Marcel Pagnol
Marcel Pagnol (Aubagne, Rodanoren Ahoak, Frantzia, 1895eko otsailaren 28a - Paris, Frantzia, 1974ko apirilaren 18a) frantsesezko idazlea izan zen.
1915. urtean, Fantasio izeneko literatura aldizkaria sortu zuen, eta, 1925. urtean, antzerki-lanetan hasi zen Les marchands de gloire (Loria merkatariak) satira-komediarekin. Jazz (1926) abangoardiako obrak ez zuen arrakasta handirik izan, baina 1928. urtean egin zuen Topaze obra oso ezaguna egin zen. Marseillako ohiturei buruzko hiru obra idatzi zituen ondoren: Marius (1929), Fanny (1931) eta Cesar (1936). 1936az geroztik, zinema-lanetan jardun zuen soilik, eta film batzuk egin zituen, Jean Giono idazlearen obretan oinarrituta: Angele (1934), Regain (1937), La Femme du boulanger (1939, Okinaren emaztea). Pagnolekin eta Marseillako kafe-antzerkitik zetozen Fernandel, Raimu eta Charpinekin ezagutu zituen Frantziako zinemak bere garairik onenak. De Sica eta Rosseliniren hitzetan bera izan zen neoerrealismo italiarraren aitzindarietako bat. Antzerkira itzuli zen Judas (1955) eta Fabien (1956) obrekin. Ospe handia bereganatu zuen bere txikitako oroitzapenen inguruan idatzi zituen lan batzuei esker: La Gloire de mon père (1957, Nere aitaren loria), Le Château de ma mère (1958, Nere amaren gaztelua), Le temps des secrets (1960, Sekretuen garaia) eta L´eau des collines (1936, Muinoetako ura). 1965. urtean historia eleberri bat argitaratu zuen, Le masque de fer (Burdinazko maskara).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marcel Pagnol |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.