Izenburuetarako eta agerikotasun handia duten beste toki berezietarako —artikuluen eskuinaldean ageri diren informazio tauletarako, adibidez—, Hiztegi Batuan inolako euskalki eta lurralde markarik gabe ageri diren hitzak hobetsiko dira.
Hizkuntzaren arloan, euskarazko entziklopedia hau euskaldun guztientzat denez eta hizkuntza honi batasuna emateaz arduratzen den akademia Euskaltzaindia denez, oro har haren arauei jarraitu behar zaie; Euskaltzaindiak euskara baturako eman dituen arauetakoren bat ez betetzeko, ezinbestekoa izango da salbuespen hori berariaz Euskal Wikipediako politikatzat onartzea, bozketa bidez [...].
Wikipedian terminologiari buruz dugun arau bakarra Euskaltzaindiaren arauei jarraitzea da. Hala ere, badira beste erakunde eta eragile batzuk euskararen erabileraren inguruko gomendioak ematen dituztenak. Euskaltzaindiak terminologia zehatza eman ez duen kasuetan, haien gomendioei jarraitzea gomendatzen da, nahitaezkoa ez den arren. Wikipedia:Terminologia orrialdean hainbat bilatzaile eta baliabide dituzu terminologia honen inguruan.
Letra lodiak izenburua azaltzen den lehen aldirako erabili behar dira. Gainerakoan, letra lodiak erabiltzea saihestu behar da, salbu eta artikuluak izan lezakeen beste izenburu egoki baterako bada.