Industria-birmoldaketa
Industria-birmoldaketa 1980ko hamarkadan Europan jasan zuten bigarren sektorearen birmoldaketa izan zen. Orduko gobernuek krisialdian zeuden sektoreetan bi neurri hartu zuten: alde batetik gehiegizko eskaria murriztea eta, bestetik, sektore bideragarriak modernizatzea.[1]
ELGAk 1975etik aurrera herrialde garatuentzat eskatzen zuen moduan, gehiegizko eskaria murrizteko hainbat enpresa etxe zituzten eta, besteetan, langile kopurua gutxitu zuten (lanetik kaleratzeak, aurretiko erretiroak, enplegu-erregulazioko espedienteak eta abar). Beste aldetik, sektore eta eskualde industrialak modernizatzeko zerga, finantza eta lan laguntzez gain zenbait ekimen garatu zituzten (berrindustrializazio urgenteko zonak edo gainbeherako industrialdeen izendapenak).
Etorkizunerako, industria teknologia-ziklo eta merkatu berriari egokitu behar zen, merkatu helduak utziz (siderurgia, ontzigintza, meatzaritza edo ehungintza) herrialde garatuek lan kostu txikiak zituztelako.
Industria-birmoldaketa Hego Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frankismoak bultzaturiko autarkiak industria astuneko enpresak INIren inguruan bildu zituen. Hego Euskal Herrian adibide nabarmena Bizkaiko Labe Garaietakoa izan zen baina gauza bera gertatu zen Asturiasen (HUNOSA, ENSIDESA),[2] Sagunton (Altos Hornos del Mediterráneo), Ferrolen eta Cádiz inguruan (ontziola publikoak) eta abar.[3] 1973ko petrolioaren krisiaren hasieran ez zuten ELGAk eskatutakoari jarraitu, alde batetik LPEEk ez zuelako boikotik egin (Espainiak ez zuen Israel aintzat hartzen) eta bestetik, trantsizioa zela eta, ez zutelako onarpenik ez zuten neurriak hartu nahi.[4]
Baina Espainiak orduko Europako Ekonomia Erkidegoan sartu nahi zuenez, Felipe Gonzálezen gobernuak industria eraispenari ekin zion 1980ko hamarkadan zehar.[5]
Gizarte-sektoreetatik kritikatua izan zen politika horren ondorioz, industria fabrika asko itxi eta milaka langile euren lanpostuetatik erauziak izan ziren [6] baina aldi berean ez zen sortu industria-sare berri eta sendo bat, gobernuetatik eskainitako laguntzak gorabehera[7]. 1985. urtetik aurrera industria berpizten hasi zen. Urte horietan Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartu izanak industria-produktuetarako merkatu berriak ireki eta industriarako sustapen tinkoagoa ekarri zuen. Industrian eragin nabarmena izan zuen 1992-93 urteetako nazioarteko beherakada ekonomikoaren ondoren, industriak indarberritu eta nabarmen egin zuen aurrera, nazioarteko suspertze ekonomiko nabarmenari eta eraikuntza sektoreak eragindako bultzadari esker[8], gobernuetatik abiarazitako berrikuntzarako eta industria-sareak osatzeko klusterizaziorako politika estrategikoak tarteko [9], azpiegituren garapen nabarmen batekin batera. Ildo horretatik, altzairugintza berezia, elektrogailuak, ardogintza, papergintza, makina tresna, automobilgintzarako osagaiak eta energia eolikoa izan dira Hego Euskal Herrian bultzatu diren cluster industrial nagusiak.[10]
Industria-birmoldaketa zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinema sozial deituriko generoak film askotan islatu du industria-birmoldaketa garaian. Erresuma Batuan, Margaret Thatcherrek politika neokontserbadoreak british social realism izeneko mugimenduak salatu zituen: Raining Stones (Ken Loach), The Full Monty (Peter Cattaneo) edo Billy Elliot (Stephen Daldry)
Espainian ere, pelikula batzuk egin dituzte (Los lunes al sol, Fernando León de Aranoa)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Yebra Cemborain, Raúl Oscar. (1985). «Reconversión industrial» Revista española de financiación y contabilidad (47): 411-428. ISSN 0210-2412..
- ↑ (Gaztelaniaz) Pascual Ruiz-Valdepeñas, Henar. (1992). «Reconversión y reestructuración industrial en Asturias» Ería: Revista cuatrimestral de geografía (28): 151-164. ISSN 0211-0563..
- ↑ (Gaztelaniaz) Adiego Sancho, Pedro; Velilla Gil, Javier. (2002). 1975-1985: Crisis económica y reconversión industrial. in: El sector secundario en España. Geógrafos.
- ↑ (Gaztelaniaz) Márquez Balín, Manuel. (1981-02-22). «Una política decidida de reconversión industrial» El País.
- ↑ (Gaztelaniaz) Heras, Raúl. (1998). «1984: el problema del paro. La cirugía de la reconversión industrial desata los enfrentamientos» El Mundo in: 20 años de la Constitución..
- ↑ 1980ko hamarkadan entzutetsua izan zen Bilboko Euskalduna ontziolako langileen borroka, urtetan zehar, ontziolaren itxieraren aurka.
- ↑ (Gaztelaniaz) Pérez de Calleja, Antton. «La reconversión industrial: el cuento de nunca acabar.» Ekonomiaz (20)..
- ↑ Adibidez, 1997-2000 epean eta Euskal Autonomia Erkidegoan, industriaren balioak urteko batez beste %9 gehitu zen urteko eta industrian ari ziren langileen kopurua %3 urteko. Ikus: (Gaztelaniaz) EUSTAT. Cuentas industriales y de la construcción Año 2001. ..
- ↑ Adibidez, Eusko Jaurlaritzak 1981 urtean sortutako SPRI industria birmoldaketarako elkarte instituzionalaren altzotik sortutako EVE (efizientzia energetikoaren arloan), Intersarea (nazioarteratzea), Garapen (garapenerako agentzia), Euskalit (kalitate arloan), IHOBE (ingurumenean) berrikuntza industrialaren eragile nagusiak izan dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.
- ↑ (Gaztelaniaz) Azua, Jon Imanol. [www.enovatinglab.com/doc/libros/techint.pdf Política industrial y competititvidad: el caso del País Vasco. ]..