Calahorrako katedrala
Calahorrako katedrala | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Errioxa |
Errioxako udalerri | Calahorra |
Koordenatuak | 42°17′56″N 1°57′27″W / 42.298919°N 1.957528°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | XV. mendea |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Calahorrako eta La Calzada-Logroñoko elizbarrutia Diocese of Calahorra y La Calzada (en) Q50361156 |
Izena | Maria |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000700 |
Webgune ofiziala | |
Andre Mariaren katedrala (gaztelaniaz: Catedral de Santa María) Espainiako Errioxa autonomia erkidegoko Calahorra hiriko katedrala da. Logroñoko eta Santo Domingo de la Calzadako katedralekin batera, Calahorra eta La Calzada-Logroñoko diozesiaren egoitza da. Gotiko eta barroko estiloetan 1484-1772 bitartean eraiki zuten.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurelius Prudentius Clemens IV. mendeko poeta calahorratarrak aipatu zuen San Emeterioren eta San Celedonioren martirioaren tokian, Cidacos ibaiaren ertzeko hareatan ("El Arenal"), haien omenezko bataiotegia bazegoela eta erromesak etorri eta sendaketak gertatzen zirela. Honek azalduko luke katedrala hiriko harresietatik kanpora eraiki izana. Hasierako tenplo txiki haren tokian katedral erromanikoa eraikitzeko lanak abiatu ziren 1443an. Elizbarruti garrantzitsu batetako katedrala izan behar zuen baina historian zehar izandako diru gabeziek eraikuntza asko atzeratu zuten eta azkenengo eraiki ziren atalek gotiko berantiarraren estiloa dute.
Arkitekto bizkaitarrak aritu ziren diseinatzen eta eraikitzen[1] eta Karmeldarrek ere hartu zuten parte. 1724 eta 1774 artean Juan Miguel Mortela izan zen proiektuari amaiera eman ziona[2].
Hasierako kapera erromanikoen alboan klaustroa eraiki zen, ondoren dorrearen zati bat, gero burua, gurutzadura, habeartea, gainerako kaperak, iparraldeko atea, koroa, dorrea amaitu zen eta azkenik eliz ataria. Katedrala 1704an amaitu zen, aurrealde barrokoa eraiki zenean. Ordutik eta 1772 artean eraikina apaintzen aritu ziren.
1900. urtean sute bat jasan zuen eta berreraikitze-lanek 1904ra arte iraun zuten. 1931n monumentu izendatu zuten.
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alfarotik ekarritako hareharri karetsu gorriz eraiki zen katedrala[3].
Kanpoaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrealde nagusian estilo barrokoan eraikitako atea dago, Puerta del Moral izenaz ezagutzen dena[2]. Ramón, Juan eta Santiago anaiek eraiki zuten 1680 eta 1704 artean eta aurrez zegoen ate gotiko bat ordezkatu zuen. Errioxan aurrez ikusi gabeko apaindurak ditu, kapitel korintiarreko zutabeak, landare, lore eta fruita itxurako erliebeak...[2] Erretaula baten itxura du eta frontoi triangular batez amaiturik dago. Iparraldeko horman San Jeronimoren atea dago 1559an eraikia plateresko estiloan[4]. Tinpanoan Amabirjina ageri da alboetan San Emeterio eta San Celedonio martiriak dituela.
Fatxada nagusiaren eskumara dorrea dago. Eraikineko alde zaharrena da eta zortzi solairu ditu. Lehenengo bostak Erdi Arokoak dira, hurrengo biak, txikiagoak, Pizkunde garaikoak eta azkenengoa XIX. mendean adreiluz eraikitako dorretxo oktogonala da. Azken hiru solairuek osatzen dute kanpandorrea[5].
Katedralaren aurrean enparantza aurkitzen da. Haize-arrosa baten irudia aurkitzen da zoruan[6].
Barnealdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikinak hiru habearte, gurutzadura, deanbulatorioa, hamasei kapera, klaustroa eta sakristia ditu, denak ala denak XV mendearen amaieran eta XVI. mendean zehar eraikiak. San Pedroren eta Ikustaldiaren kaperetan erretaula platereskoak ditu eta hesiteria gotikoa. Bataiarria ikusgarria da eta XIV. mendeko eskultura batek Cristo de la Pelota irudikatzen du.
Kaperak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Katedral barneko hamasei kaperak honela antolaturik daude:
- Ezkerreko habeartean:
- San Joan Bataiatzailearen kapea
- Bataioaren kapera
- Ikustaldiaren kapera
- Esteban apezpikuaren hilobia
- Jesus haurraren kapera
- Deanbulatorioan:
- Izpiritu santuaren kapera
- Pilarreko Amabirjinaren kapera
- Emeterio eta Celedonio martiri santuen kapera
- Pelotako kristoaren kapera
- San Joseren kapera
- Eskumako habeartean:
- Sortzez Garbiaren kapera
- Santa Anaren kapera
- San Pedroren kapera
- Santa Luciaren kapera
- Errosarioko Amabirjinaren kapera
Koroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oinplano errektangularra du koroak, 14 metro luze eta 7'5 metro zabal dena, eta Pizkundeko estiloan eraikita dago[7]. Pedro de Olavek eraiki zuen 1525. urtean[1], baina aulki guztiak 1539 arte ez ziren ezarri. Guillén de Holanda eskultoreak egin zituen Juan de Hortega de Sosa eta Juan de Artiaga laguntzaile zituela[8]. Pedro de Lazcano iruñearrak egin zuen 1614an koroa ixten duen hesia.
Organoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo organoa Calahorrako katedralak izan duen bosgarrena da. Roqués e Hijos lantegiak eraiki zuen 1917an eta Hernaniko Usabiaga anaiak enpresak berriztu zuen 1996an[9].
Klaustroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Katedralaren hegoaldeko hormaren kontra eraiki zen klaustroa. Gurutzaduraren eta azkenengo kaperaren arteko luzera hartzen du. Santa Luciaren kapera horren ondoan arkudun ate bat eraiki zen katedral barnetik klaustrora igarotzeko. Klaustroaren gangatan izar itxurako gurutzadura duten arkuak ikusten dira[1].
Elizbarrutiko museoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sakristian eta klaustroan Elizbarrutiko museoa dago. hainbat elementu aipagarri ditu ikusgai; XII. mendeko Biblia, Henrike IV.a Gaztelakoak emandako Custodia del Ciprés (XV. mendekoa)[2], itsasbarraskiloaren oskolaz eta latazko filigranaz eginiko nabeta eta juduen Tora bat[10].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Catedral de Calahorra / Edificio / Otros / Claustro/Museo Diocesano» www.catedralcalahorra.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ a b c d «ISSN 1137-0572 (Print) | Kalakorikos | The ISSN Portal» portal.issn.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ «ISSN 0210-6558 (Print) | Boletín de la Sociedad Española de Mineralogía | The ISSN Portal» portal.issn.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ [http://www.catedralcalahorra.org/sanJeronimo.html «Catedral de Calahorra / Edificio / Exterior / Portada de San Jer�nimo»] www.catedralcalahorra.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ «Catedral de Santa María - 240 (LA RIOJA)» campaners.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Catedral de Santa María Calahorra - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ «ISSN 0210-8550 (Print) | Berceo | The ISSN Portal» portal.issn.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ Calatayud Fernández, Elena; González Blanco, Antonio. (1984). El coro de la Catedral de Calahorra. Amigos de la Historia de Calahorra ISBN 84-7359-231-X..
- ↑ «La Noticia CALAHORRA LA RIOJA Visita a la Catedral con Amigos de la Historia» www.lanoticia.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- ↑ «La Torah de Calahorra» www.ayto-calahorra.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).