Taldeak 2001-02 denboraldian Superligara igotzea lortu zuen. 2002/2003 denboraldian Athletic Superligako euskal herritar talde bakarra izan zen, baina bere estreinaldia ohorezko mailan ezin hobea izan zen, txapeldun izatea lortu zuen eta. Apirilaren 27an lortu zuen txapelketa, Sevillako Hispalis gaindituz San Mames bete batean. “Lehoi emeek” hurrengo bi denboraldietan ere titulua lortu zuten, 2004-05 denboraldian partida bat ere galdu barik. Denboraldi hartako titulua jokalariek Bilboko kaleetan zehar ospatu zuten, milaka eta milaka zaleen artean.
2005-06 denboraldia hasi baino lehen, Iñigo Juaristik (hiru tituluak lortu zituen entrenatzailea) eta zenbait jokalarik taldea utzi zuten zuzendaritzarekiko desadostasunak zirela eta. Ondorioz Athleticek ezin izan zuen aurreko denboraldietako arrakasta errepikatu. 2006-07 denboraldian Juaristi itzuli zen taldera eta titulua berreskuratu zuten "lehoi emeek".
Superliga irabazteak Europako Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eman zion taldeari, bigarren faseraino heltzea arrakasta handiena izanez. Futboleko Espainiako Erregina Kopako finala bi aldiz jokatu du baina bietan galtzaile atera da, 2012an Espanyolen aurka luzapenean eta 2014an Bartzelonaren aurka penalti jaurtiketatan.
Hurrengo denboraldietan bigarren edo hirugarren egin du beti eta 2015-16 denboraldian bosgarren aldiz lortu zuen liga irabaztea. 2016-17an apalago ibili zen eta bosgarren egin zuen. 2017-18 denboraldian hirugarrena izan zen, Atletico Madril eta Bartzelonarengadik nahiko urruti. Erreginaren Kopako finalerdietara iritsi zen baina Bartzelonak penaltietan kanporatu zuen.
2018-19 denboraldian ere aurreneko bi postuetatik urruti dabil. Errege Kopako final laurdenetan ikusle kopuru izugarria bildu zen San Mamesen, 48.121 ikusle. Europan emakumezkoen futbol partida batek izan duen kopuru handiena da eta mundu mailako bigarrena. Atlético Madrilek 0-2 irabazi zuen partida.[1]