Santiago Calatrava
Santiago Calatrava Valls (Valentzia, 1951ko uztailaren 28a) espainiar arkitekto, eskultore eta ingeniaria da. Atenasko Olinpiar Konplexua, Tenerifeko Auditorioa, Bilboko Zubizuri eta Valentziako Arte eta Zientzien Hiria diseinatu ditu, besteak beste.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parisen eta Valentzian artea eta arkitektura ikasi zituen eta segidan, ingeniaritza zibilari heldu, Zurichen, goi-teknologiak liluraturik, Gaudí, Nerva zein Félix Candelaren obraren eraginpean betiere. Zurichen bertan hasi zen lanean 1981ean eta berehala egin zen ezaguna Europa osoan. 1989an beste bulego bat zabaldu zuen Parisen, eta laster hasi zen haren izena nazioarteko lehiaketa ospetsuenei lotuta azaltzen. Besteak beste, Berlingo Reichstag proiektuan parte hartu zuen (1993). Ordurako, ordea, beste makina bat egina zen: Rodako Bach zubia (1987) eta Montjuïceko dorrea (1989-1992), Bartzelonan biak; Kuwaiteko pabiloia eta Alamillo zubia, Sevillako Expo'92 erakusketarako eginak; Bilboko aireportuaren handitze lanak (1991-2000); Torontoko BCErako eginiko Gallery and Heritage Square proiektua, edo Lyon-Satolasko tren geltokia. Sari asko jaso ditu, eta erakusketa ugaritara haren obrak eraman izan dituzte. Calatravaren arkitekturaren hastapenak oso soilak dira sarritan, baina horiei emandako konponbide teknikoak oso konplexuak izan daitezke. Haren estiloan, lan antropomorfikoen eragina nabari da, Pier Luigi Nervi arkitektoarena adibidez. Arkitektura, ingeniaritza eta eskultura zenbaitetan uztartzen ditu, hiru alor horietan egin dituen ikasketez baliatuz.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Santiago Calatrava |
Artikulu hau Espainiako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.