Edukira joan

Lezoar batelariak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Batelaria

Lezoar batelariak. Lezotik Pasaiako badiaren inguruko herrietara zamak garraiatzen, merkantziak edota pertsonak ertz batetik bestera pasatzen eta ontzietarako lastak garraiatu eta gero, saltzeaz arduratzen ziren emakumeak dira. XVII. mendekoak dira euren lehen erreferentziak eta XX. mendera arte iraun zuen aktibitatea izan zen.

Batela

Batelariak oro har, XVI. mendetik aurrera, batelen, itsasontzien eta txalupen jabe ziren emakumeak izendatzeko erabilitako terminoa da. Tradizioz lanbide asko izan dira itsaso, ibai edo errekarekin erlazionatutako emakume-lanbideak, eta egun galbidean edota galdutzat daudenak. Horietako bat, Batelariena.

Emakume batelari hauen senarrak denboraldi luzetarako itsasoratzen ziren, etxea urte luzez abandonatuz, beraz, emakumeok euren biziraupenaren alde borrokatu behar izaten zuten. Eta Euskal Herria bezalako lurralde batean, itsasoa iturri ekonomiko handienetako bat zelarik, emakumeok ahalegin guztiak egin zituzten ur-ertzetara hurbiltzeko eta beren baliabideetatik bizi ahal izateko, gabarrari, saregile, arrantzale edota batelarien lanbideetan murgiltzen ziren. Amarengandik alabengana pasatzen zen lanbidea. Eta kasu askotan gainera, gizonen mesfidantzei eta debekuei aurre eginez.

Pasaia, Errenteria eta Lezo, Gipuzkoan besteak beste, eta Bizkaian ere kostaldeko hainbat herritarren lanbide bakarra uretako lanbidea zuten baina gizonezko eta emakumezkoen arteko indarren araberakoa izan ohi zen. Gizona itsasontzian marinel lanetan eta emakumea batelean, gizona itsasoan eta emakumea badian, portuan edo kaian.

Lezo eta batelariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako Lezo

Garai batean badia gurutzatzea zen Lezotik Donostiara joateko modurik erosoena, batez ere zamaren bat garraiatu behar zenean. Alegia, herriko ontziralekuko batelariren baten ontzian Herreraraino nabigatzea, gero handik aurrera goiti-beheiti lehorretik jarraitzeko. Oinez ere joan zitekeen Errenteriako galtzadatik, baina aukeran luzeagoa zen bidea. [1]

Horretaz gain, beste ontzi txikiak atoian eramateaz ere arduratzen ziren, gizonezkoak itsas lan astunagoetan murgiltzen ziren bitartean. Lanbide honek XX. mende arte iraun zuen inguruko herrietako portuetan, nahiz eta Lezon urte batzuek lehenago desagertua zen jada.

Kaputxinoen komentuko fraideak ere batelarien zerbitzuaz baliatzen ziren predikatzera zetozenean. Hala, jaiegun seinalatuetan -1633ko Santakrutz egunean, esate baterako- herriko kargudunek Matxingotik Lezorako pasaia ordaintzen zieten, soldata eta bazkariaz gain.

Lezoko kaia

Lezoko ontziralekura iristen zen bidaiariari zegokion batelari guztien artetik bat aukeratzea. Hauek oihuka hasten ziren maiz iritsi berria erakarri nahian, sesioan. Inoiz konpainiak ere eratzen zituzten, negozioan bakarka zebiltzanak baztertzeko asmoz.

Aspalditik datorren lanbidea da, eta beraien aipamena egiten dutenen artean hauek aipa daitezke:

“Hemen beti izan dira gizonen antzeko emakume indartsuak, itsasoko ekaitzei beldurrik gabe, beren batelekin joaten direnak errege armadetako galeoiak eta Ternuatik eta beste nonbaitetik etorritako beste ontzi batzuek atoian portuan sartzen laguntzera, itsasoan dabiltzan marinelen faltan ahalegin handiz, arraunean eginez gizonezkoak bailiran, arrisku izugarrietatik libratuz eta ugazaben laudorioak jasoz, Gipuzkoako kostaldean oraindik gauza arraroa baita.

Greziar historialari eta geografoa zen Estrabonek 17 tomotako bere Geographica idazlanean baskoi edo euskaldunei buruzko xehetasun ugari eta baliotsuen artean, emakume hauen adoreaz ere mintzo zen (faeminis aeque robur ad bellum ac viris) armei dagokienean batik bat, armetarako trebezia ere agertzen baitzuten.

Geroztik, gerren inguruan izan diren zurrumurru ugariengatik, ez da sekula entzun beren aberria babesik gabe utzi dutenik, aitzitik, beren burua defendatzen saiatzen ziren. Adibide gisa Igeldoko Domenginia (1522) aipatzen du”.

  • 1660an Felipe IV.ak Espainiako erregea bera ere emakume hauetaz liluraturik, Madrilen zuen Buen Retiro finkako urmaelera eraman nahi izan zituen baina antza denez ez zuen inor aurkitu bere borondatez Madrilera joango zenik.[3] [4]
  • 1676an, M. Catherine Le Jumel de Barneville, D’Aulnoyko Comtessak ere bere “Relation du voyage D’Espagna”[5] lanean, deskribapen hau utzi zigun, batelari hauen edertasuna soineko jantzietan eta apainketan jartzen zuten arreta azpimarratuz:

azabatxea bezain ile beltz distiratsua, bizkar gainean, zinta-lazoz txirikordatua,...”

  • Beranduago Manuel Breton de los Herreros (1796-1873) antzerkigileak, La batelera de Pasajes (1840)[6] III tomoko idazlanean deskribatzen du emakume langile hauen umorea eta egun osoan kantari pasatzen zutenaren irudia, batelariek kantatzen zutena azalduz:

¡Talaralá! ¡larala!

Aprisa, vengan aprisa,

que en leche la mar está

¡larala!

Y fresca, como la brisa

pasará la batelera

al que quiera y como quiera

de allí para aquí, de acá para allá.

¡Talaralá!, ¡laralá!

Han, bidea ibaira iristen zen tokian, zerbait berezia zegoen. Berrogeita hamar emakume, infanteria konpainia bat bezala lerro bakar batean jarriak, norbaiten zain zeudela ziruditen, eta garrasi handiz deika. Gertaera horrek txunditu egin ninduen, eta nire harridura areagotu egin zen, niri deitu eta espero zitzaidala aitortu zidanean. Errepidea hutsik zegoen, bakarrik nengoen, eta garrasiak niri zuzentzen zitzaizkidan. Nire harridura are gehiagotu zen hurbiltzerakoan. Emakume guztiek batera hitz bizi eta erakargarrienak zuzendu zizkidaten: Ingeles jauna, zatoz nirekin. Zu!, -nirekin, Zaldun hori!- Zatoz, gizona, ni polita naiz! Keinurik adierazkorrenak eta askotarikoak egiten zizkidaten, baina bat bera ere ez zetorren nigana. Azti batek bizia eman zieten eta lurrean errotutako estatuak ziruditen. Oihuka ari ziren, keinuka, baina ez zuten pausurik ematen... Gainera, adin eta itxura guztietakoak ziren, gazteak, zaharrak, itsusiak, ederrak, eder pertxentak, eta apainduak atso zarpailak,...

Denak batera hitz egiten zutenez, ez nuen bat bera ere entzuten, eta denbora bat igaro zen ulertzerako. Azkenean, itsasertzari lotutako txalupek azaldu zidaten arazoa. Beste itsasertzerainoko bidaia eskaintzen zidaten batelari talde baten erdian nengoen. Baina zergatik emakumezko batelariak eta ez gizonezkoak? Zeharkatzen ez zuen muga bat iduri bazuen, zer esan nahi zuen zalaparta hark? Azken finean, nora eraman nahi ninduten? Zenbat eta zalantza gehiago hainbat arrazoi jarraitzeko. Bere izenaz galdetu nion ederrenari; Pepa zuen izena. Bere batelera salto egin nuen. Berehala, beste batel batean zegoen bidaiari bat ikusi nuen; bakoitzaren batelean luzaroan itxaroteko arriskua genuen; eta elkarganatuz aldiz, berehala joan gintezkeen. Beraz, Peparen ontzia utzi nuen. Pepa haserre jarri zen, pezeta bat eman nion, dirua hartu eta haserreduraz jarraitu zuen arren, bereziki poztu ninduen, pezeta bat, nire ibilbidearen gehieneko prezioaren bikoitza zelako, nire bidai-lagunak ongi azaldu zidan bezala. Beraz, lanik egin gabe jaso zuen dirua.

Jada, itsasertza utzi eta badian nabigatzen genuen bitartean, dena berdea zen, olatua eta muinoa, lurra eta ura. Gure bateltxoa bi emakumek gidatu zuten, zahar batek eta gazte batek, ama-alabek gidatu zuten. Alaba, oso ederra eta alaia, Manuela zuen izena eta Catalana ezizena. Bi batelariak arraunean zutik ari ziren, aurrera, bakoitza arraun bakarrez, mugimendu soil, apal eta atsegingarriz.

Frantsesez erdipurdika hitz egiten zuten biek. Manuela, bere hulezko kapelu txikiarekin arrosa sendo batez apaindurik, koleta luzea, txirikordatua eta herrialdean modan zegoen hori-biziko zapia bizkar gainean zintzilik, bere gona motzak, ongi egindako gona, munduko hortzik ederrenak erakusten zituen barre handienak egitean eta xarmangarria zen. Amari dagokionez, zoritxarrez, tximeleta izandakoa zen...

Lezoar batelariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lander Zurutuza Lezoko liburuzainak jaso zituen lezoar batelarien nondik norakoak.[8]

1882. Batelaria

Manuela Arrieta batelaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuela Arrieta (Manuela Josefa, bataio agiriaren arabera) herriko azken batelarietako bat izan zen.1799ko maiatzaren 24an jaio zen Lezon. Aita, Josef Andres Arrieta (Lezo, 1773), arrantzalea zuen. Eta ama, Magdalena Gabirondo (Alkiza,1773), batelaria. Bost senideren artean zaharrena zen.

Espainiako zein atzerriko tropak ere baliatzen ziren batelarien zerbitzuaz -Hirurteko Liberalaren (1820-1823) azken aldean, esate baterako- Hala, 1822an Josefa Antonia Irurueta batelariak (Lezo, 1793) Valençay-ko infanteria erregimentuko berrogeita hamar militar eraman zituen Lezotik Herrerako ontziralekura -16 errealeko irabazia- , eta Magdalena Gabirondo eta familiakoek erregimentu bereko beste berrogeita bi lagun -12 erreal- Magdalena Gabirondok halaber sei biaje egin zituen Herrerara militarrekin -22 erreal- hamar biaje Donostiatik Frantziarako korreoaren eskoltarekin -40 erreal- eta hamaika biaje Herrerara eskolta berdinarekin -44 erreal-.

1823an Manuela Arrietak sei biaje egin zituen gutxienez Lezotik Herrerara, Frantziatik Donostiarako korreoa eta haren eskolta garraiatzen. Ceferina Fernandez batelariak ere (Lezo, 1794) egin zuen inoiz zerbitzu hori berbera.

1824ko maiatzaren 20an Manuela Arrietak sasiko alaba bat izan zuen: izen bereko Manuela Josefa Arrieta.[1]

Maria Magdalena Gavirondo Ceverio batelaria.

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1773ko abenduaren 9an Alkizan sortua. Gurasoak; Joseph Gavirondo Sarove eta Maria Theresa Ceverio Yriarte. Ezkontza: Mª Magdalena Gavirondo Ceverio eta Joseph Andres Arrieta Echagoyen. Seme alabak: Manuela Josepha (1799), Jose Agustin (1801), Josef Angel (1804), Luis Antonio (1806) eta Mª Vizenta (1808)[8]

Vicenta Seferina edo Ceferina Fernandez Ollo batelaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1794ko ekainaren 21ean Lezon sortua. Gurasoak: Seferino Fernandez eta Josefa Ollo Aristizabal. Ezkontza: Vicenta Seferina ..... Ollo eta Luis Antonio Arrieta Gavirondo (1829) Semea: Joseph Rafael Fernandez Ollo (1813)[1]

Josepha Antonia Yrurueta Echegaray batelaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1793 ekainaren 3an Lezon sortua. Gurasoak; Joaquin Yrurueta Arañaburu eta Joaquina Echegaray Martierena. Ezkontza: Josepha Antonia Yrurueta Echegaray eta Manuel Burutaran Echagoyen. Alaba: Josepha Teresa Burutaran Yrurueta (1815)[1]

Bukaera eta desagerpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batelarien kopuruak nabarmen egin zuen behera jada XIX mendean. Alde batetik ontziek eguneratzea eskatzen zutelako, edo portuko trafikoa nabarmen murrizten ari zelako edota, bertako lan jardueragatik, batelarien arteko lan egiteko modua ere aldatuz zihoan, azkenean desagertzeraino; lehen batelariak arduratzen baziren lana sortzeaz eta beraiek baziren ahalegin guztia egiten zutenak, gero enpresaburu baten menpe egotera pasa ziren, enpresari honek kontratatzen zituen, zerbitzu etengabean eta txandak zorrozki jarraitzera behartuak egonik derrigorrez. Horrela, XX mendeko bigarren hamarkada arte iraun zuen azkeneko batelariaren zeharkaldiak Pasaiako portuan, ontzien pixkanakako modernizazioari aurre egiteko baliabide eskasak zituztelako edo, desagertu zen batelarien lanbide zaharkitua.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Zurutuza Sunsundegi, Lander. (2015-02-17). «Manuela Arrieta batelaria» Lezoko Portua (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  2. (Gaztelaniaz) Lope de Isasi. (1623-1626). «Compendio historial de Guipuzcoa» Compendio historial de Guipuzcoa (Donostia: Ignacio Ramon Baroja) V. tomoa: 501-502..
  3. a b (Gaztelaniaz) «Navarra Pais Vasco. El Oasis. Viaje al país de los Fueros. Juan Mañe y Flaque. Edicion Lim. 6 tomos: Used - Good | Iridium_Books» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  4. «El oasis» Biblioteca Digital Hispánica (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  5. (Frantsesez) Madame Aulnoy, Marie-Catherine Le Jumel de Barneville. (1691). Relation du voyage d'Espagne.... Tome 1. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  6. (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «La batelera de pasajes» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  7. Hugo, Victor. (1910). En voyage, tome II. Librairie Ollendorff, 279–286 or. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  8. a b Zurutuza Sunsundegi, Lander. (2015-02-17). «Magdalena Gabirondo» Lezoko Portua (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]