Eider Mendoza
Eider Mendoza Larrañaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974ko apirilaren 16a) gipuzkoar ekonomialari eta politikari jelkidea da, 2023ko ekainetik aurrera Gipuzkoako diputatu nagusia. Kargu hori betetzen duen lehen emakumea da. Enpresa Zientzietan lizentziatua, 2001 eta 2011 bitartean EAJko eusko legebiltzarkidea izan zen, VII., VIII. eta IX. legealdietan. 2011 eta 2019 bitartean Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea izan zen; aurrena bertako lehendakariordea izan zen, eta 2015-2019 legealdian Batzar Nagusietako lehendakari izendatu zuten.[1] 2019az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta gobernantza diputatua izan zen. 2020ko azarotik aurrera Gipuzkoako diputatu nagusiordea ere izan zen. 2023ko foru hauteskundeetan EAJren Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia izan zen, eta 2023ko ekainean diputatu nagusi izendatu zuten.
EAJren Hondarribiko uri buru batzarreko kidea da, eta EGIko erki batzordeko kidea izandakoa da. Bere jardun politikoaz gain EITBko zenbait saiotako (Mezularia, Faktoria, Debatea, Egun on Euskadi) tertuliakidea eta Kutxako batzarreko kidea izandakoa da, baita idatzizko prentsako kolaboratzailea ere.
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ama azkoitiarra eta aita azpeitiarra ditu. Mendoza Azpeitian jaio zen, eta bertako Etxe Alai auzoan bizi izan zen lau urtez. Jesuitinen ikastetxean eskolatu zuten gurasoek, baina lau urte zituela familia Hondarribira joan zen bizitzera. Txikitan Hondarribiko Eskifaia Txiki abesbatzan kantatu zuen.[2] Familiatik zetorkion politikarako joera, bereziki amaren aldetik, eta 16 urterekin EAJren EGI gazte-erakundeko kide egin zen.[3]
1992an Enpresa Zientzien ikasketak hasi zituen Bordeleko École de Commerce Européenne eskolan (Frantzia), eta Nazioarteko Merkataritzan espezializatuta lizentziatu zen 1996an.[4] Lizentziatura egiten ari zela Euskadiko, Frantziako eta Ingalaterrako enpresetan egin zituen praktikak. Politikan sartu aurretik Irungo logistika eta nazioarteko garraio enpresa batean egin zuen lan komertzial gisa, 1997tik 2001era arte.[5] 2001etik eszendentzian dago.
Eusko legebiltzarkidea (2001-2011)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan legebiltzarkide hautatua izan zen Gipuzkoako zerrendatik. Hiru legealdiz jardun du Eusko Abertzaleak taldeko legebiltzarkide gisa, 2011ra arte. 2005 eta 2006 bitartean Eusko Alkartasuna taldeko legebiltzarkidea izan zen.[6] EAJren taldeko koordinatzailea izan zen, eta alderdiaren bozeramailea politika sozialen arloan.
VII. legealdia (2001-2005)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idoia Zenarrutzabeitia ordezkatuz iritsi zen legebiltzarrera. Bere lehen legealdian batzorde hauetako kidea izan zenː Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordea; EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea (bi horietan Bakartxo Tejeria ordezkatuz); Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordea; Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordea (bi horietan Gema Gonzalez de Txabarri ordezkatuz).
Legealdian zehar Hezkuntza eta Kultura Batzordeko kidea eta Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeko kidea ere izan zen, hurrenez hurren Nerea Antiak eta Gema Gonzalez de Txabarrik ordezkatu zuten arte.
VIII. legealdia (2005-2009)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legealdi honen hasieran Eusko Alkartasuna taldeko legebiltzarkidea izan zen, 2006an berriz ere EAJren taldera igaro arte. Legealdian zehar Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeko kide eta Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordeko kide izaten jarraitu zuen. Osasun Batzordeko kidea ere izan zen, Xabier Agirre ordezkatuz. Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeko kidea izaten jarraitu zuen, eta gerora bertako lehendakariorde izendatu zuten. Postu horretan paper garrantzitsua izan zuen Familiei Laguntzeko 2008ko legean, baita 2008ko Gizarte Zerbitzuei buruzko legean ere.
Era berean, VIII. legealdian etorkizuneko Balenciaga museoari buruz atzemandako irregulartasunak ikertzeko batzordeko kidea izan zen.
IX. legealdia (2009-2011)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IX. legealdian Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeko; Osasun eta Kontsumo Batzordeko eta Bateraezintasun Batzordeko kidea izan zen. 2011ko ekainean legebiltzarkide izateari utzi zion Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide hautatua izan ondoren, eta Kerman Orbegozok ordezkatu zuen legebiltzarrean.
Gipuzkoako batzarkidea (2011-2019)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko foru hauteskundeetan EAJren zerrendan aurkeztu zen Bidasoa-Oiarzun barrutian eta batzarkide hautatua izan zen. 2019ra arte iraun zuen batzarkide gisa, bi legealdiz, eta 2015-2019 bitartean Batzar Nagusietako lehendakaria izan zen.
Batzar Nagusietako lehendakariordea (2011-2015)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011-2015 legealdian Batzar Nagusietako mahaiko lehen lehendakariordea izendatu zuten. Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeko; Etorkizuneko Batzordeko; Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordeko eta Lapurtutako haurrei eta adopzio irregularrei buruzko Azterketa-Batzordeko lehendakariordea ere izan zen legealdian zehar. Gizarte Politikako Batzordeko bozeramailea izan zen.
Batzorde hauteko kidea izan zenː Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Batzordea; Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Batzordea; Gipuzkoako BNen 2012. urterako aurrekontuaren genero-eragina ebaluatzeko jarraipen-batzordea; Bakeari buruzko Talde Txostengilea; Ogasun eta Finantza Batzordea; Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordeko Talde Txostengilea; Azpeitiko Epaitegian Gipuzkoako Foru Aldundiak sartu zuen kereilaren inguruko Ikerketa-batzordea eta Lurralde Garapeneko Batzordea.[7]
Horretaz gain, EAJren taldearen koordinazioaz arduratu zen eta alderdiaren bozeramailea izan zen gizarte-politika gaietan.
Batzar Nagusietako lehendakaria (2015-2019)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015eko foru hauteskundeetan EAJk eskuratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Mendoza Batzar Nagusietako lehendakari izendatu zuten. Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeko; Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordeko eta Batzar Nagusietako Araudian aldaketak egiteko Ponentziako lehendakaria ere izan zen legealdi honetan zehar.[8]
Gipuzkoako Foru Aldundia (2019-2023)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2019ko foru hauteskundeetan EAJk Batzar Nagusietako lehendakari gisa errepikatzeko hautagai gisa aurkeztu zuen, eta berriz ere batzarkide hautatua izan zen. Hala ere, foru gobernuko kide izatera igaro zen eta Elixabete Muruak ordezkatu zuen Batzar Nagusietan.[9] 2019az geroztik Gobernantza diputatua eta foru bozeramailea da.[10] 2020ko azaroan Markel Olano diputatu nagusiak foru gobernua berregituratu zuen, eta Mendoza lehen diputatu nagusiorde izendatu zuen.[11]
Olanoren azken legealdia izanda, izendapen horrek Mendozaren protagonismoa handitu zuen foru gobernuan, eta zenbait komunikabidek Olanoren ondorengoa izan zitekeelako ideia hauspotu zuten.[12][13] 2022ko udazkenean, hurrengo maiatzeko hauteskundeetarako hautagaiak izendatzeko EAJren barne-prozesua hastear zegoela, Mendozaren izenak indar handia hartu zuen komunikabideetan.[14][15][16][17] Urriaren 25ean jakin zen bera izango zela GBBk alderdiaren oinarriei proposatuko zien izena Gipuzkoako diputatu nagusigai izateko.[18][19] 2022ko abenduaren 2an alderdikideek aho batez onartu zuten bere hautagaitza.[20] Era horretan, kargu horretarako EAJk aurkezten duen lehen emakumea bilakatu zen.
2023ko foru hauteskundeetan, Mendoza buru zuen EAJren hautagaitzak botoen %32,04 eta 17 batzarkide eskuratu zituen. EAren banaketatik, EAJk lortutako bigarren emaitza onena izan zen botoen ehunekoan (EAJk 2019an soilik eskuratu zuen ehuneko handiagoa, nahiz eta 2015ean ehuneko txikiagoarekin batzarkide bat gehiago eskuratu). Aurreko hauteskundeekin alderatuta, ordea, hiru batzarkide galdu zituen EAJk eta bigarren indarra izatera igaro zen, EH Bilduren atzetik. Edonola ere, alderdiaren zuzendaritzak diputatu nagusi izateko Mendozaren hautagaitza aurkeztuko zuela adierazi zuen.[21]
Gipuzkoako diputatu nagusia (2023-)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2023ko ekainaren 29an egindako inbestidura-saioan bere hautagaitza aurkeztu zuen Gipuzkoako diputatu nagusi izateko, EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa iragarri ondoren.[22] Bigarren bozketan aldeko 25 boto lortuta, diputatu nagusi izendatu zuten.[23] Era horretan, diputatu nagusi kargura iristen historiako lehen emakumea bilakatu zen. Hurrengo egunean iragarri zuen bere gobernua, emakumeen inoizko presentzia handienarekin.[24]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hondarribian bizi da. Senarra Donibane Lohizunekoa du, unibertsitatean ezagutu zuten elkar eta 1999ko udan ezkondu ziren. Bikoteak alaba bat eta hiru seme ditu.[25] Hirukide, Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteko kidea da.[26]
Hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauteskundeak | Hautagaitza | Barrutia | Postua | Emaitza | |
---|---|---|---|---|---|
1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | EAJ | Gipuzkoa | 3. ordezkoa | Ez hautetsia | |
1999ko udal hauteskundeak | EAJ | Hondarribia | 15.a (17tik) | Ez hautetsia | |
2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | EAJ-EA | Gipuzkoa | 16.a (25etik) | Ez hautetsia[a] | |
2003ko udal hauteskundeak | EAJ-EA | Hondarribia | 1. ordezkoa | Ez hautetsia | |
2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | EAJ-EA | Gipuzkoa | 10.a (25etik) | Hautetsia | |
2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | EAJ | Gipuzkoa | 5.a (25etik) | Hautetsia[b] | |
2011ko Gipuzkoako foru hauteskundeak | EAJ | Bidasoa-Oiartzun | 1.a (11tik) | Hautetsia | |
2015eko Gipuzkoako foru hauteskundeak | EAJ | Bidasoa-Oiartzun | 1.a (11tik) | Hautetsia | |
2019ko Gipuzkoako foru hauteskundeak | EAJ | Bidasoa-Oiartzun | 1.a (11tik) | Hautetsia[c] | |
2023ko Gipuzkoako foru hauteskundeak | EAJ | Bidasoa-Oiartzun | 1.a (11tik) | Hautetsia | |
|
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eider Mendoza (PNV), presidenta de las Juntas Generales
- ↑ Oiarzabal, Mailo. (2017). (pdf) Txikitan joandakoa. Uztarria - Azpeitiko herri aldizkaria (200. alea), 34-35 or..
- ↑ «"Etxean asko hitz egiten zen politikaz; natural egin zait txikitatik"» Gipuzkoako Hitza 2022-06-10 (Noiz kontsultatua: 2022-06-12).
- ↑ Gipuzkoako Foru Aldunia. (pdf) Eider Mendoza Larrañaga. gipuzkoairekia.eus.
- ↑ Batzarra, Gipuzko Buru. «Eider Mendoza da Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente berria» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-05-27).
- ↑ «Eusko Legebiltzarra - Legebiltzarkideak eta organoak - Norberaren fitxa» www.legebiltzarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
- ↑ Adimedia. «Gipuzkoako Batzar Nagusiak - ...(r)en fitxa pertsonala» w390w.gipuzkoa.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
- ↑ «Gipuzkoako Batzar Nagusiak - ...(r)en fitxa pertsonala» w390w.gipuzkoa.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
- ↑ «Gipuzkoako Batzar Nagusiak - ...(r)en fitxa pertsonala» w390w.gipuzkoa.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
- ↑ «Jabier Larrañaga eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundi berrian» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arretxe / Astarloa, J. / I.. (2020). «Markel Olano renueva el Gobierno foral para hacer frente a la gestión de la crisis» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noticias de Gipuzkoa) (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Gipuzkoa Boto gutxi batzuek dena alda dezakete» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Arranca la cuenta atrás de las elecciones forales y municipales con la incógnita de los candidatos» El Correo 2022-05-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) González, Raul Castaño. (2022-09-05). «Eider Mendoza: "El territorio está preparado para hacer frente a lo que pueda venir"» cadena SER (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El PNV de Gipuzkoa activa las candidaturas en los municipios pero no despeja el relevo de Olano» El Diario Vasco 2022-10-06 (Noiz kontsultatua: 2022-10-06).
- ↑ Martin, Xabier. «Mendozak indarra hartu du EAJn Gipuzkoako ahaldungai izateko» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Amaia Barredo y Jone Berriozabal se suman a Artolazabal en las quinielas para relevar a Gorka Urtaran» ELMUNDO 2022-10-17 (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
- ↑ «Eider Mendoza izango da EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaia» EITB 2022-10-25 (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
- ↑ Batzarra, Gipuzko Buru. «Gipuzko Buru Batzarrak Eider Mendoza Larrañaga proposatu du ahaldun nagusirako hautagaia izateko» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
- ↑ Batzarra, Gipuzko Buru. «Gipuzkoako EAJk aho batez aukeratu ditu Eider Mendoza Ahaldun Nagusirako eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenterako.» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2022-12-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Astarloa, Iraitz. (2023-05-29). «El PNV no renuncia a gobernar Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
- ↑ «Gipuzkoa zuzentzeko euren hautagaitzak aurkeztu eta lan-ildoak aletu dituzte Mendozak eta Iriartek» EITB 2023-06-29 (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
- ↑ «Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu dute, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko boto bakarrarekin» EITB 2023-06-29 (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
- ↑ «Gipuzkoako foru gobernu berriak inoiz baino emakume gehiago izango ditu, hamar diputatutik zazpi» EITB 2023-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-07-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) ««Es triste que la gente aún se sorprenda de que las ministras sean mayoría»» El Diario Vasco 2018-06-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
- ↑ Hirukide. «Eider Mendoza» Hirukide (Noiz kontsultatua: 2022-10-26).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1974ko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak IX. legegintzaldian
- Jelkideak
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak VIII. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak VII. legegintzaldian
- Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkideak
- Emakume politikariak
- Gipuzkoako ahaldun nagusiak
- Gipuzkoako politikariak
- Emakume gobernuburuak