Arabako Fournier Karta Museoa
Arabako Fournier Karta Museoa | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Gasteiz |
Arkitektura | |
Deskribapena | |
Irekitze data | 1986 Bibat 2009 |
Webgunea | Arabako Fournier Karta Museoa |
Arabako Fournier Karta Museoa Arabako Gasteiz hiriburuan dagoen kartei buruzko museo bat da. XV. mendetik gaur egun arte kartek izan duten bilakaeraren inguruko ibilbide historikoa, teknikoa eta tematikoa eskaintzen du. Museoaren bildumak kontinente guztietako karta-sortak ditu.
Museoa Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile kaleko 54. zenbakian dago, Bendaña jauregian. Jauregiari erantsitako eraikinean dagoen Arkeologia museoarekin batera, Bibat museo multzoa osatzen du, 2009. urtean eraikia.
Erakusketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibilbidea Bendaña jauregiko patioan hasten da, non kartak inprimatzeko teknika ezberdinak aurkeztu eta azaltzen baitira.
Bertan, bildumako karta zaharrenetako batzuk ikus ditzakegu, Proventzako karta-sorta edota Rhin garaiko paper orria kasu, Erdi Arokoak biak, baita Espainian XIX. mendean litografiatutako lehen karta-sortak ere.
Museoan arreta berezia eskaini behar zaio Vitoria-Gasteizen Heraclio Fournier Gonzálezek sortu eta haren iloba Félix Alfaro Fournierek jarraitutako Karta-enpresaren historia eta garapenari. Bigarren hau izan zen museo honen bildumaren sustatzailea.
Bigarren solairuko aretoak gaika antolatuta daude: jokoak, literatura, geografia, musika, magia, tarota...
Eraikina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1994az geroztik, Arabako Fournier Karta Museoko egoitza Bendaña jauregian dago. Arrieta-Maestu edo Bendaña jauregia Vitoria-Gasteizko alde zaharraren ekialdean dago. Juan López de Arrietak agindu zuen eraikitzea, 1525ean, Maestuarren Erdi Aroko dorre zaharraren orubean. Haren eraikitzea 1560an bukatu zen.
Hiru solairuko harlanduzko eraikinean Pizkunde bete-beteko antolaketa eta apaingarriak dira nagusi, batez ere, patioko ibilguan. Dena dela, eraikinak gotiko berantiarreko ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola: fatxada nagusian dagoen arku zorrozdun atea eta barruko eskaileraren gainean dagoen izar formako ganga oktogonala. Fatxadako dorre zilindrikoa jauregiaren jabeen harrokeriaren sinboloa da.
Arrieta-Maestu jauregia 1886. urtean saldu zuen urte horretan Arrietatarren oinordekotza zuen Bendañako markesak; harrezkero markesaren izenaz ezagutzen da eraikina. Urte batzuk geroago Teodoro de Aguirrek erosi zuen, eta altzarien fabrika eta erakusketarako erabili zuen, harik eta Arabako Foru Aldundiak erosi zuen arte, bai eta zaharberritu eta Fournier Karta Museo bihurtu ere.
Ordutegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Asteartetik larunbatera: 10:00–14:00 eta 16:00–18:30
- Igande eta jaiegunetan: 11:00–14:00
- Astelehenetan itxita (jaiegunetan izan ezik)
- Astelehena jaieguna izan bada, asteartean itxita
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gasteiz |