Lidia
Lidia Λυδία | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
k. a. 1200 – k. a. 546 | |||||||||
Monarkia | |||||||||
Lidia antzinako erresumaren kokapen-mapa | |||||||||
Geografia | |||||||||
Hiriburua | Sardes | ||||||||
Kultura | |||||||||
Hizkuntza(k) | Lidiera | ||||||||
Historia | |||||||||
|
Lidia[1] (asiriera klasikoz: Luddu; antzinako grezieraz: Λυδία) Asia Txikiko mendebaldeko Burdin Aroko erresuma bat izan zen. Antzinako Joniatik ekialdera zegoen, gaur egungo Turkiaren barneko Uşak, Manisa eta Izmir probintziak dauden tokian. Populazioa lidieraz mintzo zen (Anatoliako hizkuntza bat). Homerok Meonia deitzen zion eskualdeari.
Hititen inperioa erori zenetik persiar akemenestarrek bereganatu zuten arte iraun zuen erresumak. Txanponak egin ziren lehen lurraldea izan zen, Txinan eta Indian baino lehen, K.a. VII. mendearen erdialdean, Giges-en erregealdian.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asia Txikiko mendebaldeko eskualde bat zen. Haren mugakideak hauek ziren: iparraldean, Misia; hegoaldean, Karia eta Frigia. Merkataritza-bide handiek zeharkatzen zuten eskualdea, eta meatzaritza-baliabide garrantzitsuak zituen (urrea eta zilarra, besteak beste).
Lidiako hiri nagusiak, Lidiaren mende garai batean egon ziren Joniako Esmirna, Efeso eta Mileto hiriak kenduta, hauek izan ziren, Ptolomeoren arabera:
- Sardes, erresumaren hiriburua.
- Filadelfia, Sardestik 45 bat km hego-ekialdera.
- Tiatira (grekoentzat, Pelopia: Πελοπία), Sardestik 40 km ipar-ekialdera. Indigo koloregaiaren merkataritzaren gune nagusietako bat izan zen.
- Magnesia, Sardestik 56 km mendebaldera.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasieran, Frigiaren mende egon zen eskualdea. Homeroren arabera, Atis jainkoaren seme Lidos izenetik dator Lidia izena. Asiriarrentzat eta egiptoarrentzat, Lud zuen izena eskualdeak. Frigiaren inperioa erori ondoren, K.a. VI. mendean, sortu zen Lidiar Inperioa. Gorenaldian, Lidiak ia Asia Txiki osoa bereganatu zuen, Lizia izan ezik. Karia eta Bitinia ere haren mende zeuden.
Kreso errege lidiarrak porrot egin zuen erresuma zabaltzeko gerretan, eta K.a. 546an Ziro Handiak bereganatu zuen Lidia, eta Persiaren mende gelditu zen. Alexandro Handiaren konkisten ondoren, seleukotarren erresumaren parte izan zen, eta Pergamoren mende gelditu zen ondoren (K.a. 260). Geroago, Erromatar Inperioaren mendera pasatu zen, K.a. 129an, eta Asia Txikiko erromatar probintziaren parte izan zen.
Erromatarren mende egon zen garaian, helenizatu egin zen, eta, IV. mendean, kristautu. Lidia Ekialdeko Erromatar Inperioaren probintzia jendetsu eta aberatsa izan zen. Hala jarraitu zuen, 1206an laugarren gurutzadak Bizantziar Inperioa zatitu zuen arte. Nizeako Inperioaren mende gelditu zen orduan.
1336an emir turkoek bereganatu zuten eskualdea, eta 1390etik aurrera Otomandar Inperioaren mende egon zen, Turkia estatua sortu zen arte. Turkoen mende, pixkanaka-pixkanaka, Lidiako populazioa, lehen milurtekoan greko eta ortodoxo bilakatua zena, turko eta musulman bilakatuz joan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.