Edukira joan

Izenordain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pronominal» orritik birbideratua)

Hizkuntzalaritzan, izenordaina izenak ordezka ditzakeen hitza da. Adibidez, hau, zu edo nor. Izenordainak izen bereziak. Izenordainari dagokionari eta horren forma hartzen duenari pronominal ere deitzen zaio (aditz pronominal, izenordain posesiboa, ...).

Mota desberdinetako izenordainak daude euskaraz: zehaztuak, zehaztugabeak, galderazkoak, etab.

Pertsona-izenordain zehaztuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Pertsona-izenordain»

Izenordain zehaztuek erreferente zehatza dute, eta solasean parte hartzen duten pertsonak hartzen dituzte kontuan.

- Lehen pertsona singularra hizketan ari dena da.

- Bigarren pertsona singularra lehendabizikoaren solaskidea da.

- Lehen pertsona plurala, berriz, hiztuna barnean duen pertsona-multzoa da.

- Bigarren pertsona pluraa solaskidea eta beste zenbait biltzen dituen multzoari dagokio.

Horregatik deitzen zaie «zehaztuak». Bi multzotan banatzen dira pertsona-izenordain zehaztuak: a) arruntak eta b) indartuak:

Pertsona Pertsona-izenordain arruntak Pertsona-izenordain indartuak
Singularreko 1. pertsona NI NEU, NIHAUR, NERAU
Singularreko 2. pertsona HI HEU, HIHAUR, HERORI
Pluraleko 1. pertsona GU GEU, GUHAUR, GEROK
Singularreko 2. pertsona ZU ZEU, ZUHAUR, ZERORI
Pluraleko 2. pertsona ZUEK ZEUEK, ZUHAUEK, ZEROK

Laukiari erreparatuz gero, berehala ikusten da 2. pertsona singularrekotzat bi izenordain eman direla: HI eta ZU. Baina hori erdiegia da. Esanahiari begira, argi dago hala direla, baina ohartu behar da aditz-jokoan ZU izenordainak, GU izenordainak bezala, plural-marka eskatzen duela:

  • Gu ez gaitu ikusi

esaten den bezala, hau ere esaten da:

  • Zu ez zaitu ikusi.

Eta, alderantziz,

  • Ni ikusi nau.

(-it- gabe),

  • Hi ikusi hau.

Horrek esan nahi du aspaldian zu izenordaina 2. pertsona pluralekoa zela. Hain zuzen, zuk singularraren balioa hartu zuenean, euskarak pluralerako izenordain berri bat sortu behar izan zuen: zuek.

Izenordain indartuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenordain indartuez bi ohar egin behar dira:

  1. Izenordain indartuen sailean forma bat baino gehiago ageri da, euskalkietan forma bat baino gehiago ageri baita.
  2. Erabilerari dagokionez, arauren bat eman behar eta, esan beharrekoa da forma indartuak galdegaiaren lekuan erabil daitezkeela.

Arruntak ere bai, jakina:

  • NEU etorri nintzen lehena. ( = NI etorri nintzen lehena)
  • GEURI esan zigun Pellok. ( = GURI esan zigun Pellok)

Hortik aparte, mintzagaiaren lekuan ere ager daitezke, batez ere ERE, BEHINTZAT, eta horrelakoen lagun: NEUK ERE esango nizuke zertxobait.

Izenordain zehaztugabeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Izenordain zehaztugabe»

Horien erreferentzia zehaztu gabe dago: mugagabea indefinitua dela esaten da. Denen oinarrian galde-hitza den izenordaina dago. Galderazko izenordaina da, hain zuzen, zehaztu gabeetan zehaztugabeena. Beraz, bi multzo nagusi bereiziko dira:

galde-izenordainak galde-izenordainetatik eratorriak
Nor? norbait, nor edo nor, edonor, nornahi, inor, norbera
Zein? edozein, zeinahi
Zer? zerbait, zer edo zer, edozer, zernahi, ezer

Nor izenordaina pertsonez galdetzeko erabiltzen da. Haren ordez, zenbait euskaldunek zein erabiltzen dute:

  • NOREKIN etorri zinen bart? / ZEINEKIN etorri zinen bart?

Hau da pertsona ez direnez galdetzeko erabiltzen dugun galde-izenordaina.

  • (a) ZER erantzun dizu maisuak?

Baina izenordain ez ezik determinatzaile ere izan daiteke zer. Goian ez bezala, perpaus honetan ikusten denez, zerek izen bati laguntzen dio izen-sintagma baten barruan:

  • (b) ZER ordu da?

(a) adibidean, Zer izenordaina aski da izen-sintagma osatzeko. Horregatik da, hain zuzen, izenordain. (b) adibidean, berriz, izen-sintagmaren ardatza beste izen bat da. Zer-ek, hor, izen hori determinatzen du. Horregatik, determinatzaile ere izan daiteke.

Norbait eta nor edo nor

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek ere, oinarrian duten galde-izenordaina bezala, pertsonazkoak dira. Zehazki nor den esan gabe utzi nahi den pertsona bat aipatzeko erabiltzen dira:

  • NORBAIT dabil zure gelan = NOR EDO NOR dabil gure gelan.

Zerbait eta zer edo zer

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenordain hauek pertsona ez direnak aipatzeko erabiltzen dira. Zehaztugabea da hau ere. ZERBAIT eta ZER EDO ZER erabat baliokide dira.

  • ZERBAIT hartuko nuke = ZER EDO ZER hartuko nuke.

Edonor, edozein, edozer

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edonor pertsonazkoa da. Edozein, berriz, alde horretatik definitu gabea da, eta pertsonei nahiz pertsona ez direnei erreferentzia egiteko erabil daiteke. Edozer, berriz, pertsona ez direnei erreferentzia eginez bakarrik erabil daiteke. Edonor beti izenordain da. Edozein eta Edozer, berriz, izenordain eta determinatzaile izan daitezke:

  • Edonork idatz zezakeen gutun hura. / *Edonor haurrek idatz zezakeen gutun hura.

(Beraz, izenordain).

  • Edozeinek ekarriko dizu liburua. / Edozein saltzailek ekarriko dizu liburua.

(Beraz, izenordain —lehen perpausean— nahiz determinatzaile —bigarrenean—).

  • Horiek edozer erantzuten dizute. / Horiek edozer gauza erantzuten dizute.

(Hemen ere, izenordain —lehen perpausean— nahiz determinatzaile —bigarrenean—).

Esanahiari dagokionez, sail honetako izenordainek, edo elementu horri esker, halako aukera bat edo, disjuntzio bat edo, adierazten dute. Edonor-ek esan nahi du, gutxi gorabehera, honelako zerbait: «honek edo beste batek».

Nornahi, zernahi, zeinahi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek ere zehaztugabeak dira, eta, aurrekoek bezala, aukera bat adierazten dute. Nornahi pertsonazkoa da. Zeinahik bietarako balio du. Zernahi, berriz, oinarrian duen zer izenordaina bezala, pertsona ez direnei erreferentzia egiteko baliatzen da. Azken bi horiek, gainera, izenordain nahiz determinatzaile izan daitezke:

  • NORNAHIK ez du horrelako autoa erosten.
  • ZERNAHI eros dezakezu denda horretan.
  • ZEINAHI euskaldunek gogoz irakurtzeko moduko liburu bat idatzi du Iñakik.

-NAHI-ren ezkerretara doana -n-z, -t-z edo -k-z amaitzen bada, zilegi da bi osagaiak marratxo bat tartean dutela idaztea. Beraz: zeinahi nahiz zein-nahi.

Inor eta ezer

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenordain zehaztugabe hauek ere nor eta zer galde-izenordainen gainean eraikiak daude. Norbait eta zerbaiten kidekoak dira beren ezaugarrietan: zehaztugabeak dira, bata pertsonei eta bestea pertsona ez direnei erreferentzia egiteko erabiltzen dira, etab. Baina badute alde esanguratsu bat: inor eta ezer testuinguru berezietan erabiltzen dira, oro har, ezezko testuinguruetan erabiltzen baitira, baita bestelako testuinguruetan ere: baldintzazkoetan, galderazkoetan eta konparaziozkoetan adibidez.

  • Inor ikusi al duzu?
  • Ezer baino lehen, ura edan behar dut.
  • Ezer erosi nahi baduzu, esan iezadazu, mesedez.

Inor / ezer eta norbait / zerbait izenordainen arteko ezberdintasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorago azaldu da inor / ezer batez ere ezezko testuinguruetan ager daitezkeela. Baina testuinguru horietan, norbait / zerbait saileko izenordainak ere ager daitezke:

  • Norbait ez da bilerara etorri.
  • Zerbait ez dut oraindik probatu.
  • Norbaitek ikusi al zaitu?

Hala ere, inor / ezer sailekoak eta norbait / zerbait sailekoak ez dira baliokideak. Goiko adibideei erreparatuz gero, ikusten da norbait / zerbait sailekoak inor / ezer sailekoak baino «baiezkoago» edo, direla. Ikus argiago honako adibide hau, guztiz argi uzten baitu bien arteko kontrastea:

  • Auto honetan zerbait ez dabil ongi.
  • Auto honetan ezer ez dabil ongi.

Aurreko bi perpausak ez dira batere baliokideak. Lehenbizikoa era honetara parafrasea liteke: «Auto honetan bada zerbait ongi ez dabilena». Bigarrena, berriz, era honetara: «Auto honetan ez dago ezer ongi dabilenik». Beraz, zeharo esanahi desberdina.

Inor ez / ezer ez

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inor eta ezer ezezko testuinguruetan ibiltzen badira gustura, testuinguru hori agerian jarri behar da perpausa erabat murriztua dagoenean ere. Horrela, honako galdera honi:

  • Nork nahi du kafesnea?

perpaus oso batekin erantzun dakioke:

  • Inork ez du kafesnerik nahi.

Baina, dena den, erantzuna funtsezko osagaietara muga daiteke:

  • Inork ez.

Hori da erantzun zuzena, eta ez:

  • *Inork.

sarriegi entzun behar izaten den bezala. Hortaz, erantzun murritz horietan, beti inor ez, ezer ez, etab. erabili behar da, ezeztapen-marka ongi aditzera emanez.

Inor ere / ezer ere

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sail honetako izenordainak, maiz, beren ezezkotasuna areagotzeko edo, ERE lokailua lagun dutela erabiltzen dira:

  • Gizon horrek ezer ere ez daki gure arazoaz.
  • Inork ere ez du deitu gaur goizean.

Testuinguru honetan, sarritan, -txo atzizkiaz hornitua agertzen da izenordain zehaztugabea:

  • Gizon horrek ezertxo ere ez daki gure arazoaz.
  • Inortxok ere ez du deitu gaur goizean.

Enfasia emateko modu bat da.

Izenordain hau ere nor galde izenordainaren gainean eraikia dago; pertsonazkoa da, hortaz. Esanahiaren aldetik, berriz, bakoitzaren hurbilekoa da: «(aipatu den) hura bera eta ez beste bat» esan nahi du:

  • Norberak daki ongien barnean zer darabilen. (= bakoitzak daki ongien …).
  • Lan hauek etxean norberak egiteko dira. (= lan hauek bakoitzak egiteko dira).

Haren baliokidea da ekialdeko batbedera.

  • Batbederak ekarri zuen bere bazkaria.

Genitiboan, berriz, nor bere forma erabiliko da, lehenbiziko osagaiak dagokion deklinabide-marka harturik:

  • Nori berea da zuzenbidea. (= Bakoitzari berea da zuzenbidea).
  • Nork bere lanak egin behar ditu.(= Bakoitzak bere lanak egin behar ditu).
Sakontzeko, irakurri: «Elkar (gramatika)»

Elkar izenordain elkarkaria da, elkarrekikotasuna adierazten duena, hau da, A-k B-ren egintza jasaten du, eta B-k A-rena[1]. Hala nola: A-k eta B-k elkar maite dute, edo A-k eta B-k elkarri musu eman diote. Jakina, egintzan subjektu gehiago ere sar daitezke, egintzaren subjektu- eta objektu-harreman berean baldin badaude.

Bihurkaria: bere burua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus bihurkariak, berriz, euskaraz, bere burua sintagmaz (eta, hala dagokionean, neure burua, heure burua, geure burua, zeure burua, zeuen burua, bere burua, beren burua) baliatuz eratzen dira. Elkar bezala, bere burua sintagmak ez du berezko erreferentziarik: aurrekari batetik jaso behar du:

  • Gure katuak BERE BURUA balkoitik behera bota zuen.
  • Zenbaitek BERE BURUARI bakarrik begiratzen dio.

Bi perpaus horietan, hurrenez hurren, bihurkariaren aurrekaria gure katuak eta zenbaitek dira. Dena den, euskara mintzatuan batez ere, bai elkarkariaren ordez bai bihurkariaren ordez, aditz-jokoa ere balia daiteke. Aski da horretarako nor-nork aditza nor aditz gisa jokatzea. Horrela, nork sintagma eta nor sintagma erreferentziakidetzat interpretatzen dira, eta horixe da, hain zuzen, bihurkarien eta elkarkarien interpretazioa.

  • Gero ikusiko gara. (= Gero ikusiko dugu elkar)
  • Salatu egin gara. (= Geure burua salatu dugu)

Nolanahi ere, hobe horrelakoetan elkar eta neure burua erabiltzea.

Bera, izenordain

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bera eta haren kideko berau eta berori, osaeraren aldetik, argiak dira. Gramatika-kategoriaren aldetik, berriz, izenordain izan daitezke. Hala direla ematen du, beste elementurik gabe izen-sintagma osatzen dutenean:

  • Irakasle horrek ongi daki bera dela arazoaren giltza.

Horrelakoak izenordain erakusle anaforikoak direla esan daiteke, aldez aurretik aipatutako zerbaiti edo norbaiti egiten baitiote erreferentzia. Baina determinatzaile gisa ere erabil daitezke, izen baten lagun:

  • Irakasle bera dugu aurten ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Elkar [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]