Olohega
Olosega Olohega Swains Uhartea | |
---|---|
| |
Bertako izena | Olohega[1] |
Geografia | |
Kokapena | Polinesia, Ozeano Barea |
Uhartedia | Tokelau |
Uharteak denera | 2 (bat, oso txikia) |
Uharte nagusiak | Olohega |
Azalera | 1,508 km² |
Punturik garaiena | Ia erabat laua da |
Politika | |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lurralde atxiki gabea | Samoa Estatubatuarra |
Hiriburua | Taulaga [2] |
Hiri populatuena | Taulaga |
Hiri populatuenaren biztanleria | 37 |
Jabea | Jennings familia |
Herrialdea | Zeelanda Berria[3] |
Lurraldea | Tokelauk aldarrikatua |
Gizartea | |
Biztanleria | 37 (2005ean) |
Talde etnikoak | Tokelauarrak |
Olohega (samoeraz Olosega, tokelaueraz) edo Swains Uhartea (ingelesez Swains Island) Polinesiako Tokelau uhartediko atoloi bat da, Samoa Estatubatuarrak administratua. Kontrol politikoa alde batera utzirik, Tokelaurekin erabateko lotura du geografiaz, hizkuntzaz eta kulturaz.
Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jatorrizko izena tokelauerazkoa da: Olohega[4]. Iturri tokelauarrek gehien erabiltzen duten aldaera da.
- Izenaren aldaera batzuk jaso daitezke hizkuntza polinesiarretan, dela tokelauera dela samoera: Olohenga, Olosega[5], Olosenga[6].
- Quirósen uhartea: Pedro Fernandes de Queirós portugaldarra izan zelako uhartea ustez ikusi zuen lehen europarra, 1606an.
- Gente Hermosa: Queirósek ipini omen zion izena; hala ere, azken ikerketen arabera izen hori ez dagokio Olohegari, Cook Uharteetako Rakahanga baino.
- Swains Island: William L. Hudson estatubatuar kapitainak 1841ean ipinia, bere ustez uhartea benetan zuzen kokatu zuena W.C. Swains balea arrantzalea izan zelako, 1840an. Gaur egungo izen ofiziala da eta ingelesez gehien erabiltzen dena.
- Jennings Island: 1856tik uhartearen jabeak direnen omenez.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Samoa Estatubatuarrak administratzen badu ere, ehunka kilometro egin behar dira hegoalderantz Samoa uhartedira heltzeko. Hurbilen dagoen uhartea Fakaofo da, Tokelaun iparralderantz jota. Ekialdean lurrik hurbilenak iparraldeko Cook Uharteak dira, Puka Puka hain justu.
Atoloiak bitxitasun bat du: erabat itxita dago eta barruko lakua ozeanoarekiko isolatuta dago; beraz, bere gazitasuna euriaren araberakoa da. Azalera osoa 1,508 km² da, 1,865 km² lakua barne. Lakuaren ekialdean 764 m²ko uhartexka bat dago.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2005ean 37 biztanle, tokelauarrak zirenak, bizi ziren bertan; denak Taulagan, atoloiaren mendebaldean. Hogei bat fale (tokelauar estiloko etxeak), eskola, eliza, komunikazio-eraikina eta udaletxearen funtzioak ere betetzen zituen kopra-biltegia zeuden 2005eko otsaila arte; orduan Percy zikloi tropikalak eliza baino ez zuen zutik utzi eta hortik aurrera beste batzuk berreraikitzeari ekin zitzaion[7]. Atoloiaren hego-ekialdean Etena ("edena") izeneko herriska bat dago baina aspalditik ez da inor bertan bizi. 1925ean, anexioaren urtean, biztanleak ehun bat ziren.
Biztanleen hizkuntza tokelauera da; hizkuntza administratiboa, ordea, ingelesa da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pedro Fernandes de Queirós portugaldarra izan omen zen lehen europarra atoloia ikusten: 1606ko martxoaren 2 zen. Apur bat beranduago Fakaofotik etorritako espedizio batek atoloiko gizon gehienak hil eta emakumeak bahitu zituen, krisialdi demografikoa sortuz[8].
Peacock itsasontzi estatubatuarraren kapitaina zen William L. Hudsonek Olohega bisitatu zuen 1841ean, W.C. Swains balea-arrantzalearen oharrak segituz. Hudsonen bisitaldia pasa eta gero fakaofoarrak bertara itzuli ziren. 1856an Eli Hutchinson Jennings estatubatuarra eta Malia bere andre samoarra atoloira bizi izatera joan ziren. Turnbull izeneko kapitain britainiarrak emandako ustezko jabetza-titulua zeukaten. Urte bereko urriaren 13an AEBetako banderaren menpeko lurralde erdi-independentea bilakatu zen; Jennings familiaren era horretako aginteak 70 bat urtez iraun zuen. Kokondoak landatu zituzten eta harrezkero atoloiko ekonomia-aktibitate nagusia da. Urte horietan Jenningstarrek Peruko ontziei laguntza eman zieten Tokelauko hainbeste lagun esklabo hartzeko[9].
1907an Erresuma Batuak, Gilbert eta Ellice Uharteetan[10] zuen ordezkariaren bidez Olohegaren gaineko kontrola izatea eskatu zuen; zerga bat eskatu zien Jenningstarrei eta haiek ordaintzeaz gain Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Sailari gertatutakoa jakinarazi zioten. Dirua itzultzeaz gain britainiarrek AEBren aurrean bere nahia ezin izan zuten.
Eli Jennings semea 1920an eta bere emaztea 1921ean hil zirenean subiranotasunaren auzian aldaketa bat suertatu zen; AEBek Eli Juniorren Ann eta Alexander seme-alabei atoloia administratzeko eskubidea eman zien baina aldi berean 1925eko martxoaren 4an ofizialki anexionatu eta Samoa Estatubatuarraren zati bihurtu zuen. Alexander Jennings jabe kudeatzailea bilakatu zen.
1953an tokelauar langileek lurraren jabetzaren gaineko eskaerak egin zituztelako Jenningsek 56 familia bota zituen; Samoa Estatubatuarreko gobernadoreak esku hartu zuen. Jenningstarrei jabetza baieztatu zien baina langileei lan-eskubide batzuk onartu zizkien eta hortik aurrera ordezkaritza bat izango zuten lurraldeko egitura politikoetan[11].
Tokelauren aldarrikapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1981eko martxoaren 25ean AEB eta Zeelanda Berriko gobernuek Tokehegako ituna[12] sinatu zuten; lehenek uzten zioten gainontzeko Tokelauko uharteak eskatzeari eta bigarrenak Olohegaren gaineko subiranotasuna estatubatuarrei onartzen zien. Baina beste tolekauarren ikuspegia guztiz bestelakoa da; 2006an hiru uharteentzat antolatu zen autodeterminazio erreferendumerako[13] idatzi zen konstituzio proposamenean Olohega Tokelaurentzat eskatzen zen.[14] 2007an Tokelauko legebiltzarrak bandera berri bat aukeratzeko prozesua zabaldu zuen; bandera honetan lau (eta ez hiru, aurreko ereduan bezala) izar sartzeko erabakia hartu zen.
Samoa Estatubatuarrak ez du jarrera ofizialik baina Togiola Tulafono agintariak lurraldeak "atoloia gordetzeko ahalegin guztiak egin behar" zituela adierazi zuen 2007ko martxoan.[15]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Tokelaueraz; aldaerak: Olohenga, Olosega; azken hau Manu'a uharteetako baten izena ere denez kontuz ibili behar da ez konfunditzeko.
- ↑ Uharteko herriska bakarra.
- ↑ Tokelau Zeelanda Berriaren menpeko lurraldea da; tokelauarrek beretzat eskatzen dute baina Wellingtonek ez du aldarrikapen hori bultzatzen.
- ↑ Pasifikafoundation webgunea, adibidez.
- ↑ Azken bietarako adibidea: The Future Political Status Study Commission of American Samoa; ikus 69.or.
- ↑ Aldaera hau Janeresture.comen.
- ↑ Zikloi tropikalaren berri AFAP.org.en.
- ↑ Olohega Janeresture webgunean.
- ↑ H.E. Maude: Slavers in Paradise, A.N.U., Canberra, 1981
- ↑ 1979tik Kiribati eta Tuvalu independenteak, hurrenez hurren.
- ↑ A Brief History of Swains Island in American Samoa.
- ↑ Atafun (Tokelau) sinatua, izena "Tokelau" eta "Olohega" leku-izenekin sortua.
- ↑ % 60k baiezkoa bozkatu bazuen ere, hiru herenen gehiengoa eskatzen zen.
- ↑ Tokelau calls for return of island TVNZn.
- ↑ American Samoa governor ready to resist Tokelau’s claim to Swains Island, Radio New Zealand International.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Olohega worldstatesmen.org.en.
- (Ingelesez) Tokelau looks to independence, stuff.co.nz.