The Divine Comedy (musika taldea)
The Divine Comedy | |
---|---|
"Summer Sundae" festibala, 2007 | |
Datuak | |
Jatorria | Ipar Irlanda |
Musika mota | Pop |
Urteak | 1989 – gaur egun arte |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Setanta Parlophone |
Taldekideak | |
1989tik gaur egun arte musikari hauek jo dute taldean: Neil Hannon, Bryan Mills, Chris Worsey, Grant Gordon, Ivor Talbot, Joby Talbot, John Allen, John McCullagh, Kevin Traynor, Miggy Barradas, Natalie Box, Rob Farrer, Simon Little, Stuart 'Pinkie' Bates, Lucy Wilkins eta John Evans | |
Informazio gehigarria | |
www.thedivinecomedy.com | |
The Divine Comedy Ipar Irlandako pop musika taldea da, Neil Hannon musikariak gidatua.
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989an sortu zenetik hona Neil Hannon izan da taldeari eutsi dion partaide bakarra, unean-unean aldaketak bizi izan baititu formazioak. 1989 hartan hiru lagunen inguruan antolatu zen banda: aipatu Hannon, John McCullagh eta Kevin Traynor ziren kide horiek. Aurreneko lanak, Fanfare for the Comic Muse diskoak, nolabaiteko arrakasta izan bazuen ere – R.E.M.ekiko konexioa ikusi zuen hainbatek- , hurreneko Timewatch (1991) eta Europop (1992) EP formatudunek ez zuten entzute handirik lortu; berauetan John Allen taldekide berria ibili zen abeslari lanetan.
Etsi barik Hannonek berriro ekin zion 1993an “Liberation” lanarekin. Aurkeztutako errepertorioan besteak beste aurreko kanta batzuen bertsio moldatuak datoz, eta estiloa ez da bakarra. Bestetik han hemen dira erreferentzia literario asko eta asko: 'Bernice Bobs Her Hair' kantuak F. Scott Fitzgeralden istorio labur bat du abiapuntu; 'Three Sisters'ek Anton Chekov-en antzezlana; eta 'Lucy' William Wordsworth olerkariaren hiru poema musikatu dira. Kritikak lana goraipatu zuen; ez, ostera, erosleek. Frantzian harrera hobea izan zuen.
Ekinean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Promenade (Osteratxoa) hurrengo saioa izango da. Eraginak oso markatuak ei dira, eta berorien artean aipagarriena Michael Nyman dateke. 1994ko ekoizpen honen gainean Hannonek berak aitortu ei du influentzia hori, eta brometan bada ere Nymani berari opari egin zion diskoa, arren auzitara eraman ez zitzan erregutuz, plagioa zitekeelakoan. Diskoak bi maiteminduren arteko harremana zuen gogoan, egun buruzuri batean bizi izandakoak hain zuzen ere. Liberation diskoarekin gertatu bezala, kritika onak izan zituen. 10.000 kopia saldu zituen disko honek, ez espero bezainbeste, baina bai aurretiaz aurreikusi adina. Arrakasta komertziala ez zen taxutu hortaz, nahiz eta lan honek Hannonen kantetan onenetako batzuk bildu: 'Don't Look Down', 'The Summerhouse' eta askoren ustez taldearen abesti onena den 'Tonight We Fly'.
1995ek hausnar egiteko urtea behar zuen. Hiru urte luze gogorreko lanak atseden eskatu zuen. Hannonek lau hilabetez idazteari laga zion, baina hurrengo zortzi hilabeteetan egitasmo berri batean murgildu zen: Casanova. Tartean agertzen den 'Songs of Love' telebista-saio baterako propio enkarguz idatzitako musika da. Zenbaitek heltze modukoa ikusi dute lan honetan: Liberationek eta Promenadek maitasun ametsen kronikak diren legez, Casanovak amets horien ostekoak islatzen bide ditu. Horretaz aparte emaitzak Hannonen betidaniko asmoetako bat bete zuen: taldearen musikari estudioan erantsitako orkestazioak bila zebilen instrumentazio-efektua sortu zuen. Orain ere kritikak ondo asko hartu zuen disko berria; salmentek antzeko joera erakutsi zuten hasieran, baina berariaz argitaratutako single bat, 'Something For the Weekend' kantarena hain zuzen, telebistan eginiko agerraldi batzuk eta irratietan sarri askotan taldearen musika jarri izana arrakastaren bidean jartzeko giltzarriak izan ziren.
Ospera bidean (Casanova eta A Secret History...)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Casanovak lortutako arrakastaren haritik Hannonen ospeak ere gora egin zuen, 'popstar'rek ohikoa duten zurrunbiloan sarturik ibili zelarik. Garai horretantxe kalean ipini zuten A Short Album About Love. Zuzeneko agerraldi baten grabaketa honek zeharkako erreferentzia bat zuen: Krzysztof Kieślowskiren A Short Film About Love filma. Joby Talbot pianoan, Bryan Mills baxuan, Ivor Talbot gitar-jole, Stuart 'Pinkie' Bates 'hammond' delakoan eta Miggy Barradas baterian ziren sasoi horretako taldekideak. Eta zuzeneko horretan 'Brunel Ensemble' orkestrak lagundu zituen The Divinekoak. Aipatzekoa da grabaketa honetatik ateratako singlea: 'Everybody Knows (Except You)', taldearen kantu ezagunenetako bat. 1997 horretan ere ibiltari jardungo dute Erresuma Batuan eta Frantzian zehar, orkestrak lagunduta. Bestetik Hannonek aukera izango du Michael Nymanekin bat egiteko eszenatokian, hiru agerraldi eskaini baitzituzten biek ala biek Edinburgheko Jaialdian.
1998an Fin De Siècle lana atera zuten, bi astean grabatua. The Divine Comedyk lagun izan zituen honakoan 'Brunel Ensamble' orkestra, 'Crouch End Festival Chorus' eta Hillary Summers opera-abeslaria. 'National Express' kantuak sekulako arrakasta izan zuen, zerrendetako lehen postua erdietsiz. Bestela ere, eta albuma bere osoan hartuta, kritikaren arabera taldearen lan onena liteke.
1999an Setanta Records disko-etxeak A Secret Story - the Best of The Divine Comedy bilduma kalean jarri zuen, aurreko urteetako ekoizpenaren aukeraketa bat, salduenetan hirugarren sailkatu zena. Urte horretan ere taldeak hainbat lankidetzari egin zien leku, Tom Jones kantariarekin eta Ute Lemper opera-abeslariarekin kasu.
Setanta disko-etxea laga eta egun arte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordurarteko etxea laga eta Parlophone Records-era jo zuten 2001ean. Eta lehenengo uzta Regeneration diskoa izan zen. Oraingo honetan taldea bera da ardatza, ez baita bestelako ekarpenik, sei lagunena baizik. Nigel Godrichek ekoiztuta (Radiohead, Travis, Beck kasu), sustraietarako itzulera da. Kritikak orain ere nabarmen epaitu zuen lana. Tamalez 1996an Casanova ondu zeneko talde hura desegin egingo da. 2002an Hannon Estatu Batuetan da, Ben Folds kantariarekin lanean. Absent Friends 2004an argitara emango dute, Neilen lan oso findua, Joby Talbotek orkestraturikoa. Sortze lanak bat egin zuen oinarrizko taldearen desegite prozesuarekin, Estatu Batuetako egonaldiarekin, Neilen umearen jaiotzarekin eta Dublinera itzultzearekin; eraldaketa hauek guzti,ek, zalantza barik eragina izan zuten diskoaren zer-nolakoan. Kritikak harribitxitzat hartu zuen. 15 laguneko orkestrak lagunduta zuzenean jotzeari ekin zioten udaberri horretan. 2005ean hainbat eta hainbat lankidetzatarako tartea izan zuen Hannonek: Jane Birkin; Charlotte Gainsbourg, Jarvis Cocker, |Air taldea, Laura Michael Kelly… Eta aldi berean idazten jardun zuen taldearen hurrengo diskoari begira: Victory For the Comic Muse.
2010eko maiatzean Bang Goes the Knighthood lana kaleratu zuten, hamasei kantuk osatua.
Taldean ibilitakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Neil Hannon izan da taldea sortu zenetik gaur arte gorabehera guztiak bizi izan dituen bakarra. Unean uneko bidaide izan ditu honako musikari hauek:
- Bryan Mills
- Chris Worsey
- Grant Gordon
- Ivor Talbot
- Joby Talbot
- John Allen
- John McCullagh
- Kevin Traynor
- Miggy Barradas
- Natalie Box
- Rob Farrer
- Simon Little
- Stuart 'Pinkie' Bates
- Lucy Wilkins
- John Evans
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estudio-lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fanfare for the Comic Muse (1990)
- Liberation (1993)
- Promenade (1994)
- Casanova (1996)
- A Short Album About Love (1997)
- Fin de Siècle (1998)
- A Secret History... The Best of the Divine Comedy (1999)
- Regeneration (2001)
- Absent Friends (2004)
- Victory For The Comic Muse (2006)
- Bang Goes the Knighthood (2010)
- Foreverland (2016)
Singleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Something for the Weekend" (1996)
- "Becoming More Like Alfie" (1996)
- "The Frog Princess" (1996)
- "Everybody Knows (Except You)" (1997)
- "Generation Sex" (1998)
- "The Certainty of Chance" (1998)
- "National Express" (1999)
- "The Pop Singer's Fear of the Pollen Count" (1999)
- "Gin Soaked Boy" (2000)
- "Love What You Do" (2001)
- "Bad Ambassador" (2001)
- "Perfect Lovesong" (2001)
- "Come Home Billy Bird" (2004)
- "Absent Friends" (2004)
- "Diva Lady" (2006)
- "To Die a Virgin" (2006)
- "A Lady Of A Certain Age" (2006)
- "At The Indie Disco" (2010)
- "I Like" (2010)
- "Catherine the Great" (2016)
- "How Can You Leave Me On My Own" (2016)
EPak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Timewatch (1991eko urria)
- Europop (1992ko urtarrila)
- Indulgence No.1 (1993ko urria)
- Indulgence No.2 (1994ko uztaila)
- Bavarian EP (2004ko urria) (Taldearen webgunetik jaitsi ahal da.)
DVDa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Live At The Palladium (2004)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) The Divine Comedy taldearen webgune ofiziala
- (Ingelesez) (Frantsesez) Taldearen fansite bat[Betiko hautsitako esteka]
- (Ingelesez) Elkarrizketa Subculture Magazine aldizkarian - 2006ko azaroa
- (Ingelesez) The Divine Comedy musicOMH.com webgunean