Enric Moner Castell
Enric Moner Castell | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Figueres, 1900eko abuztuaren 18a |
Herrialdea | Espainia Frantzia |
Heriotza | Hradištko, 1945eko apirilaren 8a (44 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | katalana frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria eta Makia |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Frantziako Erresistentziako kide |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Enric Joaquim Joan Moner Castell (Figueres, Katalunia, 1900 – Hradištko, Txekia, 1945) nekazari, zaldi salerosle eta Frantziako Erresistentziako kide bat izan zen, Espainiako nahitaezko soldadutzatik ihes eginda Frantzian bizi izan zena. Bigarren Mundu Gerran, Barne Erresistentziako kide gisa, Frantziaren eta Espainiaren arteko mugalari lanetan ari zela, Gestapok atxilo hartu eta nazien kontzentrazio esparru batean eraila izan zen.
Jatorria eta lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enric Moner 1900eko abuztuaren 18an jaio zen, Figueresen (Alt Empordà, Katalunia), zehazki, Sant Pau kaleko 88. atarian,[1] nekazari familia apal batean. Anai-arrebetan gazteena izanik, umetan eskolatu gabea, gurasoei laguntzen jardun zuen. Gurasoak izan zituen Josep Moner (Vilafant, Alt Empordà, Katalunia, 1859) gurdi garraiolaria, eta Mariana Castell (Sant Marçal, Katalan Herriak, 1862).
Soldadutza egitera deitu zuten 21 urte zituela, baina irakurtzen eta idazten ez zekienez, haren ordez lekukoek sinatu behar izan zuten espediente militarrean.[2] Aita hirurogei urtetik gorakoa zela eta, soldadutzara joateko luzapen bat eskatu zuen, aitaren mantenua bere ardura zuela argudiatuta. Luzapena ukatu ziotenez, Enric Monerrek ihes egitea erabaki zuen, eta gurasoekin batera Frantziako muga zeharkatu zuen, 1921eko uztailean.[3]
Iheslari baten gorabeherak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guraso biak eta Enric senide batzuen etxean jarri ziren bizi izaten. Hilabete baino lehenago, 1921eko abuztuaren 13an, Figuereseko udaltzaingoak informazio eskaera bat bidali zion Perpinyàko Espainiako kontsulari, Enric Monerren berri jakin nahirik.[2] Ordurako, baina, El Voló[oh 1] herrian (Rosselló, Ipar Katalunia) bizi zen, 1921eko udalaren erroldan islatzen den bezala.[4] Segurtasun arrazoiengatik edo agintariak nahasi nahirik, ziurrenik, jaioturtea aldatuta agertzen da (1901) eta izena frantsestuta (Henri).[4]
Ezkontza eta familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]El Volón ezkondu zen Enric Moner, 1921eko abuztuaren 7an, Teresa Barris Mundetekin (Agullana, Alt Empordà, 1900).[5][oh 2] Bost seme-alaba izan zituzten El Volón bizi izan ziren bitartean: Josep (1922), Enriqueta (1924), Fernanda (1926), Cecilia (1928) eta Dolors (1932).
Etxera itzultzeko saioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, 1934ko urriaren 4an, Enric Moner eta bere familia Figueresera itzuli ziren.[6] Bertan jaio zen, 1936an, Enric seme gazteena.[7][oh 3]
Figueresen bizi ahal izateko, Josep Tutau i Estruch herriko jauntxo lur jabe handienaren Mas Ferrer basetxe edo masian hasi zen lanean, masover edo maizter gisa.[8][oh 4] Masiaren jabea hil zenean, haren alargun Sara Jordá i Guanterrek hartu zuelarik negozioaren zuzendaritza, ordaindu beharreko errentaren gaineko desadostasunengatik, auzitara eraman zuen Enric Moner. Horrez gain, frankisten matxinadak piztuta gerraren ziurgabetasun giroak eraginda, Enricek eta familiak erbesterako bidea hartu zuten, ostera Frantziara itzulita, 1938an.[8] Handi hilabete batzuetara, 1939ko urtarrilaren 18an, Moner familiak Mas Ferrer masia konfiskatzeko agindua jaso zuen Defentsa Ministerioko Idazkariordetzatik, Sara Jordá i Guanterrek jarritako auzibidearen ondorioz.[9]
Frantziara berriro
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moner familia El Volóra itzuli zen bizi izatera berriro, alabak herriko eskolan aritu ziren frogak baitaude.[10] Alabaina, eskola hori itxi egin behar izan zuten, Ipar Kataluniako eraikin publiko asko bezala, 1939ko otsailean, Kataluniako frontea galdu zuenean Bigarren Errepublikak, ihes egindako 450.000 lagunei aterpe eman ahal izateko. La Retirada izenez ezagutu zen frankismoaren mendekutik ihes zihoan jende olde hura.[11][12][13]
Garai horretan, Enric Moner garraiolari gisa aritzen zen, Henriette alabaren jaiotza agiritik ondorioztatzen denez,[14] eta familiarekin bizi zen Morellàs i les Illes herrian, Mas de la Prada auzoan, El Volótik 10 km ingurura.[15]
Erresistentzian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leon sarean, Combat mugimenduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziako armadak (Service Historique de la Défense, SHD) gordetzen dituen datuen arabera, Enric Moner Frantziako Erresistentzian sartu zen 1941eko martxoan. Hasieran, Leon izeneko sare batean aritu zen,[16] geroago barne erresistentziako Combat mugimenduan integratuko zena, ofizialki Résistance Intérieure Française (RIF) izeneko adarrean.[17] Kataluniako mugaren gorabeherak xeheki ezagutzen zituenez —Figueresen 1934-1938 bitarte bizi izan zenean, zaldiak ekartzen zizkion mugan zehar Josep Tutau i Estruch ugazabari—, mugalari lanak egiten aritzen zen, bereziki naziek okupatutako lurraldeetan hegazkina eraitsitako pilotu aliatuak eta Ipar Afrikan eratzen ari zen armada librean sartu nahi zuten frantses gazteak Frantziatik Espainiara eramaten.[18][oh 5]
Atxilotzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresistentziaren misio haietako batean, muga pasatu nahi zuten pertsonen zain zegoela, Gestapok atxilo hartu zuen, 1943ko apirilaren 2an, Morellàs i les Illes bizi zen herritik Vivers (Rosselló, Ipar Katalunia) herrira doan errepidean. Berehala, preso eraman zuten Perpinyàko gotorlekura; bertan egon zen apirilaren 27ra bitarte, Romainvilleko gotorlekura (Les Lilas, Sena Saint-Denis, Île-de-France) eraman zuten arte.[19]
Geroago jakin zenez, 1947an gerra amaitu ostean, Edwige Schorer[oh 6] interprete kolaborazionistak salatu zuen Moner. Kolaborazionista honek eskualde osoan izua zabaldu zuen, Gestaporen sarekadetan pistola eskuan zuela parte hartzen baitzuen.[20][oh 7]
Atxilotze esparrutik deportaziora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Compiègne, lehen urratsa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enric Moner Romainvilleko gotorlekuan egon zen 1943ko maiatzaren 6ra arte, eta gero Compiègneko esparrura igaro zen. Romainvilleko gotorlekuak eta Compiègneko esparruak osatzen zuten 122. fronstalag eremua.[21] Handik, posta bidez pare bat aldiz idatzi zion familiari, ahal zutena bidaltzeko eskatuz.[19][oh 8]
1944ko urtarrilaren 17an, Compiègneko esparrutik tren konboi batean atera zuten, Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura. Abereentzako bagoietan sartuta 1.943 gizaseme deportatu zituzten, horietatik 232 espainiar errepublikazaleak. Konboiaren bidaiak hiru egun luze iraun zuen, deportatuen ihes egiteko zenbait saiakeraren ondorioz. Horregatik, zigor gisa, agenteek bagoi bat askatu eta bertako presoak beste bagoien artean banatu zituzten. Hiru eguneko bidaian, behin bakarrik eman zieten jatekoa presoei. 1944ko urtarrilaren 19an heldu ziren.[22]
Buchenwaldetik Flossenbürgera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilabete geroago, 1944ko otsailaren 22an, Flossenbürgeko kontzentrazio esparrura aldatu zuten Enric Moner. Kontzentrazio esparruan «Henri Mone» izen-deituraz erregistratu zuten. Bere ondasunen fitxan —Effektenkarte— soinean zeramatzan gauza urriak ageri dira: txanoa, beroki bat, lebita bat, bi galtza, jertse bat, hiru alkandora, galtzontzilo pare bat, oinetako pare bat, galtzerdi eta polaina batzuk, besterik ez. 6448 matrikula zenbakia esleitu zioten.
Hradištko
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Flossenbürgen bi aste doi eginda, 1944ko martxoaren 3an, esparru nagusiaren mende Pragatik 40 km-ra zegoen satelite edo kommando batera eraman zuten, Hradištkoko esparrura.[oh 9][23][24] Data hori dokumentatuta dagoen Enricen azkenengo erreferentzia izango da.[25]
Hradištkoko kommandoa Moldava ibaiaren ertzean zegoen. SSen entrenamendu eremu baten barruan zegoen; bailarako biztanleria bertatik bota zuten, eremua egin ahal izateko.[26][oh 10]
Deportatuen lana izan zen tankeen kontrako defentsak eraikitzea, sobietarren erasoa ahalik eta gehien atzeratzeko, edota trenetan ekarritako materialak bagoietatik deskargatzea.[27]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hradištkoko esparrutik bizirik irten ziren bi deportaturen testigantzari esker —Josep Casanovasek[19] eta Louis Monetek[28] une desberdinetan eginak— jakin zen Enric Moner 1945eko apirilaren 9an erail zutela tiroz, Závist herrira doan errepidean, esparrutik lanera atera eta gutxira. Lekukotasun horiek Frantziaren Pragako enbaxadan idatzi ziren, esparrua askatu eta egun batzuetara.
Geroago, 1950ean, Louis Monetek berak gutun bat bidali zion Moner familiari gertaera tragiko horren berri emanez.[28] Horri esker, Frantziako eta Alemaniako estatuek banatzen zituzten diru-laguntzak lortu ahal izan zituzten.[9]
Oroimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enric Monerren oroimena haren alaba Henriette Moner joan zen biltzen urtetan. Izan ere, aita atxilotu zutenean erresistentzian sartu zen Henriette, aitaren zereginari jarraipena eman nahirik. Horregatik, Erresuma Batuaren eskerrak jaso zituen Heriettek.[29]
Ondoren, senitartekoek gorde duten dosierrari esker gorde izan da bere memoria, baita artikulu honen buruan ageri den Enricen argazki ezagun bakarra ere.
Errautsak Pragan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enric Monerren eta Hradištkoko esparruan eraildako deportatu batzuen gorpuak Pragako Stransnice Crematoriumnean[30] erraustuak izan ziren. Izan ere, Hradištkoko kommandoak erraustegirik ez zeukanez, eta sobietarrak gero eta hurbilago zeudenez, apirilaren 9tik 11ra bitartean eraildako presoen gorpuak Pragako erraustegi zibilera eraman zituzten SSko kideek; besteak beste, Enric Monerrena.[31]
Erraustegiko arduradunak, František Suchý aita-semeek (biak izen bera zuten)[32][33], ez zuten nazien agindua bete: errautsak pila bakarrean nahasi eta desagerrarazi ordez, metalezko kutxa banatan ezkutatu zituzten, erregistro zehatz bat gordeta.[34][35]
Erresuma Batuaren eskerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra amaitzean familiak Erresuma Batuko gobernuaren esker onezko gutuna jaso zuen, soldadu aliatuak mugaz beste aldera pasatzeagatik.[oh 11][36]
Morellàs i les Illes
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enric Moner familiarekin batera bizi izandako Morellàs i les Illeseko (frantsesez Maureillas-las-Illas, Vallespir, Ipar Katalunia) hilerrian bi mundu gerratan hildakoen oroimenezko zutarri bat dago. Albo batean itsatsita, plaka batean gordetzen da Enric Monerren (izenaren idazkera frantsestuta, Henri) eta besteak lau pertsonen oroitzapena, izenburu honekin: «À la mémoire des victimes de la barbarie nazie 1939 - 1945».[37]
Figueres
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enric Monerren jaioterrian, Figueresen, stolpersteine edo galtzadarri bat ezarri zuten,[38] Generalitaten[39] eta udalaren erabakiz, 2021eko urriaren 9an, Moner bizi izan zen Sant Pau kaleko 88.[1] atariaren parean.[40][41][42] Stolpersteine hau jartzeko proiektuan Triangle Blau elkarteak[43] eta Grup de Treball, Exili i Deportació de l'Alt Empordà (Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeak)[44] ekimenak parte hartu zuten.
Enric Monerren gaineko Ikerketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enric Monerren bizitzari eta heriotzari buruzko ikerketa zenbait elkarteren lankidetzari esker gauzatu izan da: Fils et Filles de Républicains Espagnols et Enfants de l’Exode (FREE),[45] Amicale des Anciens Guérilleros Espagnols en France – Forces Françaises de l’Intérieur,[46] Associació per a la Preservació i Difusió de la Memòria Històrica[43] eta Associació per la Recuperació de la Memòria Històrica de l'Exili Republicà (ARMHER).[47] Enric Monerren senitartekoek ikerketaren urratsen berri izan zezaten, lan talde bat eratu zen 2020an.[48]
Ekitaldia Pragan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pragako Strašnice erraustegia egondako lekuan, omenezko ekitaldi bat egin zen, 2022ko apirilaren 11n, Hradištkoko esparrura deportatutakoen oroimena gordetzeko lantaldeak bultzatuta.[oh 12] Deportatu horiek hil zituztela 77 urte betetzen zirenean, ekitaldian 150 bat lagun bildu ziren, besteren artean, deportatuen familiartekoak, historialariak; Txekiar Errepublikako gobernuko ordezkariak; Pragako eta Hradištkoko udal ordezkariak, KZ-Gedenkstätte Flossenbürg-eko esparruko Memoriala; Espainiako, Frantziako eta Alemaniako Pragako enbaxadako ordezkariak; Eusko Jaurlaritzako eta Balear Uharteetako gobernuko ordezkariak; Alberic-eko Udaleko ordezkariak eta Cervantes Institutuko ordezkariak, besteak beste. Eva Suchá, František Suchý erraustegiko arduradunaren alarguna ere ekitaldian izan zen. Hurrengo egunean, apirilaren 12an, deportatuen familiartekoak lore eskaintza bat egin zieten Hradištkon, bertan hildako deportatuei.[50]
Enric Monerrez gain, ekitaldian omendu zituzten, baita ere, Anjel Lekuona, Pedro Raga, Antonio Medina, Rafael Moyà eta Vicente Vila-Cuenca deportatuak. Seiak egun berean hil zituzten, 1945eko apirilaren 9an, Hradištkotik Krňany herrira doan errepidean, Třebšín-en.[51]
-
Jaiotza agiria
-
Soldadutzaren luzapena ukatzea
-
Udaltzaingoaren informazio eskaera
-
Ezkontza agiria
-
Josep Casanovas
-
Morellàs i les Illes-eko oroigarria
-
Figueresen ezarritako galtzadarria
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Frantsesez Le Boulou esaten diote El Voló herriari.
- ↑ Ezkontza agirian frantsestuta azaltzen dira senarraren izena «Henri Joachim Jean Moner» eta emaztearena «Thérese Madeleine Marine Barris». Lekuko batzuen sinadurak ageri dira, baina ez senar-emazteenak, dokumentuaren amaieran argitzen denez «azaldu baitute ez dakitela».
- ↑ Ohartarazi behar da 1934ko erroldako agirian, Enric Monerren eta Teresa Barrisen seme-alaben artean ez dela ageri Fernanda, 1926an jaioa. Uste izatekoa da, beraz, umetan hil zela.
- ↑ Josep Tutau i Estruch jauntxoa Espainiako Lehen Errepublikan Ogasun ministro izandako Joan Tutau i Vergés handikiaren biloba zen; hark erosi zuen, hain zuzen ere, Mas Ferrer (gero Mas Tutau izena hartu zuena) Figuereseko masiarik handiena, 1877an. Ikus Josep M. Bernils (1996) «El figuerenc Joan Tutau, ministre d'Hisenda de la Primera República» in Revista de Girona, 179. zk. ISSN 0211-2663.
- ↑ Pirinioetako lerro guztian egon ziren mugalari talde antolatuak, pilotu aliatuak Frantzia okupatutik atera eta Britainia Handira iristen laguntzeko. Euskal Herrian, bereziki Comète sarea aritu zen langintza horretan.
- ↑ Emakume honen izen-deitura zehatzak zein ziren ez dago argi. Unai Egia ikerlariak erakusten dituen garaiko prentsaren irudietan, gutxienez «Edwige Schorer», «Hedwige Schoerr» eta «Hedwige Schœrr» moduan ageri da. Ikus Unai Egia, "La Tigresa de Boulou" - Archivos departamentales de Haut-Garonne, Toulouse.
- ↑ Gertaera horiek guztiak 1947ko prentsa artikuluetan daude dokumentatuta, urte hartan egin baitzen Edwig Schorer zelatari-kolaborazionistaren aurkako epaiketa Tolosako epaitegi militar batean. Epaiketa horretan Henriette Enric-en alaba gazteak testigantza eman zuen. Bertan azaldu zuen nola behin akusatuari galdetu zion ea bere aita noiz itzuliko zen, eta hark, barre-algaraz, «zure aita ez da inoiz itzuliko!» erantzun ziola. Ikus Unai Egia, "La Tigresa de Boulou" - Archivos departamentales de Haut-Garonne, Toulouse.
- ↑ Enric Monerrek Compiègnetik etxera bidalitako gutun haietako batean, pozik agertzen da «Alemanian dagoen Joseph ondo dagoela» jakinda. Izan ere, ordurako Joseph seme zaharrena frantses armadan sartu eta naziek preso hartua zuten, Dortmundeko (Alemania) stalag-kommandoan. Ikus Arolsen Archives - International Center on Nazi Persecution.
- ↑ Hradištkoko esparrua, izatez Benešove herriaren inguru zabal batean kokatuta zegoen SS-Truppenübungsplatz Böhmen entrenamendu eremu handiaren barruan zegoen.
- ↑ Yves Tanné (1924-2011) bizirik atera zen deportatuak kontatu zuenez, heldu ziren egunean trena kontzentrazio esparrutik 8 km-ra gelditu zen. Esparrurainoko bidea oinez elurretan egin behar izan zuten, paper eta oihal zatiekin inprobisatutako oinetakoekin. Izu giroan, apirilean, SSko gazteek, kapoak —esparruko preso zaindari hautatuak— ordeztu zituzten eta hauek deportatuak etengabe kolpatzen edo hiltzen zituzten. Ikus Unai Egia Abril 1945, el INFIERNO en Hradištské - otros testimonios de los asesinatos en los días sucesivos y los culpables.
- ↑ Enric Monerren alaba Henriette (ezkontza abizena Saleilles hartu zuen) Erresistentzian sartu zen, aita atxilo eraman zutenean; horregatik, berak ere britainiar gobernuaren esker aitortza bat jaso zuen. Ikus Unai Egia «En memoria de Henriette Moner (1924 - 2014)».
- ↑ Lan talde horrek egindako ikerketaren berri izateko, ikus Santiago Mendieta (2022) «Enric Moner, la mémoire retrouvée du résistant de Maureillas» in Gibraltar, 10. zk. ISBN 978-2954327372. Lan taldeko kide dira Anton Gandarias, Lekuonaren iloba; Unai Egia ikerlaria; eta Antonio Medina.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Figueres, carrer Sant Pau 88» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
- ↑ a b Egia, Unai. Enric Moner Castell - Memoria recuperada. .
- ↑ Egia, Unai. «Enric Moner Castell - in memoriam - Cronologia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ a b Ikus Archives du Départament des Pyrénées Orientales, Recensement de la population, liste nominative, Le Boulou, 1921, dok. 10NUM6M289/24 1921. Enric Moner 139. zenbakiaz agertzen da, deskarga dokumentuaren 11. orriaren behe-eskuinaldean. Aurretik, 137 eta 138 zenbakiez, gurasoak ageri dira.
- ↑ Ikus Enric Monerren eta Teresa Barrisen ezkontza agiria.
- ↑ Ikus Figuereseko Udalaren 1934ko errolda agiria.
- ↑ Ikus Figuereseko Udalaren 1934ko errolda agiria.
- ↑ a b Ikus Joan Vergés i Pineda (2019) Empordanesos als camps nazis. Figueres, Ed. Òscar Vergés Moreno. ISBN 978-8409089772.
- ↑ a b (Katalanez) «Enric Moner Castell» Memorial Democràtic (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- ↑ (Frantsesez) «Jo mateix al Voló» jo mateix al volo (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- ↑ (Frantsesez) «Les anciens Bains-douches du Boulou, nouveau lieu de mémoire de la Retirada» France Bleu 2019-02-10 (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ (Frantsesez) «Commémoration du 80ème anniversaire de la Retirada au Boulou» Le Journal Catalan 2019-01-30 (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ (Katalanez) La retirada. 2021-11-19 (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ Ikus Archives du Départament des Pyrénées Orientales.
- ↑ «El Mas de la Prada - OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «La Red LEON. Jean COSTE , Jacques PIQUEMAL y otros resistentes comprometidos desde la Guerra en España de 1936.» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Ikus Ministère des Armées, Mémoire des hommes, «Henri Joachim Jean Moner».
- ↑ Ikus Ministère des Armées, Mémoire des hommes, Service historique de la Défense, Caen.
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «El dossier de Henri MONER en los Archivos Históricos de Defensa - Caen y Vincennes» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «"La Tigresa de Boulou" - Archivos departamentales de Haut-Garonne, Toulouse -» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ Ikus Fédération Nationale des Déportés et Internés, Résistants et Patriotes - FNDIRP «Pour la sauvegarde du Fort de Romainville».
- ↑ (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «El convoy del 17 de enero de 1944 desde Compiègne (Francia) a Buchenwald (Alemania)» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ «"Obec" Úročnice - Cvičiště vojsk SS - SS-Artillerie Schule II Beneschau» www.urocnice.eu (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «"Obec" Úročnice - Cvičiště vojsk SS - Pionier-Schule der Waffen SS Hradischko» www.urocnice.eu (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Memorial Archives > Database Opfer - Enric Moner Castell (15.08.1900 Figueras)» memorial-archives.international (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Ikus Hradištkoko esparrua sortzeko naziek egindako operazioa txekierazko Wikipediaren artikulu honetan: Vysídlení Benešovska, Neveklovska a Sedlčanska.
- ↑ «Memo-Hradischko 1945» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «Carta de Louis Monet, uno de los testigos del fusilamiento» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) «57) En memoria de Henriette Moner (1924 - 2014)» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Txekieraz) Čestné pohřebiště hrdinů II. odboje. 2021-10-11 (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hernández, Carlos. «Deportados.es» deportados.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
- ↑ (Ingelesez) «František Suchý (1927 - 2018)» www.memoryofnations.eu (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Txekieraz) František Suchý (ředitel krematoria). 2021-05-15 (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hernández, Carlos. (2021). «Localizan las cenizas de seis españoles asesinados en un campo de concentración nazi» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ Ikus Pragako erraustegiko zerrenda.
- ↑ (Ingelesez) Hernández, Carlos. «Deportados.es» deportados.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
- ↑ (Frantsesez) «Enric Moner : la mémoire d’un Résistant déporté retrouvée» lindependant.fr (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ «Llambordes stolpersteine a Figueres» Google My Maps (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Katalanez) «La institució» Memorial Democràtic (Noiz kontsultatua: 2022-01-28).
- ↑ (Katalanez) «L'ajuntament de Figueres instal•la una llamborda en memòria d'Enric Moner» Aj. de Figueres (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ (Katalanez) Estéban, Ramon. «Figueres no oblida Enric Moner, víctima del nazisme - 10 oct 2021» El Punt Avui (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ S’instal·la una nova Stolpersteine a la ciutat de Figueres. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
- ↑ a b (Katalanez) «Ass. Triangle Blau» www.triangleblau.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-12).
- ↑ ‘Grup de Treball Exili, Deportació i Holocaust de l’Alt Empordà’, una experiència única en el món educatiu del nostre país. (2020)..
- ↑ (Frantsesez) «FFREEE» www.memorial-argeles.eu (Noiz kontsultatua: 2022-01-12).
- ↑ (Frantsesez) «Accueil» amicale-aagef-ffi-66.monsite-orange.fr (Noiz kontsultatua: 2022-01-12).
- ↑ (Katalanez) «Armh-Exili Republicà Blog» Armh-Exili Republicà Blog (Noiz kontsultatua: 2022-01-12).
- ↑ Ikerketaren berri luze-zabalean edukitzeko, ikus Santiago Mendieta (2022) «Enric Moner, la mémoire retrouvée du résistant de Maureillas» in Gibraltar, 10. zk. ISBN 978-2954327372.
- ↑ (Gaztelaniaz) Egaia, Unai. (2022). «Homenaje en Praga y Hradistko 2022» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-23).
- ↑ (Katalanez) Garcia, Paola. (2022-04-08). «Praga homenatja el figuerenc Enric Moner i cinc espanyols més assassinats al camp de concentració de Hradištko» Empordà (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Praga conmemora a seis republicanos españoles asesinados en el campo nazi de Hradištko» Radio Prague International 2022-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).