Edukira joan

Buruntza

Koordenatuak: 43°14′17″N 2°01′00″W / 43.2381°N 2.0167°W / 43.2381; -2.0167
Wikipedia, Entziklopedia askea
Buruntza
Datu orokorrak
Garaiera441 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak43°14′17″N 2°01′00″W / 43.2381°N 2.0167°W / 43.2381; -2.0167
MendikateaBuruntzako mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
Mendizaletasuna
Ohiko bideaAzkorteko baselizatik

Buruntza (441 m) Donostialdeko mendi bat da. Andoain (hegoaldera), Lasarte-Oria (iparraldera) eta Urnieta (ekialdera) herrien artean dago, hango herriguneetatik ere nahiko hurbil. Mendia ipar-ekialdetik hego-mendebalderako norabidean luzatzen da. Ikusgarriak dira mendiaren ekialdeko magalean dauden harrobiak, neurri handi batean mendia desitxuratu dutenak. Gailurretik gertu, Burdin Aroko kastro edo antzinako herrixka gotortu baten aztarnategia dago, monumentu-multzo izendatua.[1][2] 2013 urtetik Euskal Y sareko trenbideak zeharkatzen du tunel batez mendebaldetik ekialdera. Gertuko gailur nabarmenak Andatza (mendebaldera) eta Adarra (ekialdera) dira.

Kondairaren arabera, Buruntza menditik Sansonek habailaz botatako harri handiak sortu zuen Aballarri izeneko gailurra Adarra mendian. Hona kondaira jasotzen duen testigantza:

« Sansón beiñ juan omentzan Buruntza mendia; ta galdetu omen tziyoten se in biartzun; da esan omen tziyen, arri bat bota biartzula Aranoko erriya txikitutzeko. Saatz azal batekin iñ omentzun aballa arriyua botatzeko; ta asi omentzan pausuak ematen, indarra artzeko, aballan arriyoi zula bueltaka, Arano-aldea beira; baño, nola etzun ikusten anka nun jartze zun, ustez naiko indarra artu zun garayian, botatzeakuan, aurreko anka jarri omentzun bei-simaur pillaten gañian, ta, irristatu omentzan, da arriya eroi omentzan birian, Aerre-mendiko egalian, ta orreatik deitzen zayo Abailarri. »
Jose Iturralde, Zapel, Irurain baserria[3]

Burdin Aroko herrixka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdin Aroko garaiko herrixka gotortua txikia da (ez da hektarea batera iristen) eta 441 metroko garaieran kokatua dago, babeserako moldaturiko haitz batean, iparralderantz malda handiarekin. Hegoaldetik 200 metro inguruko harresia dago. Herrixkaren kokapena Buruntza mendiak eskaintzen duen ikuspegi zabalagatik eta babeserako aukerengatik aukeratu zela uste da.[1]

Indusketa arkeologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Buruntzako Burdin Aroko herrixkaren indusketa arkeologikoa

1989ko maiatzean aurkitu zuen herrixka Carlos Olaetxeak.[4] Urte hartan Gipuzkoako Burdin Aroko herrixkak aurkitzeko prospekzio kanpaina beste zonalde batzuetan egiten ari ziren, baina Aranzadi Zientzia Elkartean abisu bat jaso ondoren Buruntza ere aztertu zuten. Tontorretik 50 metro ingurura, hegoaldeko hegalean, tamaina txikiko terraza egitura bat aurkitu zuten, gutxi gorabehera 5 metroko zabalerakoa, eta baita, harresi edo terrazari eusteko horma osatzen duen kareharrizko harri-koskor metaketa bat ere. Terraza bi aldeetatik iparraldeko malkarrak ixten du, 0,77 hektareako azalera osatuz. Terraza mozten duen mendi-bidean ontzi baten hondoko zeramika porotsu zati batzuk aurkitu zituzten. Ondoren, inguru horretan 1x1 metroko laginketa bat egin zuten 25 zentimetro sakonduz, emaitza oso positiboekin: gutxienez hiru ontziren zatiak aurkitu zituzten eta baita hainbat ikatz zatitxo ere, New Jersey-ko Teledyne Isotopes-ek egindako datazioaren arabera k.a. 860 (± 90) urtekoak direnak.[4][5][6] Emaitza ikusirik, indusketa kanpaina abiatu zuten Andoaingo Udalak babestuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta.[4] 1992 eta 1996 artean indusketa lanak egin zituzten Carlos Olaetxearen zuzendaritzapean.[4]

Oria ibarra Burdin Aroan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oria ibaiaren ibarrean Burdin Aroko lau herrixka topatu dira: Buruntza Andoainen, Basagain Anoetan, Intxur Tolosa-Albizturren eta Murumendi Beasainen. Lau herriak, begi kolpe batean, bata bestearekin lotuta daude[7].

Buruntzako mendiko buzoia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Buruntzako mendiko buzoia

Buruntzako mendiko buzoia 1936koa da,[8] gerra aurrekoa.[9] Basabide blogeko Fernando J. Pérez-en esanetan Euskal Herrian zutik irauten duen mendiko buzoirik zaharrena izan liteke.[9] Mendikat webguneko Javier Urrutiaren esanetan berak ikusi duen zaharrena da.[10] Euskal Herriko lehen mendiko buzoia Anboton jarri zuen Bilboko Kirol Klubak 1915eko maiatzaren 30ean mendizaletasuna bultzatzeko asmoz, baina aste batzuetara apurtuta agertu zen.[11]

Andoainerantz jo aurretik, Nafarroatik Gipuzkoara sartutako bi zutabe frankistek bat egin zuten Jose Iruretagoyena Solchaga koronelaren aginduetara: batetik, Lizarratik abiatu, uztailaren 20an Altsasu hartu, eta Oria bailaratik sartu ondoren, abuztuaren 10ean Tolosa hartu zuten Pablo Cayuela Ferreira teniente koronelaren tropak, eta bestetik, Berastegitik Tolosa inguratuz Leaburutik etorritako Latorre-renak. Bi helburu zituzten: Donostia estutu eta Oiartzungo sektoreko indarrekin bat egitea, eta Tolosa segurtatzea, jeltzaleek defentsa-lerro bat ezarria baitzuten Azpeitiko errepidea moztuz.[12]

Bitartean, Andoaingo errepublikarrek defentsa prestatu zuten, eta gudariak Belabietarantz abiatu ziren Berastegitik eta Leitzaranetik zetozen kolpistei bidea moztu asmoz. Lehen borrokaldia abuztuaren 11an izan zen, eta hiru errekete eta Andoaingo Nicolas Agirre, Kaxtro, hil ziren. Tolosa erori ondoren, hurrengo egunean, Andoainerantz abiatu ziren frankistak eta errepublikarrak Buruntza - Santa Barbara - Oriamendi - Santiagomendi ilarara erretiratu ziren. Ilara horrek Astigarraga - Errenteriakoarekin bat egiten zuen, Donostia hegotik eta ekialdetik babestuz.[12]

Andoaingo borrokaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 16an Latorre zutabeko bi taldeek, Becerra eta Tutor komandantearen agindupean, San Esteban ermita ingurua eta Goiburu auzoa hartu zituzten. Becerra komandantea, sei blindaturekin Andoaingo erdigunera sartu zen, baina geratu egin behar izan zuen Zumea kalean, Donostia eta Tolosa arteko tranbiaren kotxe-tokian, bertan lubakitutako errepublikarrek tiroka erantzun ondoren. Andoaingo defentsan parrokiako dorrean ere metrailadore bat ezarri zuten. Lehen saiakeran ez zuten lortu herrira sartzerik, eta inguratzea erabaki zuten: Cayuelaren tropek ezkerreko frontea ziurtatu zuten, Zizurkil, Aduna eta Sorabilla hartuz. Frankisten aurrerapena galarazi asmoz, errepublikarrak Santa Krutz eta Bekoplazako zubiak lehertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu guztiz suntsitzea. Abuztuaren 16ko gauean, inguratuak izateko arriskuaren aurrean, Buruntzako posizioetara atzera egitea erabaki zuten. Hurrengo egunean, kolpisten kamioi blindatuen zutabea herrira sartu zen, eta Tutorren tropak Urnietarako bidean dauden gainetan kokatu ziren. Abuztuaren 18 eta 20an hegazkin errepublikarrek Andoain bonbardatu zuten, hiru hildako eta bi zauritu eraginez.[12]

Herritarren ihesaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andoaingo udal artxibategiko dokumentazioaren arabera, herriko populazioaren ehuneko hamarrak, 363 herritarrek, ihes egin zuten uztailaren 23 eta abuztuaren 18 artean. Gehienak Gipuzkoako beste herrietara ebakuatu zituzten, asko Donostia eta Zumaiara, eta gutxi batzuk Frantziara.[12]

Buruntzako borrokaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andoain okupatu ondoren, tropa kolpisten hurrengo helburua Buruntza hartzea izan zen, Donostia hegoaldetik babesteko defentsa-lerroko kokapen garrantzitsua zelako. Erasoa prestatzeko posizioak ezarri zituzten Leizotz auzoko Asu baserriko zelaietan, herriko kaskoan eta Sorabillan. Abuztuaren 22an Belkoain mendia hartzen saiatu ziren, ustez errepublikarrek abandonatu zutelako, baina Azpeititik etorritako gudariek aurre egin zieten. Hurrengo egunean, abuztuaren 23an, Buruntzako operazioak hasi ziren. Becerraren taldeak Derrepente baserriraino iristea lortu zuen arren, atzera egin behar izan zuten, ezin izan zituztelako errepublikarrak lubakietatik kanporatu. Abuztuaren 30eko goizaldean Buruntza hartzea lortu zuten arte egunero egon ziren borrokaldiak mendian, eta abiazio errepublikarrak Andoain bonbardatzen jarraitu zuen. Frankisten bandoan 80 hildako egon ziren eta Xabier Lasa Bergararen arabera 16 errepublikar hil ziren.[12]

Ondorengo gertaerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruntza hartu ondoren borrokaldiek inguruetan jarraitu zuten. Irailaren 5ean Estenaga mendia eta Oria auzoa okupatu zituzten frankistek. Irailaren 6an Urnietara sartu ziren, baina atzera egin behar izan zuten. Kolpistek Errenteriako sektoreko defentsa lerroak gainditu eta Santa Barbara hartu ondoren errepublikarrek kostalderantz erretiratu behar izan zuten.[12]

Buruntzako gurutzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Buruntzako gurutzea

Buruntzako 10 metroko altuerako gurutzea Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Falange Española Tradicionalista y de las Jonsen Andoaingo bulego nagusiaren ekimenez altxarazi zen bando nazionalean hildakoen omenez.[13] Gurutze hau Gerra Zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoan zerrendatua dago.[13] 2021eko abenduaren 17tik 18rako gauean Ernai gazte erakundeak bere gain hartutako ekintza batean eraitsi zuten arte han jarraitu zuen gurutzeak,[14] baina ez oroigarritzat jarri zuten plakak, 1960ko hamarkadan ezezagunek txikitu baitzuten.[15] Testu hau zuen plaka horrek:[13]

« Cruzados de la fe y la patria

a vuestra santa memoria

consagra el pueblo de Andoain

esperanza de nuestra redención

1936-1939

»


Gurutzearen oinean dagoen zementuzko bankuko inskripzioa "ju 1939"

1939ko uztailaren 26an Andoaingo Udalbatzak baiezkoa eman zion Falange Española Tradicionalista y de las Jonsek gailurrean gurutzea jartzeko egindako eskaerari eta Gipuzkoako baso-bulegoari jakinaraztea erabaki zuten. Udal korporazioak bat egin zuen erakunde falangistak emandako arrazoiarekin: "En memoria de los caídos en esta Santa Cruzada que gracias a Dios y a nuestro invicto Caudillo terminó felizmente" (Gurutzada Santu honetan eroritakoen oroimenez, zeinak amaiera zoriontsua izan duen Jainkoari eta gure Buruzagi garaitu gabeari esker). 1939ko abuztuaren 21ean Gipuzkoako baso-bulegoaren agiria jakinarazi zen Andoaingo Udalbatzan, baimena berresteaz gain, poza agertu zuten ekimenagatik.[15]

1939ko irailaren 3an inauguratu zuten.[13][15] Meza ospatu zuten mendian agintari eta herritarrak bertan zirela eta ondoren tontorrera joan ziren gurutzea bedeinkatu eta Buruntzako borrokaldietan hildako frankisten aldeko errespontsu bat errezatzera. Egun gutxira, irailaren 24an, beste gurutze bat inauguratu zuten gertu dagoen Belkoain mendiaren gainean.[15]

Gurutzearen oinean dagoen zementuzko bankuan eskuz egindako inskripzio hau irakur daiteke: "ju 1939".[13]

Migel Ansa Goenagaren testigantza: Buruntzako gurutze puntan ikurrina Francoren diktadura garaian.

Frankoren diktaduran gurutzean ikurrina jartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francoren diktadura garaian, ikurrina debekatua zegoenean, San Roke egun batean ikurrina jarri zuten ezezagunek Buruntzako gurutzeko puntan. Guardia zibilek ikurrina kentzeko agindua eman zuten.[16]

2021eko abendu hasieran ezezagunek gurutzea eraisteko egindako saiakeraren ondorioak

2021eko abenduaren hasieran ezezagun batzuk gurutzea eraisten saiatu ziren tresneria profesionala erabiliz: oinarrian dagoen porlana bi aldetatik puskatu ondoren, barruko burdin batzuk errotaflexarekin ebaki zituzten.[17] 2021eko abenduaren 17tik 18rako gauean eraitsi zuten.[14] Ernai gazte antolakundeak bere gain hartu zuen eraisketa Twitterren idatzitako txio baten bidez:[18][19]

« ESPAINIAR FAXISMOAREKIN HAUSTURA, GAZTEOK INDEPENDENTZIA!

Gaur, 1939an zutitutako Buruntzako gurutze Frankista eraitsi dugu. Herri honen askatasunaren bidean, gazteok ez dugu faxismoaren gorazarrerik onartuko.

​#GazteokIndependentzia

»

Buruntzaldeko Ernaik Kronikari bidali zion oharrean adierazi zuenez Buruntzako gurutzeak izaera eta helburu faxistak zituen eta herri honek jasandako zapalkuntzaren eta inposizioaren aldarria zen, 1936ko kolpe militarrean parte hartuz hil zirenak omentzeko eraiki zelako inguruko herri guztietatik ikus zitekeen leku estrategiko batean. 2021ean Euskal Herrian horrelako ikur frankistak egoteak faxismoari gorazarre egitea zilegi zela erakusten zuela esan zuten eta garrantzitsua iruditzen zitzaiela ikur horiei dagokien esanahia ematea eta ezabatzea.[20]

PSE-EE eta EAJk osatutako Andoaingo Udaleko Gobernu Taldeak adierazpen bat argitaratu zuen gurutzearen aurkako erasoa gogor gaitzetsiz eta Andoainek errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako udalerria izan behar duela nabarmenduz. Gurutzeak andoaindarrentzat duen balio sinboliko garrantzitsua ere azpimarratu zuten eta gurutzearen jatorriarekin bat ez etorri edo arbuiatu arren, alde bakarreko inposizio-ekintzak arbuiatzen dituztela adierazi. Gertatutakoa bizikidetzaren mahaira eramateko asmoa agertu zuten.[21] Aurretik Udalean ordezkatutako alderdi guztiekin adierazpen instituzional bat adosten saiatu zirela gaineratu zuten, baina EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek ezezkoa eman zietela.[22]

Andoainen frankismoak eragindako biktimen eskubideen alde lan egiten duen "Oroituz, Andoainen" elkarteak agiria zabaldu zuen. Andoaingo Udal artxiboko dokumentuek, prentsa historikoak eta lekukotza pertsonalek gurutzearen jatorriaren gaineko zalantzarik ez dutela uzten adierazi zuten. Gurutzea Buruntzako punturik altuenean jarri ordez inguruko herrietatik gehien ikusten den lekuan jartzea erabakitzean, bando frankistako hildakoak ohoratzeaz gain, nork irabazi zuen eta nork agintzen zuen ikusarazi nahi izan zutela, biktimak umiliatuz. Elkartea 2007ko memoriaren legearekin oso kritikoa da, baina beren ustez egokiena ikur frankistak kentzea agintzen duen kapitulua aplikatuz Buruntzako gurutzea dagoeneko erretiratuta egotea litzateke, aldi berean Buruntzaldeko herritarren artean pedagogia eginez, gurutzearen historiari buruzko ezjakintasuna handia delako.[23]

Lasarte-Oriako PSE-EEk, EAJk eta ELOPek (Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos) adierazpen bateratua bidali zioten Txintxarri herri aldizkariari gertaera arbuiatuz. Gurutzea frankistek estatu-kolpearen ondorengo gerra garaitzean eraiki zuten arren, herritarrek esanahi berria emanez onartua zutela eta Buruntzaldean esanguratsua zela adierazi zuten, eta azpimarratu zuten gurutzea eraistea errespetu falta iruditzen zitzaiela gurutzeari beste esanahi bat ematen zietenekiko.[24]

Memoria historikoa berreskuratzearen alde lan egiten duen Lasarte-Oriako Islada Ezkutatuak taldeak ere oharra bidali zuen Txintxarri herri aldizkarira. Buruntzako gurutzea demokraziaren aurka altxatutakoek gerra irabazi ondoren eraikitako monumentua zela zalantzarik ez dagoela adierazi zuten, eta helburua erregimena sortzen lagundu zutenen glorifikazio eta oroitzapena zela. Elkarteak gogorarazi zuen 2007ko abenduaren 26ko 52/2007 Memoriaren Legearen arabera herri-administrazioek horrelako oroigarriak kentzeko eskumena izan arren, ez dutela horrelakorik egin. Sinbolo frankista hauek aspaldi desagertuta egon beharko luketela esan zuten eta horren ardura administrazio publikoak hartu beharko lukeela bere gain, ez beste edozein erakundek. Beren ustez eraisketa inguruko biztanle gehienen iritzia kontuan hartu gabe egin zen eta gurutzearen iraupena ikusita, kanpaina pedagogiko bat egin behar zen sinboloaren jatorria eta esanahia ezagutzera emateko.[25]

Espainiako Abokatu Kristauen salaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko uztailaren 18an Tolosako 3. Instrukzio Epaitegiak bideokonferentzia bidez deklaratzera deitu zuen Ernairen legezko ordezkaria, Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak salaketaren ondorioz.[26] "Erlijio sentimenduen aurkako delitua, gorrotoa bultzatzea, ondareari kalteak eragitea" eta "legez kanpoko elkartzearen larrigarria" aipatzen ziren salaketan. Ez zen epaiketarik egin.[27]

Ernairen plaka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko uztailaren 18an Ernaik plaka bat jarri zuen gurutzea egondako hormigoizko plataformaren ertz batean. Sare sozialetan zabaldu zuten bideo batean, Buruntzakoaz gain, frankismoan zutitu eta Ernaiko kideek eraitsitako gurutzeak egondako hainbat lekutan plakak jartzen ageri dira: Ondarroa, Lemoa, Barakaldo...[28]

Testu hau du plakak:[28]

« AURREAN GARA GAUR

Ernaik Buruntzako gurutze frankista eraitsi zuen hemen. Faxismoaren gorazarre lekua izatetik, askatasunaren alde eroritakoen oroimen lekua bihurtu dugu. Izan dadila Euskal Herri aske eta antifaxistarena ere bai.

»


Buruntzako ikurrina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikurrina Buruntzako tontorrean

2022ko urriaren 1ean, ikurrina jarri zuten Andoaingo abertzale batzuk Buruntzako tontorrean masta handi baten gainean,[29] 2021eko abenduan Ernaiko kideek eraitsi zuten arte gurutzea egondako lekuan.[30] Ikurrina eta masta zuria metalezkoak dira.[31] Egituraren oinarrian ikurrina noiz jarri zuten ikus daiteke: "2022-X-1".[31] Prestaketa lanak astean zehar egin zituzten. Ikurrina eta masta bizkarrez igo eta Buruntzako tontorrean bertan muntatu zuten egitura. Urriaren 28an ikurrina zutitu zuen Andoaingo talde abertzaleak ekintzaren irudiak dituen bideoa zabaldu zuen.[32]

Buruntzako harrobiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruntzan bi harrobi daude: bat Andoaingo lurretan kokatua, 1910ean hasi ziren ustiatzen, bestea Andoain eta Urnieta artean zatitua, 1956an.[33]

1910ean Rezola zementu lantegiak errentan hartu zuen Andoaingo herri-lurretan kokatutako harrobia. Urtean 2.000 metro kubiko eskuratzen zituzten. Añorgako fabrikatik urrun egon arren, garai hartan proiektuan zegoen Donostia eta Tolosa arteko tranbia erabiltzen hasi ziren laster, konboi berezietan ontziratze erregularrak eginez.[34]

1950eko hamarkadan harriaren lehen haustura egiteko eraikin bat jarri zuten harrobian. Ordura arte Añorgako fabrikan egiten zuten lan hori. Une hartan egunean 400 tona ekoizten zituen harrobiak batez beste.[35]

Ondasun nabariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Roke baseliza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «San Roke baseliza (Andoain)»

San Roke baseliza 340 metroko altueran dago, Buruntza mendiko tontorretik gertu, harrobiaren gainean. Zementuzko eraikin txiki bat da. 4,3 x 3 metroko barne azalera du, eta 3,8 metroko altuera. "ERROKE DEUNA" idazkuna duen burdin forjatuzko ate batek ixten du eraikina. Barrualdea azulejo zuriz apaindua dago. San Rokeren hiru irudi egon dira baselizan. Baselizatik gertu mahaiak eta tximinia dituen zementuzko babeslekua dago.[36] Tradiziozkoa zen abuztuaren 16an, San Roke egunean meza errezatzea. Data horretan Andoaingo Buruntza auzoko jaiak ospatzen dira.[37]

Urtezahar eguneko erromeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte-Oriako Ostadar Saiarre Kirol Taldeak eta Ttakun Kultur Elkarteak hamaiketakoa eta erromeria antolatzen dute urteko azken egunean Buruntzako San Roke ermitan.[38][39] 2020 eta 2021ean bertan behera utzi zuten ospakizuna COVID-19 pandemiagatik.[40][41]

Ohiko igoera Azkorteko lepoan hasten da (210 m), non baseliza bat dagoen, eta ongi markatutako bidezidor batetik jarraitzen du gailurreraino, non porlanezko kristau gurutze handi bat dagoen. Gailurretik hego mendebaldera San Roke baseliza txikia eta aterpe bat daude.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Peñalver Iribarren; San José Santamarta, Sonia; Lamia. (2003). «Bertan 20 - Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Kapitulo 7: Etxebizitzak» bertan.gipuzkoakultura.net (Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.) (Noiz kontsultatua: 2020-09-07).
  2. «38/2010 DEKRETUA, 2010eko otsailaren 2koa, Andoainen (Gipuzkoa) dagoen Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa, Monumentu-Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena» EHAA.[Betiko hautsitako esteka]
  3. (Gaztelaniaz) Laborde, Manuel. (1950). «Aballarri, las Baleares y sus honderos» Munibe.
  4. a b c d (Gaztelaniaz) Olaetxea, Carlos. (1997). [http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/1997111133AA.pdf «Memoria de las excavaciones arqueológicas en el Poblado del monte Buruntza 1992 - 1996 (Andoain, Gipuzkoa)»] Munibe (Antropologia-Arkeologia) (Donostia: Aranzadi Zientzia Elkartea) 49: 111-133. ISSN 1132-2217..
  5. (Gaztelaniaz) Olaetxea, Carlos. (1991). «Tres nuevos poblados de la Edad del Hierro en la Protohistoria de Gipuzkoa» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Aranzadi Zientzia Elkartea) 43: 177-178..
  6. (Gaztelaniaz) Olaetxea Elósegi, Carlos. (1991). PROSPECCION ARQUEOLOGICA ORIENTADA A LA LOCALIZACION DE POBLADOS DE LA EDAD DEL HIERRO EN GIPUZKOA, CAMPAÑAS DE 1987-88; 1988-89 Y 1989-90. Eusko Ikaskuntza, 211-214 or..
  7. «Burdin Aroa ikergai Anoetan - Anoeta» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  8. Aldalur Zulaika, Asier. (2017-12-10). «Euskal Herria mendiz mendi: BURUNTZA (441M) GIPUZKOA (2017 azaroak 17)» Euskal Herria mendiz mendi (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  9. a b (Gaztelaniaz) J. Pérez, Fernando. «Buruntza, el buzón montañero más antiguo de Euskadi | Basabide - Blog elcorreo.com» blogs.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  10. (Gaztelaniaz) Urrutia, Javier. «Mendikat → Buruntza (441 m)» www.mendikat.net (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  11. Valle Sarasketa, Nagore. (2015-06-12). «ANBOTO MENDIKO BUZOIA, MENDE BAT HODEI ARTEAN» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  12. a b c d e f Barruso Barés, Pedro. (2017). GERRA ZIBILA ETA FRANKISMOA ANDOAINEN (1936-1975) - GUERRA CIVIL Y FRANQUISMO EN ANDOAIN (1936-1975). Andoaingo Udala, 513-515 or..
  13. a b c d e Gerra zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalagoa (sic). (Noiz kontsultatua: 2018-06-21).
  14. a b «Buruntzako gurutzea eraitsi dute - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-18).
  15. a b c d «Gurutzea frankistek zutitu zuten - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-18).
  16. «Buruntzako gurutze puntan ikurrina - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  17. «Buruntza mendiko gurutzea eraisten saiatu dira - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
  18. «Ernai gazte antolakundeak bere gain hartu du Buruntzako gurutzearen eraistea - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-18).
  19. «Ernai Buruntzaldearen txioa» Twitter (Noiz kontsultatua: 2021-12-18).
  20. ««Herri honek jasandako zapalkuntza baten aldarria zen Buruntzako gurutzea» - Urumea» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  21. Gobernu Taldearen adierazpena Buruntzako gurutzearen aurkako erasoaren aurrean. Andoaingo Udala.
  22. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «Ernai reivindica el derribo de la cruz del monte Buruntza en Andoain» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-20).
  23. «Oroituz oroimen-taldearen agiria, Buruntzako gurutzea eraitsi dutela-eta - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-20).
  24. «Buruntzako gurutzearen suntsiketa gaitzetsi dute - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  25. «Islada Ezkutatuak taldeak oharra argitaratu du, Buruntza mendiko gurutzea eraistearen harira - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  26. Berria. «Epaileak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntzako gurutzearen eraisketagatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  27. «Buruntzan eraitsitako gurutze frankistaren tokia ikurrinak hartu du» naiz: 2022-10-17 (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  28. a b «Ernaik Buruntzan eraitsitako gurutzean plaka bat ipini du - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  29. «Mendizaleek Ikurrina topatuko dute aurrerantzean, Buruntzara iristean - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  30. «Andoaingo abertzale batzuk bere gain hartu dute ekintza - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  31. a b «Ikurrina bat jarri dute Buruntza mendian, duela gutxira arte gurutzea zegoen tokian - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  32. «Buruntzan ikurrina jarri zuen abertzale taldeak bideoa zabaldu du - Andoain» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
  33. «Buruntzako bi harrobien airezko irudiak - Eskualdea» Aiurri.eus 2022-12-05 (Noiz kontsultatua: 2022-12-19).
  34. (Gaztelaniaz) Cementos Rezola. 150 años de historia. Cementos Rezola - Italcementi Group, 62 or..
  35. (Gaztelaniaz) Cementos Rezola - 150 años de historia. Cementos Rezola - Italcementi Group, 68 or..
  36. (Gaztelaniaz) Agirre Sorondo, Antxon. Las ermitas de Andoain. , 103-107 or..
  37. (Gaztelaniaz) Agirre Sorondo, Antxon. Las ermitas de Andoain. , 103-107 or..
  38. San Roken urteari agur esango diogu – Ostadar SKT. (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  39. Urteari agur esateko erromeria San Roken – Ostadar SKT. (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  40. Buruntzako erromeria bertan behera – Ostadar SKT. (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  41. «Ostadar SKTk bertan behera utzi du abenduaren 31ko erromeria - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]