Ekin (historikoa)
Ekin (historikoa) | |
---|---|
Datuak | |
Mota | erakundea |
Herrialdea | Espainia |
Historia | |
Sorrera | 1952 |
Ondorengoak | Euskadi Ta Askatasuna |
- Artikulu hau 1950eko hamarkadako Ekin taldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ekin».
Ekin Euskal Herriko talde politiko abertzale klandestino bat izan zen; Bilboko ikasle-talde batek sortua (1952), Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Julen Madariaga, Iñaki Gaintzarain eta Jose Maria Benito del Valle tarteko. Talde honen helburua euskal arazoetan (euskara, historia, politika...) kontzientziatzea eta heztea zen. 1959an, Ekin taldearen muina eratzen zuten kideek Euskadi Ta Askatasuna izena hartu zuten, erakunde politiko-militar horren hasieratzat jotzen dena.
Abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren eta frankismo itogarriaren aurrean EAJk agertzen zuen pasibotasuna salatzen zuten. Berehala zabaldu zen, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan euskal ikasleen artean taldeak eratuz. Argi ikusi zen euskal gazteriak frankismoaren aurka ekiteko zeukan gogoa. EAJ talde honen kontra agertu zen hasieratik, batez ere ikusirik Ekinekoak EGIko (EAJren gazte taldea) militanteak bereganatzen ari zirela.
Egoera horretan, EAJk bultzatuta, EGI eta Ekin batu egin ziren (1955) eta Euzko Gaztedi izena hartu zuten. Gazteen erakundearen EAJ alderdiarekiko harremana zailduz joan zen eta tirabirak handituz. Jose Antonio Agirre lehendakariak egoera konpontzeko ahaleginak egin zituen, baina Hegoaldeko buruzagi nazionalisten (batez ere EBBeko presidente zen Juan Ajuriagerra) eta Ekin-etik zetozen militanteen arteko lankidetza ezinezkoa izan zen.
1958an EAJren kontrola onartzen ez zutenek Euzko Gaztedi utzi zuten eta 1959an talde politiko berria sortu zuten EAJtik behin betiko aldenduz: Euskadi Ta Askatasuna (ETA). Funtsean Ekin sortu zuten berberak izan ziren ETA sortu zutenak: Txillardegi, Julen Madariaga eta Benito del Valle.