Bokaleko erorketa
Bokaleko erorketa | |
---|---|
Mota | atxiloketa |
Data | 1988ko otsailaren 20a |
Kokaleku | Bokale Lapurdi |
Herrialdea | Frantzia |
Parte-hartzaileak | |
Bokaleko erorketa 1988ko otsailaren 20an izan zen. Egun horretan Iparretarrak erakundeko bost kide atxilotu zituen Frantziako Jendarmeriaren Esku-hartze Taldeak Lapurdiko Bokale herrian, goizaldean. Villa Hélène izeneko etxean bilduta zeuden Filipe Bidart, Ttotte Etxebeste, Filipe Lascaray, Jean-Paul Hiribarren eta Peio Agerre. Frantziako Poliziaren 26 agentek inguratuta zeukaten eraikina, ordea. Etxetik irtetera zihoazenean Polizia tiroka hasi eta etxe barruan harrapatuta geratu ziren. Etxebeste bizkarrean jo zuen tiro batek eta elbarri utzi zuen. Filipe Bidart baigorriarra, garai hartan, Frantziako Estatuko pertsonarik bilatuena zen. Kolpe gogorra izan zen Iparraldeko erakunde armatuarentzat.[1] Poliziaren arabera taldeko militante bakarra aske geratu zen kolpe polizial horren ondorioz, Lucianne Fourcade, Filipe Bidarten neskalaguna; haien hitzetan sarekadak taldea desegitea suposatzen zuen.[2]
IKk ez zuen berriro atentaturik egin urte hartako irailaren 27ra arte. Abenduaren 12an Baionan atxilotu zuten klandestinitatean gelditzen zen kide bakarra, goian aipatutako Lucienne Fourcade, eta harekin batera beste sei lagun espetxeratu zituzten. Dena dela, 1991n erakundearen aktibitateak berriro ere indartu ziren.[3]