Gimnastika erritmiko
Gimnastika erritmikoa hainbat diziplina batzen dituen kirola da: balleta, gimnasia eta dantza, eta hainbat objekturen erabilpena egiten da: soka, uztaia, pilota, mazoak eta zinta.
Kirol horretan, erakustaldiak zein lehiaketak egiten dira eta bertan gimnastak musika segitzen du mugimenduen erritmoa mantendu ahal izateko. Bi eratara praktika daiteke: banakakoan eta taldean. Gimnastikan harmonia, grazia eta edertasuna garatzen dira mugimenduen bitartez, musika eta teknikaren arteko nahasketa batean, ikuslearen asetze bisuala lortzeko. Bereziki emakumeek praktikatzen duten arren, azken urteetan gizonezkoen partaidetza handitzen ari da. Probak tapiz baten gainean egiten dira eta banakakoen ariketek 90 segunduko eta taldekoek 150 segunduko luzera izaten dute.
Beste gimnastika diziplina batzuen antzera, Rousseau-ren ikerketetan oinarrituta dago, denboran zehar eraldatua izan dena, beti musika eta dantzari lotuta, 1930 hamarkadan Sobietar Errepublikan kirol moduan ezarria eta Alemanian aparatuen erabilera sartuta.
Nazioarteko Gimnastika Federazioak zuzentzen du, eta horrek sortzen ditu puntuazio kodeak eta antolatzen ditu eliteko nazioarteko txapelketa nagusia: Olinpiar Jokoak, Munduko Txapelketa, Munduko Kopa eta Europako Txapelketa.
Gimnasia erritmikoaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1930. hamarkadan sortzen den kirola da, SESBn (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna). Kirol hau bereziki emakumeentzako soilik sortu zen, eta bere aurrekariak XVIII. mendean Europa mendebaldeko mugimendu eta sistema gimnastiko ezberdinak izan ziren.
Gaur egun gimnasia erritmikoa ezagutzen dugun moduan 1950eko hamarkadan garatu egin zen. 1963. urtean, Budapest hirian lehenengo Gimnasia Erritmikoko Nazioarteko Txapelketa antolatu zen. Urtebete beranduago ofizialki onartu zen. Lehenengo munduko txapelduna Ludmila Savinkova, Sobietar Batasunekoa izan zen. 1975. urtean Gimnasia erritmikoko lehenengo Batzorde Teknikoa eratu zen eta 1963. urtean Gimnasia erritmikoko lehenengo mundu kopa ezarri zen.
1984. urtean Los Angelesko Joko Olinpikoetan diziplina olinpikoa izatera pasa zen. Lehenengo Olinpiadetako banakakoen atalean urrezko domina Lori Fung eraman zuen. Taldekako atala 1996. urtean onartu zen, Atlantako Joko Olinpikoetan. Orduan Espainiak jaso zuen urrezko domina. Gimnasia Erritmikoak arrakasta itzela izan ohi du Olinpiadetan, zuzenean ikusteko erakargarritasun handia dela eta ekitaldien sarrerak agortzeko lehenengoak izan ohi dira.
Gaur egun, Bulgaria, Italia, Bielorrusia eta Errusia munduko lehenengo postuetan daude. Mundu mailan nesken artean gimnasia erritmikoa gehien praktikatzen den kirola izan ohi da.
Nazioarteko Gimnastika Federazioak emakumezkoen modalitatea onartzen du bakarrik. 70. hamarkadan zehar gizonezkoen kategoria ezagutzera eman zen, eta 2003an gizonezkoen lehenengo munduko txapelketa ospatu zen. Espainiako federazioak gizonezkoen parte hartzea onartu egin da.
Gimnasta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezaugarriak eta prestakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gimnasta baten kirol ibilbidea motza izaten da beste kirol batzuekin konparatuz. Normalean, oso gaztetan hasten da kirola praktikatzen, junior kategorian 13 betetzen diren urtean, eta senior kategorian 16 betetzen diren urtean sartzen direlarik. Forma fisiko hoberena adoleszentzian lortzen da (15-19 urte), nahiz eta azken urteetan gero eta arruntagoa den puntu hori 20 urte baino gehiagorekin lortzen duten gimnastak ikustea. Almudena Cid eta Carolina Rodriguez-ek txapelketa internazionaletan parte hartu zuten 28 eta 30 urterekin, eliteko gimnasta karrera luzeendunak kontsideratuz.
Gimnasta hauen gorputza, gimnasta artistikokoena baino meheagoa eta definizio gutxiagokoa izan ohi da. Kirolak duen koordinazio eskakizun altuaren ondorioz, simetria eta bilateralitate printzipioak oinarrizkoak dira, exekuzio on bat lortzeko.
Duen zailtasun teknikoa eta hau adin laburrean lortzeko beharra direla eta, kirolean ahalik eta lehen hasi beharra dago (2-6 urterekin), maila altura iritsi nahi bada. Kirolak eskatzen dituen edertasuna, harmonia eta kemena erakutsi ahal izateko, gimnastak beharrezkoak izango ditu indarra, potentzia, malgutasuna, arintasuna, trebetasuna eta erresistentzia.
Orokorrean esan daiteke, gimnastikak hiru alderdi garrantzitsu landu behar dituela: gorputz mugimendua, aparatuen erabilera eta musikarekiko lotura.
Prestakuntza modura, gimnasta eskola adinean hasten da mugimendu teknikoak lantzen. Aparatuen erabilera gutxinaka egiten da, kirolaria aparatu bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen joan ahal izateko. Prestakuntza hau etorkizunerako egiten da, non gimnastak aparatuekiko eta gorputzarekiko kontrola irabaziko duen. Entrenamendua ematen den bitartean, oso garrantzitsua izango da elikadura egoki bat mantentzea, errendimendu ona eduki ahal izateko.
Mugimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputz mugimenduak deiturikoak izango dira banakako eta taldekako ariketen oinarria, eta hauek hanka baten edo biren gainean, norabide eta plano ezberdinetan, toki aldaketarekin edo gabe eta gorputz osoaren mugimenduekin koordinatuta izan daitezke. Mugimendu hauen eta musikaren erritmoaren eta nortasunaren arteko harmonia bat mantendu beharko da. Gorputz mugimendu nagusiak hurrengoak dira:
- Jauziak: airean forma bat mantentzean datza. Zailtasun elementu bezala kontatua izan dadin, altuera, forma garbia eta aparatuaren mugimendu batekin koordinatuta egotea izan beharko ditu. Jauzi adibide batzuk dira: zankada (grand jeté), kosakoa, cabriole eta butterfly.
- Orekak: gimnastak orekan dagoela figura bat mantentzen du, segundu batez baino gehiagoz, normalen hanka baten gainean. Relevén edo oin osoaren gainean edo beste gorputz atalen gainean ere egin daitezke, beti aparatu mugimendu batekin koordinatuta. Adibide batzuk dira: passé, penché, arabesque eta attitude.
- Birak: oreketan bezala, relevén, oinaren gainean edo beste gorputza zatien gainean egiten dira. Kasu honetan, gimnastak figura bat mantentzen du gutxienez 360 graduko bira egiten duen bitartean, forma mantenduz. Hauek ere aparatu mugimendu batekin koordinatuta egon behar dira. Bira adibide dira: passé eta fouetté.
- Malgutasuna eta ondak: oin baten, bi oinen edo beste gorputza atal baten gainean egin daitezke, eta apratu mugimendu batekin koordinatuta egin behar dira. 2013-2016 puntuazio kodean desagertu egin zen talde hau. 2021-2024 puntuazio kodean berriz ondak beharrezko multzoa bihurtu dira.
Tresnak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gimnastek erabiltzen dituzten jantziak aldatzen joan dira historian zehar, lehen urtetako maillot sinpleetatik gaur egungoetara. Oraingo maillotek diseinu konplexuak eta itsatsitako milaka Swarovski markako harri bitxiak izaten dituzte. Maillot hauek ezin dira transparenteak izan eta eskoteak ezin du jaitsi omoplatoen beheko puntutik eta esternoiaren erditik. Oinei dagokionez, gimnastek punterak erabiltzen dituzte, behatzak ezkutatzen dituena, txuriak edo haragi kolorekoak izan daitezkeenak. Ilea jasota joan behar da, eta taldeko gimnasta guztiek modu berean jaso behar dute.
Aparatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]FIG-ak urtero kategoria bakoitzean erabiliko diren aparatuak aukeratzen ditu (bostetik lau erabiltzen dira). Ondoren, aparatu bakoitzaren ezaugarriak aipatzen dira:
Soka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sokarekin birak, kolpeak, jauziak eta jaurtiketak egiten dira. Sokak lurrean jotzen badu penalizazio bat jasoko da. Gaur egun sokaren iraungarritasuna zalantzan jartzen ari da gutxien garatu den tresna delako. Hala ere, oraindik indarrean dago banakako eta taldeetako atalean.
Uztaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egurrezko eta plastikozko materialez egindako uztaiak 80 eta 90cm arteko diametroa izan ohi du. Uztaiarekin mugimendu koordinatu eta aldakor asko egiten dira, orokorrean jaurtiketak eta biraketak mugimenduak ezagunak dira. Uztaiarekin mugitzean gimnastaren malgutasuna erakusten da, uhinak sortzen, jauziak, orekako ariketak eta birak egiten dira.
Pilota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pilotaren kasuan kirolariak ez du inoiz eramateko indarrik erabiliko. Pilota ez da inoiz lurrean geldirik egon behar, beti biraka. Mugimenduen artean garrantzitsuenak: erreboteak, birak, zortzi formako formak, jaurtiketak, beso eta hankekin jasoketak. Jaurtiketak gorputz guztiarekin egiten dira, hanketatik hasita, hauekin inpultsoa hartuz, eta besoetara, hauekin jaurtiketaren norabidea markatuko dugu. Pilota jasotzeko orduan zaratarik ez ateratzeko, besoak erabat luzatzen dira. Boteek ere isilak izan behar dute; horretarako, jaurtiketetan egiten den bezala pilotaren ibilbidea eskuekin jarraitzen da. Biraketak pilota gorputzetik edo lurretik biratzen dugunean izaten dira. Biraketa irauten duen bitartean pilotak ez du saltorik eman behar.
Mazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mazoekin errotatxoak, birak, jaurtiketa eta bestelako figurak sortzen dira. Mazoak elkarri jotzean indar gutxirekin egin behar da. Tresna honek bi eskuetan zehaztasun maila altua eskatzen du.
Zinta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zintarekin airean eratzen diren formak garrantzia dute. Espiralak, sigi-saga, jaurtiketak eta abar. Zintaren bukaerak beti mugimenduan eta airean egon behar du.
Gimnasia erritmikoaren oinarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Formatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kirol hau banaka edo bost gimnastaz osatutako taldean praktika daiteke.
Ofizialki taldeak 5 kidez osaturik, aukeran 5 tresna berdin eraman ala hiru tresna berdinarekin eta bik beste batekin. Hala ere, hasieran 6 gimnasta parte hartzen zuten, 80. hamarkadan 8 izan ahal ziren. Taldean egindako ariketa bat 2 minutu eta erdikoa izan behar da, eta banakakoetan minutu eta erdi.
Puntuatzeko era
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ariketa baten azken emaitza zailtasuna eta exekuzioaren emaitzen batuketa izango da. Alderdi bakoitza 10 puntuz balora daiteke gehienez. Beraz gehienez azken puntuazioa 20 puntutara hel daiteke. Bestetik, gimnastak egindako hainbat akats puntuak ken diezaizkioke.[1]
Zailtasunaren putuazioa montaiaren balio teknikoan datza. Honetan behatzen dira erabili dituen gorputz tekniken zailtasunak eta tresnak erabiltzeko zailtasun maila. Gorputz zailtasunetan jauziak, malgutasunak, uhinak, biraketak eta orekak kontutan hartuko dira, eta tresnei dagokionez, jaurtiketa, arriskua, akrobaziak eta bestelako elementu berritzaileak.
Artiskikoaren puntuazioa berez muntaiak duen balore artistikoan datza. Kontutan hartuko da musika, koreografiaren edertasuna, mugimentuen aniztasuna.
Exekuzioari dagokionez musikalki elementu guztien balorazioa egingo da ,eta nola ez, gimnastek egin behar dituzten mugimenduen zehaztasuna behatuko da. Mugimentu guztiak izan ohi dute eredu bat eta honekin konparatzen dira. Eredu honekiko akatsak gehitu egiten dira eta bukaeran jokaldiaren balioari kentzen zaio.
Penalizazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Tresnak beti mugimentuan egon behar du.
- Ariketak musikarekin ongi koordinaturik egon behar du.
- Zailtasun mailak agerian geratu behar du.
- Pasu ez erritmikoak penalizatuko dira.
- Baimenduta ez dagoenean eskuak erabiltzean.
- Tresna edo pertsonaren dantzalekutik irtetzea.
- Edozein jantzi ez ofiziala erabiltzea.
- Entrenatzailearen komunikazioa gimnastarekin ariketa burutzen ari den bitartean.
Herrialde eta talde nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sobietar Batasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere zatiketaren aurretik, Sobietar Batasuneko gimnastak eta Bulgariakoak ziren munduko hoberenak. Lehen mundu txapelketa Ludmila Savinkova sobietarrak irabazi zuen. 1988an Marina Lobach izan zen Olinpiar Jokoak irabazi zituen lehen sobietarra. Sobietar Batasunaren hausketaren ondoren, Talde Bateratua sortu zen, eta honela aurkeztu ziren gimnastak 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetara; hau, historian behin bakarrik gertatu da.
Errusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sobietar Batasunaren hausketaren ondoren, Errusia bilakatu zen gimnastikako potentzia nagusia. Olinpiar Jokoak irabazi zituen lehen Errusiarra Yulia Barsukova izan zen, eta urte hartatik 2016-ra (hau barne), irabazle guztiak errusiarrak izan ziren. Eugenia Kanaeva izan zen diziplina honetan bi Olinpiar Joko irabazten lehena.
Ukrania
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sobietar Batasunetik banandu ondoren, oso garrantzitsua izan zen Albina eta Irina Deriugina ama-alabek herrialdean gimnastikaren praktika bultzatzeko egin zuten lana. Beraiei esker lortu ziren hurrengo urteetako emaitza onak.
Bielorrusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ukraniaren antzera, Batasunetik banantzean, beraien eskola propioa sortu zuten, eta emaitza oso onak lortu dituzte: 2 zilar eta 2 brontze Olinpiar Jokoetan banakako modalitatean, eta 2 zilar eta brontze bat taldekako modalitatean.
Gizonezkoak gimnastika erritmikoan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gimnastika erritmikoa emakumeentzako sortua izan zen. Gaur egun, ordea, geroz eta gizonezko gehiago animatzen dira kirol hau praktikatzera eta egoera honen aurrean, Espainia da herrialde aurreratuena. Izan ere, gizonezkoen lehiaketa nazionalak egiten dituen herrialde bakarra da.
Bilakaera Espainian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizonek Espainia mailan lehiatzeko aukera lehen aldiz 2005ean izan zuten. Hala ere, emakumeek baino aukera gutxiago zuten, autonomia erkidego bakoitzak 10 emakume eta 2 Open eramateko aukera bakarrik baitzuen. Hasiera batean, Open kategoria atzerritarrek osatzen zuten, baina 2005etik aurrera, hauetako plaza bat libre geratuz gero, gizonezkoren bat sartzeko aukera izaten zen. Hala ere, kasu gehienetan bi atzerritar joaten ziren eta gizonezkoak lehiaketatik kanpo geratzen ziren.
2009an, lehen aldiz, RFEG-k gizonezkoen nazioarteko lehiaketa antolatzea erabaki zuen, baina lehen ez bezala, gizonek ez zuten emakumeekin nahastuta lehiatuko, baizik eta beraien artean. Kasu hartan, 10 gimnastek parte hartu zuten eta borrokan igarotako urte guzti horien ondoren, senior mailan Rubén Orihuela izan zen txapelduna. Infantil mailan berriz, Ismael del Valle. Seniorrak uztaiarekin, pilotarekin eta zintarekin aritu ziren eta infantilak sokarekin, mazoekin eta zintarekin.
Urtea | Parte-hartzaile kopurua |
---|---|
2009 | 10 |
2012 | 15 |
2017 | 45 |
2019 | 68 |
Gaur egun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, Espainia gizonezkoen lehiaketa nazionalak egiten dituen herrialde bakarra da. Horregatik, beste nazioetako gimnasta batzuk Espainiar estatura etortzen dira, beste gizonekin lehiatu ahal izateko. Hala ere, ez dute maila internazionalean, mundu mailan eta olinpiar jokoetan parte hartzeko eskubiderik.
Talde mixtoetan berriz, Espainia mailan lehiatzeko aukera lehen aldiz 2020an eman da, nahiz eta autonomia erkidego batzuetan, hala nola Euskadin eta Nafarroan, urte batzuk lehenagotik lehiatzeko aukera izan duten. Autonomia erkidego bakoitzak 7 talde aurkezteko aukera izango du; neskez osatutako 5 talde (5 neska talde bakoitzean) eta 2 talde mixto (4 neska eta mutil bat / 3 neska eta 2 mutil / 2 neska eta 3 mutil / neska bat eta 4 mutil).
2019an Primera-n (Espainia mailan dagoen kategoria altuenean) parte hartzea ere lortu dute gizonezkoek. Beraz, Espainia mailan hiru kategoria desberdin daude: Base, Absoluto eta Primera. Azken honetan, Eneko Lambea euskalduna da txapelduna. Bigarren postuan Gerard López katalana dago eta hirugarren postuan, Ander Olcoz nafarra.
Polemikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte askoan zehar, elitezko gimnastika erritmikoan, gimnastika artistikoan antzera, diziplinarekin loturiko hainbat polemikaren ondorioz kaltetua izan da; hala nola, diziplina exigente izatea eta gimnasta batzuek izan dituzten janariarekiko arazoak (batzuetan anorexia kasuak), batez ere ekialdeko herrialdeetan. 1997an FIG-ak Olinpiar Jokoetan parte hartzeko adina 15 urtetik 16 urtera igo zuen.
1996 urteko Olinpiar Jokoen ondoren, Espainiako talde nazionalean zeuden Maria Pardok, Tania Lamarcak eta Nuria Cabanillasek egoera eta tratu txarrak salatu zituzten: Mariak, orduan hautatzaile zen Emilia Bonevaren diziplina gogorra aipatu zuen, Taniak taldetik bota zutela 2,7 kg pisatzeagatik, eta Nuriak, taldea utzi ondoren ez zuela federazioaren eskutik inolako laguntzarik jaso.
Dopaje kasuak ere nahiko ezagunak izan dira gimnastikaren barruan, batez ere diuretikoen erabileran. Sustantzia hauek, pisua jaistea edo beste sustantzia batzuk ezkutatzea eragin dezakete. Kasurik ezagunenak hurrengoak dira: Alina Kabaeva eta Irina Charkashina 2001ean (urtebeteko zigorra eta Madrileko mundialeko dominak kentzea), Anna Bessonova 2002an eta Simona Peycheva 2003an (10 hilabeteko zigorra).
Gimnasta famatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira historian zehar egon diren gimnastarik ezagunenak:
- Ludmila Savinkova (1936, URSS)
- Hana Micechová (1946, Txekoslobakia)
- Maria Gigova (1947, Bulgaria)
- Galima Shugurova (1953, URSS)
- Irina Deriugina (1958, URSS)
- Lori Fung (1963, Kanada)
- Iliana Raeva (1963, Bulgaria)
- Regina Weber (1963, Alemania)
- Anelia Ralenkova (1963, Bulgaria)
- Diliana Gueorguieva (1965, Bulgaria)
- Lilia Ignatova (1965, Bulgaria)
- Doina Stăiculescu (1967, Rumania)
- Galina Beloglazova (1967, URSS)
- Adriana Dunavska (1970, Bulgaria)
- Bianka Panova (1970, Bulgaria)
- Marina Lóbach (1970, URSS)
- Yulia Baycheva (1972, Bulgaria)
- Alexandra Timoshenko (1972, URSS / EUN)
- Oksana Kóstina (1972, URSS / Rusia)
- Oksana Skaldina (1972, URSS / EUN / Ucrania)
- Elizabet Koleva (1972, Bulgaria)
- Larissa Loukianenko (1973, Bielorrusia)
- Carmen Acedo (1975, España)
- María Petrova (1975, Bulgaria)
- Carolina Pascual (1976, España)
- Amina Zaripova (1976, Rusia)
- Elena Vitrichenko (1976, Ucrania)
- Ekaterina Serebrianskaya (1977, Ucrania)
- Eva Serrano (1978, Francia)
- Yulia Barsukova (1978, Rusia)
- Natalia Lipkovskaya (1979, Rusia)
- Yana Batyrshina (1979, Rusia)
- Almudena Cid (1980, España)
- Yulia Raskina (1982, Bielorrusia)
- Irina Cháshchina (1982, Rusia)
- Tamara Yerofeeva (1982, Ucrania)
- Alina Kabáyeva (1983, Rusia)
- Anna Bessonova (1984, Ucrania)
- Natalia Godunko (1984, Ucrania)
- Simona Peycheva (1985, Bulgaria)
- Vera Sessina (1986, Rusia)
- Silvia Miteva (1986, Bulgaria)
- Inna Zhukova (1986, Bielorrusia)
- Olga Kapranova (1987, Rusia)
- Liubov Charkashyna (1987, Bielorrusia)
- Yevguéniya Kanáyeva (1990, Rusia)
- Alina Maksymenko (1991, Ucrania)
- Daria Kondakova (1991, Rusia)
- Daria Dmítrieva (1993, Rusia)
- Melitina Staniouta (1993, Bielorrusia)
- Ganna Rizatdinova (1993, Ucrania)
- Margarita Mamún (1995, Rusia)
- Katsiaryna Halkina (1997, Bielorrusia)
- Yana Kudryavtseva (1997, Rusia)
- Alexandra Soldatova (1998, Rusia)
- Dina Averina (1998, Rusia)
- Arina Averina (1998, Rusia)
- Linoy Ashram (1999, Israel)
- Alina Harnasko (2001, Bielorrusia)
- Anastasiia Salos (2002, Bielorrusia)
- Milena Baldassarri (2001, Italia)
- Alexandra Agiurgiuculese (2001, Italia)
- Boryana Kaleyn (2000, Bulgaria)
- Sofia Raffaeli (2004, Italia)
- Daria Atamanov (2005, Israel)
- Stiliana Nikolova (2005, Bulgaria)
- Darja Varfolomeev (2006, Alemania)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ .
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- https://miriamguillenorta.wordpress.com/2013/06/05/gimnasia-ritmica-masculina/
- https://sextoanillo.com/index.php/2018/11/15/ruben-orihuela-pionero-gimnasia-ritmica-masculina/
- https://www.lne.es/campeones/2009/05/13/chicos-asaltan-ritmica-21528268.html
- https://www.tapigym.es/historia-evolucion-gimnasia-ritmica-masculina-ii/
- https://web.archive.org/web/20210124033425/https://fororitmica.com/noticias/151-ritmica-masculina-conjuntos.html