Edukira joan

Txantxangorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txantxangorri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMuscicapidae
GeneroaErithacus
Espeziea Erithacus rubecula
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa2,4 g
Zabalera21 cm
Kumaldiaren tamaina4,9
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora15 egun
Arrautza
Cuculus canorus + Erithacus rubecula

Txantxangorria (Erithacus rubecula) passeriforme klaseko hegaztia da, Muscicapidae familiakoa.[1] Europa osoan da, gehienbat hegoaldean, eta urte osoan leku berean bizi da. Europako Iparraldearen eta Afrikako ipar-mendebaldearen arteko migratzaile partziala da. Txantxangorria hegazti lagunartekoa, ausarta eta bitxia denez, ohikoa da txori horrek momentu batez basoa atzean utzi eta begi bistan jartzea, bere bizilekura zein edo zer iristen den ikusi ahal izateko. Deiadar bereizgarria du eta alerta gisa erabiltzen du. Kantu melodikoa du, urretxindorrarenaren oso antzekoa.

Bular gorriagatik bereizten den hegazti txikia da, 14 cm luze ingurukoa. Gazteak arreak dira, tantoz josiak, eta arren eta emeen artean ez dago desberdintasun fisikorik. Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak egindako ikerketa baten datuen arabera, txantxangorrien lumadiari erreparatuta, beren sexuaren eta adinaren informazio zehatza jakin daiteke.[2]

Intsektu txikiak eta zizareak elikadura iturri nagusi ditu. Euskal Herri osoan zehar egiten ditu habiak (gehiago lurralde hezeetan idorretan baino). Neguan populazioak gora egiten du, Europa iparraldeko hotzetik ihesi datozen txoriak ere gerturatzen direlako. Euskaraz beste hainbat izen ere baditugu: anttonpapargorri, antxogorri, lepogorri, papargorri, papogorri, txantxako, txantxango, txindor, txotxolongorri.[3]

Txantxangorri heldua 5-14 cm luze da, 16-22 g-ko pisua du eta 20-22 cm-ko hego-zabalera. Bai arraren bai emearen lumadia antzekoa da. Ar eta emeen ezaugarriei dagokienez, paparra eta aurpegia laranja kolorekoak dituzte, gris-urdin kolore batez inguratuta, goiko alde marroia dute eta sabel alde zuria; hankei eta oinei dagokienez, marroiak dira eta mokoa eta begiak, beltzak. Gazteek ez dute ia kolore laranjarik, gehienbat okre-kolorea baizik. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka paparrean eta aurpegian laranja koloreko zati batzuk agertzen zaizkie nagusitu ahala.[4]

Carlos Linneo zientzialari eta naturalista suediarrak gaur egungo taxonomiaren oinarriak jarri zituen: bere Systema naturae[5] obran, txantxangorria, Motacila rubecula izenarekin deskribatu zuen. Haren berariazko epiteto rubecula latinezko gorri (ruber)[6] hitzaren txikigarri eratorria da. Erithacus generoa Georges Cuvier naturalista frantsesak sortu zuen 1800. urtean eta txantxangorriari izena eman zion, egun duen nomenklatura binomiala, hain zuzen, Erithacus rubecula.[7]

Txantxangorria intsektuak jaten dituen hegazti talde baten kidea da. Talde horren kide bezala birigarroa eta euli-txoria ere izendatu izan dira beste batzuen artean, taldeak taxonomikoki oso antzekoak baitziren. Azkenik, birigarroaren eta euli-txoriaren espezieak berriz aztertu ziren eta, horren ondorioz, Erithacus generoa Saxicolini taldearekin lotu zen. Saxicolini taldeak bere baitan aurreko hiru espezieak izateaz gain, urretxindor arrunta ere hartzen du, Saxicolini familiako beste hegazti askorekin batera.[8]

Ekialdeko Paleartikoan bi espezie daude Erithacus generoan: Erithacus akahigea eta Erithacus komadoria. Hala ere, datu biogeografiko eta DNA sekuentzia batzuk adierazten dutenaren arabera, bi horiek Ekialde Urruneko urretxindorrekin batera sailka daitezke, Erithacus generoan europar espezieak soilik utzita.[9]

Azpiespezieak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainiako Erithacus rubecula melophilus azpiespeziea hegazti kontinentaletatik arintasunez desberdintzen den bakarra da. Azpiespezieei dagokienez, James Clementsek[1] hurrengo hurrengoak aitortzen ditu:

Eurasiako area kontinentalaren zati handi batean txantxangorrien arteko desberdintasunak oso urriak izanik, azpiespezieak desberdintzeko, gehienbat uharteak eta mendiko zonaldeak erabiltzen dira.[10][11]

Erithacus rubecula melophilus, Europako mendebaldearen zati handi baten bizi den subespeziea, Britainiar uharteak barne, Afrikan, Korsikan edo Sardiniako ipar-mendebaldean ere ibiltari aritzen da. Erithacus rubecula witherbyi espeziea Erithacus rubecula melophilusen oso antzekoa da; hala ere, lehenengoa hego-zabalera txikiagoa izateagatik bereizten da. Erithacus rubecula tataricus, ipar-ekialdeko espeziea, handi samarra da eta bere lumak tonu ilunekoak dira. Banaketa eremuei dagokienez, hego-ekialdean, Krimeako penintsulako Erithacus rubecula valens espeziearen, Kaukasoko eta Transkaukasiako Erithacus rubecula caucasicus espeziearen eta Irango Erithacus rubecula hyrcanus espeziearen arteko diferentzia nabarmenak onartuta daude.[12]

Txantxangorria
Txantxangorri gaztea
Txantxangorria kantari

Madeirako eta Azoreetako azpiespezieak Erithacus rubecula microrhynchos izena hartu du. Morfologia desberdina ez duen arren, haren isolamenduak subespezietzat konfirmatzeko baliotasuna ematen du.

Euskal Herriko txantxangorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian bizi den txantxangorria Erithacus rubecula espeziekoa da: 14 cm luze da eta 16-22 g-ko pisua du. Kasu horretan, lurrean, sastraketan eta antzeko tokietan bilatzen ditu zizare, barraskilo, intsektu edota armiarmak; neguan, fruitu edo haziak ere jaten ditu, horretarako, herrietako parke eta lorategiak darabiltzz. Udaberrian, hegazti-hazkuntza leku freskoetan egin ohi du.[13] Txantxangorria oso zorrotza da bere lurraldeko mugak zaintzen, eta borroka egiten du, hara hurbiltzen diren espeziekide guztiak uxatzeko.[14]

Txantxangorriei eraztun ipintzeak Kantauri kostako leku aberasgarrienetan egin dira: Urdaibaiko Biosferaren erreserban, hain zuzen.[15]

Bikotea topatu ondoren, egun batzuetarako elkarrengandik aldendu egiten dira. Gero, emea kabia egiten hasten denean, berriz ere elkartu egiten dira. Bien arteko kopulak hasten dira arrautzak erruteko momentua heldu arte. Euskal basoetan arrautzen kopurua 4 eta 6 artekoa izaten da orokorrean.[16]

Kanariar uharteetako txantxangorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanariar uharteetan bi espezie dira; batetik, Kanaria Handikoa (Erithacus rubecula marionae) eta, bestetik, Tenerifekoa (Erithacus rubecula superbus). Ezaugarri bereziak dituzte: beteraztun zuria, bularreko kolorazio bizia eta kolore marroia eta gorrixka banantzen dituen marra gris bat. Sabelaldea guztiz zuria da.[17]

B zitokromo sekuentzien eta bokalizazio sekuentzien datuek[18] Tenerifeko eta Kanaria Handiko txantxangorriak oso desberdinak direla erakusten dute. Seguruenik, gutxi gorabehera orain dela bi milioi urte egon zen hegaztien kolonizaziotik eratorriak dira. Gainera, bi espezieok deberdintasun genetiko esanguratsuak dituzte.[10]

2003an, Christian Dietzen, Hans-Hinrich eta Michael Wink autoreek, Avian Science aldizkarian, The phylogeographic differentiation of the European robin Erithacus rubecula on the Canary Islands revealed by mitochondrial DNA sequence data and morphometrics: evidence for a new robin taxon on Gran Canaria?[10] izeneko ikerketa argitaratu zuten. Amaieran, konklusio bat lortu zuten: Kanaria Handiko txantxangorriak bere Europako senideetatik orain dela 2.300.000 urte aldendu zela eta Tenerifekoak, aldiz, handik 500.000 urtera gauza bera egin zuela, hau da, orain dela 1.800.000 urte. Horren arrazoia kolonizazio desberdina da, lehenik eta behin Kanaria Handira izan zen kolonizazioa eta handik urte askotara, bertatik Tenerifera[19]. Marionae eta superbus subespezieen arteko desberdintasunak zehazteko eta auzi horiei erantzuna emateko oraindik ez da lan zehatzik argitaratu. Aurretiazko emaitzek iradokitzen dute Kanaria Handiko txantxangorriaren hegoak % 10 laburragoak direla, bestearekin alderatuta.

Kanariar uharteetako hegoaldeko herriak berriagoak dira, erdi pleistozenokoak eta beraien dibergentzia genetikoa hasiberria da. Mendebaldeko Kanariar uharteetako (Hierro, La Palma eta Gomera) Erithacus rubecula microhynchus txantxangorria txantxangorri kontinentalaren (erithacus rubecula)[12] antzekoa da. Azkenik, Fuerteventuran aurkitutako txantxangorriak kontinentalak dira; hala ere, hori ez da harrigarria, espezieak ez baitu habia egiten ez Fuerteventuran ez Lanzaroten. Hegazti horiek negua igaro edota joan-etorrikoak dira, esaterako Afrikatik Europarako migrazioa.

Habitata: banaketa eta kokapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txantxangorriaren banaketak toki asko hartzen ditu: Europa, Asiako ipar-mendebaldea, Afrikako iparraldea eta ekialdean Siberiako mendebaldera arte hedatzen da, hego-ekialdean Kaukasoko mendikateak arte eta hegoaldean Aljeria arte. Era berean Britainiar Uharteak eta Makaronesia eskualdea ere hartzen ditu.

Eskandinaviako eta Errusiako txantxangorriak Mendebaldeko Europara migratzen dute haien lurraldean egiten duen hotzagatik ihes egiteko. Hegazti migratzaile hauek haien goialdeko tonu grisagatik eta paparreko kolore laranjagatik bereizten dira. Europa iparraldean gustukoen duten habitata izei basoa da, Britainiar uharteetan berriz nahiago dituzte parkeak eta lorategiak.[20]

XIX. mendearen amaieran espeziea Australian eta Zeelanda Berrian sartzea nahi izan zuten baina planak ez zuen arrakastarik izan. Hegaztiak Melbourne, Auckland, Christchurch, Wellington eta Dunedin inguruan askatu ziren, baina ez zuten kokatu eta lurraldeetara egokitu. Ipar Amerikan ere antzeko emaitza izan zen. Hegaztio Long Islanden askatu ziren; 1852an, New Yorken; 1889an, Oregonen; eta 1908an, Saanicko penintsulan eta Kolumbian, baina saiakera horiek ere ez zuten emaitza onik ekarri.[21]

Eguneko hegaztia da, noizbehinka ilargi gauetan edo argi artifizialaren inguruan intsektuak ehizatzen dituen arren.[11] Ornogabe lurtarrez elikatzen da gehienbat, armiarmak, zizareak edo intsektuak, esate baterako. Udazkenean eta neguan, bere eguneroko ornogabeen dieta baia eta fruitukin osatzen du.[20] Txorien elikagailuetan jartzen diren hazien nahasteak ere jaten ditu.[4]

Gizakien presentziara nahiko ohituta dago, adibidez, norbaitek lurra mugitzen dagoenean bertara hurbildu ohi dira bertan zizareak edo antzeko harrapakinak harrapatzeko asmoarekin. Horren ondorioz, uharte britainiarretan txantxangorria lorezainaren laguntzat hartzen da, eta ez zaio kalte egiten hainbat arrazoi folkloriko direla eta. Europa kontinentalean —bertan txantxangorriak beste hainbat hegazti txiki espezie bezala ehizatu ziren—, arretatsuagoak eta arduratsuagoak bilakatu ziren.[4] Lurrazalean beste elikagai batzuk aurkitzeko asmoarekin, txantxangorria animalia basatiei ere hurbiltzen zaie, basurdeari eta lurra mugitzen duten beste animalia batzuei ere, esate baterako.

Arrek lurraldetasun portaera nahiko oldarkorra eta erasotzailea dute. Haien lurraldera hurbiltzen diren beste arrak erasotzen dituzte, eta inongo itxurazko probokaziorik gabe beste espezie txikiago batzuk erasotzen ere ikusi izan dira. Askotan, baten bat hil da erasoan: eremu jakin batzuetan, txantxangorri helduen % 10aren heriotzak irudikatzen edo ordezten ditu.[22] Bestetik, espeziea Dasypsyllus gallinulae deituriko arkakuso batek josita egoten da.

Migrazioei dagokienez, lurraldearen arabera jokaera erabat desberdina dute. Europako ipar-ekialdean guztiz udako populazioak dira, baina hegoaldean, sedentarioak.[23]

Habia egiteko, era askotako lekuak erabiltzen ditu: zulogune edo zulo bat duen edozein leku habia egiteko leku egoki da txantxangorriarentzat. Ohiko arrakalez edo babesa duten bankuez gain, txantxangorriak habia egindako leku arraroen artean daude makineria piezak, barbakoak, bizikleten eskulekuak, baztertutako lapikoak, ureztontziak, lorontziak... baita txapelak ere. Habia goroldioarekin, orriekin eta larrearekin egiten du, eta belar fin, ile eta lumekin estaltzen du. Kumeak izateko garaian edo umealdietan, martxo edo apirilean hasi eta abuztu edo irailera arte, bost edo sei arrautza jartzen ditu, bi edo hiru errunalditan. Arrautzak krema kolorekoak, beixak edo zuriak dira, izpildunak edo marroi gorrixka batekin orbainduta, eta gehienetan mutur luzeenean orbain gehiago izaten ditu.[24]

Emea bigarren errunaldia hazten ari denean, arra lehen errunaldiaren elikadurarekin arduratzen da. Txitaldi aldia 13-14 egunekoa da. Jaioberriak kuxkutik irten eta 13-14 egunera hegan egiten hasten dira.

Hegaztiak oraindik marroi izpildun kolorekoak direnean, bi hilabetetik hiru hilabetera bitartea daramatenean habiatik kanpo, lehen luma laranjak agertzen zaizkie kokots azpian, eta hurrengo bi edo hiru hilabeteetan, apurka-apurka kolore laranja hori zabaldu egiten da, lehen lumaldatzea egin eta nagusi itxura izan arte.

Bokalizazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kume garaian kantu ildaskatu eta txioa dauka: askotan gauez kantatzen du, batzuetan oso berandu arte. Hori dela eta, urretxindorrarekin (Luscinia megarhynchos) nahasten da. Hiri giroan egiten duen gaueko kantua egunez oso zaratatsuak diren guneetan izaten da, horrek aditzera ematen du gaueko lasaitasunean kantatzen duela, bere mezua argitasun gehiagoz hedatzen edo zabaltzen delako.[25] Neguan zehar, arrek eta emeek lurralde banatuak dituztenean, bi sexuetako txorien kantuak udan baino errukigarriagoak edo penagarriagoak dira. Neguan zehar, emea habiaraketa gunetik irten eta gune gertuagoko lurralde batera mugitzen da, janari bila. Arra habiaraketa lurraldean egoten da urte guztian.

Magneto harrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txantxangorri europarraren iparrorratz magnetikoa zabalki ikertua izan da eta ikusmenean oinarritutako “magneto harrera” erabiltzen duela esan daiteke. Bertan nabigaziorako erabilitako kanpo magnetikoa antzemateko, eta hegaztiaren begian sartzen den, argiak eragina du.[26] Modu ulergarriagoan esanda, animalia askok lurraren kanpo magnetikoa antzeman dezakete, eta hori orientatzeko eta nabigatzeko erabiltzen dute, objektu, harrapakin edo leku baten norabidea, kokapena eta altitudea jakiteko aukera ematen baitie.[27] Hala ere, oraindik ez da guztiz ezagutzen bere zentzu magnetikoaren mekanismo fisikoa.

Txantxangorria, txori txikia izanik, mota askotako harrapariak dauzka bere bizi zikloaren fase guztietan. Zuhaitzetan ibiltzen diren karraskari ezberdinek txantxangorri arrautzak eta txitak jan ditzakete. Ugaztunen zerrendarekin jarraiki, lepahoriek, lepazuriek, ipurtatsek eta erbinude txikiek ere txantxangorri txitak zein helduak ehiza ditzakete aukera izanez gero. Katajinetak ere harrapariak izan daitezke zuhaitzetara igoz gero.

Narrastien artean, eskulapioaren sugea mehatxu bat izan daiteke arrautzentzat eta txita zein gazteentzat, suge mota honek zuhaitzetara igotzeko eta txorien habiak erasotzeko trebetasuna baitu.

Dena den, txantxangorriaren harrapari nagusiak beste hegazti batzuk dira, hala nola, korbidoak eta hegazti harrapariak. Hegazti harrapari asko daude txantxangorriaren harraparien zerrendan, baina nagusia gabiraia da. Gabiraia basoetan eta zuhaitzen artean ibiltzen diren txori txikien ehizan espezializatu da, eta txantxangorria txori multzo horretan sartzen da. Aztorea eta belatz gorria ere harrapari ditu. Korbidoen artean belabeltzak eta eskinosoak behatuak izan dira txantxangorrien habiak erasotuz eta hauen arrautzak zein txitak ehizatuz.

Etxe-katuak ere mehatxu bat dira populazio handiko koloniak dauden lekuetan, etxe-katuek txoriak eta bestelako mikrofaunan eragin eta presio nabaria izan ditzakete, ikerketa ezberdinen datuen arabera.

Kultur irudikapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txantxangorria oso garrantzitsua da folklore britainiarrean eta Frantziako ipar-mendebaldean, baina ez horrenbeste Europako beste leku batzuetan. Europako iparraldeko mitologian, ekaitz txoritzat hartzen zuten: ekaintzaren jainko Thor-entzat, sakratua zen.[28] Babes in the Wood deituriko umeentzako ipuin tradizional batean ere agertzen da, hildako umeen gorpuak gorde edo estaltzen.

Berriki Gabonekin lotu izan da kultura anglosaxoian: horregatik, Eguberretako txartel askotan agertzen da XIX. mendeko erdialdetik egun arte, baita Gabonetako posta zigilu askotan ere. Hain zuzen, garai viktoriarrean, postari britainiarrak uniforme gorriak jantzen zituztenez, Robin ("txantxangorri") izenaz ezagutzen ziren. Seguruenik horixe da Gabonetako txarteletan txantxangorria agertzearen arrazoi nagusia, txartela ematen duen postariaren ikurra delako.

Sinbolismoa kristautasunean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Jesus haurra eta Kristoren Odola»

Kristau ikonografian aipatzen da elezaharretan, eta errepresentatu izan da margoetan, txantxangorria, Kristoren odol isuriaren sinbolo gisa. Kristori gurutzean iltze bat errukiz kentzeko ahaleginean, odolarekin paparra gorriz margotu zitzaion txantxangorriari, hori da funtsean istorioa[29].

Euskal kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestalde, euskal kulturari eta euskarari dagokionez, Euskararen txantxangorria delakoa ere ezaguna da. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako udalak, Gasteizko udalak, Bilboko Udalak eta EUDELek bultzatzen dute. Hala ere, Euskararen txantxangorria ez da instituzio horiena, gizartearena baizik. Sinboloak euskaraz hitz egiteko gonbita egiten du, euskara gehiago erabiltzeko eta entzuteko helburua du, bakoitzak ahal duen neurrian, helburu komun batekin. Beste helburu bat administrazio publikoko bulegoetan, eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, eskoletan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan... txantxangorri hori ikusgai egotea da. Txori hori sinbolo gisa aukeratu zen, animalia txikia delako, oso maitea, azkarra eta bizia: euskarak bezala, hegan egiteko eta airean mugitzeko hegoak astindu behar ditu.[30][31]

Txantxangorriari lotutako kantak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen txantxangorriak aurretik aipatutako guztia irudikatzeaz gain bere abestia ere badu, abestia Sorotan Bele taldeko Urbil Artolak eta Gorka Sarriegik egina da, Dani Venegas musikariarekin batera. Hitz hauek ditu:[32]

«

Sortaldeko argi berriari
ari zaio aspaldi
arratseko azken izpiari
egun eta gizaldi
Bular gorri, hegakada arin
Lur hauetan da emari
Erreka eta ibai zabalaren,
Itsasoaren egarri

Lau haizetara hegan
Bera dabil airean
Ahotan, belarritan
Su epelean
Kalearen bizia
Herri honen irria
Euskararen txantxangorria

Haizearen magal leunean
Hedatu da oihua
Bihotzaren taupadetan,
hitzak Sortu du doinua
Olatuek beren solasean
Aukeratutako harria
Denboran zehar dute jolasean
Eten ez dadin haria

Lau haizetara hegan
Bera dabil airean
Ahotan, belarritan
Su epelean
Kalearen bizia
Herri honen irria
Euskararen txantxangorria

»

Bestalde, Itoiz taldearen Hegal egiten deituriko abestiak ere txantxangorria du aipagai. 1985ean Espaloian diskoaren barnean kaleratu zen. Kanta basora ihes egiten duen gazte bati buruzkoa da, horrela txantxangorri bat bezala bizitzeko. Hitzak Bernardo Atxagak sortu zituen, eta hauek dira:[33][34]

«

Neukan guzti zen amets bat, amets bat,
beti egoten nintzen
haren bisitan zai [bis]

Ai! Ene ama euriak eta baso ilunak
seinalatzen zizkidanez,
ez, ez dira etorriko inoiz.

Etzazu holako ametsik egin ez.
Mantso zihoan denbora niretzat,
lehioak jarrita euriari begira,
eta jendeak zion: «mutil horrek
amets bat bakarrik dauka».

Baina egun batean, esnatzerakoan,
txantxangorri bat ikusi nuen gelan,
ta gero beste beste bat eta beste bat,
inguratua nengoen...

Oh, txantxangorriak,
gelako sapaian,
gelako sapaian.
Oh, txantxangorriak,
gelako sapaian.

Orain herritik mutil bat falta da,
ez dago inor bere etxeko lehioan,
baso ilunetan dabil hegaletan,
txantxangorriak bezala.

Orain ba du bihotz nimino bat,
eta bi hegal bi hegal euriz bustiak.
Bularra du ere gorri kolorekoa,
eta txantxangorria da.

Txantxangorria naiz,
baso ilunetan,
bete zait ametsa,
baso ilunetan,
txantxangorria naiz,
baso ilunetan,
bete zait ametsa,
txantxangorria naiz,
hegal egiten, hegal egiten,
hegal egiten.

»

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b John, Roy. (2006-10-01). «"The Clements Checklist of Birds of the World 6th Edition" by James F. Clements. 2007. [book review»] The Canadian Field-Naturalist 120 (4): 483.  doi:10.22621/cfn.v120i4.366. ISSN 0008-3550. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  2. (Gaztelaniaz) Científicas, SINC Servicio de Información y Noticias. (2011-12-13). «El plumaje de los petirrojos revela información sobre su sexo y edad» www.agenciasinc.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  3. «Txantxangorria» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  4. a b c Hume, Rob.. (2002). RSPB Birds of Britain and Europe. Dorling Kindersley ISBN 0751312347. PMC 52058000. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  5. Linné, Carl von. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  6. Cassell's new Latin-English, English-Latin dictionary. (5th ed. argitaraldia) Cassell 1968 ISBN 0304929093. PMC 7260402. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  7. Cuvier, Georges; Duméril, C.; Duvernoy, G.L.. (1836). Leçons d'anatomie comparée de Georges Cuvier /. Dumont ; (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  8. Sibley, Charles G. (Charles Gald), 1917-1998,. A supplement to distribution and taxonomy of birds of the world. ISBN 0300055498. PMC 28916472. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  9. (Ingelesez) Seki, Shin-Ichi. (2006-6). «The origin of the East Asian Erithacus robin, Erithacus komadori, inferred from cytochrome b sequence data» Molecular Phylogenetics and Evolution 39 (3): 899–905.  doi:10.1016/j.ympev.2006.01.028. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  10. a b c Dietzen, Christian; Michels, J. Pieter; Wink, Michael. (2015-10-13). «Formal Description of a New Subspecies of the European Robin from Gran Canaria Island, Spain (Aves: Muscicapidae: Erithacus rubecula marionae subsp. nov.)» The Open Ornithology Journal 8 (1): 39–42.  doi:10.2174/1874453201508010039. ISSN 1874-4532. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  11. a b Pätzold, Rudolf.. (1995). Das Rotkehlchen : Erithacus rubecula. (3., überarb. und erw. Aufl. argitaraldia) Westarp Wiss ISBN 3894324236. PMC 231644867. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  12. a b «Erithacus rubecula (Linnaeus). European Robin. Rougegorge familier.» The Birds of Africa (Academic Press Limited) ISBN 9780121373047. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  13. (Gaztelaniaz) «Petirrojo europeo» SEO/BirdLife (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  14. «Txantxangorria, lurraldearen zaindari amorratua - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  15. (Gaztelaniaz) Unamuno, Jose Maria. «Estación de anillamiento cientifico de aves de Urdaibai año 2006» (PDF) Bird center (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  16. (Gaztelaniaz) «Petirrojo, celoso guardián de su territorio» Petronor (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  17. Handbook of the birds of Europe, the Middle East and North Africa : the birds of the Western Palearctic. Oxford University Press 1977-1994 ISBN 019857505X. PMC 13791970. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  18. «Erithacus rubecula (Linnaeus). European Robin. Rougegorge familier.» The Birds of Africa (Academic Press Limited) ISBN 9780121373047. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  19. https://www.canarias7.es/hemeroteca/hallazgo_en_gran_canaria_de_una_especie_de_petirrojo_unica_en_el_mundo-BJCSN36465
  20. a b Jonsson, Lars, 1952-. (1978). Birds of wood, park and garden. Penguin ISBN 0140630023. PMC 5002363. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  21. Long, John L.. (1981). Introduced birds of the world : the worldwide history, distribution and influence of birds introduced to new environments. David & Charles ISBN 0715381806. PMC 7938266. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  22. (Ingelesez) «The RSPB-Robin: Territory» (Weba) RSPB website (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  23. (Gaztelaniaz) De la Fuente, Javier; Pinilla, Jesús. «Fenología del petirrojo (Erithacus rubecula) en el tramo bajo del río Jarama» (PDF) Research Gate (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  24. Evans, G.. (1975). The observer's book of birds' eggs. (14. reprint. argitaraldia) Warne ISBN 0723200602. PMC 171289872. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  25. (Ingelesez) Fuller, Richard A.; Warren, Philip H; Gaston, Kevin J. (2007-08-22). «Daytime noise predicts nocturnal singing in urban robins» Biology Letters 3 (4): 368–370.  doi:10.1098/rsbl.2007.0134. ISSN 1744-9561. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  26. «Cryptochrome and Magnetic Sensing» www.ks.uiuc.edu (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  27. (Gaztelaniaz) BioEnciclopedia, About The Author. «Magnetorrecepción» Información y Características (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  28. Cooper, J. C. (Jean Campbell), 1905-. (1992). Symbolic and mythological animals. Aquarian/Thorsons ISBN 1855381184. PMC 877263400. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  29. (Gaztelaniaz) Riojarchivo » El petirrojo sacía la sed de Jesucristo. (Noiz kontsultatua: 2020-09-04).
  30. (Gaztelaniaz) «Se ha publicado la canción de Euskararen txantxangorria — Ametx.eus» www.ametx.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).[Betiko hautsitako esteka]
  31. Euskararen Txantxangorria. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  32. (Gaztelaniaz) «Todavía no te has aprendido la canción del Txantxangorri» www.donostiaeuskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  33. (Gaztelaniaz) Koldo, por. (2016-05-15). «Txantxangorria» Crónicas de un prekario (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  34. «Letras de Hegal egiten de Itoiz» eu.musikazblai.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Erithacus_rubecula