Filipe VI.a Frantziakoa
Filipe VI.a Valoiskoa (frantsesez: Philippe VI de Valois; 1293 – Nogent-le-Roi, 1350eko abuztuaren 22a), ezizenez Zorionekoa (frantsesez: le Fortuné) deitua, 1328-1350 bitartean Frantziako erregea izan zen, Valois dinastiako lehena.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kapeto leinukoa zen, Karlos Valoiskoaren semea, Filipe IV.a Frantziakoaren iloba eta Karlos IV.a Frantziakoaren lehengusu propioa. 1313an Joana Burgundiakoarekin ezkondu zen. 1328an, Karlos IV.a oinordekorik gabe hiltzean, erresumako baroiek, Filipe Evreuxkoa eta, batez ere, Eduardo III.a Ingalaterrakoa baztertuz, errege hautatu zuten. Horrela Valois leinuko lehendabiziko errege bihurtu zen. Filipe Evreuxkoaren emazte zen Joanari Nafarroako Erresumaren jabetza onartu zion.
Eduardo III.a Ingalaterrakoak omena eskaini zion Gaskoniako eta Guienako bere lurrengatik, baina Filipek Guienan egin zituen lapurretengatik eta bere etsai eskoziarrei eskaintzen zien laguntzagatik minduta, Frantziako erregetza beretzat eskatu zuen Eduardok. Horrela hasi zen Ehun Urteko Gerra. Eduardo III.ak, Luis IV.a Bavariakoarekin eta bereziki Flandesekin bat eginik, Ecluseko garaipena lortu zuen 1340an, eta Frantzian sartu zen. 1346an, Crécyn garaitu zutelarik, Filipe VI.ak gerra etena egin zuen Calais hartu ondoren (1347). Gerraz gainera, gosete handiak, ekonomia krisi larriak eta batez ere izurri beltzak (1348) jo zuten Frantzia haren garaian.
Ezkontzak eta seme-alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1313an Joana Hankamotzarekin ezkondu zen. Hau izan zen, historialari askoren ustez, benetako agintaria. Zazpi seme-alaba izan zituen:
- Joanes (1319–1364)
- Maria (1326–1333)
- Luis (1328–1328)
- Luis (1330–1330)
- Joana (1333–1333)
- Filipe (1336–1375), Orléansko dukea
- Joana (1337–1337)
1350ean Zuria Nafarroakoarekin ezkondu eta alaba bakarra izan zuten: Joana (1351–1371), Joanes I.a Aragoikoarekin ezkontzeko bidaian hil zena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015-05-15 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filipe VI.a Frantziakoa |
Aurrekoa Karlos IV.a Frantziakoa |
Frantziako erregea 1328-1350 |
Ondorengoa Joanes II.a Frantziakoa |