Edukira joan

Lehen sektore

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ekonomiako lehen sektorea —edo, besterik gabe, lehen sektorea— natura baliabideak zuzenean erabiltzen dituen ekonomia sektorea da. Hor, arrantza, nekazaritza, meatzaritza, abeltzaintza, basogintza eta abar sartuta daude.

Lehen sektorea gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen sektorean lan egiten duen munduko biztanleria guztizko biztanleria aktiboaren % 39 da, gehienak herrialde azpigaratuetan. Gero eta munta txikiagoa du ekonomian. 2008an, sektore horren ekoizpena mundu osokoaren % 4 soilik izan zen.

  • Herrialde garatuetan, biztanleria aktiboaren % 6 aritzen da hartan. Ehuneko txikia izan arren, ekoizpen handia du aurrerapen teknikoei eta mekanizazioari esker; BPGaren % 4 baino gutxiago izanik.
  • Garapen bidean dauden herrialdeetan, biztanleriaren % 50rek dihardu hor, eta BPGaren % 10 baino gehiago da.
  • Herrialde azpigaratuetan, % 80k lan egiten du bertan, gehienek Saharaz hegoaldeko Afrikan; laborantza teknika tradizionalak erabiltzen direnez, produktibitatea txikia da; BPGaren % 50 baino gutxiagokoa.

Nekazaritza edo laborantza lurra landuz, landareak edo zuhaitzak hazi eta bertatik batez ere gizaki zein abereentzako elikagaiak (fruituak, barazkiak, zerealak) ekoizten dituen hazkuntza-jarduera da.

Nekazaritza: faktore fisikoak eta giza faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza lurra lantzea da, giza eta animalia kontsumorako elikagaiak eta industriarako lehengaiak eskuratzeko. Iraganean, faktore fisikoek gaur egun baino eragin handiagoa zuten nekazaritzan, teknologia aurrerapenek zenbait oztopo gainditzeko aukera eman baitute.

Hala ere, oraindik faktore fisikoek eragina izaten segitzen dute. Hauek dira faktore fisiko nagusiak: Erliebea, lurzoru mota eta klima.

Giza faktoreek ere bere eragina daukate nekazaritzan: era horretan ustiategiaren tamaina, laborantza sistema eta laborantza barietate mota desberdinak aurkitzen ditugu. Ustiategiak tamainaren arabera latifundio edo minifundio izan daitezke eta deskribatzen duten formaren arabera openfield ala bocage, laborantza sistemaren arabera, aldiz, nekazaritza intentsiboa ala estentsiboa edo ureztatua ala lehorrekoa aurkituko ditugu eta laborantza barietateari dagokionean, azkenik, monolaborantza eta polilaborantza.

Nekazaritza herrialde garatuetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ze ondorio ditu larreetako abeltzaintzak gure lurretan?

Herrialde garatuetan, merkatu nekazaritza da nagusi, salmenta du helburu, hau da, ahalik eta etekin handiagoa lortzea. Ezaugarri hauek ditu:

  • espezializazioa (labore bakar bat hazten da),
  • makinen erabilera (horrek lagile kopurua txikitzen du),
  • nekazaritza teknika aurreratuak erabiltzen dira (ongarriak, botikak eta transgenikoak), eta
  • eskala handiko biltegiratze eta garraio sistemak.

Nekazaritza herrialde azpigaratuetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen bi nekazaritza mota nagusi daude:

Nekazaritza tradizionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ustiategi txikietan egiten da eta haren helburua familiarentzako eta etxerako elikagaiak lortzea da.

Amazonas inguruan, erdialdeko Amerikan eta Ekuatoreko Afrikan egiten da. Oihaneko eremu bat erre eta soiltzen da (errautsez, lurra ongarritzen da) eta bertako lurra lantzen da, agortu arte; orduan bertan behera uzten da eta beste eremu baten bila abiatzen dira.

Lehorreko nekazaritza sedentarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza mota hori sabana eremuetakoa da; hor, labore-txandaketa egiten da: lur zati batean zerealak landatzen dira, beste batean beste produktu osagarri batzuk eta hirugarrena lugorri uzten da.

Montzoi nekazaritza ureztatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza mota hau batez ere Txinako hegoaldean, Indiako kostaldean eta Asiako hego-ekialdean ematen da, arrozaren ekoizpenerako nagusiki. Herrialde horietan ugariak diren montzoiek eragindako eurien urak probesten dira, ur aunitz behar duten urpetutako lurretan arroza hazteko.

Plantazio nekazaritza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. eta XVII. mendeetan, Europako potentzia handiek Asiako hego-ekialdean, Hego-Ameriketan eta Afrikan hainbat nekazaritza ustiategi sortu zituzten, garaiko hainbat produktu exotiko lortzeko (Kakaoa, kafea eta kotoia bereziki). Hor du plantazio nekazaritzak bere jatorria.

Gaur egun, mendebaldeko herrialde garatuek herrialde azpigaratu horiekiko kolonialismo ekonomikoarekin darraite.

Abeltzaintza etekin bat lortzeko asmoz azienda edo abereak zaindu eta hazteaz arduratzen den lehen sektoreko jarduera ekonomikoa da, ondoren haien haragia, esnea, larrua, arrautzak, ilea eztia eta abar eta aprobetxatzeko, lanerako indar gisa edo besterik gabe ugalketarako erabiltzeko.

Azienda bi taldetan sailkatzen da: azienda larria (behiak, zezenak eta zaldiak) eta azienda xehea (ardiak, txerriak eta ahuntzak).

Abeltzaintza gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abeltzaintza handituz joan den jarduera bat da. Planetaren azaleraren % 30 larrez estalia dago, eta azienda elikatzeko bazka sortzeko erabiltzen da landu daitezkeen lurren % 33. Azken 50 urtean haragi-ekoizpena bikoiztu egin da eta esnearen kontsumoak gora egin du garatzen ari diren herrialdeetan.

Animalia-espezie ugarienak honako hauek dira: behi-, ardi-, txerri- eta hegazti-aziendak. Leku batzuetan ahuntz- eta zaldi-aziendak garrantzitsuak dira, kunikultura edo untxi-hazkuntza, eta erle-hazkuntza.

Azken mendean, ikerketa zientifikoen bitartez arraza hautatuak lortu dira, teknologiari berriei esker, ekoizpena handitu da eta abeltzaintza-produktuak beste herrialde batzuetara garraiatzeko aukera erraztu egin da. Halere, abeltzaintza ustiapenerako sistema berri hauek eztabaida sortu dute. Horregatik, hain zuzen ere, azken boladan nekazaritza ekologiaren aldeko apustua egiten ari da nabarmen herrialde garatuetan.

Abeltzaintza motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Abeltzaintza nomada etengabe aldatzen da lekuz larreak bilatzeko. Azienda zaintzen duten pertsonak ere aziendarekin batera aldatzen dira lekuz.
  • Abeltzaintza transhumantean azienda urtaren arabera aldatzen da lekuz (menduan haranetara eta udan mendietara)
  • Abeltzaintza estentsiboa ustiategi handietan egiten da. Azienda kanpoan ibiltzen da, eta larre naturalen bidez elikatzen da. Inbertsio gutxi behar ditu, baina produktibitate txikia du. Produktuak herrialde garatuetan saltzeko erabiltzen dira, baita gutxiago garatuta dauden herrialdeen autokontsumorako.
  • Abeltzaintza intentsiboa abeltzaintza industriala da. Espezie jakin batean espezializatutako ustiategietan egiten da. Azienda ukuiluratuta egoten da; ukuiluetan hazten da, haien elikadura, osasuna eta gizentzea kontrolatzen da.

Itsaso, ibai eta aintziretan, arrainak eta uretako beste animalia batzuk (krustazeoak, moluskoak) algak eta bestelako landareak harrapatzea da.

Arrantza motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kostaldeko arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kostaldean egiten den arrantza da. Herrialde ez-garatuetan praktikatzen da, eta elikadura-baliabide garrantzitsuenetariko bat da. Harrapatutakoa autokontsumorako eta bertako merkaturako eta salmentarako erabili ohi da. Ontzi txikietan eta artisau-metodoekin egiten da, hala nola, sareak eta kanaberak erabiltzen, normalean eskuz edo tailer berezietan egiten direnak.[1]

Itsasbazterreko arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kostaldetik hurbil eta ontzi txiki edo ertainetan egiten den arrantza mota da. Ontziak ongi prestatuak daude arraunen kokapena atzemateko eta harrapatutakoa denbora batez gordetzeko prestatuak daude ere. Gehienezko egun bateko arrantzaldiak egiten dira.

Itsaso zabaleko arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas zabalean eta edukiera handiko ontziekin egiten den arrantza mota da. Ontziek aparatu eta makina modernoak izaten dituzte, arrainak atzeman eta haien tamaina ezagutzeko ere. Hainbat arrantza-teknika erabiltzen dira hor, tretza, inguraketa eta arrastea gehienbat.

Arrain espezie desberdinak biltzen diren tokiak dira, kalak plataforma kontinentaletan egoten dira bertan planktona ugaria delako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]