PFC Levski Sofia (bulgarierazПрофесионален футболен клуб Левски София, "Levski Sofia Futbol Klub Profesionala"), Bulgariako futbol talde onenetakoa da palmaresari dagokionez, Sofia hiriburukoa. 26 aldiz irabazi du Bulgariako futbol liga eta beste 25 aldiz Kopa.
Ikasle batzuk sortu zuten 1914ean eta Bulgariako heroia zen Vasil Levski iraultzailearen izena eman zioten. XX mendearen hasieran futbola ez zen oso arrakastatsua Bulgarian eta ez dago taldearen inguruko informazio handirik. 1933an lortu zuen bere lehenengo Liga titulua eta 1942an urte bikaina izan zuen Liga eta Kopa irabazi baitzituen. Dobletea egin zuen 1946, 1947, 1949 eta 1950an ere. Gainontzako herrialde komunistetan gertatu bezala Gobernuak bere gain hartu eta izena aldatu zion taldeari, Dinamo Sofia bihurtuz, eta beste Dinamoek bezala kolore urdina hartu zuen taldeak. 1957an ordea Bulgariak esytalinismoa alde batera utzi zuenean Dinamo izena baztertu eta Levski berreskuratu zuen taldeak. Koloreak berriz urdina izaten jarraitu zuen.
1969an Spartak Sofiarekin bat egin zuen eta Levski-Spartak bihurtu zen. Bolada on bati hasiera eman zion 70. hamarkadan 4 Liga eta 5 Kopa irabazi baitzituen. 1976an UEFA Kopako final laurdenetako itzulerako partidan bost gol sartu zizkion FC Barcelonari. Aurrera egin ez bazuen ere (Bartzelonan 4-0, Sofian 5-4) gaur egun oraindik Bartzelonak UEFAn jaso duen gol kopuru handiena da.
1985eko kopako finalean istilu latzak izan ziren CSKA eta Levskiren artean. CSKA Sofiak 2-1 irabazi zuen baina hainbestekoa izan zen bortizkeria Bulgariako Alderdi Komunistak esku hartu eta talde bietako zuzendaritzak aldatu eta izenak ere aldatu zituztela, CSKA Sredets bihurtuz eta Levski Vitosha. 1989an Berlingo harresia erori zenean taldeak aurreko Levski izena berreskuratu zuen. Ordutik Bulgariako talde indartsuena izan da 9 Liga eta Kopa berri irabazi baitzituen, azkenak 2007ko Kopa eta 2009ko Liga. 2010. hamarkada ordea hutsean pasa zuen, talde berriek hartu zioten gaina. 13 urteren ondoren lortu zuen titulu berri bat, 2022ko Kopa.