Phyllis Kaberry
Phyllis Kaberry | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | San Frantzisko, 1910eko irailaren 17a |
Herrialdea | Erresuma Batua Ameriketako Estatu Batuak Australia |
Heriotza | Londres, 1977ko urriaren 31 (67 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | antropologoa eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Londresko University College |
Phyllis Mary Kaberry (San Frantzisko, Kalifornia, AEB, 1910eko irailaren 17a – Londres, Erresuma Batua, 1977ko urriaren 31) gizarte antropologoa izan zen eta hainbat gizartetan emakumeen lana aztertzen jardun zuen.
Bereziki Australian eta Afrikan egin zituen ikerketekin, ikerketa antropologikoetan ikuspegi feminista izateko bidea erraztu zuen. Bizitza sakratuari eta Australiako emakume aborigenen rol esanguratsuari buruz egin zuen ikerketa gai eztabaidagarria izan zen; izan ere, landa-lanetan aritu zen lehen urteetan, gizonek argi eta garbi menderatzen zuten diziplina zen antropologia, eta gizonak bizitzako alderdi guztietan nagusitzat jotzen zituzten. Emakumeek gizartearen garapenean eta antolaketan zuten rol esanguratsuari buruzko frogekin laguntzen zuenez, Kaberry antropologo oso eragin handikoa eta garrantzitsua izan zela esan daiteke.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kaberry San Frantziskon jaio zen. Gurasoak jatorriz Yorkshirekoak ziren, britainiar etorkinak. Kaberryren jaiotza baino piska bat lehenago emigratu zuten. Biak zientzialari kristauak ziren; aita arkitektoa. 1913an, Kaberry, gurasoak eta bi nebak Hegoaldeko Gales Berrira, Australiara, joan ziren bizitzera, eta, azkenean, Sydneyra. Kaberryk Fort Streeteko emakumeentzako Bigarren Hezkuntzako Institutura joan zen eta 1930ean Sydneyko Unibertsitatean sartu zen. 1933an Sydneyko Unibertsitatea Ingeles eta Filosofiako lizentziatura lortu zuen; baita ahalegin handiz Latin eta Historiakoa ere. 1934an Antropologiako Maistratza, Sydneyko Unibertsitatean eta 1938an doktoretza lortu zuen Antropologian, London School of Economics-en.[1]
Ibilbide akademikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sydneyko Unibertsitatea Australiako lehen unibertsitatea izan zen Antropologia irakasten. Unibertsitatea noizbait A.P. Elkin, Raymond Firth, Ian Hogbin, A.R. Radcliffe-Brown eta Camilla Wedgwood bezalako antropologoen bizilekua izan zen. Kaberryk A.P. Elkinen zuzendaritzapean ikasi zuen. Elkinek irmo sinesten zuen eta ez zuen inongo zalantzarik, emakume antropologoak gizarte ezberdinetan emakumeek zuten rolari buruzko ikuspegi bakar eta onuragarria eskaintzeko gai zirela. Une hartan alde batera utzitako pentsaera, kontuan izaten ez zena.[2]
Graduondoko ikasle gisa egin zituen lehen urteetan, Kaberry Ginea Berrian interesatzen hasi zen. Aholkulariak interes hori bultzatu zuen, eta tesia gobernu-politikek bertako baldintzetan izandako eraginei buruzko ikerketan oinarritu zen. Arazo hori Kaberryk Australian eta Afrikan egin zituen ondorengo lanetan agertu zen berriro. Geroago, 1939tik aurrera, Melanesiarekiko interesa berreskuratu zuen, Ginea Berrira bidaiatu zuenean, Sepik Barrutian Abelam herriaren gizarte-antolaketa aztertzeko. Dieta melanesiarrez ere interesatzen hasi zen, bereziki ñameak izan zuen rol nagusiaz. Zoritxarrez, Bigarren Mundu Gerraren ondorioek hango egonaldia laburtu zuten.[1]
Ikerketak Kimberley Eskualdean, Australia Mendebaldean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antropologiako maistratza osatu ondoren, Kaberryk Australiako Zientzia Akademiaren (ANRC) diru-laguntza jaso zuen, herrialde barruan ikerketak egiteko. Elkin aholkulariak iradoki zion bere landa lanak Kimberley eskualdean eta bere aborigenen azterketan zentratzea. Elkin Australiako bertako populazioen tratamendu humanitarioaren eta zaintzaren defendatzaile sutsua izan zen: bizi-baldintza urrien, tratu txarren eta haien sinesmen eta balio tradizionalak pixkanaka ezabatzearen ondorioz sortutako jarrera. Elkinen aholkuari jarraituz, Kimberley eskualdera joan zen Kaberry. Landan lan egiten duten antropologo gehienen antzera, Kaberryk baldintza zailekin borrokatu zuen, eta baldintza horiek bere erara saihestu zituen. Ganaduaren eta misiolarien artean ikerketak egin ondoren, hizkuntza oztopoei eta urtaroko migrazioen ondoriozko mugimendu etengabeari aurre egin zien, bizimodu transhumantera egokituz.[1]
Behaketa parte-hartzailearen ikuspegia hartuta, Kaberry hainbat pertsona-talderen artean mugitu zen, eta, horrela, sakonki murgildu zen emakumeen eguneroko bizimoduan. Askotan, itzultzaile bat behar izaten zuen, eta berak beti aukeratzen zuen emakumerik berritsuena itzulpenekin lagun ziezaion,eta emakume aborigenen bizitzaren alderdi pribatuei buruz hitz egitera animatzera laguntzeko. Bere lanaren zati handi bat estazio klimatikoen mende egon zen. Urtaro lehorrean, Kaberry ganadu eta misiolari estazioetan bizi izan zen eta genealogiak bildu zituen hainbat kanpamendutan emakumeak elkarrizketatuz. Zalantzan jarri zuen urtaro lehorrean aborigenen tradizioari buruz egin zituen ikerketen zehaztasuna. Izan ere, bertakoak ez ziren pertsonek ezarritako abere- eta misiolari-estazioen barruko bizimoduak aldatu egiten ziren Europarekiko harremanaren ondorioz. Deskubritu zuen indigenen bizitza tradizionala garrantzitsuagoa zela urtaro hezean. Kaberry zeremonia tradizionalen eta benetako ohituren lekuko izan zen: "jatorrizko bizitza" lehen zen bezala ikusteko aukera. Kimberley eskualdean gizarte aborigena aztertu zuen hiru urte ingurutan, ahaidetasunean, erlijioan, emakumeen antolaketa ekonomiko eta sozialean eta harreman europarraren eraginean zentratu zen.[1]
Landatik itzuli ondoren, Londresko Ekonomia Eskolan izena eman zuen beka bat lortu ondoren. 1938an antropologiako doktoretza jaso zuen, eta urtebete geroago Mujer Aborigen Sagrada y Profana lana argitaratu zuen. Liburu horrek oihartzun txikia izan zuen, baina eragin handia izan zuen antropologia arloko emakumeen ikasketetan. Argitaratu zen unean, antropologia gizonen mende zegoen, eta horregatik, bere liburuak gehiegizko kritikak jaso zituen, emakumeak gizonen berdinak zirela eta berezko balio sakratua zutela iradokitzeagatik. Garai hartan, emakumeak "etxekotutako behi" eta izaki erotiko gisa ikusten ziren, kultur garapenean eragin txikia zutenak, bizitza sakratua izateko joera zutenak, erakunde propioak zituztenak, baina gizonezkoenak baino maila baxuagokoak. Bertako gizarteetan emakumeen bizitzari buruzko informazioa lortu nahi izan zuen arren, Kaberryren aholkulariak, Elkinek berak, emakumeen gutxiagotasunaren sinesmen orokorrarekin bat zetozen ideiei eusten zien. Mujer Aborigen Sagrada y Profana zalantzan jartzen zituen ideia horiek.
Kaberryk zeremonia sakratuak erregistratu zituen emakumeen artean, eta gizartean betetzen duten rol integrala erakutsi zuen. 1930eko hamarkadan antropologoek idatzitako Australiako Aborigenak ardatz hartu zituzten hiruretako bat izan zen haren liburua, baita bertako emakumeak deskribatzen zituen munduko bakarrenetakoa ere. Kaberryk zalantzarik gabe, emakumeari buruzko etorkizuneko azterketetarako oinarriak ezarri zituen, mende amaierako mugimendu feministak izan arte oso axolagabe egon zen arloa.*
Malinowski eta kontaktu kulturalaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Yale Stirling Fellowship delakoa lortu zuenean, Kaberry Yaleko Unibertsitatera joan zen Australian eta Melanesian egin zituen ikerketei buruzko hitzaldiak aurkeztera. Han, Bronislaw Malonowski Londresko Ekonomia Eskolako aholkulariarekin topo egin zuen berriro. Kaberryk eta Malinowskik kontaktu kulturalarekiko eta haren ondorioekiko interesa partekatzen zuten. Biek adostu zuten gaiari buruzko liburu bat elkarrekin idaztea, baina Malinowski bukatu ahal izan baino lehen zendu zen. Eskuz idatzitako oharrekin, Kaberryk 1945ean amaitu zuen proiektua, eta Kultur Aldaketaren Dinamikak izenburua jarri zion. Kaberryk asko miresten zuen Malinowski, eta, ondoren, Emakume Aborigen Sakratua eta Profanoa liburua eskaini zion hari. Bere liburuan esaten duen bezala:*
«Malinowski irakasleari eskaini diot liburu hau, antropologo gisa berari zor diodan aitortza gisa, osotasun eta objektibotasun zientifikoa sakrifikatu gabe, artista baten irudimen eta sentsibilitatearekin kultura eta zibilizazioaren azterketara hurbiltzeko gai izan den baten gisa.» (xxv or.)
Ia hogei urte geroago "Malinowskiri begirada bat atzera begirakoan" idatzi zuen Oxfordeko Antropologia Elkartearen Aldizkarirako.*
Kamerungo Bamenda eskualdeko ikerketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kaberry Londresera joan zen bizitzera berriro, eta, azkenean, Gizarte Zientzietako Ikerketen Kontseilu Kolonialaren eskaera bat jaso zuen, Kamerungo Bamenda eskualdean ikerketak egiteko. Kontseiluak zalantzan jarri zituen kolonizatutako eskualde horretako garapen baxua eta desnutrizioa, eta Kaberryren zerbitzu antropologikoak eskatu zituen. Gobernu britainiarrak finantzatuta, Kaberryk Bamendara bidaiatu zuen eta Nso'-en (Nsaw izenez ere ezagunak) artean bizi izan zen. Han, bere ondoan lan egiten zutenekin gertuko harremanak izatera iritsi zen. Nso'-ek estimu handitan zuten haren adiskidetasuna eta hark komunitate barruko kontuak konpontzen lagundu zien. 1946an, lur galera errealitate bihurtzen ari zen Nso'-entzat, politika kolonialen ondorioz. Kaberryk bere kezkak helarazi zizkien agintari britainiarrei, eta, beraz, azkenean arazoa konpontzea lortu zuen. Lasaiturik eta esker onez, Nso'-ek Kaberry Erregina Ama izendatu zuten, berak biziki baloratu zuen titulua.[1]
Kaberryk berrogeita sei hilabete eman zituen Bamendan 1945 eta 1963 artean, Sally Chilver-ekin elkarlanean. 1952an Landetako emakumeak idatzi zuen, non Nso'-en egoera ekonomikoa deskribatzen zuen. Argitalpen horrek ez zuen aurreko liburuak bezainbeste kritika jaso, baina antropologiaren arloan ikuspegi feminista bateranzko beste mugimendu garrantzitsu bat izan zen.[3]
1950etik 1977ra, erretiroa hartu zuen urtean, antropologiako irakurlea izan zen Londresko University Collegen. 1951tik 1963ra Britainia Handiko eta Irlandako Royal Anthropological Society-ko kidea izan zen, eta 1965etik 1968ra lehendakariordea izan zen.[4]
Karrera akademikoaren azken uneetan, Londresko University Collegen irakatsi zuen hizlari gisa, eta, ondoren, irakasle gisa. Erretiroa hartu eta urtebetera, halabeharrez alkoholarekin pozoituta hil zen Londresko bere etxean, 67 urte zituela. Kaberryren heriotzaren berri eman zietenean, urte askoan berarekin lan egin zuen Nso' komunitateak dolu zeremonia bat egin zuen haren omenez, eta hamar urte geroago Kaberry Ikerketa Zentroa sortu zuten bere eskualdean. Oxfordeko Unibertsitatean, Emakumeei buruzko Ikerketetarako Trans-Kultur Zentroak (CCCRW) hitzaldi bat ematen du bere oroimenean hiru urtean behin, emakumearen ikasketei egindako ekarpenak ohoratuz.*
Ekarpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antropologiaren esparruan emakumeak aztertzen aitzindaria izan zen. Bere lanaren kritika etengabeak gainditzeko, akademia barruan borrokatu behar izan zuen. Emakumeek hainbat gizartetan duten balioari buruzko aurrekontzeptuak ezabatzeko grina eta dedikazioa, oso mesedegarriak izan dira azterketa antropologikoaren esparru hori garatzeko. Emakumeek beren komunitateetan egindako ekarpen esanguratsuak aitortu zituen, eta frogatu zuen emakumeak ez daudela gizonen itzalera mugatuta. Bere lanak pertsona antropologoen belaunaldiei eragin die, tartean Australiako Mendebaldeko Unibertsitateko Sandy Toussainti, Phyllis Kaberry eta Ni (Phyllis Kaberry y Yo) lanaren egilea .
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Yale Stirling Fellowship.[1]
- Carnegie Fellowship.[1]
- 1957 Britainia Handiko eta Irlandako Royal Anthropological Society-ko Rivers domina.[4]
- 1959 Britainia Handiko eta Irlandako Royal Anthropological Society-ko Ongietorri domina.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g «Phyllis Kaberry» Royal Anthropological Institute.
- ↑ Marcus, Julie, ed. (1993).
- ↑ «Women of the Grassfields» www.era.anthropology.ac.uk.
- ↑ a b c Centre for Transformative Innovation, Swinburne University of Technology. «Kaberry, Phyllis - Person - Encyclopedia of Australian Science and Innovation» www.eoas.info.