Edukira joan

Kristau-demokrazia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alemaniako CDU alderdi kristau-demokrataren propaganda, Konrad Adenauerren aldeko botoa eskatzen.

Kristau-demokrazia XIX. mende bukaeran sortutako korronte politikoa da. Leon XIII.a aita santuak gizarte arazoari zein sozialismo edo komunismoaren indartzeari erantzuteko argitaratutako Rerum Novarum entziklikako irakatsiak hartzen ditu oinarri.

Gehienetan zaila izaten da kristau-demokraziaren ideologia zehatz definitzea. Orokorrean esan daiteke moral, tradizio, gizarte ordena eta kulturan kontserbadoreak direla, baina gizartearen inguruan duten ikuspuntuak ezkerrera hurbiltzen ditu, bereziki pobreziaren aurka eta ongizate estatuaren alde lan egiten dute eta. Azkenik, giza eskubideak eta ekimen indibiduala defendatzen dituztenez, joera liberalak ere hartzen dituzte.

Kristau-demokrazia Europan, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikan da fenomeno esanguratsua. Europako alderdi kristau-demokratak joera kontserbadoreagokoak izan ohi dira bere kide amerikarren aldean, bereziki gai ekonomikoetan.

XIX. mendearen amaieran, Leon XIII.a aita santuak Rerum Novarum entziklika kaleratu zuen; bertan, herrialde industrialetako langileek bizi zuten egoera larriaren aurrean, Elizak zerbait egin behar zuela aldarrikatzen zuen, sozialismoak zein komunismoak izan zitzaketen balizko arrakastei aurre egiteko. Doktrina horrek indar berezia hartu zuen 1931n, Pio XI.ak kaleratutako Quadragesimo Anno entziklikarekin.

Kristau-demokrazia, urteen joanean, ideologia katoliko izatetik mugimendu zabalagoa izatera igaro da. Zentzu horretan, populazio protestante handiko herrialdeetan katoliko eta protestanteak biltzen dira alderdi kristau-demokrata handietan (Alemaniako CDU esaterako). Eskandinaviar herrialdeetan, aldiz, populazio katolikoa oso txikia izan ohi da, eta alderdi kristau-demokrata gehienak joera kontserbadoreko protestanteek osatzen dituzte.

Kristau-demokrazia Europar Batasunaren eraikuntzarako oinarrizko ideologia izan da. Eraikuntza horretan parte hartu zuten, besteak beste, Robert Schuman, Alcide de Gasperi eta Konrad Adenauerrek.

Alderdi politikoei dagokienez, beraien buruak kristau-demokratatzat dituzte, besteak beste, hauek: Alemaniako CDU eta CSUk, Norvegiako Alderdi Kristau-Demokratak, Irlandako Fine Gaelek, Suediako Kristau-Demokratek, Maltako Alderdi Nazionalistak, Kataluniako Batasun Demokratikoak, Txileko Alderdi Kristau Demokratak, etab.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]