Samian
Samian | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Samuel Tremblay |
Jaiotza | Amos, 1983ko uztailaren 11 (41 urte) |
Herrialdea | Kanada |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria eta aktorea |
Izengoitia(k) | Samian |
Genero artistikoa | hip hop musika |
Musika instrumentua | ahotsa |
samian.ca | |
Samian, jaiotza izenez Samuel Tremblay (Amos, Abitibi-Témiscamingue, 1983 -) Quebeceko hip hop-rap kantaria da. Frantsesez eta algonkineraz abesten duen lehen rap kantaria da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Samian ("Samuel" algonkineraz) Amosen (Abitibi-Témiscamingue) jaio eta eskualde bereko Pikogan komunitate autoktonoan eta Quebeceko beste leku batzuetan hazi da. Aita quebectar frantses-hiztuna du eta ama anishinabeg edo algonkin jatorriko herrikoa.
2004an Wapikoni zinema proiektuan esku hartzeagatik atera zen agertoki publikora; horren ostean Loco Locass rap taldearekin elkarlanean hasi zen. Urte honetatik aurrera algonkinera berreskuratzeari ekin zion amamaren laguntzaz. 2005ean Kanadako filmaren bulegoarekin, Kanadako indiarren eta Iparraldeko aferetarako ministerioarekin eta APTN Aboriginal People's Television Network telebistarekin zenbait egitasmotan parte hartu zuen.
Erreferentzia publikoan irabazi duen heinean jatorriko herrietako gazteei zuzendutako aitzin-neurri kanpainetarako testuak idazten ibili da, dela eskola porrotaren, HIESaren edota ludopatiaren kontra[1]. Gazte autoktonoen artean oso popularra da, are gehiago Festival Voix d'Amériques jaialdian izandako arrakastaren ostean[2].
2006an Festival des peuples autochtones unis "Herri autoktono batuen jaialdian" (Paue, Okzitania) Courage kantarekin bideoklip onenaren saria irabazi zuen. Jaialdi honetan Kashtin musika talde innuaren kidea den Florent Vollanten aurretik aritu zen[3]. Urte berean Anodajay (Abitibi-Témiscamingueko lehen rap kantari ezaguna) ezagutu zuen eta berarekin ere elkarlanean aritu da. La Paix des Braves kanta idatzi zuen, non jatorriko herrien eta Quebecen autodeterminazio eskubideak uztartzearen alde hitz egiten den; bere lehen single arrakastatsua izan zen. Kanta Loco Locassekin abestu zuen zenbait kontzertu handitan, hala 2008ko Quebeceko festa nazionalean[4] nola Montrealgo Place des Artsen Loco Locass Symphonique ikuskizunaren harira.
Dagoeneko Europa frantses hiztunean, Finlandian, Txinan edota Vancouverko 2010eko Neguko Olinpiar Jokoetan ere aritu da[5].
Konprometitua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007an Paul Piché eta Raoûl Duguayrekin batera Forum Social Québécois ("Foro sozial quebectarra", FSQ) eztabaidaguneko eleduna izatea onartu zuen eta Mashteuiashen (Côte-Nord) antolatutako Forum Socio-économique des Premières Nations ("Jatorriko herrietako foro sozioekonomikoa") izenekoan Florent Vollantekin parte hartu zuen.
2010eko otsailaren 25ean Samian herri palestinarraren alde zabaldutako Israelen kontrako boikot kanpaina sinatu zuten 500 artisten artean agertu zen[6].
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Samian gazte autoktonoen eredu Réseau jeunesse des Premières Nations webgunean.
- ↑ Biografia ofiziala.
- ↑ Samian eta Kashtinen arteko elkarlana Cyberpresse webgunean.
- ↑ La Paix des Braves Quebeceko festa nazionalean; Samian eta Loco Locass Montrealgo Maisonneuve Parkean.
- ↑ Aboriginal rapper Samian at The Indie Ones tomorrow.
- ↑ Tadamon!: 500 artista israeldar apartheidaren kontra.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Webgune ofiziala.
- Samian MySpacen.