Edukira joan

Stéphane Mallarmé

Wikipedia, Entziklopedia askea
Stéphane Mallarmé

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakÉtienne Mallarmé
JaiotzaParis1842ko martxoaren 18a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaValvins (en) Itzuli, Fontainebleau eta Vulaines-sur-Seine1898ko irailaren 9a (56 urte)
Hobiratze lekuacemetery of Samoreau (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Maria Christina Gerhard (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakpoeta, itzultzailea, idazlea, literatura-kritikaria, arte-kritikaria, bigarren mailako irakaskuntza katedraduna eta ilustratzailea
Lantokia(k)Paris
Enplegatzailea(k)Lycée Condorcet (en) Itzuli
Lycée Janson-de-Sailly (en) Itzuli
Collège-lycée Jacques-Decour (en) Itzuli
Jasotako sariak

IMDB: nm0539895 Musicbrainz: c3628f23-2c26-4196-b5f6-4aced433d1ba Discogs: 811967 IMSLP: Category:Mallarmé,_Stéphane Find a Grave: 7127 Edit the value on Wikidata

Stéphane Mallarmé, jaiotza-izenez Étienne Mallarmé (Paris, Frantzia, 1842ko martxoaren 18a - Valvins, 1898ko irailaren 9a) frantses olerkaria izan zen.

Funtzionarioen familia batean hezi zen. Bost urte zituela hil zitzaion ama, eta handik gutxira Maria arreba. Estatuaren zerbitzuko lanpostu apal bat zuen, eta irain asko eta asko jasan behar izan zituen lanean; gertaera horiek guztiek eragina izan zuten, era batera edo bestera, Mallarméren atsekabeetan. Mallarméren heziketa literarioari dagokionez, garrantzi handikoak izan ziren Baudelaire eta Edgar Allan Poe; Baudelaireren poemak kopiatzea izan zen, hain zuzen ere, Mallarmeren lehen urrats literarioetako bat. Poeren lanak hobeto ulertzeko eta itzultzeko asmoarekin, aldiz, ingelesa ikastera joan zen Ingalaterrara. Handik itzuli zenean, Marie Gehrard alemaniarrarekin ezkondu zen.

Tournon lizeoan hasi zen ingeles-irakasle; gramatika pedagogiko bat eta ingeles hitzei buruzko liburu berezi bat ere idatzi zituen. Lanaren monotoniaz eta familia-kezkez inguraturik bizi bazen ere, Mallarmék dozena bat poesia argitaratu zituen garai horretan, Parnasse contemporain aldizkarian (1886); L'Azur eta Brise marine ("Itsas haizea") dira aipagarrienak. Hogeita bi urte zituela, Hérodiade poema idazten hasi zen, eta ez zuen inoiz amaitutzat jo. Poema hori idaztea lan zaila izan zen Mallarmérentzat, izan ere, idazten ari zela, lehenbizi Besanconera (1866) eta gero Avignonera joan behar izan zuen lanagatik, eta oso denbora gutxi zuen idazteko: gauez idazten zuen beraz, lanetik irten eta gero. 1867an hasi zuen Igitur, ou la folie d´Elbehnon ("Igitur, edo Elbehnonen eromena") kontakizuna. Lan horretan agertzen dira ondoen Mallarméren poesietako objektu, gai eta irudi guztiak. Bien bitartean, lan kontuak zirela-eta, Mallarmék Parisa joan behar izan zuen; hiri haren gris kolorean babesa bilatzen zuen Mallarmék.

1876an L´après-midi d´un faune ("Fauno baten arratsaldea") argitaratu zuen: poema horretan ametsen mundura iristeko eta absolutua adierazteko erabiltzen zituen sinboloak. Mallarméren etxean egiten ziren astearte literarioak ospetsuak egin ziren garai hartan; solasaldi haietan Mallarmék izugarrizko lilura sortzen zuen belaunaldi berrietako idazleengan. Kritikariek harriduraz eta mesfidati begiratzen zioten, oro har, Mallarméren lanari; Verlainek, aldiz, ez zuen inongo zalantzarik, eta maisutzat hartzen zuen Mallarmé. 1897an Mallarmék Un coup de dés jamais n´abolira le hasard ("Dado-jokaldi batek ez du sekula halabeharra abolituko") argitaratu zuen. Erabat ustekabekoa zen lan hura formari zegokionez, zeharo hausten baitzituen ohiko sistema sintaktikoa eta grafikoa; hogeita hamar urte lehenago Igitur lanean erantzunik gabe utzi zuen gaiari heldu zion, berriz ere, azken lan horretan.

Liburu hura argitaratu eta urtebetera hil zen Mallarmé, bere ikasleei eta bere buruari urteetan agindu zien liburu absolutua egin gabe. Hérodiade eta "Fauno baten arratsaldea" lanak antzerki-testutzat hartzen dira, idatzi horien erritmoak antzezpen bateko denboraren arabera antolatuta baitaude. Sintaxia, batzuetan, esaldi infinituetan hedatzen da, beste batzuetan berriz, oihu laburra da.

Drama horietan ez da gauza handirik gertatzen, gertaera nagusiak hizkuntzaren gertaerak dira.

Mallarméren adiskideek eta ikasleek eskola baten sortzailetzat zuten hura; Baudelaireren korrespondentzietatik abiatuta, sinboloen poetika sortu izanaren gaitasuna egozten zioten. Mallarmék izugarrizko eragina izan zuen bere ondoko poesian, bai Frantzian bai Europan: bai dadaistengan, futuristengan eta hermetikoengan, eta bai poeta bisualengan. Mallarméren poesian hitzek ez zuten erreala zena adierazten, errealitatea ordezkatzen edo ezeztatzen baizik. Hitzek mundua ezezten dute, poesia azalera irten dadin. Mallarmérentzat, haren ondorengoentzat bezalaxe, poesia erlijio bihurtu zen. Mallarmék poesiari eragin zizkion mutazioen ondorioz, ordura arte ez bezalako jarduera bihurtu zen poesia.

Kanpoko loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Stéphane Mallarmé Aldatu lotura Wikidatan