Kolera
Kolera Vibrio cholerae izeneko bakterio gram-negatiboak eragindako gaixotasuna da. Robert Koch medikuak aurkitu zuen bakterio hori, kolerak jotako gaixoen gorozkiak mikroskopioan aztertuz (1884an).
Vibrio cholerae uretan bizi da, gehienetan ur geza kutsatuetan eta hondakin uretan. Mikrobio honen gordailua gizakia da. Horrek esan nahi du kutsapena gaixoen gorotzen bitartez gauzatzen dela, hauek milioika bakterio patogeno baitituzte, uretara iristean ur horiek kutsatzen dituztenak.
Kolera endemikoa da garapen bidean dauden zenbait lurraldetan. Bertan, higiene baldintzak eskasak dira. Edateko ura, adibidez, ez da behar bezala arazten, ezta hondakin urak ere. Baldintza horietan edateko ura bakterioz kutsatuta egotea posible da, eta Afrika zein Asiako toki askotan hori da gaixotasunaren sorburua.
Infekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vibrio cholerae gorozki-aho bidetik sartzen da gorputzean, ur kutsatuta edaterakoan. Infekzioa uretatik transmititzen denean izurri handiak gertatzen dira. Janarien bitartez transmititzen denean (esnea, arrainak edo itsaskiak jaterakoan) noizbehinkako kasuak agertzen dira.
Erasobidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdailera iristerakoan bibrioi asko hiltzen dira, urdaileko azidotasunak jota. Bizirik irauten dutenak heste meharrera ailegatu eta bertako mukosara atxikitzen dira. Vibrio cholerae-k sortzen duen enterotoxina indartsuak bakterioaren birulentzia areagotzen du: toxina horrek hesteetatik ura eta elektrolitoak kanporatzen ditu, beherako bortitzak eraginez.
Sintoma klinikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaitz honen inkubazio epea 1 eta 5 egun artekoa da. Sintoma nagusiak okadak, beherakoak eta sabeleko mina dira. Ez dago sukarrik, gaitza toxina batek eragiten duelako.
Beherakoak ugari dira (40-50 egun batean), eta oso urtsuak. Kolerak deshidratazio bortitza sortzen du, eta tratatu gabeko gaixoak horren ondorioz hiltzen dira 3-4 egunetan.
Prebentzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koleraren aurkako txertoa dago, baina ez du betiko immunitatea ematen eta babesa kasuen erdian bakarrik ematen du. Txertoa jarri ohi da kolera endemikoa duten herrialdeetara abiatu aurretik.
Prebentziorik onena neurri higienikoak hartzean datza, batez ere edateko uraren arazketan. Eremu endemikoetara joaten diren turistek botilako ura besterik ez dute edan behar, eta janari gordinak ez dituzte jango.
Kolera aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian.
Tratamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bikoitza da: alde batetik, deshidratazioari aurre egiteko likido eta elektrolito asko eman behar zaio gaixoari (aho bidetik eta zain bidetik); bestetik, bakterioaren aurkako tratamendu antibiotikoa ezarri behar da. Tetraziklinak eta kinolonak dira erabilgarrienak.