Edukira joan

Gizako piramide handia

Koordenatuak: 29°58′45″N 31°08′03″E / 29.97915°N 31.13422°E / 29.97915; 31.13422
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizako piramide handia
Gizako nekropolia
Munduko Zazpi Mirariak
eta
Kokapena
Estatu burujabe Egipto
Egiptoko gobernadore-herriaGizako gobernadore-herria
Kokapen fisikoaGizako nekropolia
Koordenatuak29°58′45″N 31°08′03″E / 29.97915°N 31.13422°E / 29.97915; 31.13422
Map
Altitudea95 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
IrekieraK.a. 2560
KomisarioaKeops
Arkitektura
ArkitektoaHemiunu (en) Itzuli
Materiala(k)kareharria eta Granitoa
EstiloaEgiptoar arkitektura
Dimentsioak137,5 (altuera) m
jatorrizko altuera: 146,7 (altuera) m
Azalera53.061,12 m²

Gizako piramide handia[1] edo Keopsen piramidea[1] antzinate klasikoko munduko zazpi mirarietako bat da, hau da, antzinate klasikoko zazpi eraikinik nabarienetako bat. Gizako nekropoliko hiru piramideetatik handiena da. Keops (edo Khuphu) faraoiak eraikiarazi zuen.

Egiptoarrek eraiki zuten, baino ez dago adostasunik data zehatzaz, baina adituak bat datoz Keopsen gobernupean altxatu zela baieztatzean, K.a. XXVI. mendearen lehen erdian, alegia. Piramidearen amaiera K.a. 2570ean datatuta dago. Haren izena Khufuren ostertz argitsua zen.

Herodotok dioenez: «Keopsek Gizako piramide handia eraikitzea agindu zuen: bere alaba prostituitzera ere iritsi zen, horrela bere piramidea eraikitzeko funtsak lortu ahal izateko... haren garaian, tenplu guztiak gurtzarako itxita zeuden eta Egipto txirotasunik handienean zegoen, egiptoarrek gorrotatzen zuten.»

Keopsek piramide handia eraikitzea agindu bazuen, ez zuen esklaboekin egin, denbora askoan pentsatu izan den bezala, baizik eta ondo prestaturiko langileekin, geometrian, estereotomian (harria mozteko artea), astronomian eta abar, ezagutza handiak zituzten buruzagiek zuzenduak. Horregatik, litekeena da piramidearen eraikuntza ez izatea Keopsen erregealdiak ospea galtzearen arrazoia, baizik eta errege horrek hartutako neurri erlijioso eta administratiboak, oso modu kaltegarrian eragin baitzuten ondorengo tradizio egiptoarrean: handik aurrera, mendeak joan, mendeak etorri, Keopsen irudia okertu zen.

Piramidearen oina karratu ia perfektu bat da, 230 metroko aldea duena (440 egiptoar besabete). Zorua berriz ia erabat horizontala da, gehieneko desnibela 0,0021 m besterik ez baita. Oineko karratuaren aldeak lau puntu kardinalekiko guztiz perpendikularrak dira. Eraikuntzak 146,59 metroko garaiera zuen amaitu zutenean (280 besabete), baina gaur egun ez da 138,75era baizik heltzen. Kareharrizko 2.300.000 bloke handiz eginda dago, milimetro erdi eskaseko igeltsuzko geruza tartean dutela. Blokeen batez besteko garaiera 0,69 metrokoa da, eta pisua, 2,5 tonakoa, baina badira 1,5 m altu direnak eta 15 tonako pisukoak ere. Eraikin eskerga horren bolumena 2.600.000 m3-koa da, denera, eta 6.000.000 tonako pisua du, gutxi gorabehera.

Piramide arruntek baino barrualde konplexuagoa du, hiru hilobi ganbera baititu, maila desberdinetan. Hirugarren hilobira 8,46 m garai den korridore batetik heltzen da: Galeria Handia esaten zaio.

Keopsen piramidearen arkitektoa Hemiunu izan zela uste da, Nefermaat arkitektoaren semea: hura Seneferu erregearen piramidearen arkitektoa izan zen, Keopsen aitari egin zitzaion piramidearena, hain zuzen. Halako baieztapenak egiteko, arkeologoek Hemiunuri eginiko zenbait adierazpen hartzen dituzte oinarritzat: hor, ustezko arkitektoa "Obren maisu" edo "Bisir" gisa izendatzen da. Hilobia Keopsen piramidetik gertu du eta haren itxura adierazten duten irudiak ditu. Haren mastabako zenbait harritan Khufuren erregealdiaren datak aurkitu dira idatzita. Hemiunuren estatua gaur egun Hildesheimgo museoan dago, Alemanian.[2]

Piramidearen datazioaren inguruan eztabaidak egon dira. Egiptologoen eta historialarien arabera, piramidea Keopsen erregealdian eraiki zen, K. a. XXVI. mendearen lehen erdian. 2013an aurkitu zen portuan, piramidearen ustezko eraikitze-datan idatzi ziren zenbait eskuizkribu: haietan, harrizko blokeen ontziratze erregistroak agertzen dira, Turatik Gizara. Erregistro horietan hileko berrehun bloke garraiatzen zirela ere irakurri da.[3]

Pseudoarkeologia gisa sailkatu diren teoriak ere badira, piramidearen eraikitze-data azaltzeko beste hainbat erreferentzia hartzen dituztenak. Orionen Korrelazioaren Teoriaren arabera —besteak beste, Gilbert eta Hancock ikerlariek babestua—, Giza bailarako hiru piramide handiak Orion konstelazioaren gerrikoa osatzen duten hiru izarren irudikapen zehatza egiteko moduan eraiki ziren. Izarrak milurtekoetan zehar haien posizioetatik mugitzen direnez, gaur egun irudikapena akastuna da, baina teoriak dio eta matematikoki egiaztatu da irudikapena bat datorrela K. a. 10.500 urtean izar horiek zuten posizioarekin.

Piramidea hiru ganbera nagusik osatzen dute, horietatik bi piramidearen barnean daude eta gaur egun Erregearen Ganbera eta Erreginaren Ganbera izena jasotzen dute. Hirugarren ganbera lurpean dago eta Lurpeko Ganbera izenez ezagutzen da.

Ganberetarako jatorrizko sarbidea iparraldean dago. Bide beherakor bat da, bukaera granitozko bloke batzuk oztopatzen dute. Bide hori bidegurutze bateraino iristen da eta bertan bi bide har daitezke: goranzkoa, Galeria Handirainokoa eta beheranzkoa, Lurpeko Ganberarainokoa.

Irudiko zenbakiek ondorengo hau adierazten dute:

1. Jatorrizko sarrera, iparraldekoa, gaur egun harriek oztopatuta dagoena.
2. Egungo sarbidea, Al-Mamun kalifak irekitzea agindu zuena 823. urtean, garaiko jendartean piramidearen barnean altxor baliotsuak zeudelako ustea zabaldua baitzegoen. Palanken bidez zulatu ziren hamasei metro.
3. Jatorrizko sarrera oztopatzen duten granitozko harlauzak.
4. Lurpeko Ganberara doan pasabidea.
5. Lurpeko Ganbera.
6. Galeria Handira iristeko jarraitu behar den pasabidea. 7. Erreginaren Ganbera.
8. Erreginaren Ganberara iristeko jarraitu behar den pasabidea. 9. Galeria Handia.
10. Erregearen Ganbera eta arintze ganberak. 11. Ganberaurrea.
12. Galeria Handia eta Lurpeko Ganbera lotzen dituen zulatutako pasabidea.
7-10: Erreginaren eta Erregearen ganberen aireztatze kanalak.

Galeria Handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeria Handia berrogeita zazpi metroko luzera eta zortzi metroko altuera duen bide handi bat da. Bertako paretak bertikalak dira bi metroko altueraraino eta hortik gora, bobeda faltsu bat eratzen da mailakatutako harrizko errenkadak bata besterantz hurreratu ahala.

Erregearen Ganbera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregearen Ganbera granitozko harlauzek osatzen duten lau paretako ganbera bat da. Pareta guztiak lauak dira, leunak eta inolako apaingarri edo eskuizkriburik gabeak. Gaur egun, ganberaren baitan soilik sarkofago huts bat dago, granitozkoa, eskuizkribu edo apaingarririk gabea eta piramidea eraiki aurretik bertan jarri zena, pasabideak baino zabalagoa baita. Erregearen Ganberaren gainean arintze ganberak izenekoak daude, altuenaren sabaia bloke makurtuek osatzen dute eta beraien funtzioa Erregearen Ganberari bere gainetik dauden blokeek sorrarazten dioten presioa arintzea da, hau da, pisu guztia ganbera nagusi haren gain gera ez dadin egin ziren. Erregearen Ganberara iristeko pasabide horizontal bat pasa behar da, ganberaurrea izenez ezaguna, Galeria Handitik ateratzen dena.

Erreginaren Ganbera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena arabiarrengandik datorkiola dirudi, izan ere, Mark Lehnerrek[4] eta egiptologo gehienek[5] diote ganbera hau erregearen Ka estatua (Serdab, hildakoaren irudikapen espirituala ziren estatuak) bat gordetzeko egin zela. Ganbera ia piramidearen ardatzean dago kokatuta. Pasabide horizontal batetik iristen da hara, Galeria Handiaren azpialdeko eremutik datorrena, aurkitu egin behar izan zena, zoladurazko harlauzek estaltzen baitzuten. Ganbera pareta leundun eta sabai makurtudun laukizuzen bat da. Bere baitan horma-hobi bat du.

Lurpeko Ganbera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurpeko ganbera lurpean zulatua izan zen eremu bat da, laukizuzena eta lur irregularduna. Paretak eta sabaia lauak dira eta bi gelaxka ditu bere baitan, putzu sakon eta galeria txiki batez gain. Beheranzko bide batetik irits daiteke bertara (piramidera sartzeko lehen bidearen luzapena da). Galeria Handiarekin ere badu kontaktua, tunel estu eta ia bertikal baten bidez, blokeak zulatuz egin zena. Lurpeko Ganbera bukatu gabe geratu zela ematen du, baina agian nahita eman nahi izan zioten itxura hori sortzaileek. Ganberak 14 metroko zabalera, 8,3 metroko luzera eta 5 metroko altuera du.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. (PDF) 191. arauaː Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak. .
  2. (Gaztelaniaz) La pirámide de Keops (Khufu) l la gran pirámide de Guiza. 2019-05-28 (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  3. (Ingelesez) Stille, Alexander. «The World's Oldest Papyrus and What It Can Tell Us About the Great Pyramids» Smithsonian Magazine (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  4. «The Plan of Cheops Pyramid, Guide and Information for Cheops Pyramid Cheops Pyramid, Khufu pyramid, Khofo Pyramid, keops Pyramid» web.archive.org 2009-03-25 (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  5. Oakes & Gahlin (2002) 67. orrialdea
  6. (Gaztelaniaz) «En las tripas de la Gran Pirámide de Keops» La Vanguardia 2020-01-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]