Tuzidides
Tuzidides | |||
---|---|---|---|
K.a. 424 - K.a. 423 | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Alimos Municipality (en) , K.a. 460(e)ko hamarkada | ||
Herrialdea | Antzinako Atenas | ||
Heriotza | Atenas, K.a. 395 (55/65 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Olorus | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | antzinako greziera | ||
Irakaslea(k) | Antiphon of Rhamnus (en) | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | historialaria eta idazlea | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Influentziak | Homero | ||
Gradua | strategos | ||
Tuzidides (antzinako grezieraz: Θουκυδίδης, Thoukydídēs; c. K.a. 460 - c. K.a. 395) Antzinako Greziako historialari bat izan zen. Ezaguna da Peloponesoko Gerraren Historia lan historiografikoaren egilea izateagatik. Lan horretan, gertaera historikoak aztertzeko zorroztasuna nabarmentzen da, eta, horregatik, historia zientifikoaren sortzailetzat jotzen da.
Herodotoren Historiak amaitzen diren garaian hasten dira Tuzididesen historiak (K.a. 460). Atenasen eta Espartaren arteko gerra hasi zenean (431. urtea) hasi zen Tuzidides gertaera hura zehatz-mehatz kontatzen.
Eta gerra hartako gertaerak hain bertatik bizi izan zituen Tuzididesek, ezen K.a. 424. urtean atenastarren jeneral izendatu baitzuten; baina saldukeriaz salatu zuten, eta ihes egin behar izan zuen Atenastik. Hogei urtez erbestean bizi ondoren, gerra amaitu zenean (K.a. 404), Atenasera itzuli zen. Han lanean jarraitu zuen: berrikusi egin zuen ordu arte idatzitakoa, baina, azkenik, amaitu gabe hil zen.
Askotan egin izan dira konparazioak Herodotoren eta Tuzididesen artean, baina kontuan hartu behar da oso historialari desberdinak izan zirela, eta zeinek bere metodoak erabiltzen zituela historia aztertzeko.
Tuzididesen Peloponesoko Gerraren Historia, Herodotoren Historiak lana baino modernoagoa ematen du; baina ez da ahaztu behar bi historialari horiek oso lan-metodo desberdinak zituztela, eta bataren zein bestearen lanak garrantzi handikoak izan direla iragana hobeto ulertzeko. Tuzididesek historiari buruz egiten duen analisi politiko eta militarra oso garrantzitsua da, eta Herodoto, berriz, ezinbesteko iturria da etnologo eta arkeologoentzat. Tuzididesek iragana lanaren sarreran aipatzen du bakarrik; izan ere, bizi izan zituen edo bizitzen ari zen gertaerak kontatzea baitzen harentzat historia.
Herodotok elkarrizketak egin zizkien zenbait pertsonaiari hainbat gairen inguruan, eta haien iritziak bere horretan sartzen zituen bere lanean. Tuzididesek, aldiz, gai berei buruzko iritziak konparatu egiten ditu batzuk besteekin. Eta iritzi horiek liburuan sartzeko, Tuzididesek prozedura berezi bat erabiltzen du, alegia, kontakizuna etengabe eteten du pertsonaia historikoen hitzaldiak sartzeko, eta haien iritziak, irizpideak eta politikak aipatzen ditu. Ez ditu haien esanak hitzez hitz berridazten; aldiz, agintarien eta militarren ahotan jartzen ditu beren pentsamenduak eta iritziak. Hala, Peloponesoko Gerraren Historia lanean berrogeita lau hitzaldi-zati daude. Esate baterako, Periklesen pentsamenduak ageri dira, eta nahiz eta hitz horiek ez zituen horrela esan, haren barru-barruko usteak eta helburu politikoak erakusten dituzte. Bestalde, hitzaldi batzuen aurrean, guztiz kontrakoa pentsatzen dutenen hitzaldiak jartzen ditu askotan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tuzidides |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |