Edukira joan

Epitelio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txakurraren ezkata epitelioa.

Epitelioa oso estuki kokaturiko zelula geruzez osatutako ehuna da, zelulen artean substantzia estrazelularrik gabea. Organoak estaltzen ditu azal eta hesteen barne estaldura bezala. Ehun honek babes, jariapen eta xurgapen funtzioa ditu.

Odol hodi eta nerbio gabekoa da. Beti beste ehun batean gainean finkatzen da, normalean ehun konektiboaren gainean. Zelula epitelial eta konektiboaren arteko mugan xafla basala dago, matrize estrazelular bereziz eratutako geruza fina. Epitelio ehunak odol hodirik ez duenez, ehun konektiboan kokatutako odol hodietatik difusioz irtendako elikagaiez elikatuko dira epitelio zelulak.

Epitelio ehuna enbrioiaren hiru hozi geruzetatik eratorria da:


Epitelio ehunen artean bi mota daude: estaldura epitelioak eta guruin epitelioak. Bien zelulek morfologia poliedrikoa dute eta eten gabe berritzen ari dira, oso bizitza laburra dutelako.

Estaldura epitelioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputzaren kanpo eta barruko azalerak estaltzen dituzte. Beraz, gainazal askeak dituzten egitura guztiak epitelioz estalita daude. Epitelio hauen banaketa oso zabala da:

  • Gorputzaren gainazala estaliz, kornearen epitelioa eta epidermia.
  • Epidermia halaber, arnas hodi, digestio hodi eta gernu bideak estaltzen dituen epitelioarekin jarraitzen da.
  • Organismoaren barrunbe handiak estaltzen dituen epitelioari mesotelio deritzo. Barrunbe hauen artean daude barrunbe abdominala, kardiakoa eta birika barrunbea. Barrunbe hauek mintz seroso batez estalita daude; peritoneoa, perikardioa eta pleura hurrenez hurren. Mintz hauek epitelio eta ehun konektiboz eratuta daude.
  • Organo guztien argi aldea eta gainazal askea epitelioz gaineztatuta daude.
  • Odol hodi eta linfa bideak endotelio izeneko epitelio batek estalita daude barnetik.

Guruin epitelioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jariapenean espezializaturiko epitelio zelulez eraturiko epitelio ehunak dira. Zelula espezializatu hauek substantzia bat sintetizatu eta zelulatik kanporatzeaz arduratzen dira.

Morfologikoki zelula jariatzaileak organulu zitoplasmatikoen garapen handiagatik bereizten dira. Batez ere, makromolekulen sintesi, garraio eta jariapenarekin erlazionatutako organuluak daude oso garatuta: Golgi aparatua, erretikulu endoplasmatikoa, jariapen besikulak... Dena den, jariatzen duten produktuaren izaeraren arabera, zelulen morfologia desberdina izan daiteke.

Epitelio motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epitelio ehunen sailkapenerako bi irizpide hartzen dira kontuan:

Epitelio mota desberdinak.
  • Zelula geruza kopurua. Zelula guztiak xafla basalarekin kontaktuan daudenean, monogeruzatua edo bakuna izango da epitelioa. Hori gertatzen ez bada, geruzatua izango da.
  • Gainazaleko geruza osatzen duten zelulen itxuraren arabera: lauak, kubikoak edo zilindrikoak.

Epitelio lau bakuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelula lauek, nukleoa erdialdean irtenune bat eratuz dutenek, osatzen dute. Zelulak geruza batean antolatzen dira. Giltzurrun-korpuskuluetako Bowmanen kapsulan, mesotelio moduan perikardio, peritoneo eta pleura geruzetan eta endotelio moduan odol hodi eta linfa bideak estaliz aurkitzen dugu mota honetako epitelioa.

Epitelio kubiko bakuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epitelio honetako zelulen itxura kubikoa da, hau da, luzeran zein lodieran antzeko neurria dute. Nukleo biribilak dituzte, erdialdean kokatuak. Obulutegien epitelioan eta giltzurrun hodixketan aurki daiteke.

Epitelio zilindriko bakuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epitelio hauetako zelulak luzeak dira eta nukleo obalatuak dituzte zelularen lehen herenean kokatuta. Liseri hodiaren epitelioa mota honetakoa da. Epitelio jariatzaile edo guruin epitelio tipikoak ere mota honetakoak dira. Umetokian ere aurki daiteke eta bertan gainera, zelula zilindrikoek zilioak dituzte.

Epitelio sasigeruzatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argi mikroskopioz behatzerakoan geruzatu itxura duen arren, bakuna da zelula guztiak xafla basaleraino heltzen baitira. Epitelio hau altuera desberdineko zelulez eratuta dago eta horregatik, nukleoak maila desberdinetan aurki daitezke epitelioari itxura geruzatua emanez. Arnas epitelioa mota honetakoa da, trakea eta bronkioak esaterako. Kasu horietan, zelula garaienek zilioak dituzte.

Epitelio lau geruzatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babes epitelio garrantzitsuena da. Geruza kopuru aldakorra izan dezake baina epitelio lodia da beti. Zelulen banaketa eta itxura oso bereizgarria da, gehienak keratinozitoak dira.

  • Xafla basalarekin kontaktuan dauden zelulek hozi geruza edo geruza germinatiboa eratzen dute eta epitelioaren zelula guztien aitzindariak dira. Zelula kubikoz eratutako lerro batean antolatzen dira. Hauek zatikatu eta mugituz eratzen dira geruza desberdinak.
  • Hozi geruzaren gainean geruza arantzatsua dago, zelula poligonal handiz eraturikoa. Geruza honen itxura arantzatsua zelulen arteko desmosoma lotura ugarietan datza.
  • Geruza arantzatsuko zelulak lautuz doaz gorantza mugitzen diren heinean. Geruza horren gainean zelula lau gutxi batzuez eraturiko geruza fin bat agertzen da, geruza bikortsua. Hemengo zelulak basofiloki tindatzen dira zitoplasman keratohialinazko pikorrak metatzen dituztelako. Zelula nukleodunak azaltzen dituen gainazaleneko geruza da (hemendik gorago dauden geruzek, baldin badaude, ez dute zelula nukleodunik).
  • Epitelio batzuetan gainazaleneko zelulek nukleoa eta organulu gehienak galdu eta keratinaz betetzen dira, ezkatatuz. Ezkata itxurako zelula hilez eraturiko geruza horri geruza korneoa da, eosinofiloki tindatzen dena. Geruza korneoa azaltzen duten epitelioei, epitelio lau geruzatu keratinotsuak deritze. Azken mota honetako da esaterako epidermia.

Beste batzuetan gainazaleko zelulek ez dute nukleorik galtzen eta ez da geruza korneorik eratzen, esaterako mihian, hestegorrian edo baginan. Epitelio hauek epitelio lau geruzatu ez keratinotsuak edo mukosoak dira.

Epidermian keratinozitoez gain beste zelula batzuk ere agertzen dira, besteak beste melanozitoak, melanina pigmentuaren ekoizleak.

Trantsizio epitelioa edo epitelio urinarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolumen aldaketa handiak jasaten dituzten egiturak estaltzen ditu epitelio honek. Geruza gutxi edo askotan antola daitezke, bolumen aldaketara moldatuz. Gernu bide nagusietan aurkitzen dugun epitelioa mota honetakoa da, gernu puxika eta ureterretan. Epitelio honen ezaugarria gainazaleko zelulen itxura da, zelula handiak eta gainazal aske biribildua dutenak.

Epitelio mota guzti hauetaz gain, badira epitelio kubiko geruzatuak (obulutegiko folikuluetan) eta epitelio zilindriko geruzatuak ere.

Epitelioaren funtzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epitelioak funtzio bat baino gehiago bete dezake kokapena eta zelula motaren arabera:

  • Gaineztadura epitelio guztiek xafla zelular jarraituak eratzen dituzte, behealdeko ehun konektiboa ingurune mediotik zein barrunbeen argi aldetik isolatuz. Hauek langa selektibo gisa jokatzen dute substantzien garraioan. Alboko zelulen artean lotura hertsiak mantentzen direnez, garraioa zelula epitelialetan zehar gertatu behar da derrigorrez.
  • Epidermiak gorputzaren gainazala iragazkaitz bihurtzen du eta gainera babes mekanikoa proportzionatze du. Ukimenaren erantzuleak diren nerbio mutur sentsitiboak ere bertan kokatzen dira.
  • Urdaileko epitelioak gaineztadura funtzioa izateaz gain, funtzio jariatzailea ere badu.
  • Heste meharreko epitelioak funtzioa xurgatzailea (enterozitoek elikagaiak xurgatzen dituzte) eta funtzio jariatzailea (zelula kaliziformeek mukia jariatzen dute) ditu.

Epitelioaren berriztapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaineztadura epitelioek eraso jarraituak jasaten dituztenez, zelula galera handiak izaten dira oro har. Honek epitelioa sarritan berriztatu behar dela esan nahi du, bereziki epidermia eta liseri hodiko epitelioa.

Epidermian, geruza korneoko zelulak hil egiten dira barnerago kokaturiko zelula biziak babestuz. Guztiz keratinizaturiko zelulak poliki-poliki askatuz eta galduz doaz, aldi berean ordezkatuak direlarik. Epidermiko zelulen berriztapena hozi geruzan kokaturiko zelula ama bidez ematen da. Definizioz, zelula ama desberdintzatu gabeko zelula pluripotentziala da, organismoaren bizi-ziklo osoan zehar zatitzeko gaitasuna mantentzen duena. Xafla basalarekin loturiko zelula amak zatitu egiten dira, ondoren batzuk lotura hori galdu eta goi alderantz mugitzen dira desberdinduz eta halaber, geroz eta gorago kokatuz, prozesua osoa bete eta azkenik keratinizatuz. Xafla basalarekin kontaktua mantentzen dutenak, zelula ama gisa jarraitzen dute. Toki gehienetan, epidermiko zelulak hilero berriztatzen dira.

Heste meharrean, epitelio zelulak biloxken muturretik askatzen dira. Biloxka hauen oinaldean zabaltzen diren guruin batzuetan kokaturiko zelula ama batzuetatik berriztatzen dira. Zelula galera eta berriztapen erritmoa oso azkarra da, biloxkak gaineztatzen duen epitelioa 4-6 egunetan guztiz ordezkatua delarik.

Beste epitelio batzuen bizi-zikloa askoz luzeagoa da eta beraz, berriztapena geldoagoa.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]