gaztelaniaz) Fradua, Imanol. (2024-05-06). «Lurgaia planta 23.281 árboles y arbustos en su última campaña» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  7. (Gaztelaniaz) Llanes planta 450 árboles de especies autóctonas en La Cuesta del Cristo | Cope Ribadesella. 2020-12-14 (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  8. a b c d e BASQUE ENVIRONMENT AND OCEAN WEEK. (2024-07-01). BEOW 2024 BIODIVERSIDAD JON HIDALGO (LURGAIA FUNDAZIOA). (Noiz kontsultatua: 2024-08-24).
  9. (Gaztelaniaz) Custodia del territorio / Lur-zaintza - Ondare Lagunak. 2021-04-22 (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  10. «Urdaibain Bizkaiko baso autoktonoa berreskuratzeko crowdfundinga» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  11. (Gaztelaniaz) «Undabaso: Recuperando el bosque autóctono • Ecologistas en Acción» Ecologistas en Acción (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  12. (Gaztelaniaz) «Undabaso - Observatorio TierraPura» www.tierrapura.com (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  13. a b «Undabaso» Fundación Lurgaia Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  14. (Gaztelaniaz) Fradua, Imanol. (2023-12-26). «El bosque de Undabaso, en Ibarruri, alcanza las 200 hectáreas de extensión» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  15. «Urdaibai.org. Urdaibaiko Galtzagorriak» www.urdaibai.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  16. (Gaztelaniaz) Colaboraciones - VERBALLENAS. 2024-03-14 (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  17. «Kalkulatu zure aztarna» Fundación Lurgaia Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  18. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-05-14). «Una calculadora de CO2 para reducir nuestra huella y dar vida a bosques autóctonos» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]