Marcelino Olaetxea
Marcelino Olaetxea Loizaga (Barakaldo, 1889ko urtarrilaren 9a - Valentzia, 1972ko urriaren 21a) euskal salestarra. Iruñeko apezpiku (1935-1946) eta Valentziako artzapezpiku (1946-1967) izan zen, baita prokuradorea Gorte frankistetan ere (1955-1967).
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barakaldoko Lutxana auzoan jaio zen. Pedro Olaetxea metalurgiako langilearen eta Matilde Loizagaren semea zen[1].
Barakaldoko Salestarren ikastetxean sartu zen 1897an. 1901ean, Villaverde de Pontoneseko (Kantabria) salestarren prestakuntza-etxean sartu zen, non salestarrek erlijio-bokazioa zuten haurrak hezten baitzituzten. Filosofia ikasi zuen Carabanchel Altoko nobiziatuan non abituak jantzi baitzituen hamasei urterekin. Turinen teologia ikasi zuen.
1912ko abenduaren 21ean apaiztu egin zuten, eta handik gutxira Liejara (Belgika) joan zen soziologiazko ikasketak egitera.
Espainiara itzultzean, salestarren hainbat ikastetxetako zuzendari izendatu zuten: Coruña (1915) eta Carabanchel Altoko nobiziatua (1917). Geroago Tarraconense probintziako probintziala izendatu zuten, —Bartzelona (1922-1925)—, eta baita Celtica probintziakoa ere—Madril (1925-1933).
1933an, Vatikanoak Valentziako, Granadako eta Sevillako eliza-probintzietako apaiztegietako bisitari izendatu zuen. 1934an Madrilgo Ronda de Atocha ikastetxeko zuzendari bihurtu zen.
1935ean Iruñeko apezpiku izendatu zuten non egon baitzen 1946an Valentziako artzapezpiku izendatu zuten arte[2]. 1936ko uztaileko Espainiako estatu kolpean, Iruñean tropa kolpistak bedeinkatu zituen Diario de Navarrak sustaturiko ekitaldian. 1966an erretiroa hartu zuen Valentzian.
1955ean Gorte frankistetako prokuradore izen datu zen eta karguan 1967 arte aritu zen. Ez zen bertan oharkabean pasa. Izan ere, 1967an Espainiako Gorte frankistetan erlijio-askatasuna legeztatzeko legearen eztabaida abiatu zenean, aretoa utzi zuen eta ez zuen parte hartu eztabaidan desadostasun-seinale gisa[3]. Eztabaida bukatu zenean kontra bozkatu zuten prokuradoreak zoriondu zituen[4].
1972ko urriaren 21ean hil zen Valentzian. Hiri horretako katedraleko San Tomas Villanuevakoaren kaperan dago ehortzirik.
Espainiako Gerra Zibilean hartutako jarrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iruñeko apezpikutza hartu zuenean, politikan esku hartzearen aurka agertu zen eta ezaguna zen langileen baldintza material eta espiritualengatik zuen kezkagatik. Horrela, Iruñean Ekintza Katolikoko jardunaldi batzuk ixtean (1936ko urtarrilaren 19a), militante eta propagandistei gomendatu zien politikaz ez hitz egitea, eta ebita zezatela Espainia hainbeste gorestea "ez dezan erlijioak itxura eman lurreko Aberriari eusteko tresna hutsa denik'. Handik gutxira, ordea, Errepublikaren aurka zeuden indar politiko eskuindarrekiko atxikimendua erakutsi zuen[1].
1936ko uztailaren 17an eta 18an eskuindarren matxinada lehertu ondoren, altxamenduarekiko atxikitze-keinuak saihestu zituen hasieran. Hala, Diario de Navarrak uztailaren 25ean, Santiago egunez, Iruñeko Gaztelu plazan, erreketea Jesusen Bihotz Sakratuari konsakratzeko antolatutako mezara joateaz desenkusatu zen gaixorik zegoela esanez[5].
Karlistei eta militar matxinatuei Iruñeko gotzainaren jarrera gogaikarria gertatzen zitzaien, gerra lehertzeaz atsekabea agertu baitzuen eta tropak baldintzarik gabe bedeinkatzeari uko egin baitzion. Uztailaren amaieran, Olaetxea sozialistatzat jotzen zuten[5].
Hasieran ez zuen politikan parte hartu nahi eta 1936ko uztailaren 18ko altxamendua hasi eta berehala ez zituen karlistek sortutako mezak ospatu[5]. Hori zela eta, sozialistatzat hartu zuten[6].
Baina, abuztuaren 6an, Lleidako apezpikua zen Salvio Huix Miralpeix eta beste erlijioso batzuk errepublikazaleek erail izanak zirela jakinda, Gasteizko apezpikua zen Mateo Mujikarekin batera "euskal-komunista elkarkidetza" salatu zuen pastoraltza batean. Pastoraltza berak idatzia zenetz dudatan badago ere, handik aurrera altxatuen alde egin zuen[7].
« | Ama Eliza Sainduaren prelatu garenon bihotzak asaldatzen eta tristatzen dituena da gure seme-alabak ikustea bat egiten dutela Elizaren etsai deklaratuak direnekin, beren ahaleginak hauekin elkartzen dituztela, beren ekintza haienarekin bateratzen dutela eta, beren senideak izan arren arma klase guztiekin erasotzen dituztela. Ez da zilegi inolaz ere indar katolikoak banatzea etsai amankomunaren aurrean. Eta guk bidegabeko deklaratzen genuen hura munstrokeriara hurbiltzen da etsai munstro moderno hori denean, marxismoa edo komunismoa, zazpi buruetako hidra, heresia ororen sintesia, kristautasunari diametralki oposatzen zaiona bere doktrina erlijiozko, sozial eta ekonomikoan. | » |
Olaetxeak babes esplizitua abuztuaren amaieran eman zien matxinatuei, Errosarioko Ama Birjinari erreguzko prozesio solemne bat deitu zuenean abuztuaren 23rako[5], hitz hauekin:
'Erlijioaren eta Aberriaren interes sakratuak lehian dauden ordu historikoak bizi ditugu[...] zibilizazioaren eta basakeriaren arteko borroka.'
Egun horretan bertan, Olaetxeak pastoraltza bat argitaratu zuen gerra esplizituki gurutzadatzat kalifikatzeko (hartan, limosnak eskatzen zizkien “Jainkoaren eta Espainiaren kausagatik borrokan ari direnentzat, ez baita gerra [...] Gurutzada bat da, eta Elizak [...] bere gurutzatuen alde guztia jarri behar du”. Horrela kalifikatu zuen lehen gotzaina izan zen[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) Nuevatribuna. «La “coherencia” del obispo Marcelino Olaechea Loizaga» Nuevatribuna (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jimeno Jurio, Jose Maria. (2007). Navarra en época moderna y contemporánea. Pamilea, 306 or..
- ↑ Monroy, Juan Antonio.. (2011). Un protestante en la España de Franco. Noufront ISBN 978-84-92726-26-4. PMC 799866937. (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
- ↑ Piñar, Blas.. (2000). Escrito para la historia. (1a ed. argitaraldia) FN Editorial ISBN 84-7378-048-5. PMC 61697089. (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
- ↑ a b c d Casanova, Julián. (2001). La iglesia de Franco. , 56 or. ISBN 84-8460-080-7..
- ↑ Jackson, Gabriel. (2005). La República española y la guerra civil. RBA, 328 or. ISBN 84-473-3633-6..
- ↑ www.noticiasdenavarra.com. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Jimeno Jurio, Jose Maria. (2006). La Guerra Civil en Navarra (1936-1939). Pamiela.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) www.catholic-hierarchy.org
- (Gaztelaniaz) Valentziako artzapezpikutza
Aurrekoa Tomás Muñiz Pablos |
Iruñeko apezpikua 1935 – 1946 |
Ondorengoa Enrique Delgado y Gómez |
Aurrekoa Prudencio Melo y Alcalde |
Valentziako artzapezpikua 1946 – 1966 |
Ondorengoa José María García Lahiguera |