Txepetx (hegaztia)
- Artikulu hau txoriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Txepetx».
Txepetx (hegaztia) | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Troglodytidae |
Generoa | Troglodytes |
Espeziea | Troglodytes troglodytes |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 15 cm |
Kumaldiaren tamaina | 6,3 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Arrautza | |
Txepetxa (Troglodytes troglodytes) Euskal Herriko hegaztirik txikiena da, erregetxo bekainzuriaren ondoren, eta bere generoan Europako bakarra, besteak Amerikan bizi baitira. Asian ere aurki daiteke. Iparraldean bizi direnek migrazioak egiten dituzte.
Izen zientifikoa grezieratik datorkio: trogle (zulo) eta dyein (zulatu). Artropodoak ehizatzeko darabilten teknika zuhaitzetan zuloak egitea da. Neguan fruitu eta haziak jaten ditu.
Europako txori txikienetakoa da: 9-10,5 cm arteko luzera du eta 13-17 zentimetroko hego-zabalera. 10 gramo inguruko pisua du. Luma arre-gorrixkak ditu eta buztan motza du, gehienetan tente.
Arrak dozena bat inguru habi egiten ditu. Ondoren, emeak egokiena deritzona aukeratu eta lumaz estaltzen du.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sasi eta zuhaixken nahasketa korapilotsu baten barruan, animalia txiki bat dabil, hosto lehorrak eta adaxkak astinduz. Bat-batean, sasiaren goialdean, arre koloreko bolatxo bat agertzen da, moko fin eta kurbatuarekin, buztana masta bat bezala altxatuta, dardara txikiz etengabe mugitzen dena eta, bat-batean, ahapaldi luze bat abesten hasten dena, jaitsieran “prrrrprrr” soinu batekin kateatzen diren, nota metaliko goranzko eta zorrotzekin, erakustaldiaren amaieraren preludioa. Geldiezina, hegoak eta buztana urduri aztintzen ditu eta begirale txundituari begirada bat bota ostean, sasi artean murgiltzen da berriro bere etengabeko zalapartarekin jarraitzeko.
Txori hau, gure basoetan eta landa-eremuetan oso ugaria da, naturaren benetako miraria ere bada. Ameriketako hegazti-familia batekoa da, eta Europako ordezkari bakarra, ur-zozoa ahaide hurbilena delarik.
Ezagutzea zaila ez zaigun egingo txoritxo honek 11 gramo baino ez ditu eta 9 cm, moko puntatik buztan puntaraino. Arre kolorekoa, bere aurpegia apur bat argiagoa da eta bekain zuri luze bat du zeharkatzen. Bizkar gorrixka marra fin-fin ilunekin, isatsa bezalaxe, eta sabela ere barraduna, pixka bat zurixkagoa. Arra eta emea ia berdinak dira eta kumeak ere bai, baina bizitzako lehen asteetan oraindik ahoaren alboetan haragizko lokarri zuria izaten dute. Pausatuta dagoenean, sarritan buztana tente mantentzen du eta sasietan egiten dituen bat-batean sartzeak liliragarriak dira. Hegaldi burrunbatsu eta herresta batekin, berehala babestuko duen sasiaren beste txoko batean sartzen da.[1]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere jokaera aktiboa da, urduria. Etengabe mugitzen da lurretik hurbil dagoen landaredian, eta bizkortasunez ibiltzen da. Bere hego txikiek labur eta azkar hegan egiteko aukera ematen diote soilik.
Txori bakartia da; batzuetan ugaltze garaian binaka ikusten da, oso hotz egiten duenean, beste batzuekin biltzen da. Negua urtaro kritikoa da hegazti hauentzat, hotzaren ondorioz asko hiltzen baitira. Hori ekiditeko, udaberrian eraikitako habia erabiltzen dute lo egiteko eta, beraz, ugalketa garaia igarota ere, habiek funtzio garrantzitzua betetzen jarraitzen dute.
Txepetxaren ugalketa-jokaera ere interesgarria da. Arra poligamoa da, eta horrek ugaltze-garaian oso aktiboa izatea ezkatzen die. Eme bakoitzarentzat habia bat egiten du, eta barrutik estaltzen du. Habia hostoz, goroldioz, belarrez eta landare-zuntzez egindako egitura sendoak dira, barriakdetik lumaz tapizatuak. Landarediaren artean kokatzen ditu, altura baxuetan, sastraka, sasi, zuhaitz, maldetan, etab. Ugalketa apirilaren amaieran hasten da eta normalean eme bakiotzeko kumaldi bakarra sortzen da. Bakoitzak 5-8 arrautza erruten ditu normalean, nahiz eta 16 arrautzakoak ere erregistratu diren. Hauek zuriak dira edo orban txikiak izaten dituzte eta 14-17 egunez inkubatzen dira. Bi gurasoek kolaboratzen dute txitoak elikatzen, eta horrek lan asko suposatzen du ar poligamoarentzat, arrak emeari lehen egunetan laguntzen dio eta gero beste habia batera joaten da txita berriak zaintzera. Hauek habian 15-20 egun geratzen baitira, eta denbora gehiagoan daukate oraindik gurasoen beharra. Hain kumaldi handia zaintzeko, sasi eta hostoen artean ahiztari nekaezin izateko bokazioa du, era guztietako intsektu helduak harrapatuz, haien larbak eta arrautzak, baita armiarmak eta barraskiloak ere, ibiltzen den lekuetan ugariak.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txepetxak ugaltzeko eremu zabala du, eskualde Paleartikoa eta ipar Amerika. Europan, Eskandinavia iparraldetik Mediterraneo eremura. Iberiar penintsula osoa, iparraldean oso ohikoa eta hegoaldean mendietan.
Euskal Herrian banaketa orokorra du. Isurialde kantabrikoan eta Arabako iparraldean espezie ugarienetakoa da eta ondoen banatuta dagoena, bertan sasiak,sastrakak, etab. dituzten eremu guztiak okupatzen ditu; zuhaitz guztien oihanpeak, landak, hesiak eta landazabaleko basoak, parkeak eta lorategiak, ibai eta erreken urertzak, etab. Birpopulatutako koniferoetan espezie ugarienetako bat da. Beti ere ohianpeak, sasiak eta abar errespetatzen badira.
Arabako kantauri azpian ohikoa izaten jarraitzen du, landazabaletan eta sasidun zuhaiztietan, baina dagoeneko erkamezti eta artederreta lehorrenetan leku freskoenak bilatzeko joera nabaritzen da, sakonuneko sastrakak eta erreken urertzak, joera hori nabarmendu egiten da Ebro bailarako eremu mediterraneoagoan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 234 or. ISBN 84-7542-639-5..