Edukira joan

Familia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Sendi» orritik birbideratua)

Oinarrizko familia mota bat:
amak, aitak eta alabak osatua

Familia edo sendia pertsona talde bat da, elkarren artean nolabaiteko ahaidetasunez lotuak dituena.

Definizio ezberdinak aurki ditzakegu, bi aipatzearren:

  • Rodrigo eta Palaciosen arabera: pertsona elkartea da, pertsona horiek elkarrekiko bizitza proiektu iraunkorra izatea nahi dute; kidetasun-sentimendu sendoak sortzen dira eta kideen arteko konpromiso pertsonala dago eta, intimitate, elkarrekikotasun eta menpekotasun-harreman estuak sortzen dira.
  • Euskaltzandiaren arabera: ahaidetasun hurbilak lotzen dituen lagunen multzoa, berez etxe berean bizi direnena; bereziki, gurasoek eta seme-alabek osatzen dutena.[1]

Ahaidetasun egitura hiru harreman motakoa izan daiteke:

  • bikote ahaidetasuna, sarri ezkontza dela-eta, edo bi baino gehiagoko taldeetan, poligamiaren kasuan, seme-alabekin edo gabe;
  • arbaso berberak dituen talde bat. Adibidez, seme-alabatasuna, gurasoen eta seme-alaben artean;
  • haurridetasuna, anaia-arreben artean, baina baita lehengusu artekotasuna ere.

Giza Eskubideen Aldarrikapena eta familia instituzio gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak honela dio 16. atalean:

16. atala – 1. Gizonek eta emakumeek, ezkontadinetik aurrera, ezkontzeko eta familia eratzeko eskubidea dute, arraza, herritartasun edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe; eta, ezkontzari dagokionez, eskubide berberak dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura ezabatuz gero ere. 2. Ezkongaien baimen aske eta osoz ez bada, ez dago ezkontzerik. 3. Familia da gizartearen oinarri jatorra eta berezkoa, eta Estatuaren eta gizartearen babesa izateko eskubidea du.

Familia instituzio gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antropologian eta soziologian, instituzioa pertsonek garrantzitsutzat daukaten helburu edo ekintzaren bat lortzeko arau sistema bat da[2]. Zentzu horretan, familia oinarrizko instituzioa dela esan daiteke, izatez, gizarte mota sinpleenek familia baino ez daukate instituzio bezala. Gizarte oinarrizko horietan, lege formal, polizia edo auzitegirik gabe eusten zaio ordenuaren familiaren instituzio soilaren bitartez, horixe baita askotan onartzen den aginpide bakarra. Konplexutasun kulturala gora egin hala, oinarrizko instituzio honetatik harago joango diren beste erakunde batzuk beharrezkoak izango dira.

Familia, helburu edo ekintzaren bat lortzeko arau sistema gisa, usadio eta ohitura multzo antolatu batean antolatzen da. Ohitura eta usadio horiek, aldatu egiten dira gizarte batetik bestera, eta hala, batean tabu eta zigorren bitartez debekatua dagoena, onargarri eta hobetsia izan daiteke beste batean.

Familiaren egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntu funtzionalista batetik, familia zera da: ahaidetasunezko elkarte bat haurrak hazteaz eta beste zenbait giza premia betetzeaz arduratzen da[3]. Familiak funtzio sozial horiek betetzeko, gizartez-gizarte aldakorra den arau eta ohitura bilduma erabiltzeaz gain, gutxieneko egitura batzuk behar izaten ditu.

Osaketa:

  • Familia nuklearra: aita, amak legez ezkonduak eta beraien seme-alaba biologikoek osatzen duten familia da. Famili honen inguruan odol-ahaidetasun familia dago. Ezkontza neolokalak izan ohi dira, hots, familia politikotik distantzia jartzen da eta etxe propio batean ezartzen da familia mota hau. Tradizionalki, familia nuklearra izan da onartua izan den bakarra.

Aitak familia buru gisa jokatu ohi du, dirua etxeratzen duena, ama aldiz, etxe barruko esparrura mugatuta geratzen da. Dena den, urteak pasa ahala eta gizartea aldatzen joan den heinean, familia mota honetan ere aldaketak egon dira. Aita, ama eta seme-alaba biologikoak familia osatzen jarraitzen badute ere, bi helduek etxetik kanpo lan egin ahal dute.

  • Guraso bananduak: gurasoak etxe ezberdinetan bizi dira, beraz, beraien seme-alabek aitarekin eta amarekin bizi beharko dute, baina etxebizitza ezberdinetan.
  • Familia berreraikiak: seme-alabak dituen familia bat banatu ondoren, beste norbaitekin elkartu (dagoeneko seme-alabak eduki ahal ditu, baina ez da derrigorrezkoa) eta beste seme-alabaren bat daukate. Ondorioz, anai edo arrebek ez dituzte aita edo ama berdina. Seme-alabek, neba-arreba ordainak dituzte.
  • Familia zabala: odolez ahaide direnen klan hedatu bat da, bere ezkontide eta seme-alabekin batera. Kasu honetan senide multzoa dago gune gisa eta senar-emaztea ertz batean geratzen dira (guraso seme-alabak izeko-osabak eta/edo aitite-amamekin bizi diren familiak). Pertsona ezkonduak bere gurasoen familiarekin du lotura batik bat. Haurrek beren amarekin bezalako antzeko harremanak garatzen dituzte beren izebekin; pertsona heldu askok inguratzen dutela. Ezbeharren aurrean, babes handiago eskaintzen diete haurrei familia hauek. Sozializazioa nahiko homogeneo da haur guztien artean. Indibidualtasunerako tarte gutxi geratzen da familia hauetan. Ezkontzaren aldetik, patrilokalak (bikote ezkondua senarraren familiarekin bizi denean) edo matrilokalak (emaztearen familiarekin bizi denean) izan ohi dira.
  • Adinduez osaturiko familiak: gurasoen heriotzagatik, abandonatuak izateagatik, edo zaintzeko gai ezin izateagatik, haurraren aiton-amonek hartuko dute gurasoen rola, hau da, etxean aiton-amonak eta seme-alabak bakarrik bizi direnek osatzen dute familia eredua da.
  • Familia gurasobakarak / guraso bakarreko familiak: pertsona bakarrak hartzen du bere gain familiaren pisua, hau da, aita batek edo ama batek bakarrik eta honen haurrek osatzen dute familia. Familia eredu hau, alde batetik, hautazkoa edo gertaera baten ondorio izan daiteke. Heldu batek berak bakarrik haur bat izan nahi duela planifikatzen badu, hautazko familia mono-parentala deritzo.
  • Seme-alabarik gabeko familiak: seme-alabarik ez duten bikote batek osatzen du.
  • Homo-parentalak: bi gizon edo bi emakumeren eta beraien seme-alabek osaturiko familiak dira.
  • Familia poligamoa: ezkonduta daudelarik, gizonak emazte bat baino gehiago izateko baimena duena.
  • Familia poliandrikoa: ezkonduta daudelarik, emakumeak gizon bat baino gehiago izateko baimena duena.
  • Adopzio familia: gaur egun familia mono-parentalek zailtasun handiak dituzte adoptatzeko eta familia homo-parentalek nahiko zaila ere dutenez, gehienetan guraso ezkondu heterogeneoak dira adoptatzen dutenak. Hauek eta adoptatutako seme-alabek osatzen dute familia mota hau.
  • Harrerako familiak: harrera ez da adopzioa, ezta ere adopziora iristeko bidea, baina familia mota bat da. Haur edo nerabe bati laguntzeko modu bat da, zure familian hartuta eta helduak legezko tutore bezala izendatzen dira. Harrerako familien barruan familia mota desberdinak daude:

Harrerako famila motak[4]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Larrialdikoa (gehienez ere 6 hilabete): berehalako arreta behar duten haurrei zuzendutakoa; kasu horietan, familiekin bueltatzeko aukera aztertzen ari dira oraindik.
  • Aldi baterakoa (gehienez 2 urte): harrera familiek laguntza emango die adingabeei beraiek jatorrizko familiekin bueltatu arte.
  • Iraunkorra/iraupen mugagabea: haurrak jatorrizko familiarekin bueltatu ezin denean susmatzen denean, denbora gehiagoz haurrekin egoteko prest dauden familiak.
  • Espezializatua: premia bereziak edo arreta handiagoa behar dituzten familiekin osatua dago; horregatik, bereziki prestakuntza espezifikoa duten familiak behar dituzte.

Familiaren funtzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Sexu arautzearen funtzioa.
  2. Birsortze funtzioa.
  3. Funtzio afektiboa.
  4. Statusaren zehazte funtzioa.
  5. Babes funtzioa.
  6. Funtzio ekonomikoa.

Ahaidetasuna, senar-emazteak, familia arteko harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahaidetasun harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte orotan dauden elementuak ditugu ahaidetasun harremanak. Gizarte orotan aurkitzen dugu pertsonak elkartzen dituzten lotura sare bat, gizakiak elkarri lotzen dituena eta lotura motaren eta intentsitatearen arabera eskubide eta betebehar desberdinak definitzen dituena. Bi motatakoak dira lotura horiek eta, horrenbestez, ahaidetasun egiturak gizarte mailan onartuak izateko oinarritzat hartzen diren harremanak, filiazioa eta afinitatea: Filiazio harremanek gehienetan ondorengo izaerako lotura biologikoak dituzte beren baitan, amaren eta seme-alaben arteko eta anai-arreben arteko loturak, esate baterako, baina egiazko lotura biologikoa baino askoz ere garrantzitsuagoa da kultura jakin batek lotura horiek zehazteko eta ulertzeko duen era. Oro har, seme-alaba mailan bi arau mota handi bereizten dira:

  • lerro bakarra, bi gurasoetatik soilik baten ondorengoak direnak hartzen dira ahaidetzat; amarengandik datorrenean, filiazioa matrilineala da, eta odol berekoa aita denean, patrilineala;
  • bereizi gabea edo ahaidetasun mailakoa, ahaidetasunaren jatorria aldi berean aitarengan eta amarengan dagoenean.

Kidetasun edo afinitate harremanak elkartze edo itun izaerako loturak dira, ezkontzaren bidez ezartzen direnak, esate baterako, eta ondorioz, beste ahaidetasun lotura batzuk sortzen dira, ezkonsenideak, hain zuzen ere.

Filiazioaren eta afinitatearen bidez sortzen diren lotura horiek osatzen dute ahaidetasunaren sistema osoa. Gizarte egitura bakoitzak era zehatz batean ulertzen eta onartzen ditu eta modu zehatz batez izendatzen ditu lotura horiek eta lotura horietatik etorritako betebeharrak, eskubideak eta sentimenduak. Horrenbestez, esan daiteke ahaidetasunak zehaztu egiten dituela: gure zuzeneko ahaideak, hau da, aita eta ama, baina baita anaia-arrebak, osaba-izebak, lehengusuak eta abar ere, bai odol berekoak izan bai ezkontzaren bidez etorriak izan; gizartearen bizitzaren funtzionamendua hein batean arautzen duen instituzioa da.

Gizarte guztietan ez da berdina ahaidetasunaren garrantzia. Gurea bezalako mendebaldeko gizarteetan inguru hurbilenera mugatzen dira ahaidetasun loturen kontzientzia eta onarpena, eta lotura horiek ez dira kontuan hartzen senarra/emaztea, etxebizitza, enplegua eta abar aukeratzeko orduan.

Beste kultura batzuetan, ordea, ahaidetasun loturen inguruan garatzen da kolektibitatearen bizitza, eta kultura horietan gehienek, denek ez esateko, ahaidetuta daudela edo ahaideak direla uste dute. Eskuarki txikiak diren eta garapen maila eskasa duten gizarte horietan, ahaidetasunaren arabera antolatzen dira gizarte jarduera guztiak, eta leinu edo klan jakin bateko edo bestekoa izatearen arabera zehazten dira jarduera horiek. Hau da, ahaidetasun taldeek gizartearen antolamendua arautzen dute, hala arlo politikoan eta ekonomikoan nola militarrean eta erlijiosoan.

Lanaren antolamenduan, egoitza formetan eta eguneroko bizimoduan eta erritmoan gertatu diren aldaketek goitik behera aldatu dituzte mendebaldeko gizarteetako ahaidetasun harremanak, eta harreman horiek jada ez dira funtsezko elementuak kolektibitatearen bizitzaren antolamenduan.

XX. mende honen erdialdera, Talcott Parsons soziologo amerikarrak, aldaketa horiek zirela eta, iragarri zuen industria gizarte modernoetan ahaidetasun harremanak ahuldu eta pixkanaka-pixkanaka desagertu egingo zirela. Halaz ere, geroago, beste egile batzuek ondo asko erakutsi dute ahaidetasunak, beste modu batzuetan bada ere, egiteko garrantzitsua duela gizarte modernoetako kolektibitateen bizitzan.

Ahaidetasunaren markoan bi pertsonaren arteko elkartzea gizarte mailan onartzen eta arautzen duen erakundea da ezkontza. Elkartzearen ideia guztiz lotuta dago exogamiaren printzipioarekin, hots, ezkontidea norberarena ez den gizarte taldetik at bilatzeko printzipioarekin. Gizarteek bikotekidea aukeratzeko ezartzen dituzten mugak era askotakoak dira, baina guztiek ezartzen dute ezinbesteko muga bat, guztietan dago debekatuta intzestua, lehen mailako senideen arteko ezkontza galarazten duen muga. Badira, halaber, ezkontza talde jakin baten barnean egiteko betebeharra jasotzen duten arauak.

Printzipio horri endogamia esaten zaio, eta oso ezaugarri arrunta da kultura primitiboen artean. Gurea bezalako gizarteetan ez dago norekin ezkondu behar den zehazten duen araurik, baina praktikan, gehiago edo gutxiago, jokabide endogamikoak izaten dira gizarte mailaren, erlijioaren eta arrazaren arabera. Ezkontzak, gizartearen begietan, bi gizarte talde pertsonen arteko elkartasuna arautzen duen neurrian, bi gizarte taldeko pertsonen arteko trukea ekartzen du. Bestalde, antropologo askok adierazi duten bezala, truke horretan gizonezkoa izan da menderatzailea (patriarkatua) eta emakumeak izan dira pertsona horiek. Egiune horrek ahaidetasun harremanen antolamendu berria eta parte hartzen duten guztiek eduki beharreko era askotako eskubideak eta betebeharrak berriro ere zehaztea eskatzen du, bereziki alderdi hauetan: seme-alabak ahaidetasun talde jakin bateko eta gizarteko kide egiten dira eta lekua hartzen dute horietan; horrekin batera, jabetza eta hezkuntza transmititzen zaie, hala gizartearen kultura orokorrari nola taldearen kultura bereziari dagokiena.

Bikotekidearekiko eskubide sexualei eta etxeko zerbitzuak hornitzeari eta ezkontzatik abiatuta osatzen den taldeko kideen zaintza eta babes ekonomikoari dagokiena.

Eskubide sexualak ezagutzen diren eraren arabera, senar-emazteek monogamiaren hautua egiten dute, harreman sexualak aldi berean emazte edo senar bat baino gehiagorekin ez edukitzeko hautua, edo poligamiaren hautua egiten dute, hots, ezkontide bat baino gehiago edukitzeko hautua. Mendebaldeko gizarteetan monogamiaren alde egiten dute hala senar-emazteek nola familiak, hau da, legez kanpora dago gizonezkoak eta emakumezkoak aldi berean emazte eta senar bat baino gehiagorekin ezkonduta egotea. Nolanahi ere, poligamia oso hedatuta dago mundu osoan zehar, eta antropologoek egiaztatu dutenaren arabera, munduko kultura guztiak kontuan hartuta % 80tik goran praktikatzen da, sarri askotan gizarte talde jakin batzuetan.

Ezkontide bat baino gehiagoko ezkontza mota bi bereizten dira:

  • poliginia, gizonezko baten eta emakumezko bi edo gehiagoren artean ematen dena, arrunta oso nekazaritza eta abeltzaintza nagusi den gizarteetan, batez ere Afrikan eta Asiaren hego-mendebaldean;
  • poliandria, emakumezko baten eta gizonezko bi edo gehiagoren artean ematen dena, neskatoen hilketaren praktikari eta txirotasun egoera larriei lotua, oso jardunbide ezohikoa dena eta Tibeteko, Indiaren hegoaldeko eta Polinesiako herri gutxi batzuetan baino gertatzen ez dena.

Gizarteak ezkontza arautzearekin batera, gizarte gehienetan batasun hori hausteko aukera aurreikusten da, zapuzketaren, banaketaren eta dibortzioaren bidez alegia.

Dibortzioari lotutako erraztasunak, mugak eta arauak aldatu egiten dira kulturetan eta denboran zehar. Islamiar gizarteetan gizonezkoek baino ez dute batasuna hausteko aukera, soilik gizonezkoek zapuztu ditzakete beren emazteak ezkontzaren edozein unetan. Beste kultura batzuetan, berriz, erraztasun handiak ematen dira dibortziatzeko, aski da ezkontideetako batek etxebizitza utzi izana. Gizartearen egituraren eta familia antolatzeko eraren arabera, esanahi mugatuagoa eta traumatikoagoa, izango dute banaketak eta dibortzioak. Oro har, liskartsuagoa izan ohi da dibortzioa, eta gizartearen kontrol estuagoan dago familiaren antolamendua norbanakoarenganako maitasunean, bikotearengan eta seme-alabak egiteko, hazteko eta gizarteratzeko egitekoetan duten protagonismoan oinarritzen denean. Aitzitik, oinarrizko familia zenbat eta banatuago egon etxekoen talde handiagoetan, non ahaideak babesten dituzten klanak dauden, orduan eta errazagoa gerta daiteke dibortzioa, liskar handirik gabe.

Etxekoen taldea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxekoen taldearen kontzeptura garamatza bizikidetasuna edo egoitza formekin zerikusia duen ahaidetasun alderdiak. Bizitzeko espazio bat komuna duten pertsonek eta elkarrekin ekoizpen eta kontsumo izaerako jarduera jakin batzuk bideratzen dituztenek osatzen dute etxekoen taldea, gehienetan familiakoak dira edo ahaideak, baina ez beti ezta derrigor ere. Hau da, etxekoen taldea eta familia ez datoz beti bat; etxekoen taldea elkarren artean ahaidetasunik ez duten lagunez osatua egon daiteke, eta alderantzizkoa ere gerta daiteke, hots, familia bateko kideak etxekoen talde bi edo gehiagotan banatuta egon daitezke.

Aldea modu errazago batez ulertzeko, egile batzuek nahiago izaten dute etxea hitza erabili etxekoen taldearen sinonimo gisa.

Etxekoen taldearen osaerak zuzeneko harremana du ahaidetasunaren arauekin eta egoitza izaerakoekin. Pertsonek beren bizitzan zehar izan ditzaketen egoitza aldaketak bideratzeko arauak daude gizarte orotan.

Horien artean aipagarri dira ezkontzaren ondorioz gertatzen diren egoitza aldaketak, eta horien artean gutxienez hiru joera bereizten dira:

  • birilokala, emaztea senarra bizi zen etxera joaten denean, bere guraso edota beste ahaideekin batera bizitzera;
  • uxorilokala, senarra emaztea bizi zen etxera joaten denean, bere guraso edota beste ahaideekin batera;
  • neolokala, senar-emazteak biak bakarrik bizitzen jartzen direnean, jatorrizko familiena ez den etxebizitza batean.

Logikoa denez, egoitza hartzeko joera hauek estu lotuta daude filiazio arauekin eta familia antolatzeko moldeekin.

Familia arteko harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahaidetasun harremanen multzo handiaren baitan ezagutzen diren harremanetako bat familiari lotutakoa da, hau da, seme-alabak izan, hazi eta gizarteratzeko harremanei lotutakoa. Nolanahi ere, familia zertan den zehaztea da gai eztabaidatuenetakoa hala soziologian nola antropologian.

Familien osaera eta funtzioak herrien ezaugarrien, kulturaren ezaugarrien eta gizarte bakoitzak une historiko jakin batean gizartea eta ekonomia antolatzeko dituen ereduen araberakoak dira. Horretxegatik, familiaren ikerlaria den C.C. Harrisek dioen bezala, «ez dago familia baino ilunagoa den hitzik». Hain dira anitzak familiaren formak, edukiak eta funtzioak, ezen ez baitago familiaren forma natural edo unibertsal bakarra zehazterik.a. Familia antolatzeko formak Lehen mailako ahaideen taldeari, gizarte guztietan dagoen gurasoez eta seme-alabez osatutakoari oinarrizko familia esaten zaio. Nolanahi ere, anitzak dira talde honek ahaideen sarera biltzeko dituen erak.

Horrenbestez, gure gizartean familiak ahaidetasun harremanetan leku nagusia eta aurrenekoa hartzen duen artean, beste gizarte batzuetan familiaren unitateak bere garrantziaren parte bat galtzen du ahaideen talde handiago baten alde. Aldagai honen arabera, familia antolatzeko hainbat forma bereiz daitezke.

Taldea aita batez edo ama batez osatuta dagoenean edo biak beren seme-alabekin etxebizitza independente batean bizi direnean, ekonomikoki inoren mende bizi ez direnean eta seme-alabak hazteko, zaintzeko eta hezteko lanei emanak daudenean, familia gunea esaten zaio. Familia gunea guraso-bikoa izango da bikotekideez eta seme-alabez osatua dagoenean, eta guraso-bakarra heldu batez –aita edo ama– eta bere seme-alabez osatua dagoenean. Familia gunearen araberako antolamendua da nagusia mendebaldeko gizarte moderno deituetan.

Oinarrizko familia etxekoen edo egoitza talde handiago baten baitara biltzen denean, beste ahaide batzuk hartzen dituen talde zabalagora biltzen denean, familia handitua esaten da. Familia handitua hitza erabiltzen da etxe berean edo hurbil dauden etxebizitzetan bizi diren eta etxe unitate bat, ekonomia unitate bat edo bi unitate horien batura osa dezaketen hainbat belaunalditakoen taldea adierazteko. Familia handituaren mota bat enbor familia da; familia mota hori ohikoa izan da Euskal Herrian, eta mendebaldeko Europako beste lurgizarte batzuetan eta Japonian ere azaltzen da. Euskal Herrian enbor familiak, bi aldeko ahaidetasun sistemaren araberakoak, beti izan du ezaugarri seme edo alaba bat, eskuarki nagusia, gurasoen etxean gelditu izana eta beste anai-arrebek etxea utzi izana ezkondutakoan edo atzerrira joatean; oinordekoaren esku geratzen dira baserria eta familiaren ondarearen parterik handiena, baina gurasoen zaintzaz arduratu, leinua bermatu, baserriari eutsi eta ezkongabe geratzen diren anai-arrebak jaso behar ditu trukean. Esan bezala, familia handien moldeek bitik gora belaunaldiren arteko elkarbizitzaren ideala dute ezaugarri nagusi.

Horretxegatik, hain zuzen ere, familia handia ezin nahas daiteke familia poligamoarekin ezta etxe batzuetako egungo egoerarekin ere, etxe jakin horietan bikotekideak eta seme-alabak guraso bietako baten aita edo ama alargunarekin bizi baitira; kasu horretan egokiagoa da familia gune handiagotu batez hitz egitea.b. Familiaren egitekoa gizartearen antolamenduan, gizarte orotan, era askotako beharrei erantzuten dien erakundea da familia. Hala ere, arestian adierazi den bezala, familiak betetzen dituen funtzioek eta funtzio horiek aurrera eramateko moduak zeharo harreman estua dute familiak gizartearen antolamenduan eta ekonomian hartzen duen lekuarekin; horretxegatik anitzak dira hala funtzioak nola funtzioak burutzeko moduak. G. Murdock antropologoaren arabera, lau funtzio nagusi betetzen zituen industria aurreko gizarte tradizionaletako familiak:

  • Lehen funtzioa jarduera sexuala arautzea da. Gizarte orok ondo zehaztuta du nortzuk diren elkarren artean harreman sexualak edukitzeko gai. Arau hauen malgutasuna asko aldatzen da gizarte batetik bestera, baina ez dago harreman sexual guztiz askeak onartzen dituen gizarterik. Familia da arautze horretan parte hartzen duten erakunde nagusietako bat. Alabaina, horrek ez du esan nahi gizarteek sexualitatea adierazteko beste biderik ez dutenik edo familiak ezinbestean bide bakarra edo hoberena izan behar duenik.
  • Bigarren funtzioa, lehenari guztiz lotua, ugaltzearena da. Gizarte orok giza bizitza sortu behar du iraungo eta haziko bada. Familiak bere gain hartzen du kide berriak gizarteratzeko oinarrizko ardura, gizartera ekartzea alegia, aurreko belaunaldietako kideak ordezkatuko dituztenak.
  • Hirugarren funtzioak seme-alaben gizarteratzearekin du zerikusia. Giza bizitza sortzeak ez du soilik seme-alabez hornitzea esan nahi. Seme-alabak zaindu egin behar dira eta ondo prestatu beren gizarteko kide izateko. Familiak zerbitzu hauek emateko ardura du, hau da, hizkuntza, balioak, arauak, sinismenak, ezagutzak eta kulturaren ezaugarriak seme-alabei transmititzeko ardura.
  • Ekonomikoa da familiaren laugarren funtzioa. Familiak beharrezko guztiaz hornitzeko ardura du kide gazte eta helduen behar fisikoak eta materialak asetzeko.

Jan-edatekoen beharra, aterpea, babesa, osasuna eta beste behar batzuk.

Industria gizarteetan funtzio horiek aldatu egin dira, edo gizarteko beste erakunde batzuen esku utzi. Horietan, familiak neurri handian uzten dio sexualitatea arautzeko eta legitimatzeko erakunde izateari.

Jaiotza kontrolatzeko tekniketan eginiko aurrerapenek eta abortuaren arautzeak erraztu egiten dute ugalketari begira bideratzen ez den eta ugalketak baldintzatzenez duen sexualitatearen praktika. Sexua bereizi egiten da familiarengandik eta ezkontzarengandik.

Aldatu egiten dira, halaber, gizarteratze funtzioak. Industria gizarteetan hezkuntzarako erakundeek dute lan merkatuari begira gazteak prestatzeko ardura nagusia, baina familiak egiteko garrantzitsua du norbanakoaren balioak, motibazioak eta nahiak igortzeko eta zehazteko orduan. Familiek protagonista izaten jarraitzen dute haurren hazkuntzaren gizarteratzean eta laguntza emozionala eta zaintza fisikoak eskaintzerakoan. Eta ekonomiaren, kulturaren eta emozioen esparruan haurrak eta gazteak helduak izateko funtsezko laguntza eskaintzen dute. Baina helduentzako gero eta handiagoa da, halaber, asetasun afektibo eta emozionalaren arloan familiek duten garrantzia. Familiaren taldearengana jotzen dugu behar emozionalak asetzera; familiarengandik espero ditugu, gizarte harremanen beste esparruetatik baino neurri handiagoan, ulermena, laguntza eta maitasuna.

Bestalde, funtzio ekonomikoak ere aldatu egin dira. Familiek ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko baino kontsumitzeko joera erakusten dute. Gero eta gehiago, aditu profesionalak, erakunde publiko nahiz pribatuak eta merkatua bera dira pertsonen behar fisikoei eta zaintza lanei (gaixoak, zaharrak, haurrak…) erantzuten dietenak.

Nolanahi ere, eskuarki etxeetan ekoizten dira etxeko ondasun eta zerbitzuak.

Oharra: familia moten ezaugarriak:

  • kidebakarra: ez du familia nukleorik eta kide bakar batez osatua dago;
  • konposatua: hau ere familia nukleorik gabekoa, eta pertsona bi edo gehiagoz osatua, ahaidetasunez loturik egon ala ez;
  • nukleobakarra: ume ezkongaberik gabeko senaremazteez edo ume ezkongabeekiko senar-emazteez osatutako familia nukleoa, beste ahaiderik gabea;
  • gurasobakarra: aita edo ama bakarrik eta ume ezkongabeak osagai dituen familia nukleoa;
  • zabala: edozein motatako familia nukleoa, ahaideko bat edo gehiago bizi direla;
  • nukleoanitzak: bi familia nukleo edo gehiagokoak.

Familiaren antolamenduaren aldaketa eta garapena Europan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraganeko datu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendearen erdialdean industrializazioari ekin baino lehen era askotako familia sistemak zeudela erakutsi dute Europako familiaren iraganaz arduratzen diren historialariek. Nolanahi ere, ezaugarri komun batzuk hautematen dituzte, industria aurreko Europako familiaren antolamendua munduko beste leku batzuetakoa ez bezalakoa zela erakusten dutenak.

Familia gehienak lurrak lantzeko edo lanbide bat bideratzeko ekoizpen-unitateak ziren, eta horretan zetzan Europako familiaren ezaugarri nagusia. Ezkontzeko bikotekidearen hautua, maitasunean oinarritu baino gehienetan familia taldearen gizarte eta ekonomia interesek zehaztuta egon ohi zen. Nagusiek eta ahaideek negoziatzen zituzten ezkontzak eta, askotan, baita lur jabeek ere. Monogamia ondo sustraituta zegoen eta ezkontza banaezina zen. Hala ere, Erdi Aroko Europako leku askotan oso arruntak ziren harreman sexualak ezkondu aurretik eta ezkontzaz kanpo edukitzea, hala aberatsen artean nola txiroen artean.

Izan ere, ezkontzaz kanpo jaiotako haurren tasak oso handiak ziren egungoekin alderatuz gero, baina ohiko gauza zen ezkontzaz kanpo jaiotako haurrak legez jaiotakoekin batera haztea.

Luzaroan esan da familiaren molde nagusia familia handitua zela. Hala eta guztiz ere, historialariek azken urteetan eginiko lanari esker erakutsi da hori ez dela horrela.

Europako kontinentearen mendebaldean familia gunea zen eredurik arruntena. Nolanahi ere, etxeko kideen kopurua egungoa baino handiagoa zen, zerbitzariak edo morroiak bizi baitziren familia gunearekin batera. Familiak bizi irauteko beharrezkoak zituen ondasunak eta zerbitzuak ekoiztearen inguruan antolatzen zuen bere bizitza, baina familiaren esku geratzen ziren beste jarduera batzuk ere, hezkuntza eta gaixoen eta zaharren zaintza esaterako. Emakumeek seme-alabak hazteko ardura nagusia izateaz gainera, egiteko garrantzitsua zuten ekonomiaren arloan, baita seme-alabek ere, gurasoei oro har gazterik laguntzen baitzieten.

Etxekoen unitateari ekarpenik egiten ez ziotenek utzi egiten zuten gurasoen etxea beste etxeetan morroi izateko edo lanbide bat ikasteko. Oso altua zen urtea egin baino lehen hiltzen ziren haurren heriotza tasa.

Eritasunek heriotza ugari eragiten zuten haur eta helduen artean, eta emakume asko hiltzen zen erditzeko unean. Gauza arrunta zen pertsonak bizitzan zehar hainbat aldiz ezkontzea, eta ondorioz, ohikoak ziren semeordeen, amaordeen eta antzekoen arteko harremanak.

Industrializazioa eta familiaren aldaketa mendebaldeko gizarteetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendearen erdialdean eta Ingalaterran sortu zen iraultza industrialak aldaketa handiak ekarri zituen mendebaldeko gizarteetara, eta aldaketa horiek zuzeneko ondorioa izan zuten familien forma, eduki eta egitekoetan.

Ekoizteko moldeetan izaniko aldaketek beren funtzionatzeko printzipio asko aldatzera eta egokitzera behartu zituzten familiak.

Lantegiak eta fabrikak bihurtu ziren ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko gune, besterentzako lan egitean datzan sistema indartu zen, eta pertsonak etxetik kanpora lan egitera behartuta zeuden. Etxeak ekoizpen unitatea izateari utzi zion, eta merkatuan ekoiztutako ondasunak kontsumitzeko esparru bihurtu zen. Ondorioz, ahulduta gelditu zen aitaren agintaritza, jabetzaren eta lurraren eta ondasunen transmisioaren gaineko kontrola esleitzen ziona. Soldatak aukera ematen zien gazteei ezkonsariaren eta gurasoen onarpenaren zain egon gabe ezkontzeko eta, horrenbestez, gurasoek askoz ere eragin txikiagoa zuten seme-alaben ezkontzak moldatzeko orduan.

Haurren hezkuntza eta osasuna bezalako gaietan administrazio publikoak zuen gero eta parte hartze handiagoak mugatu egiten zituen, gero eta gehiago, familia buruaren eskuduntzak eta ahalmen esparrua.

Aldi berean eta egoera horrek horretara bultzaturik, aldatu egin zen senar-emazteen harremanen esanahia, maitasunaren eta maitasunak sexualitatearekin duen harremanaren ideia berri bat gorpuztu zen.

Ezkontzak bere oinarri ekonomikoa galdu zuenean, maitasunean eta ezkontideen arteko sintonian oinarrituriko aukera pertsonal gisa ulertzen hasi zen, baina artean gizarte mailari eusteko eta gora egiteko baliatzen ere zen. Familian garrantzizkoak izaten hasi ziren pertsonen sentimenduak eta maitasun erromantikoaren idealak, baina artean eutsi egiten zitzaion betebeharraren zentzuari.

Etxearen eta lantokiaren banaketak gero eta bereizketa handiagoa ekarri zuen familiaren barruko harremanen eta lan esparruko harremanen artera, eta horrek zuzeneko ondorioak izan zituen gizonezkoek, emakumezkoek eta haurrek familian nahiz gizartean beteko zuten lekuari begira. Nolanahi ere, ez zen berdin gertatu gizarte maila guztietan. Industrializazioaren hasieratik maila apalenetako emakumeek, etxeko lanez eta seme-alabez arduratzeaz gainera, soldatapeko langile gisa jarduten zuten etxeko lanetan bezala fabriketan ere.

Baina maila aberatsetan hedatu egin zen soilik emaztearen eta amaren eginkizunetara emanik bizi zen emakume ezkonduaren ideala. Etxeko kide guztien ongizateaz arduratzen zen etxekoandrearen irudi hau, familiarentzako ogia irabazteaz arduratzen zen kideak ekonomikoki lagundua, burgesiako emakumeen artean baino ezin zen eman. Hala eta guztiz ere, industrializazioa hedatuz doan heinean, familia burgesaren ereduak arian-arian sarrera izan zuen langileen artean eta kalitatearen ideal gisa.

Horretan eragin zuzenekoa izan zuen faktore multzo batek. Horien artean aipagarri dira ezkonduriko emakumeei enplegua mugatzen dieten legeak, haurren enplegua murrizten dutenak eta haurrak eskolaratzeko agindua ematen dutenak; gurasoek beren seme-alaben bizitza kalitatean jartzen duten interesa; etxea eta familia gero eta gehiago identifikatzea esparru itxi, emozional eta afektibo gisa, eta etxe eta amatasunaren kulturaren sorrera. Kontestu honetan gizarte prozesu motel bat abiarazi zen eta emakumeak ekoizpen-esparrutik at geratu ziren etxekoen eta familiaren esparru pribatura mugatzeko. Prozesu hau sendotu egin zen XX. mendearen lehen erdialdean eta, ondorioz, familia kideen betebeharrak sexuaren arabera zorrozki bereiztean oinarrituriko familia gunearen eredua sortu zen, eta emakumeak argi eta garbi geratu ziren gizonezkoen mendean eta haien esanetara.

Europako mendebaldeko gizarteetako familietan eta ia berrehun urtetan zehar gertatu zen aldaketa multzo honi pribatizazioa esaten zaio. Azken batean, prozesu luze baten ondorioa da, familia pertsonen arteko harreman emozionalen esparru gisa eratzen da, eta giza bizitza (ugaltzea) sortzeko egitekoetan espezializatzen da. Baina bada gehiago, familiaren pribatizazioarekin batera jarduera esparru berri bat aurkezten da, eta horretan pertsonak kanpoko instantzien kontrolpetik askeago egon daitezke, libreagoak izan daitezke esfera publikoarenak ez bezalako irizpide pertsonalen arabera hautatzeko eta jarduteko. Eta horrek guzti horrek eramaten ditu gizarteak arian-arian askatasun handiagoa izatera eta hala jarreretan nola jokabideetan, batez ere sexuarekiko moralaren eta familiaren esparruan, tolerantzia handiagoa izatera. Izan ere, jokabideen esparruan norberaren autonomia eta askatasuna handiagoa izateko joera hau funtsezkoa da Europako gizarteetako familietan eta XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera gertatzen ari dena ulertzeko.

Familia eta industria ondoko gizartea: beste aldaketa batzuk familien portaeran

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaurko egunean, iraganean bezala, alde handiak daude familien artean Europaren barnean, baina badira herrialde gehienei aplika dakizkiekeen ezaugarri batzuk. Europako gizarteek, XX. mendean zehar, beren biztanleen bizi baldintzak nabari hobetuko zituen aurrerapen ekonomiko garrantzitsua bizi izan dute. Ekonomiaren garapenarekin eta modernizazioarekin batera gora egin du ongizate pertsonalaren itxaropenek eta, aldi berean, pertsonek beren kezka agertzen dute zoriona eta norberaren asetasuna aurkitzeko eta harreman pertsonaletan kalitatea lortzeko. Gora egin dute aukeratzeko askatasunaren eskariak eta norberaren edo familiaren portaeran kanpotiko agintari edo erakunde moralizatzaile batek ezarririko arauekiko arbuioak. Sexu harremanen esparruan gozamena lortzeko sexualitatearen errebindikazioa eskatzen du norberaren askatasunean eta zoriontasunean oinarriturikoak, eta portaera hori praktikan erraztu egin da haurdun ez gelditzeko metodoak agertu ondoren. Horren guzti horren ondorioz, tolerantzia handiagoa dago elkarrekin bizitzeko erari eta familiaren barruko harremanen erari begira.

Aldi berean, sexuen arteko berdintasunaren ideiak gero eta sarrera handiagoa du biztanleen sektore zabaletan, eta horrekin batera gora egin dute emakumeen prestakuntzak eta emakumeek lan munduan duten parte hartze mailak.

Familien portaeretan eta familiaren egituran hautematen diren joera hauen eraginez aldaketa batzuk gertatu dira eta, egile batzuen aburuz, bigarren trantsizio familiarra bizitzen ari dira Europako gizarteak.

Aldaketa hauen bidea eta garrantzia oso antzekoak dira Europako gizarte orotan, baina aldaketen garapena bestelakoa da batetik bestera. Europako Iparraldekoak dira herrialde aurreratuenak eta Mediterranio aldekoak atzeratuenak, eta ekonomikoak, kulturalak eta historikoak dira bien arteko aldearen arrazoiak. Oro har, hauek dira trantsizio honek familiaren antolamenduari begira dakartzan ezaugarri garrantzitsuenak: familien aniztasuna, ezkondutako bikoteaz eta seme-alabez osaturiko familia «arau» izateari uzten ari zaio beste batzuen artean aukera bat izateko; familiak utzi egiten dio erakunde bat izateari, norberaren nahien eta interesen arabera artikulatzen diren familiaren bizimodu alternatiboakbultzatuta eta kanpotiko instantziek ezarririko arauei edo ereduei muzin eginda; pertsonek egin beharreko familia bideen aniztasuna, hau da, familiaren bizitza ez da bide zuzen eta bakar gisa aurkezten, era askotako familia egoeretan barrena egin daitekeen ibilbide gisa baizik; familien barruko harremanaren eta funtzionamenduaren dinamikaren konplexutasuna, taldeen interesek gizabanakoaren autonomia ezagutu behar baitute eta, ondorioz, berdintasunaren aldeko eta negoziatzeko beharraren aldeko eskariak indar handiagoa hartzen baitu. Egoera honetan adierazi beharreko aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira familiaren egituran eta funtzioetan.

Seme-alaben kopuruaren murrizketa eta amatasun ereduen aldaketa.

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945etik 1960ra jaiotzen hazkunde handia izan bazen ere (baby boom), oro har beheranzko joera izan da nagusi mende honetan.

Joera hau sendotu egin zen 60ko hamarralditik aurrera. Emakumeek estuago kontrolatzen dute beren ugalkortasuna eta, ondorioz, seme-alaba gutxiago dituzte (batez ere bigarren eta hirugarren seme-alabak) eta atzeratu egiten dute ama izateko unea.

Aldi berean, gora egiten ari da seme-alabarik ez edukitzeko hautua egiten duten emakumeen kopurua. Emakumeek aukeratu egin dezakete zenbat seme-alaba izan nahi duten, noiz eduki nahi dituzten eta seme-alabak izateko harreman inguruak zein izan behar duen (ezkontza, bikote finkoa, bikote finkorik gabe).

Ezkontzaren ereduaren eta bikoteen portaeraren aldaketa. Behera egiten du ezkontzen kopuruak, gora egiten du ezkontideen batez besteko adinak eta 60ko hamarraldian zehar eta Europako herrialde batzuetan gora egiten du ezkondu aurreko sexu harremanen kopuruak. Ezkontza jada ez da ikusten harremana antolatzeko printzipio bakar gisa, eta bikotekideak ezkondu baino lehen elkarrekin bizitzen jartzekoeredua hedatu zen 70eko hamarraldian, Iparraldeko herrialdeetatik beste herri askotara.

Urte horietatik aurrera, gero eta gehiago dira adosturiko bikoteen artean seme-alabak dituztenak, eta bikote horiek aldi batez ezkongaiak izateari utzi egiten diote, agiririk gabeko senar-emazteak izateko.

Horrenbestez, gero eta gehiago dira ezkontzaren markotik kanpora jaiotzen diren haurrak. Gisa berean, 60ko hamarraldiaren hasieratik gora egiten du dibortzioen tasak, eta ondorioz, arian-arian gero eta gehiago dira dibortziatutako gizonen eta emakumeen arteko ezkontzak eta aurreko bikotekideekin izaniko seme-alabekin batera osatzen diren familiak. Azken aldi honetan forma berri batzuek izan dute sarrera, ezkondu ondoren beste batekin bizitzen jartzea edo etxe berean bizi gabe bikote izatea, joera biak beste ezkontza baten alternatiba gisa aurkezten direla.

Aniztasun handiagoa etxeetako familien osaeran eta egituran, demografian, kulturan eta gizartean aldaketak gertatzen ari direlako. Ondorioetako bat etxekoen kopuruaren murrizketan datza, eta aldi berean, nabari egin du gora pertsona bakarreko etxeen kopuruak eta seme-alabarik gabeko bikoteez osatutakoak. Beste ondorioetako bat guraso bakarreko familien kopuruak gora egin izana da: familia horietan alargundutako eta dibortziatutako emakumeak, seme-alaben zaintzaz arduratzen direnak, dira buru. Eskuarki txirotasun egoerari lotutako taldeak dira, ezkondu gabeko amen taldeak bezalaxe. Aipagarria da, halaber, estatus sozioekonomiko oneko emakumeen artean gertatzen ari den guraso bakarreko familien kopuruaren igoera, familia ezkontzaz kanpo edo adostutako bikoteez kanpo osatzeko alternatiba gisa.

Familien barruko egituran eta dinamikan gertatzen ari diren aldaketak.

Emakumeek hezkuntza eta lan esparruan bizi duten bilakaerak aldaketak eragin ditu familiaren baitako harremanetan. Emakumeak, lan merkatuan parte hartuz, autonomia eta independentzia ekonomiko handiagoa du bikotearen arteko harremanen markoan.

Gehienetan emakumeek beren senarrek baino lan estatus apalagoa izaten jarraitzen dute, eta emakumeen soldata senarraren ekarpen nagusiaren osagarri gisa ikusten da. Baina gero eta gehiago dira funtsezko helburutzat, ama edota emazte izanagatik galarazi behar ez den helburutzat, arrakasta profesionala duten emakumeak.

Honek zuzeneko ondorioak ditu bizikidetza arauetan eta gizonek eta emakumeek etxean izan beharreko leku eta egitekoen gaineko ideietan. Gero eta gehiago dira ekonomiaren eta lanaren autonomian, aginte eta askatasunaren arteko orekan eta familiareneta etxeko lanetan biak parte hartzean oinarritutako harreman eredua nahi duten bikoteak. Nolanahi ere, aldaketa hauek egiazki gertatzen ari diren arren, motelak eta mugatuak dira oso. Egia da bikote hauetan emakumeek denbora gutxiago ematen dutena etxeko lanetan eta seme-alabak zaintzen, eta gizonek zertxobait gehiago laguntzen dutena, baina aldaketa ez da oso nabaria eta emakumeek «lanaldi bikoitza», lanekoa eta etxekoa, egiten jarraitzen dute.

Familiaren forma eta edukietan gertatzen ari diren aldaketekin batera soluzioa eskatzen duten arazo berri batzuk sortu dira gizartean. Ondorioak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera eta, batez ere, indarrean dauden gizarte eta familia-politikaren araberakoak dira. Arazoen artean aipagarria da batez ere guraso bakarreko familietan eta bakarrik bizi diren pertsonen artean txirotasun mailak gora egin izana; estatuak haurren eta adinekoen zaintzan duen betebeharra, tradizioz emakumeen esku egon dena; familiaren bizitzaren eta lanaren arteko elkar aditze ezak eragindako tentsioak eta zailtasunak; aurrerapena adosturiko bikoteen gisako bizikidetza molde berriei begira prestaturiko legedian, batez ere, Europa osoan eta esparru pribatuan gero eta onarpen handiagoa duten bikote homosexualei begira prestaturikoan. Arazo berri hauek gehitu egiten zaizkie familietan dirauten arazoei, esate baterako sexuaren araberako desberdintasunei; horien artean nagusi dira emakumeek eta haurrek etxean jasaten duten bortizkeria, kasu gehienetan ezkutuan jarraitzen duena.

Nolanahi ere, mendebaldeko gizarteek, XX. mendearen bigarren erdialde honetan, aldaketa handiak bizi izan dituzte familiaren bizimoldean, eta aldaketa horiek sexu harremanak ulertzeko eta ugaltzeko forma berriak ekarri dituzte. Eta, segur asko azalduko dira oraindik harreman horiek gizarte mailan ulertzeko eta onartzeko beste molde batzuk. Horrek behartu egiten du ezkontza eta familia zalantzan jartzera eta berriro ere zehaztu behar izatera harreman horiek arautzen dituzten erakunde gisa, nahiz eta ez duen ematen ezkontzak eta familiak irmo sendotuta egoteari utziko diotenik.

Nolanahi ere, molde baten edo bestearen hautua eginik edo edukietan aldaturik, industria gizarte aurreratuetan gero eta garrantzi handiagoa dute familien egiturek gizabanakoaren beraren garapenean eta, horretxegatik hain zuzen ere, ezinbesteko erreferentzia dira gizartearen bizitzaren antolamendua ulertzeko orduan.

Familiaren bilakaera Espainian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar giza familiaren fenomenoa aldakorra ala iraunkorra izan den galde dezakegu. Ez dago zalantzarik. Familia-antolaketak aldaketa historiko garrantzitsuak izan ditu. Nahikoa da XX. mendearen azken laurdenean familiek taldekatzeko duten berrikuntzen gaineko gogoeta egitea.

Ordea, aniztasuna, ezin zaio orainaldiari bakarrik egotzi, lehenaldi osoa berdina izan delakoan. Reher-ek (1996) familiak Espainian, XVII. mendetik XX. mendearen amaiera bitartean, izan duen bilakaerari buruz egin duen azterketak argi azaltzen du gaur egun familia espainiarrean dagoen aniztasunaren zati batek sustrai historikoak dituela, azken mendeetan oinarrizko alderdi batzuetan jarraipen argia ikus daitekeelarik.

French-i(1995) kasu egin behar badiogu, gaur egungo mendebaldeko familia-aniztasuna bat dator kristau-aroa baino mende batzuk lehenagoko Mediterraneoko antzinako kulturen aniztasunarekin, antzinako inperio erromatarrekoarekin batez ere. Antzinako Egipto eta Mesopotamiako familien eta familia-bizimoduen azterketak, baita erromatar eta grekoenak ere, familiaren bizimoduan pribatasunari, gizon eta emakumeen arteko rol-banaketari, dibortzio, banaketa eta adopzio-egoeren arautzeari eta umeen adinaren araberako hezkuntza-arauei beti garrantzi handia eman zaiela erakusten dute. Aurreko guztiak gaurko egoerarekin bat ez badatoz, oso antzekoak dira behinik behin. French-ek (1995) erakusten duen bezala, familia batzuek ahalegin handia egiten zuten eta itxaropen handia jartzen zuten seme-alabak hezteko garrantzitsutzat zituzten gai batzuetan. Bitartean, beste guraso batzuek seme-alabei tratu txarrak ematen zizkieten, abandonatu ere egiten zituzten, eta fisikoki eta psikologikoki zigortzen zituzten.

Bestalde, atzera Espainiako familiara itzuliz, XX. mendekora soilik, aldaketa handiak ez dira gaur egun bakarrik gertatu, baizik eta Reher-ek (1996) erakusten duenez, faktore batzuetan aldaketak izan diren neurrian, metatu egin dira mendean zehar. Hiru adibide emango ditugu umeen heriotzarekin, helduen populazioaren urrakortasunarekin eta lan-mundura heltzeko aukerarekin zerikusia dutenak, hurrenez hurren:

  1. 1900. urtean, familiako sei jaiotza behar ziren demografia-ugalketa bermatzeko: gaur egun, espainiar umeen heriotza-tasa munduko baxuenetarikoa da;
  2. Espainiarren bizi-itxaropena Europako baxuenetarikoa zen (1918. urteko udazkeneko gripe-epidemiak 265.000 lagun hil zituen); gaur egun, aldiz, espainiarren bizi-itxaropena Europako batez bestekoa baino altuagoa da bi urteko aldez;
  3. seme-alaben kopuru murritzagoak ahalbidetu du emakumeek etxetik kanpo lan egitea, eta gazteak lan mundura heltzeko zailtasunek seme-alaben independentzia ekonomikoa atzeratu dute, eta, ondorioz, beraiek familia sortzeko aukera.

Bi hamarkadetan Espainiako familiak oso aldaketa handiak jasan ditu. Aldaketa horiek eragina izan dute bai demografia-alderdietan baita familia-antolaketa moduetan ere.

Zentzu askotan, Espainiako familia asko modernizatu da azken hogei urteotan, nahiz eta Reher-ek (1996) adierazten duen moduan,antzinakotasun-ezaugarri asko duen eta beraz, iparraldeko, Europa erdialdeko eta Estatu Batuetako familietatik asko aldentzen den, orain dela hogeita hamar urte gertatzen zen bezalaxe. Ezaugarri bereizgarrien artean honako hauek aipa ditzakegu:

  • Espainiarren artean toki/mugikortasuna txikiagoa da;
  • Espainian gizon/emakumeen arteko rol-banaketa nabarmenagoa da; familiaren laguntza-sarea inportantea delarik;
  • Espainian familia-erlazioak egonkorragoak dira.

Reher-ekin bat eginez (1996), etorkizunak gaur egungo egoera sendotzea ekarriko duela aurreikus daiteke, eta aldaketak baino gehiago hauxe da gertatuko dena: modernitatearen mugak zabaldu beharrean, hurrengo urteetan espainiarrek aipatutako modernitatearen inplikazioak sendotuko dituzte.

Mendebaldeko gizarteek ezkontzako familia hartzen dute senideak izendatzeko. Horrela, euskaraz, honela izendatzen dira oinarrizko senideak:

Ahaidetasun termino gehienak biltzen dituen irudia.
  • Ama: emakumezko gurasoa
  • Aita: gizonezko gurasoa
  • Semea: gurasoen gizonezko umea
  • Alaba: gurasoen emakumezko umea
  • Anaia: guraso bereko gizonezko umea, gizonezkoarekiko
  • Neba: guraso bereko gizonezko umea, emakumezkoarekiko
  • Ahizpa: guraso bereko emakumezko umea, emakumezkoarekiko
  • Arreba: guraso bereko emakumezko umea, gizonezkoarekiko
  • Amona: aita edo amaren ama
  • Aitona: aita edo amaren aita
  • Birramona: aitonaren edo amonaren ama
  • Birraitona: aitonaren edo amonaren aita
  • Herenamona: birraitonaren edo birramonaren ama
  • Herenaitona: birraitonaren edo birramonaren aita
  • iloba edo loba: haurride baten semea edo alaba.
  • osaba: guraso baten anaia/neba, edo guraso baten haurridearen senarra.
  • izeko: guraso baten ahizpa/arreba, edo guraso baten haurridearen emaztea.
  • koinatua: haurride baten ezkontidea, edo ezkontidearen haurridea.
  • lehengusua edo kusia: osaba-izeben semea edo alaba
  • lehengusina edo kusina: osaba-izeben alaba
  • suhia: haurraren senarra
  • erraina: haurraren emaztea
  • amaginarreba: bikotearen ama
  • aitaginarreba: bikotearen aita
  • senarra: gizonezko ezkontidea
  • emaztea: emakumezko ezkontidea

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?sarrera=familia&option=com_hiztegianbilatu&view=frontpage&Itemid=410&lang=eu&bila=bai
  2. Horton, Paul B. Eta Hunt, Chester L.: Soziologia. EHU. Bilbo. 1994. 196. or.
  3. Horton, Paul B. Eta Hunt, Chester L.: Soziologia. EHU. Bilbo. 1994. 214. or.
  4. [1]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]