Chihiroren bidaia
Chihiroren bidaia (japonieraz: 千と千尋の神隠し Sen to Chihiro no Kamikakushi , hitzez hitz «Senen eta Chihiroren bidaia espirituala») Japonia anime film bat da, Hayao Miyazaki autore ezagunak idatzia eta zuzendua, Ghibli Estudioarekin.
Filmak hainbat sari jaso zituen, hala nola marrazki bizidunetako film onenaren Oscar Saria edota 2002ko Berlingo Zinema Jaialdiko Urrezko Hartza.
Istorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du. |
Chihiro 10 urteko neska da, eta bere gurasoek -Akio eta Yugo- etxez aldatu behar dutela esaten diotenean, asko nahigabetzen da. Abiatzean, Chihirok bere lagunek oparitu dioten lore-sorta besarkatzen du, berarekin oroitzapen guztiak eramango balitu lez.
Etxe berrirako bidean galdu egiten dira eta tunel misteriotsu bat aurkitzen dute, eta jakinguraz beterik, barnera doaz, jakin barik jainkoentzako opor toki batean sartu direla, nolabait espirituen mundu mitologiko japoniarra (Shinto tradiziotik hartua). Familia txikia itxuraz abandonaturiko herri baten kalean sartzen da, jatetxez betea, eta aitak bazkaltzeko leku on bat topatzen du. Chihiro kanpoan gelditzen da, zalantzakor, bere gurasoak urde batzuen moduan jaten ikusten dituela. Eta, egitez, txerri bihurtzen dira!
Chihiro ikusezin bihurtzen hasten denean bere itomena larritu egiten da, baina orduan Haku izeneko mutiko misteriotsu batek kontsolatu egiten du eta jateko zerbait ematen dio berriz ikuskor bihur dadin. Haku jauregian bizi da, baina ez bere borondatez. Yubabaren espiritu jauregian barna jagoten du Chihiro, eta arriskurik gabe irauteko biderik onena bainuetxean lana bilatzea dela ohartarazten dio. Bainuetxe erraldoi hau jainkoek euren hezur nekatuak atsedentzeko darabilte.
Chihirok Hakuren aholkua jarraitzen du, eta eskailera batzuetan behera eginez, galdara gelarantz abiatzen da, Kamaji izeneko sei besoko gizon bati lan eskean. Honek gutxietsi egiten du neskatoa, harik eta espiritu ikatz-garraiatzaile bat (Totoro auzokidea filmeko zantzua) ikatz-koxkor handiegi baten azpian trabatzen den arte. Chihirok espirituaren tokia hartzen du eta Kamajiri janaria dakarkio. Kamaji neska gogoko izaten hasten da, eta bainuetxean lana lortzen laguntzen dio.
Lin izeneko emakume gazte batek jauregi erraldoian oharkabean ibiltzen laguntzen dio, lankide bat janariarekin distraituz, Chihiro igogailu batean errefau-espiritu lodi baina on batekin sartzen den bitartean.
Yubabaren atikorantz bultzatua, Chihirok emakume arranditsu baina izugarria ezagutzen du (Alizia Mirarien Herrialdean obrako Dukesa Itsusiaren erreminizentzia), zeinak ume berdinki izugarria (eta erraldoia) itsuki maite duen. Chihirok setati eta hisiaka eskatzen dio lana, eta azkenean Yubabak onartu egiten du, Chihirok bere izena ematearen baldintzarekin (Itsasneska Txikia filmean Ursula sorginak Arielen ahotsa eskatzen duenean bezala). Yubaba literalki Chihiroren izenaren jabe egiten da, kontratuko karaktere txinatarrak bere eskuetan hartuz eta Chihirori bere bi karaktereko izenetik bat utziz, "Sen" ahoskatzen dena. Izenaren jabe egiteak pertsona horrekiko boterea ematen dio Yubabari, eta bainuetxean betirako egotera behartzen du.
Lanean ari dela, Chihirok Aurpegi Gabea izeneko espiritu bati sartzen uzten dio, eta honek, eskerrak emateko, bere lanetako batean laguntzen dio. Halere, zoratu egiten da eta bainuetxeko langileak urrearekin engainatzen ditu, segituan irensteko. Bitartean Haku, dragoi baten forma harturik, paperezko objektu hegalari batzuek jarraitu eta erasotzen dute. Larriki zauritzen dute baina Yubabaren etxerainoko bidea egitea lortzen du. Senek jarraitu egiten du, paper hegalari horietako bat bizkarrean atxiki zaiola konturatu gabe.
Yubabaren ume erraldoiarekin topatzen da eta honek berarekin jolastu nahi du, baina beragandik aldentzea lortzen du eta Haku aurkitzen du, egiatan mindurik. Bere bizkarreko paperezko objektua Zeniba bihurtzen da, Yubabaren bikia, Haku jarraitzen ari zena, zigilu bat ostua ziolako. Zenibak ume erraldoia sagu baten antzeko izaki bihurtzen du, zarata gehiegi egiten duelako. Hakuk Zenibaren paperezko txotxongiloa bitan mozten du buztanarekin, Zenibaren irudia apurtuz. Orduan Haku zulo batetik erortzen da Sen berarekin eramanez, eta Kamajiren gelan bukatzen dute, arriskuz kanpo.
Senek Hakurekin tratatzea eta Zenibari ostutako zigilua egoztea lortzen du. Zenibari zigilua bueltatzea erabakitzen du, eta Aurpegi Gabearekin eta ume-saguarekin abiatzen da bere etxerantz. Yubaba asko haserretzen da bere umea falta dela ikustean, baina Hakuk akordio batera iristea lortzen du: berak umea bueltan ekarriko du eta Yubabak ordainetan Senen gurasoak askatu beharko ditu.
Hakuk (dragoi eran) Zenibaren etxean aurkitzen du Sen, eta biek batera bainuetxera egiten dute hegan. Bidean, Senek Haku erreka-espiritu bat dela gogoratzen du eta bere benetako izena diotso. Honek Haku Yubabagandik askatzen du. Bainuetxean, Senek azken froga bat burutu behar du bere gurasoak askatzeko: urde talde batean ezagutu behar ditu. Zuzen erantzuten du bere gurasoak han ez daudela esanez, eta ondorioz bera eta bere gurasoak aske dira hilkorren mundura itzultzeko.
Gaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Miyazakiren pertsonaiek ezaugarri baikorrak eta ezkorrak dituzte egoera ezberdinetan.
Batzuen aburuz, filma haurtzarotik nagusitasunerako bilakaeraren alegoria bat da, eta bilakaera honetan norberaren natura galtzearen arriskuarena. Norbaitek bere izena galduz gero mundu batean galduta aurkitzearen gaia, Michael Ende autorearen "Istorio Amaigabea" obrako oihartzuna da, baina benetako izenek sarritan dute botere magikoa ipuin herrikoietan (adibidez Rumpelstiltskin-en). Era berean, Chihiro eta Haku Yubabaren menpean egongo dira euren izenak, eta kontsekuenteki euren nortasunak ahazten badituzte.
Pertsonaia nagusia ume zakar, mainatu eta japoniar oso modernotzat ere har daiteke, japoniar kultura eta gizalege tradizionalagoekin haztera behartua. Miyazakik berak esan du filmean Japonia zaharrago baten nostalgia elementua ageri dela.
Beste ikuspuntu batek dio filmak zikoizkeriaren prebentzioa gomendatzen duela: Aurpegi Gabeak jandako pertsonek eskaintzen zitzaien urrea besterik ez zuten nahi. Halaber, heroiaren bidaiarekin alderatuz, Yubabaren etxe aberatsak eta urrearekiko interesak "proben bidea" osotzen dute, eta Zenibaren landetxeak eta amama-jokabideak bere bilaketako "bedeinkapena" lortzen laguntzen diote Chihirori. Gainera, Chihiroren gurasoen bilakaera groteskoa giza zekenkeriaren edo gularen beste errepresentazio bat da.
Filmeko beste gai bat ingurumen-kontzientzia da. Honen adibide bat erreka-espirituaren eraldaketa dramatiko eta ederra da, izan ere, gizakiok beragan jaurtitako zarama desagertzean gertatzen da; edota Haku etxera itzuli ezin deneko arrazoia Kohaku errekaren gainean apartamentuak eraiki direla izatea, bera erreka honetako espiritua baitzen.