Irail Beltza
Irail Beltza | |
---|---|
Jatorrizko izena | (ar) أَيْلُول الْأَسْوَد |
Mota | gerra zibil |
Honen izena darama | irail |
Honen parte da | Arabiar–israeldar gatazka eta Arab Cold War (en) |
Denbora-tarte | 1970eko irailaren 6a - 1971ko uztailaren 17a |
Kokaleku | Jordania |
Parte-hartzaileak | |
Komunikabide | |
Irail Beltza (arabieraz: أيلول الأسود, aylul al-aswad) 1970ean Jordaniako armadak eta palestinar talde armatuek izan zituzten liskarrei dagokien izena da.
Israelek 1967an Zisjordania konkistatu ondoren, palestinar erresistentziak ondoko estatu arabiarretan baseak ezartzen hasi zen, batez ere Jordanian eta Libanon. Herrialde hauetan biztanleria palestinarra izugarri hazi zen, Israelen gerra erasotik ihesi errefuxiatuta.[1] Jordanian, 1948 eta 1967 artean Zisjordaniako jabetza eduki zuena, biztanleria osoaren erdia palestinarra edota jatorri palestinarrekoa zen.
1968tik aurrera, Israelek estatu arabiarrak menperatu ondoren, palestinar erresistentzia, borrokan bakarrik geratu zirela ikusirik, indartu eta erradikalizatu egin zen, biztanleri errefuxiatua mobilizatuaraziz. Jordaniar gobernua ez zegoen eroso egoera honetan. Milaka palestinar armaturen presentziak, oposizioak eta biztanleriaren erdiak babestuta, arriskuan jar zezakeen erregearen agintea, gainera, Jordania Israeldar armadaren helburu bihur zitekeen. Libanon antzeko arazoak zituzten, nahiz eta palestinarren presentzia askoz txikiagoa izan.
Palestinar talde armatuen askatasuna murriztu nahian, gobernuak fedajinak edo milizianoak armadan sarrarazten saiatzen da, baina atzera egin behar izaten du. 1969 eta 1970ean, palestinar ekintza armatuen gorakada bat izaten da, Israel eta Jordaniaren arteko tentsioa areagotuz. Erregeak neurri zorrotzak hartzen ditu talde palestinarren aurka. Talde hauetako batek, Palestinaren Askapenerako Herri Fronteak, debekuei desafio egin zien, polizien eta fedajinen arteko liskar gogorrak sortuz. Beste nazio arabiarrek palestinarrei emandako babesa ikusirik, erregeak berriro atzera egin zuen.
Hurrengo urteetan tentsioak gora egin zuen Jordanian. Armada eta talde palestinarren arteko borrokak hasi ziren, Hussein erregeak atentatu bat eduki zuen eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteak hainbat mendebaldar bahitu zituzten, palestinarren aurkako errepresioaren arduradunen dimisioa eskatzeko.
Bitartean, Estatu Batuen bitartekaritzarekin, Israel eta palestinarren arteko bake akordio bat lortzeko lehen saiakerak izaten dira. Negoziaziok zapuztean eta talde palestinarrek berriro borroka armatuari heltzean, jordaniar armadarekin borroka irekia hasi zen. 55.000 soldadu eta milaka paramilitar eta 15.000 gerrillari palestinar eta Palestinaren Askapenerako Armadako (palestinar kausaren aldeko jatorri ezberdineko soldaduez osatua) 3.500 soldadu borrokatu ziren. Gerra amaitzean 3.000 palestinarretik gora hil ziren, eta beste 10.000 zauritu.
Jassir Arafat eta Hussein erregeak bakea sinatzean, azken honek preso politikoak askatzea eta Jordaniako lurraldea talde palestinarrei uztea zin egin zuen, baina praktikoki palestinar erresistentzia betiko erbesteratua izan zen, Libanoren hegoaldean kokatuz.
Gertaera hauen oroigarri, Irail Beltza Erakundea izena talde armatu batek hartu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ SLU, Herritar Berri. (2020-09-17). «Jordaniak palestinar fedajinak bota zituenetik 50 urte bete dira» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2020-09-25).