Iturraran
Iturrarango lorategi botanikoa | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Aia |
Koordenatuak | 43°14′N 2°10′W / 43.24°N 2.16°W |
Arkitektura | |
Iturrarango Lorategi Botanikoa 20 bat hektareako lorategia da, Pagoetako natura parkearen barruan dagoena, Aiako herrian, Gipuzkoan. Lorategia Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta berak kudeatu eta zaintzen du.
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturrarango Lorategi Botanikoa Gipuzkoako Urola Kosta eskualdean dago, Aiako udalerriaren lurretan, Pagoetako Parke Naturalaren barruan. Mendi arteko bailaran egon arren, GI-2631 errepidearen albo batean, Zarauztik eta Bizkaiko Golkotik 8 km besterik ez dago. 1986ko neguan hasi zituzten lorategiko landaketak, eta urtero taxon berriak gehitzen dizkiote bildumari.
Lorategia zabalik egoten da urteko egun guztietan, goizeko 09:00etatik 18:00ak arte. Bisitarientzako bide sare bat osatu dute lorategian barrena; espezie guztiei izena eta jatorrizko lekua adierazten duten etiketak jarri dizkiete. Bisita gidatuak ere egin daitezke.
Ikustaldia errazteko, zortzi gunetan banatuta dago lorategia, gune bakoitzean nagusi diren espezieen arabera:
- Haritzak
- Astigarrak
- Mimosak
- Landare mediterraneoak
- Zumarrak eta intxaurrondoak
- Mitre, gereziondo eta palmondoak
- Txilarrak
- Koniferak
Landareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturrarango lorategiak 25 hektarea ditu, horietatik 15 bertako zuhaitzak. Lorategiaren barnean, baita inguruko lur sailetan ere landaretza autoktonoko zuhaiztiak daude, batik bat haritzak (Quercus robur), gaztainondoak (Castanea sativa), magnoliak (Magnolia grandiflora), zuhandorrak (Corvus sanguinea) eta arteak (Quercus ilex).
Iturrarango inguruak duen klima bereziari esker, basa espezie gordinekin batera landare guztiz samurrak aurkitzen ahal dira bertan. Munduko lorategi gutxitan ikus daitezke, esate baterako, loratzeko negu gogorrak maite dituen oinlodi (Paeonia sp.) bat, eta haren aldamenean Abisiniako platano bat (Ensete ventricosum), izotza gorroto duena.
Gaur egun, Iturraranen 3.500 taxon baino gehiago daude, 200 bat familiatan banatuak. Arriskuan dauden Euskal Herriko landareen bilduma bat ere gordetzen du.
Landare Berezien Azoka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003az geroztik, urtero, apirileko lehen aste buruan Landare Berezien Azoka egiten da Iturraranen. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako landare mintegi asko etortzen dira azokara.