Alizia herrialde miresgarrian
Alizia herrialde miresgarrian | |
---|---|
Lehenengo edizioaren azala | |
Datuak | |
Idazlea | Lewis Carroll (1865) |
Argitaratze-data | 1865eko azaroaren 26 |
Generoa | Fikzioa |
Jatorrizko izenburua | Alice's Adventures in Wonderland |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Ilustratzailea | John Tenniel |
OCLC | 1023201734 |
Euskaraz | |
Izenburua | Alizia herrialde miresgarrian |
Itzultzailea | Manu Lopez Gaseni |
Argitaratze-data | 2015 |
Bilduma | Mila Gau |
Orrialdeak | 141 |
ISBN | 978-84-7681-829-9 |
Alizia herrialde miresgarrian (jatorrizko izenburua, ingelesez: Alice's Adventures in Wonderland), Charles Lutwidge Dodgson (Lewis Carroll) ingeles idazlearen eleberri bat da. Dodgsonen adiskideei, Ingalaterrako heziketari eta garaiko gai politikoei egindako aipamen satirikoz beteta dago. Istorioak deskribatzen duen herrialde miresgarria logikazko jokoek sortzen dute. Horregatik, liburuak arrakasta izan du hainbat alorretan: umeen edo matematikarien artean, baita psikonauten artean ere. Liburuak egiteko inspirazioa Alice Liddell umeak eman zion.
Idazlan honetan Carrollen pertsonaiarik ospetsuenetariko batzuk agertzen dira: Untxi Zuria, Sonbrailugilea, Cheshire Katua, Martxoko Erbia, Beldarra edo Bihotzetako Erregina. Beste pertsonaia ospetsu batzuk, jatorrizkoak edo folkloretik hartutakoak, Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena liburuan agertzen dira: Tweedledum eta Tweedledee, Humpty Dumpty edo Jabberwocky.
1865eko lehen argitalpenaren 23 kopia bakarrik gorde dira. Horietako 17 liburutegietan daude; besteak, esku pribatuetan. Liburu ilustratua izan zen, John Tennielek egindako 42 marrazkiz lagundua, eta ilustrazio horiek ere berrargitalpen askotan agertu dira (euskaraz ere bai)[1] eta Aliziaren inguruko ondorengo ikonografian eragin funtsezkokoak izan dira.[2]
Liburuak 1871an izan zuen bere bigarren zatia, ezezagunagoa, Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena (Through the Looking-Glass, and What Alice Found There) izenekoa. Zinemako egokitzapen batzuek bi liburuetako elementuak nahasten dituzte. Munduko 175 hizkuntzatara itzuli da[3], tartean euskarara.[4]
Liburuaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburuan agertzen den istorioak hiru arotan mamitu zen. Lehena eta garrantzitsuena 1862ko uztailaren 4an hasi zen[5], Tamesis ibaitik egindako txango batean. Lewis Carroll Robinson Duckworth apaizarekin eta Liddelltar hiru ahizpekin (Lorina, hamahiru urtekoa; Alizia, hamar urtekoa; eta Edith, zortzi urtekoa) egon zen txangoan[6].
Folly zubian, Oxfordetik hurbil, hasi zuten txangoa eta zortzi kilometro bete zituzten Godstoweraino, Christ Churchera berriro itzultzeko. Udako beroa hain gogorra zenez gero, ibaiertzean gelditu ziren, zuhaitz batzuen gerizpean. Denbora-pasa moduan, Dodgsonek istorio batzuk azaldu zizkien neskatilei, Aliziaren lurpeko abenturak izendatu zituenak. Istorioak asko gustatu zitzaizkien ahizpei, Aliziari batez ere, eta idazteko eskatu zion[7].
Bigarren aroa Dodgson istorio horiek idazten hasi zenean gauzatu zen. Erabaki hori hartu zuen ahizpen ekinez. Dodgson ez zen hasi idazten txangoaren egunean bertan. Bere egunkarian agertzen denez, azaroaren 13an, lau hilabete geroago, hasi zen[8].
1863ko otsailean amaitu zuen, eta zuzenean hasi zen marrazkiak egiten, zeinak 1864an amaitu zituen. Azken orrialdean Aliziaren erretratu obalatu bat erantsi zuen. Aliziak azaroan jaso zuen eskuizkribua, zeina 1886an argitaratu zen, faksimile moduan.
Argitaratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken aroa eskuizkributik behin betiko bertsioa artekoa da. Dodgsonen egunkariaren arabera, 1863ko maiatzaren 9an lagun batzuek eskatu zioten eskuizkribua argitaratzea. Dodgsoni ideia gustatu zitzaion eta istorioa berridazten hasi zen. Dodgsonek bi kapitulu gehitu zituen: Zerria eta piperbeltza eta Tealdi eroa. Halaber, asko luzatu zituen Nork lapurtu zituen tartak? eta Aliziaren aitorpena kapituluak, zeinek hiru orrialde bakarrik zituzten eskuizkribuan.
Eskuizkribuko marrazkiak eskuz eta lumaz eginda zeuden. Argitaratzeko, Carroll saiatu zen egurrez egiten marrazkiak. Hala ere, ikusi zuen horrek denbora luzea eskatuko ziola. Beraz, marrazkilari profesional bat bilatzeari ekin zion. Azkenean, John Tenniel aukeratu zuen. 1864ko apirilean, Dodgson eta Tenniel harremanetan jarri ziren eta Tennielek hogeita hamalau marrazki egitea onartu zuen (azkenean, berrogeita bi izan ziren). Dodgsonek Mary Hilton Badcock neskatilaren argazkia eman zion, modelo moduan erabiltzeko. Nahiz eta Aliziaren pertsonaiak Alice Liddell neskarengan eduki oinarri, bere itxura Badcock neskarengan oinarrituta dagoela esaten da[9].
Tenniel marrazkiak egiten ari zen bitartean, Dodgsonek pentsatu zuen jatorrizko izenburua eskolako liburuenak bezalakoa zela, mineralei buruzko liburuenak bezalakoa, hain zuzen. Dodgsonek hainbat izenburu berri asmatu zituen, hala nola, Aliziaren urrezko ordua, Alizia elfoen artean, Alizia intxisuen artean edo konbinazio batzuk: Aliziaren ordua..., Aliziaren ekintzak..., Aliziaren abenturak... zatiak ...elfoen lurraldean edo ...herrialde miresgarrian zatiekin. Azkenean, Alizia herrialde miresgarrian izenburua hartu zuen.
John Tennielek 1865eko maiatzean entregatu zituen marrazkiak eta maiatzaren 24an argitaratu zen liburua[10]. Argitaletxea Macmillan and Co izan zen, eta bi mila ale inprimatu ziren. Dodgsonek berrogeita hamar ale eskatu zituen berarentzat. Hala ere, Tenniel ez zen ados egon inprimaketekin; beraz, liburua ez zen saldu Ingalaterran, bazik eta Appleton argitaldari estatubatuarrari saldu. Honek, azala aldatu zuen eta lehen argitalpen estatubatuarra atera zuen.
Ingalaterran, Macmillan argitaletxeak beste argitalpen bat prestatu zuen, zeina 1865ko udazkenean agertu zen, nahiz eta 1866 data eduki. Argitalpen berriaren ale berezi bat (bitela zuriduna) eskatu zuen Dodgsonek Alice Liddelli oparitzeko. Liburuak arrakasta handia lortu zuen denbora gutxian.
1890ean, Dodgsonek Aliziaren beste bertsio bat argitaratu zuen, Alizia umeentzat (The nursery Alizia) izenekoa, bost urte baino gutxiagoko umeei zuzenduta.
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Istorioa hasi baino lehen, Lewis Carrollek olerki bat erantsi zuen, liburuaren sorrerari buruz. Olerkiaren zazpi bertsoetan txangoa eta nola hiru Liddelltar ahizpek (Prima, Secunda eta Tertia) eskatu zioten istorio bat kontatzea gogoratzen zuen. Azken bertsoa Alice Liddelli egindako aipamen argia da..
I. kapitulua: untxi gordelekuan barrena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Istorioa Alizia izeneko neskatila baten irudiarekin hasten da. Bere ahizparen ondoan dago eserita lorategian, aspertuta. Ahizpak liburu bat irakurtzen ari zen, "ez marrazkirik ezta elkarrizketarik ere" ez zuena.
Bat-batean Untxi Zuria agertu zen, jaka eta txalekoa jantzita (Idazlan osoan letra larria erabiltzen da animaliekin) -Dodoa, Sagua, Ahatea etab.-, argi uzteko horiek direla izen propioak). Aliziak erabaki zuen horri jarraitzea bere untxilekuraino. Untxilekua tunel izugarri luzea da eta Alizia denbora luzean dago jaisten (astia du bere katuari buruzko pentsamenduak izateko).
Erorketa amaitzean, minik hartu gabe, Alizia konturatu zen Untxi Zuria desagertu zela. Hala ere, «EDAN NAZAZU» idatzita zuen botila txiki bat aurkitu zuen. Aliziak edan zuen eta txikitu zen hogeita bost zentimetro neurtu arte.
Jarraian, Alizia saiatu zen ate txiki bat irekitzen. Beste aldean lorategi eder bat zegoen, baina giltza mahai batean zegoenez gero, Aliziak ezin zuen hartu. Bere ohiko garaiera berreskuratzeko «JAN NAZAZU» idatzit duen pastel zati bat jan zuen.
II. kapitulua: malko-urmaela
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pastel zatiak itxaron zuen eragina izan zuen eta Aliziak bi metro gehiago luzatu zen. Beraz, giltza hartu ahal izan zuen, baina luzatzen jarraitu zuenez gero, sabaiarekin topo egin zuen eta ezin izan zuen ate txikia ireki. Untxi Zuria berriro pasatu zen Aliziaren aurretik eta haizemaile bat erori zitzaion. Aliziak haizemaile hori erabili zuen freskatzeko eta, magikoa zenez gero, berriro txikitzen hasi zen, haizemailea bota zuen arte, prozesua eteteko.
Malkozko urmaela itsaso bihurtu zen eta Aliziak igeri behar izan zuen. Bere ondoan sagu bat pasatu zen igeri egiten eta Alizia saiatu zen berarekin mintzatzen. Saguak itsasertzera gidatu zuen. Ibilbidean Aliziak beste animalia batzuk ikusi zituen (Ahatea, Dodoa, Arranokumea eta Loroa).
III. kapitulua: batzorde lasterketa eta buztan-ipuin luzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alizia eta animaliak lehorrera heldu ziren eta Dodoak lasterketa bat antolatu zuen denak lehortzeko. Lasterketak ez zuen araurik ezta iraupen zehatzik ere, zirkulutan korrika egin izan ezik. Dodoak irabazle izendatu zituen guztiak eta Aliziak sariak banatu behar zituela erabaki zuen. Aliziak gozoki batzuk aurkitu zituen patrikan eta denen artean banatu zituen. Bere saria titare bat izan zen, patrikan ere zegoena, eta Dodoari eman zion, honek berari berriro emateko.
Geroago, Saguak ipuin bat kontatu zuen, non azaldu baitzen zergatik zien gorrotoa txakur eta katuei. Hala ere, Aliziak Dina bere katua aipatu zuen, baita saguak harrapatzeko trebetasuna ere, eta animaliak nekarazi zituen eta alde egin zuten.
IV. kapitulua: untxiak Bill txikia igortzen du
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aliziak Untxi Zuria ikusi zuen berriro bere haizemailea bilatzen. Alizia ikusi zuenean, Mary Ann bere neskamearekin nahasten du. Beraz, haizemailea bilatzeko haren etxera joateko agindu zuen. Aliziak agindua bete zuen. Etxean sartu, goiko logela batera joan eta haizemailea eta botila bat aurkitu zituen. Aliziak edan zuen eta, berriro, hazi zen eta logelan trabatuta geratu zen.
Untxi Zuriak beso erraldoi bat leihotik ateratzen ikustean, laguntza eskatzera joan zen. Kanpoan bildu zen jendeak etxea erretzea proposatu zuen. Azkenean, jendeak ogi txiki majiko batzuk bota zituen leihoan barrena. Aliziak jan zituen eta txikitu zen. Etxetik atera zen eta baso batean sartu zen, perretxiko erraldoi baten aurrean gelditzen.
V. kapitulua: beldarraren aholkua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aliziak erretzen ari zen beldar bat aurkitu zuen perretxikoaren gainean. Beldarrak galdetzen dio Aliziari bere nortasunari buruz. Aliziak ezin zion zehazki erantzun, hainbeste aldiz tamaina aldatu eta gero, ez zekielako oso ondo nor zen. Eztabaidatu eta gero, Aliziak Beldarrari esan zion bere hiru hazbeteko garaiera oso kaskarra zela. Beldarra haserretu eta joan egin zen, horixe zelako bere garaiera, baina, joan baino lehen, Aliziari azaldu zion perretxikoaren alde bateko zati bat jaten bazuen haziko zela, eta beste aldekoa jaten bazuen txikituko zela.
Aliziak ez zekienez zein alde zen gauza bakoitza egiten zuena, bi zati moztu zituen eta batzuetan haginka egin zuen bietatik nahi zuen garaiera iritsi arte. Azkenean, etxetxo bat ikusi zuen eta hara joan zen.
VI. kapitulua: txerria eta piperbeltza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxetxora joan baino lehen, arrain-burua zuen lekaio bat agertu zen basoan. Arrain-lekaioak atean jo zuen tea igel-burua zuen beste lekaio bat agertu zen. Aliziak zera entzun zuen: arrain-lekaioak Bihotzetako Erreginaren gonbidapena ekartzen ziola Dukesari, etxeko jabea zena, kroketean jolasteko. Jarraian, Arrain-lekaioa joan zen eta Igel-lekaioa eserita geratu zen etxetik kanpo. Honek atea ireki nahi ez zionez, Aliziak berak zabaldu zuen atea eta sartu zen.
piperbeltz gehiegi zuen zopa prestatzen ari baitzen. Zoruan katu irrifartsu bat zegoen, Dukesak Cheshire Katua deitu ziona. Dukesak Aliziari utzi zion umetxoa eta joan egin zen kroketean jolastera. Alizia kulunkatzen hasi zenean umetxoa txerri bihurtzen hasi zen. Gero, Alizia etxetik irten zen eta txerritxoa askatu zuen. Basoan Aliziak Cheshire Katua aurkitu zuen eta honek gonbidatu zuen Sonbrailugilea edo Martxoko Erbia bisitatzera. Aliziak azken honen etxera joatea erabaki zuen.
VII. kapitulua: tealdi eroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alizia Martxoko Erbiaren etxera heldu eta hau, Sonbrailugilea eta Muxarra ikusi zituen tea hartzen. Alizia haiekin batu eta mintzatzen hasi zen. Mahaikideek igarkizun batzuk egin eta Alizia nahastu zuten, logika falta dela eta. Azkenean, Aliziak alde egin zuen, guztiz konbentzituta bere bizitza osoko "tealdirik zozoenean" egon zela. Jarrian, zuhaitz batean atetxo bat aurkitu zuen eta kroketeko lorategira heldu zen.
VIII. kapitulua: erreginaren kroket-zelaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bihotzetako errege-erreginak, baita euren menpekoak ere, karta ingelesak ziren. Lorategian Aliziak hiru lorezain aurkitu zituen, arrosondo bat margotzen ari zirelarik, arrosondo zuria landatu zutelako, gorria landatu beharrean. Errege-erreginak eta segizioa handik igaro ziren eta Bihotzetako Erreginak, okerra sumatzean, lorezainei burua mozteko agindua eman zuen. Hori saihesteko, Aliziak lorezainak ezkutatu zituen. Gero, Bihotzetako Erreginak Alizia gonbidatu zuen kroketean jolastera. Alizia segiziora batu zen eta Untxi Zuria ikusi zuen bere ondoan. Hau oso urduri zegoen eta Aliziari jakinarazi zion Dukesa atxilotu zutela berandu heltzeagatik jolasera.
Jolasa oso berezia zen: ez zen bola, mailu edo uztairik erabiltzen, baizik eta kirikinoak, flamenkoak eta kartak berak. Ordenarik gabe jolasten ziren denak eta etengabe eztabaidatzen zuten. Halaber, kirikinoek alde egiten zuten aukera izan bezain laster eta Bihotzetako Erreginak denei burua mozteko agindua ematen zuen.
Berriro, Cheshire Katuaren burua agertu zen eta Alizia berarekin mintzatzen hasi zen. Erreginak, beti bezala, katuari burua mozteko agindu zuen, baina borreroak ez zuen zer egin jakin, burua bakarrik baitzuen agerian katuak. Aliziak proposatu zuen Dukesari deitzea, katuaren jabea baitzen. Erreginak Dukesa askatzeko agindua eman zuen, baina hau lorategira heldu zenean katua berriro desagertua zen.
IX. kapitulua: sasi-dortokaren istorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alizia eta dukesa adiskidetsuki mintzatu ziren, ezagutu ziren aldian kontrakoa izan arren. Alizia sumatu zuen Dukesa oso itsusia zela. Gero Bihotzetako Erregina agertu zen eta Dukesa haizatu zuen. Erreginak Alizia eraman zuen Grifo batengana eta honi eskatu zion sasi-dortokarengana eramateko Alizia, honen istorioa entzuteko. Grifoak hori egin zuen.
X. kapitulua: abakandoaren kontradantza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sasi-dortokak itsas hondoko abakandoen dantzari buruzko abesti bat kantatu zuen. Aliziak, bere aldetik, bere abenturak kontatu zituen. Grifoak eta Sasi-dortokak istorioa entzun zuten, Beldarrarekiko topaketa entzun arte. Biek oso arrarotzat jo zuten istorioa. Sasi-dortokak dortoka-zopari buruzko abesti bat kantatu zuen gero, baina epaiketaren hasiera jakinarazten zuen oihu urrun batek eten zion abestia. Grifoak Alizia eraman zuen epaiketara.
XI. kapitulua: nork lapurtu zituen tartak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alizia epaiketara heltzean, animalien epaimahaia osatuta dagoela ikusi zuen, errege-erreginen aurrean. Epaitua bihotzetako txota eta Untxi Zuriak gorteko heraldorena egiten zuen. Salaketa erreginaren tartak jatea zen. Sonbrailugilea izan zen lehen lekukoa. Bere lekukotasuna erregerekiko eztabaida bihurtu zuen, erregea oso interesatuta zegoelako Sonbrailugilea edaten ari zen tean eta kapelan zegoen etiketan (etiketan salneurria agertzen zen: hamar txelin eta sei penike, John Tennielen marrazkiaren arabera).
Une horretan Alizia hazten hasi zen bat-batean eta Untxi Zuriak deitu zion hurrengo lekuko moduan.
XII. Kapitulua: Aliziaren aitorpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alizia, berriro hazi dela eta bere betiko tamaina berreskuratu duela ahaztuta, zutitu zen eta bere inguruan zegoen guztia bota zuen. Erregeak galdetu zion zer zekien arazoari buruz eta Aliziak ez zekiela ezer erantzun zuen. Untxi Zuriak azken froga irakurri zuen: sinadurarik gabeko gutun bat, non azaltzen baitzen tartak euren jabeari itzuli zitzaizkiola. Izan ere, tarta guztiak mahai gainean zeuden. Hala ere, Bihotzetako Erreginak epaia eman nahi izan zuen, epaimahaikideen iritzia entzun gabe. Aliziak protesta egin zuen eta erreginak burua mozteko agindua eman zuen. Kartak Aliziarengana oldartzen zirenean, Alizia bere ahizparen altzoan itzuli zen, bat-batean.
Beraz, loak hartu zuen Alizia eta, amets fantastiko bat izan eta gero, esnatu zen, hosto batzuk bere aurpegira jaustean. Aliziak bere ametsa azaldu zion ahizpari eta arratsaldeko tea hartzera joan zen. Ahizpa zuhaizpean geratu zen, Aliziaren istorioa hausnartzen.
Eragina kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberri honek antzerki-lan, ballet eta opera asko iradoki ditu. Aliziak eta beste pertsonaiek abesti batzuk ere iradoki dituzte, hala nola, The Beatles, Tom Waits eta Tom Pettyren batzuk. 1969an, Salvador Dalík hamahiru marrazki egin zituen Alizia herrialde miresgarrian liburuan oinarrituta.
Aliziak idazlan asko ere iradoki ditu. Haien artean, nabarmena da Finnegans Wake eleberria, James Joyce idazle irlandarrak 1939an argitaratua.
Edizioak euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alizia gauza miragarrien munduan (Imanol Berriatuaren 12 orrialdeko bertsio laburtua). Ipuin Ederrenak saila. La Gran Enciclopedia Vasca. 1968. [11]
- Alizia herrialde harrigarrian, Lewis Carroll; [marrazkiak Xabier Egaña] (1979)ISBN: 84-7099-143-4
- Aliceren abenturak lurralde miresgarrian, Lewis Carroll; Manu Lópezren edizioa; grabatuak, John Tenniel; azala, Erramun Landa; argazkilaria, Mikel Alonso ( Pamiela, 1989)ISBN: 84-7681-092-X
- Alizia mundu zoragarrian (Edinorte, 1981)
- Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena Lewis Carrol; Manu Lopezren edizioa; grabatuak John Tenniel; azala, Erramun Landa; argazkilaria, Mikel Alonso (Pamiela, 1990)ISBN: 84-7681-095-4
- Alizia herrialde harrigarrian, Lewis Carrol; gidoia, Joséluis; il. Chiqui de la Fuente; itz.Joseba Andoni Berriotxoa (Kriselu, 1991); ISBN: 84-7728-226-9
- Alizia herrialde miresgarrian, Lewis Carrol; itz. Patxi Elizegi; il. Manuel Barco (Ttarttalo, 1995); ISBN: 84-8091-192-1
- Alizia lurralde harrigarrian, Lewis Carroll. Hiria, [2000] ISBN:84-95421-28-3
- Alizia haurrentzat, Lewis Carroll; [itzulpena eta] edizioa, Manu Lopez; [marrazkiak, John Tenniel] (2004); ISBN: 84-7681-407-0
- Alizia herrialde miresgarrian, Lewis Carroll; irudiak: John Tenniel; itz. Manu López Gaseni (Pamiela, 2015); ISBN: 9788476818299[12][13][14]
Zinemarako egokitzapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1903tik, Cecil Hepworthek lehen aldiz zinemaratu zuenetik, hamar aldiz baino gehiagotan zinemaratu da. Ezagunena Walt Disneyk 1951n egindako egokitzapena da. Film horrek Alizia herrialde miresgarrian eta Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena eleberrien elementuak nahasten ditu, nahiz eta izena Alizia herrialde miresgarrian izan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Manu Lopez Gaseniri elkarrizketa» old.uberan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
- ↑ (Ingelesez) Brittany. (2019-06-06). «Alice: The Beauty and Importance of Illustrations» SIUE Young Adult Literature (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
- ↑ Alice in a world of wonderlands : the translations of Lewis Carroll's masterpiece. (First edition. argitaraldia) 2015 ISBN 978-1-58456-331-0. PMC 910537543. (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
- ↑ Carroll, Lewis. (D.L. 1989). Aliceren abenturak lurralde miresgarrian. Pamiela ISBN 84-7681-092-X. PMC 435433945. (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
- ↑ «Story Museum - The real Alizia» web.archive.org 2010-11-17 (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
- ↑ «BEDTIME-STORY CLASSICS-Alice in Wonderland BACKGROUND» www.the-office.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
- ↑ (Ingelesez) Popova, Maria. (2012-07-05). «Meet the Girl Who Inspired 'Alice in Wonderland'» The Atlantic (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
- ↑ Carpenter, Humphrey. (1985). Secret gardens : a study of the golden age of children's literature. ISBN 0-395-35293-2. PMC 11814725. (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
- ↑ Badcocken argazkia estekan dago ikusgai
- ↑ (Ingelesez) «The 100 best novels: No 18 – Alice's Adventures in Wonderland by Lewis Carroll (1865)» the Guardian 2014-01-20 (Noiz kontsultatua: 2021-09-09).
- ↑ Sarasola, Ainhoa. «Eta Alizia euskaraz hitz egiten hasi zen» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
- ↑ «Pamiela Argitaletxea» Pamiela. Alizia.
- ↑ [http://www.uberan.eus/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/manu-lopez-gaseniri-elkarrizketa ««Alizia herrialde miresgarrian» liburuaren itzulpena gaurkotu du Manu López Gasenik Hitzen Uberan (2015-09-04)»] Hitzen uberan.
- ↑ «Liburua Alicetik Aliziara. Xabier Etxaniz Erle.» Argia.eus.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Olaso, Xabier; Arrazola, Amaia. (2016ko abendua). «Lurralde miresgarria» Behinola aldizkaria 34 ISSN 1575-8168..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aliceren abenturak lurralde Miresgarrian Pamiela argitaletxean
- Arratsean saioan, Manu Lopez Gaseni itzultzaileari egindako elkarrizketa. EiTB (2015-07-03)
- Alizia herrialde miresgarrian liburuaren itzulpena gaurkotu du Manu López Gasenik
Hitzen Uberan (2015-09-04)
- Liburua Alicetik Aliziara Xabier Etxaniz Erle Argia.eus 2015eko azaroaren 15a