Katabolismo
Katabolismoa bizidunengan gertatzen den erreakzio kimikoen multzoa da, molekula organiko edo biomolekula handiak molekula bakun bihurtzen dituena. Oxidazio-erreakzioak gertatzen dira katabolismoan, energia askatzen dutenak. Ondorioz, prozesu katabolikoetan energia sortzen da, ATP bezalako molekuletan pilatzen dena.
Prozesu katabolikoen erreakzio orokorra honako hau izaten da:
- AB → A + B + energia
AB energia handiko biomolekula izanik, energia gutxiko A eta B molekula bakunetan bihurtzen dena
Erreakzio katabolikoetan askatzen den energia ATP energian aberatsak diren loturetan gordetzen da, eta, ondoren, anabolismoko erreakzio endergonikoetan erabili ahal izango da. Anabolismoa eta katabolismoa, beraz, lotuta dauden bideak dira, nahiz eta alderantzizkoak izan.
Bide katabolikoak antzekoak dira organismo autotrofo eta heterotrofoetan.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreduzitzen den substantziaren izaeraren arabera, bi katabolismo-mota bereiz ditzakegu:
- Hartzidura: erreduzitzen den molekula beti organikoa da.
- Arnasketa: bertan konposatu ez-organiko bat da erreduzitzen dena. Arnasketa aerobikoa izango da baldin eta konposatu hori oxigenoa bada, eta arnasketa anaerobikoa izango da substantzia hori oxigenoa ez den besteren bat bada.
Katabolismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gluzidoen katabolismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalien glukogenoa eta landareen almidoia glukosa-erreserbak dira. Glukosaren degradazio osoak, bere energia guztiaren aprobetxamendua lortu arte, bi fase ditu: glukolisia eta arnasketa.
- Glukolisia: Oxigenorik gabe, zitoplasman gertatzen den prozesu bat da, eta zenbait erreakzio kimikoz osatua dago. Glukolisiaren errendimendu energetikoa ondoko hau izaten da: glukosa molekula bakoitzeko 2 ATP eta 2 NADH (ahalmen erreduktorea duena) sortzen dira.
- Arnasketa: Glukolisitik datorren azido pirubikoak bere degradazioarekin jarrai dezan, mitokondrian sartu behar du. Bertan gertatzen da arnasketa. Bi urrats bereiz ditzakegu:
- Krebsen zikloa: zortzi erreakzio kimikoz osatutako zikloa da. Bere balantze energetikoa bi GPT molekula sortzea da, energian aberatsak diren loturekin. Gainera, ahalmen erreduktore handia duten molekulak lortzen dira, NADH eta FADHz esate baterako.
- Elektroien garraio katea: Krebsen ziklotik lortutako NADH eta FADHz elektroien garraio katean edo arnas kate batean sartzen dira. Kate horretan, elektroiak molekula erreduzitu batetik beste molekula oxidatu batera pasatzen dira, azken hartzaileraino. Azken hartzailea oxigeno molekularra izango da, eta erreduzitzean ura sortuko du. Prozesu horretan fosforilazio oxidatiboa gertatzen da lortutako energia ATParen sintesian erabiliko da. Mitchellen hipotesi kimiosmotikoak azaltzen du hori guztia. Katean sartuko den NADH bakoitzeko hiru ATP lortuko dira, eta FADHz bakoitzeko bi ATP.
Lipidoen katabolismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lipidoetatik (balio kaloriko oso handia duten substantziak) energia lortzeko mekanismo nagusia gantz-azidoen oxidazioa da. Gantz-azidoak triglizeridoetatik lortzen dira, berariazko lipasa bidezko hidrolisiaren bidez. Gantz-azidoak A koentzima (CoA) bati lotuko zaizkio zitoplasman, acil-CoA gisa aktibatuta geratuz. Horrela, mitokondriara pasatuko dira, eta bertan beta oxidazio izeneko prozesu bat jasango dute. Horiek beti iragan ahal izango dira Krebsen ziklora, eta beraz, zenbat eta luzeagoa izan gantz-azidoa, orduan eta energia gehiago lortuko da oxidazioan. Glizerina glizeraldehido 3-fosfato bilakatzen bada ere, degradatu ahal izango da, glukolisian sartuz.
Proteinen katabolismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait kasutan, zeluletan dauden aminoazido askeak Krebsen zikloan eta arnas katean sartu daitezke a-zetoazido gisa. Aminazidoak oxidatzeko hiru mekanismo bereizten dira: transaminazioa, desaminazio oxidatiboa eta deskarboxilazioa.
Azido nukleikoen katabolismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azido nukleikoak nukleasen ekintzaren bidez degradatzen dira beren unitate mononukleotidoetan. Nukleotidoak beste entzimetatik hausten dira, ondoko hauek emanez: pentosak, azido fosforikoa eta base nitrogenatuak.
Hartzidurak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hartzidura mikroorganismoetan gertatzen da (bakterioetan eta zenbait legamiatan). Prozesu kataboliko horretan, elektroien azken hartzailea molekula organiko bat da. Gainera, prozesu horretan ez du arnas kateak parte hartzen. Hori dela eta, prozesu anaerobio bat da, ezin baita aireko oxigenoa erabili azken hartzaile gisa. Errentagarritasun energetikoa oso txikia da, prozesu aerobio batekin alderatuz gero. Azken produktuaren izaeraren arabera ondoko hartzidura-mota hauek bereiz ditzakegu:
- Hartzidura alkoholikoa: Saccharomyces generoko zenbait legamiak azido pirubikoa etanol eta karbono dioxido bilakatu dezakete.
- Hartzidura laktikoa: oxigenorik gabeko zenbait animalia-zelula muskularretan eta zenbait mikroorganismotan gertatzen da, eta azido pirubikoa azido laktiko bilakatzen da.
- Hartzidura butirikoa: bakterio anaerobikoek egiten dute. Garrantzitsua da, lurreko landare-hondakinak deskonposatzen laguntzen duelako.
- Ustel-hartzidura edo ustelketa: proteina-izaera duten substratuen degradazioa, gaizki usaintzen duten azken produktu organikoak sorrarazten dituena.